30 urteko bidaia

  • Katalanez idatzitako literaturak garapen handia bizi du azken hamarkadatan. 70eko hamarkadaren bigarren erditik gaur eguneraino generoak, idazleak, ereduak... Dena aldatu da. Bide horretan hainbat izen mugarri izan dira. Ondorengo orrialdeetan dituzu horietako batzuk.
Katalanezko testua
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
1970eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, Francoren heriotzaren ondorengo aldaketa sozial eta politikoek Katalunian aldaketa kultural eta literarioak aurrera eramateko aukerak ireki zituzten. Katalanaren onarpen eta hedapenak –besteak beste katalana heziketa-sisteman txertatuz– balizko publiko berria sortu zuen. Publiko berri hau batez ere gazteek osatzen zuten eta horri esker, baita katalanezko komunikabideen sortzeari ere, literatur merkatua eta industria biziki indartu ziren. Idazle askok katalanezko literatura ekoizteari ekin zioten, militantzia kontzientzia baten eskutik, hizkuntzaren normalizazioa bultzatzeko helburuarekin. Bereziki azpimarragarria izan zen Ofèlia Dracs taldeak –Jaume Fuster, Maria Antònia Oliber, Jaume Cabré eta abarrek– 80ko hamarkadan egindako lana.

Narratiba: aniztasunera bidaia

70eko hamarkadako azkeneko urteetan eta 80ko lehenbizikoetan, narratiba kataluniarrak bi ezaugarri nagusi zituen: batetik, generozko literaturaren sorrera, eta bestetik haur eta gazte literaturaren indartzea. Bi fenomeno hauek zuzenki lotuak daude arestian aipaturiko publiko berri horren sorrerarekin. Irakurle berriek generozko literatura eskatzen zuten, ordura arte apenas egiten zena, eta horrela sortu ziren Ofèlia Dracs taldearen inguruan literatura erotikoko liburuak, misteriozko eleberriak, eleberri poliziakoak edota zientzia fikziozkoak. Aldi berean, heziketa sisteman katalana sartzeak eskoletan irakurtzeko egokiak ziren haur eta gazte literaturaren merkatu berri bat sortu zuen. Aldaketa hauek guztiak literatura ludiko eta popularrago baten indartze legez ulertu ziren, batez ere 60ko hamarkadako transzendentalismoaren eta 70ekoaren joera abangoardista eta postabangoardisten aurrean. Edonola ere, katalanaren normalizazio prozesuak aberastasun literarioa ekarri du, eta ondorioz, azkeneko hogeita bost urteotan ezaugarri askotariko literatura aurki daiteke Katalunian; joera esperimentalenetatik kontsumo literaturaraino.

70eko hamarkada hasieran, herentzia testualista jasotzen zuten saiakerak aurki ditzakegu. Saiakera abangoardista eta transgresore garbikoak. Julia Kristevaren Semiotike liburuaren eta Frantziako Tel Quel aldizkari ospetsuaren eraginpean idatzitako testuak ditugu honakook. Biel Mesquidaren L´adolescent de sal (1974) liburua edota Tecstual aldizkaria joera honen adibidetzat har genitzake.

Garai bertsukoak dira Montserrat Roig-en El temps de les cirenes (1977) eta Terenci Moix-en Onades sobre una roca deserta (1969). Liburuok, ordea, belaunaldi kronika legez sailka daitezke, 60ko hamarkada bukaerako mugimendu kontrakulturalaren eragin garbia jasotakoak. Bien artean ere bada alderik. Moixen liburuan, diktaduraren presioaren aurrean, Europa ireki baten desira agertzen da; Roigena ordea, diktadorea hil ondorengoa da eta gehiago da itzulera nobela bat, Katalunian bertan gizarte berri bat sortzeko itxaropenaz.

