Norena da altxorra? Museoak eta zurikeria

  • Grezia, Egipto edo Babilonia zaharretik ekarritako altxorrak, gatazken ondorioz gerrako sari gisa eskuratutako artelanak, jatorrizko lurraldean baliabiderik ez omen eta beste leku batera eramandako ondasun arkeologikoak... Batzuen ustez lapurreta hutsa, lan horiek babesteko modu bakarra besteentzat. Kasu batzuetan zilegitzat hartua, bidegabekeria izugarria besteetan. Edonola ere, konponbide errazik ez duen arazo korapilatsua: nor da ondare artistikoaren jabea?
British Museumeko ataria
Jacques Goudstikker arte-merkataria eta bildumazalea zen; judutarra. 1940an Herbehereetatik alde egin zuen, nazien inbasiotik ihesi. Baina bidean hil egin zen, milatik gora artelanez osatutako bilduma bere oinordekoen eskuetan utziz. Oinordeko horiek ordea, ez zuten bilduma babesterik izan eta, huskeria baten truke, gobernu nazi berriari saldu behar izan zioten. 2006. urtean Herbehereetako gobernuak gaur egun hainbat museotan sakabanaturik dauden artelan horietako batzuk familiari itzultzea ebatzi zuen. Goudstikkerren senideek urte luzez iraun duen borrokaren fruituak jaso zituzten horrela. Dena den, bildumaren zati handi batek oraindik munduan barna jarraitzen du, hainbat museotan barreiaturik.

Askoren artean kasu bat da, inolaz ere ez bakarra. Azken urteetan, zalaparta handia eragiten ari dira batean eta bestean sakabanaturik dagoen ondarea “jatorrizko lekura” itzultzeko eskariak. Batzuetan arazo handirik gabe itzuli izan zaizkio eskatzaileari, baina askotan artelan horiek objektua bera baino askoz ere esanahi eta pisu handiagoa dute, eta bidezkoa denaz edo ez denaz harago, interesak, interes asko daude tartean. Ez da, beraz, konponbide erraza duen kontua.

Kolonialismoak, gerrek, inbasioek eta abarrek artelanak bidaiari bihurtu izan dituzte aspaldidanik. Izan ere, jatorrian museo asko eta asko etsaiari, edo inbaditutako herriari ostutako altxorrak erakusteko guneak besterik ez ziren. Urteak igaro ahala izaera hori estaltzen edo gutxienez apaintzen saiatu izan dira, ondare hori herri azpigaratuetan utzi izan balitz honezkero galdua izango zela edo heziketarako eta ikerketarako ezinbesteko tresna izan dela argudiatuz.

Ondare “europarra”

Londresko British Museum munduko museo garrantzitsuenen eta bisitatuenen artean dago. Milaka eta milaka pieza gordetzen ditu bere funtsetan, munduko bazter guztietako altxorrak. Museoko atal etnologikoak, esaterako, Afrika beltzeko museo guztiek elkarrekin batuko luketena baino hamar aldiz arte afrikar gehiago biltzen du.

Ondarearen jabetzaren kontu honetan iskanbila handia eragin duten Atenasko Partenoiko eskulturak, Elgin marmolak ezizenez ezagunak, ere hantxe daude. Harrigarria dirudien arren, greziarrentzat, eta oro har mendebaldeko kulturarentzat ikur den Atenasko Akropolira joanez gero, ezer gutxi ikusiko dugu eraikinen oinarrizko egiturez gain. Eskulturak ikus nahi izanez gero Londresa joan beharra dago.

XVIII. mende bukaeran, Lord Elgin enbaxadore britainiarra garai hartan otomandarren inperioaren zati zen Atenasera bidali zuten. Bertan Partenoi inguruan sakabanatuta zeuden zenbait harri hartzeko baimena eskatu zien garaiko agintariei, erliebeekin apaindutako harriak, ahal zela. Baimena lortu zuen eta harriak ere hartu zituen, bai lurrean zeudenak eta baita eraikinetik bertatik erauzi zituenak ere. Guztiak ontzi batean sartu eta lehenik Eskoziara eraman zituen, eta ondoren, diru premian ibili zen garaian, Parlamentu Britainiarrari saldu zizkion. Horrela iritsi ziren British Museumera. Parlamentuak, bere aldetik, Greziak berriz ere independentzia lortzen zuenean marmolak bere jatorrizko lekura itzultzeko hitza eman omen zuen.