Unibertso mitikoak, historia eta errealismoa

Beste ildo batetik, Gabriel García Márquezek Cien años de soledad eleberrian Macondo herrialde imaginarioarekin egiten duen legez, Baltasar Porcel, Maria Barbal, eta batez ere, Jesús Moncadak euren unibertso propioa eraiki dute euren lanetan. Moncada, 2005. urtean zendua, kataluniar literatura garaikideko puntako nobelagilea dugu Camí de sirga (1988), La galeria de les estàtues (1992) eta Estrenida memòria (1997) eleberriei esker, batik bat. Aurretik zenbait ipuin-liburu argitaratuak zituen eta bere unibertso literario osoa Mequinensa herriaren inguruan mugitzen da. Herri honetan jaio zen idazlea bera eta egun Ebro ibaiaren bazterrean dagoen Aragoiko mamu-herri bat da, Riba-roja urtegiaren zabaltzeak erdi estalirik utzi duena. Bere liburuetan, herri inguruko zurginen, mehatzarien eta pagesen mundua agertzen zaigu.

Nobela historikoa ere, erruz landu da azken urteetan. Frankismo ondorenak historiaren gaineko hausnarketa bultzatzeko parada ireki du, nahiz eta beste mota bateko nobela historikoak ere aurki ditzakegun. Esaterako, Jaume Cabré-ren El llibre de Feixes trilogiak eta L’ombra de l’eunuc (1996) eta Les veus del Pamano (2004) eleberriek Espainiako historia garaikidearen gaineko hausnarketa moralerako aukera eskaintzen dute. Carme Riera mallorkarraren Dins el darrer bulau (1994, Sari Nazionala) eta Cap al cel obert (2000) eleberriak berriz, Mallorkako juduen historian kokaturik daude, eta judutarren ondorengoek –“xuetes” deitura ematen diotenak– urtetan pairaturiko bazterkeria salatzen dute. Idazle gazteenen artean, Amadeu Cuito-k diktadura garaiko erbesteratuen ikuspegitik –erbesteratu batzuen semea da– idatzitako eleberria kaleratu du berriki, El jardí sense temps (2004) izenekoa.

Azkeneko urteetako joera literario emankorrenetakoa errealismoa izan da, edo hobeki esanda, errealismo mota diferenteak. Alde batetik, Mallorkako idazle ugarik 60ko hamarkadan turismoaren garapenak eragindako aldaketak adierazi dituzte euren lanetan.

Gizarte tradizional eta itxi baten amaiera eta mundu ireki eta libreago baten etorrera irudikatuz; baina baita turismoak ekarritako espekulazio, negozio ustel eta lan-esplotazioa salatuz ere. Beste proposamen batzuk gizarte garaikideko eta egunerokotasuneko gatazkak eman dituzte aditzera. Horien guztien artean, Quim Monzó-ren obra nabarmentzen da, bereziki El perque de tot plagat (1993) ipuin-liburua. Monzó literatura katalaneko idazle entzutetsuenetakoa da gaur egun, entzutetsuena ez bada. Liburu honetan postmoderno deitu izan zaion gizarte aldakor, zatikatu eta arriskutsuaren –risk society– erretratu ironikoa, edo areago, parodiko-sarkastikoa azaltzen da. Horretarako, bikote harremanetako gatazkak eta ezin ulertuak erabiltzen ditu, bizimodu paradoxiko, zalantzati, aspergarri eta monotonoa deskribatuz. Iraunkorrak eta zoriontsuak izatera iritsi ezin duten harreman hauetan, ludikotasuna da nagusi eta pertsonaiek plazera bilatzen dute etengabe. Gizarte honetako identitate arazoak pertsonaien izenetan aurki ditzakegu era argienean, Zgdt, Bst edota Grcmpf gisakoak erabiltzen dituenean, edo besterik gabe, protagonistaren izena azaltzen ez denean. Idazle berrienen artean berriz, Monzóren bideari hobekien ekin diona Sergi Pàmies izan da. Bere lan esanguratsuenen artean L´instint (1994) eleberria eta La gran novel·la sobre Barcelona (1997) ipuin-liburua daude.

Abentura eta fantasiazko eleberriek ere euren lekua egina dute. M. Ende eta J.R.R Tolkien-en lanen ildoan koka dezakegu, horrela, Jaume Fusterren trilogia: L´illa de les tres taronges (1983), L´amell de ferro (1985) eta El jardí de les palmeres (1993). Berriki, Albert Sánchez Piñolek arrakasta nabarmena izan du La pell freda (2002) bere estreinako eleberriarekin. Liburu hau trilogia baten lehenengo alea da eta hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute, nahiz eta ez duen kritika akademikoaren onespena lortu. 2005. urtean trilogiaren bigarren zatia argitara eman zuen, Pandora al Congo izenekoa. Bi liburuak Afrikan kokatuta daude, eta fantasiaz eta exotismoz betetako abentura istorioak kontatzen dituzte.

Poesia: 70eko hamarkadako bide berriak

Espainia eta Euskal Herrian bezala, Katalunian ere poesia soziala eta konprometitua izan ziren nagusi gerra ondorenean. Horren aurrean, 70eko hamarkadan, poesia egiteko modu berriak agertu ziren. Batetik, errealismo berriak proposatzen dituzten poetak ditugu, poesia ingeles eta alemaniarraren eta Gabriel Ferrater-en obraren eraginpean. Joera hausnartzaile eta moraleko poesia, norbanakoaren esperientzia, identitatea, niaren bilaketa eta denboraren igarotzea bezalako gaiak jorratzen dituena. Teknikari dagokionez, oro har, bertso lerro luzeak eta luxu handirik gabeko hizkuntza natural eta lagunartekoa erabiltzen dute autoreok. Narcís Comadira, Marta Pessarrodona, Feliu Formosa, Salvador Oliva eta Francesc Parcerisas aipa daitezke ildo honen eredu gisa.

Horiez gain, tradizio konprometitu nagusiarekin erradikalki hausten zuen poesia egiten hasi ziren beste hainbat idazle. Pere Gimferrer da aipagarriena. Gerora gaztelaniaz ere bere bidea egin duen arren, katalanezko obra poetiko sendoa osatua du. Hizkuntza du elementu nagusi. Espiritu abangoardista nabariko poesia egiten du, surrealismoaren eraginpekoa, eta etengabe bilatzen du transgresioa nahiz esperimentazioa. Irudi onirikoak, irrealismoa eta collageak sarritan errepikatzen diren ezaugarriak dira bere poemetan. Hala ere, azpimarratu beharra dago XX. mendearen lehenengo erdian arestian aipaturiko poesia soziala nagusi izanagatik, ez zela inolaz ere garaiko eredu bakarra. Abangoardien saiakeretatik edaten zuten poetak aurki daitezke garai horietan ere, nahiz eta literaturaren historia eta kritikak urtetan ezkutu antzean mantendu dituen. Horregatik, 70eko hamarkadan sortutako poeta berri hauek poeta abangoardista haien bideari ekiten diote nolabait, eta Kataluniako kasuan, Joan Brossa eta J.V Foix dira jarrera abangoardista horien adibide behinenak, Gimferreren aurrekari gertukoenak beraz. Ildo berean koka daiteke gazterik zendu zen María Merce Marçal poeta bartzelonarra ere.

Poeta gazteenen artean heterogeneotasun handia dagoela seinala daiteke. Poesia errealistetatik (Jaume Subirana) hermetikoetaraino (Carles Torner, Albert Roig), sinbolismoaren eragina jaso duten poetekin (Vicenc Llorca) edo transgresioa eta probokazioa bilatzen dutenekin (Ester Xargay) batera. Dena den, badirudi autore gazte gehienek ezaugarri bat behintzat partekatzen dutela: originaltasunaren inperatiboarekiko eszeptikotasuna. Literatur sorkuntza klasikoen berridazketa lez ulertzen dute, eta ondorioz, brikolage literarioak, testuartekotasuna edo parafrasiak maiz topatzen dira euren poemetan. Autore bakoitzaren erreferentzien arabera, hasieran aipatutako heterogeneotasun hori erdiesten da. Poeta belaunaldi berri honetako autorerik entzutetsuenetako bat Enric Cassases bartzelonarra da. Poesia publikoari zabaltzeko borondate garbiarekin, poesia errezitaldi ugari antolatu ohi ditu Kataluniako hiriburuan.

Azkenak
2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Eguneraketa berriak daude