Guztiok dakigunez, Grezia aspaldidanik da estatu independentea, baina marmolek Londresen jarraitzen dute. Britainiarren argudioa argia da: marmolak orain arte Londresen ongi zaindu izan dituztelako daude egoera onean, eta gainera, legezko tratu baten ondorioz eskuratu zituztenez, ez dute horiek itzultzeko inolako betebeharrik.

Partenoiko eskulturen kasua da ezagunena, baina badira antzeko eskaera eta antzeko erantzunak munduko beste museo garrantzitsu askoren ahotan. Horien artean ezagunak halaber, Parisko Louvre museoan dagoen Hammurabiren Kodea edo Berlingo Altes Museumen dagoen Nefertiti erregina egiptoar ederraren bustoa da. Azken hau, Egiptoko artearen ikur garrantzitsua, “etxera” itzultzeko eskaria behin baino gehiagotan egin du Egiptok, baina beti jaso izan du ezezko biribila.

Denbora kontua, nonbait

Badira ordea, museoetan beste era bateko jarrerak eragiten dituzten eskaerak ere. Hasieran aipatu dugun Goudstikker bilduma litzateke horietako bat. Azken urteetan XX. mendean Europan gertatutako gehiegikerien biktima izandakoen oinordekoak orduan ostu zietena itzul diezaietela eskatzen hasi dira. Eskaera hauen aurrean bai museoen eta bai gobernuen jarrera ezberdina izan ohi da; gehienek onartu egiten dute garai hartan gertatutakoek ez dutela inolako zilegitasunik eta etikoki zuzena eta bidezkoa dela orduan ostutakoa itzultzea.

British Museumen bertan bada horrelako kasu bat. II. Mundu Gerran naziek Arthur Feldmannen bilduma, garaiko marrazki bilduma garrantzitsuenetako bat, berenganatu zuten, eta zenbait urte geroago British Museumek marrazki horietako lau eskuratu zituen. Feldmannen oinordekoek, marrazkiak non zeuden jakitean, haien jabetza aldarrikatu zuten eta, harrigarria badirudi ere, museoak, hasiera hasieratik, artelanak itzultzearen aldeko jarrera azaldu zuen. II. Mundu Gerran gertatutako ankerkeriak historia modernoko garai beltzenaren irudi zirela eta beraz, salbuespeneko neurriak eskatzen zituztela argudiatu zuen museoak orduan.

Dena den, azkenean marrazkiak museoan geratu ziren. Ez museoak hala nahi izan zuelako, epaile batek itzultzea debekatu zielako baizik. Marrazki horiek itzultzeak airean diren gainontzeko eskaerei bidea ireki ziezaiekeen. Horrek ondorio ikaragarriak ekar liezazkieke munduko –edo hobe esanda, Mendebaldea deitzen dugun horretako– historia museoen egiturari, jatorritik bertatik, gehienak bidegabekerietan oinarriturik baitaude.

Itxura batean antzekoak ziren bi eskari jaso zituen British Museumek, baina erantzuna erabat ezberdina izan zen batean eta bestean. Horrelako adibideek oso argi erakusten du interesak jokoan direnean zurikeria noraino hel daitekeen.

Gertaerak berri samarrak direnean, morala eta jokaera etikoak kontuan izateak eta bidegabekeriak salatzeak garrantzi izugarria du. Gizartearen aurrean jarrera zuzena erakusteak, alegia. Aldiz, bidegabekeriak duela hamar, hogei edo hogeita hamar mende gertatutako kontua direnean, eta bidegabekeria horien ondorioek museora milioika bisitari erakartzen dituztenean, beste izaera bat hartzen dute. Kasu batzuetan inbasioa ankerkeria hutsa da eta besteetan garaiko marko politikoa, zilegia beraz. Tartean zenbat denbora igaro den da kontua, antza.

Konponbide konplexua duen arazoa da, eta oraindik bide luze eta korapilotsua izango duena. Baina gauza bat behintzat argitu digu, historia museoek beren izaeraren eta oinarrien gainean gogoeta egiteko premia ederra dutela.

ASTEKARIA
2007ko ekainaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia klasikoa
Kultura grekoaren seme-alabak gara?

Anbraziako golkoa (Itsaso Jonikoa). K.a. 31ko irailaren 2a. Aktiumgo itsas guduan garaipena lortu eta Egiptoren gaineko kontrola ziurtatu zuten erromatarrek. Horrenbestez Mediterraneoko hegemonia grekoa amaitutzat jotzen da data horretan, baina eragin helenikoak gaurdaino iraun... [+]


Etruriar emakumeak greziarren begietan

Grezia, K.a. IV. mendea. Hainbat greziar pentsalarik, esaterako, Aristotelesek edo Heraklidesek, etruriarrei buruz idatzi zuten, Italiar penintsularen erdialdean eta iparraldean bizi zen herriari buruzko iritzi negatiboa jasoz. Etruriar emakumeak kritikatu zituzten bereziki, eta... [+]


Partenoiko marmolen bideak

Joan den martxoaren 24an, Partenoiko frisoko eskulturen hiru zati Atenasera itzuli dituzte, zehazki hiru buru: haur batena, zaldi batena eta gizon batena.


Ekonomia, politika eta idiotak

Mizenasko zibilizazioa gainbehera etorri zenean, Greziako Aro Ilunean eta Aro Arkaikoan publikoaren eta pribatuaren arteko ezberdintasuna zedarritu zuten hitzek ere. Etxe barruko ekonomiatik plaza publikoko politikara, eta idiotes-en eremu pribatura.


Maitasun diotimikoa

Atenas, K.a. V. mendea. Periklesek deituta, Diotima Mantineakoa emakume apaiza eta filosofoa hirira iritsi zen, hamar urtez luzatzen ari zen izurri agerraldia eteteko, jainko-jainkosen laguntza bila zezan.


Arrapalak eta mugikortasuna Grezian

Antzinako Greziako hainbat tenpluen sarreretan, eskailerez gain, arrapalak topatu dituzte.


Drakoni neurria hartzen

Atenas, K.a. 621 edo 622. Hiriko arkonte eponimo kargua zeukan Drakonek ordurarte ahoz aho zabaltzen ziren legeak kode batean idatzita jaso zituen lehenengoz.


Partenoia ez du denborak desegin

Atenas, K.a. 448-432. Akropoliaren gailurrean Iktinos, Kalikrates eta Fidias arkitektoek diseinatutako tenplua eraiki zuten, Atena Partenos jainkosari eskainia.


Salaminako emakumeak

Salamina uhartea, K.a. 480. Bigarren Mediar Gerra betean, persiarrek Grezia inbaditzeko egindako bigarren eta azken ahaleginean, bi aldeen arteko itsas gudua inflexio puntua izan zen: ordurarte persiarrak aurrera egiten ari ziren, baina gudua greziarrek irabazi zuten eta handik... [+]


Egipto, ‘Aigyptos’ baino lehen

Antzinako greziarrek Egiptori Aigyptos esan zioten, eta erromatarrek, aldiz,  latinez, Aegyptus. Eta hortik dator Afrikako herrialdearen egungo izena.


‘Odisea’-ren zatirik zaharrena

Greziako Olinpiako santutegian grekoz idatzitako buztinezko plaka aurkitu dute, Homeroren Odisea-ren hamairu bertso dituena.


Bortxaketaren kultura klasikoa

Grezia. K.a VII. mendea. Himno homerikoak izeneko poema sortako alerik zaharrena sortu zuten, Demeter jainkosaren berri jasotzen zuena.


Ondarearen espoliazioa
Sotheby's, Grezia eta jabetza legitimoa

New Yorkeko Sotheby’s enkante etxeak demanda jarri berri dio Greziako Gobernuari, irudian ikusten den brontzezko zaldiaren “jabetza legitimoa argitzeko asmoz”.


Antikiterako altxor agorrezina

1900 eta 1901 artean, Greziako Antikitera uharte inguruko naufragio batean Antikiterako Mekanismoa deritzon pieza aurkitu zuten, K.a. 150-100 urteen ingurukoa.


Errege alferren neurriko maratoia

Grezia, K.a. 490. Maratongo guduan greziarrek persiarrak mendean hartu zituzten. Herodotok, Plutarkok eta Luzianok jaso zuten garaipenaren berri eta, bertsioak bertsio, kondairak dio Filipidesek Maratonetik Atenaserako bidea korrika egin zuela albistea jakinarazteko, eta misioa... [+]


Eguneraketa berriak daude