Nafarroan korapilatu da negoziazio politikoa

  • Borroka armatua uzteko borondate eza leporatzen diote ETAri PSOEk eta EAJk. Ezker abertzaleak eduki politikorik gabeko negoziazio teknikoa egin nahi izana egotzi die sozialista eta jeltzaleei. Azaleratu den informazio desberdinen arabera, prozesua non korapilatu den aztertzeko saioa egin da ondorengo lerroetan.

    Euskal Herrian bizi den gatazka bortitza negoziazioz gainditzeko beste aukerarik izango da. Esperientziak hala dio eta Euskal Herriko herritarren gehiengoaren borondateak ere bai. Noiz, nola eta zer izango den hori beste kontu bat da.
"Ez dut bakea politikaren truke inoiz onartuko" dio Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETAk su-etena hautsi ondorenean. Baina politikak bakea lortzen lagundu dezakeela ere behin eta berriz errepikatu du azken hilabeteetan. Esaldi bata eta bestearen artean dago negoziazioaren zirrikitua.

Zertan egin da baina huts hamalau hilabete hauetan ohiko harrian estropezu egiteko? Hasi da jadanik bertsioen dantza. Moncloako ikuspuntua joan den igandeko El Pais-ek aireratu zuen, ohiko Luis R. Aizpeolea kazetariaren eskutik. EAJk, PSEk eta Batasunak 2006ko azaroan egin zituzten bileretan PSEk eta EAJk atzera bota zuten Nafarroa eta EAEren harremanei buruz Batasunak egin zien proposamena. Honetan, Batasunak Hegoaldeko bi erkidego autonomoen arteko lankidetza erakundea eratzea proposatzen zien, bi urteren buruan ahalmen legegilea ere izango lukeena. Azaroaren 10ean etorri zen jeltzale eta sozialisten ezetza, beti ere R. Aizpeolearen esanetan.

Joan den igandean bertan, El Pais-en Patxo Unzuetak sinatutako iritzi artikuluan, aurreko bertsioa osatu zuen eta bi urtetan lankidetza erakunde hori EAE eta Nafarroaren arteko erkidego autonomoa bihurtuko zatekeen; 2010ean, halaber, autonomia berri honi buruzko erreferenduma egingo litzateke bi erkidegoetan eta Nafarroako sozialistek marko politiko berriaren aldeko jarrera defendatu beharko zuketen. Moncloako iturrien arabera, hor legoke porrotaren korapiloa.

Batasunak, PSOE eta EAJrekin egindako bilera ugariren berri eman du Gara-ren bidez, baina ez da edukiei buruzko halako zehaztasunarekin hitz egin. Hala ere, lurraldetasunaren gaiari behin eta berriro egin zaio erreferentzia, negoziazioaren korapilo nagusietakoa gai horren inguruan dagoela aditzera emanez. Besteak beste, abenduaren 30eko Barajaseko atentatuaren ondoren, eta negoziazioak berbultzatu nahian, Batasunak Iruñeko Adierazpenaren berri eman zion euskal gizarteari. Honetan, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoak autonomi proiektu berean txertatzea proposatzen zuen, modu honetan gatazka bortitza gaindituz.
Erabaki historikoan, ENAMek onartzen zuen estatutu proposamen honek EAEko eta Nafarroako biztanleen onespena beharko lukeela, erdikidego bakoitzak bere aldetik bozkatuz. Publikoki bederen ez zen zehaztu prozesu hau nola bideratu behar zen.

Era batera ala bestera atonduta, El Pais-ek joan den igandean emandako bertsio horiek dantzan ibili dira euskal politikaren sukalde inguruetan, eta ikusgai dago Batasunak zer erantzungo duen. Orain arte, ezker abertzaleko alderdiaren esanetan, EAJk eta PSEk uko egin diote Iruñeko Adierazpenari, hau da, gatazka bortitzari amaiera ekarriko liokeen proposamenari.

Laburtuz, PSOEk eta EAJk, eduki politikoa duen negoziazioa inposatu nahi izana leporatu diote ezker abertzaleari, eta zehatzago esanda ETAri; hauen ustez, ETAk gainbegiratu ditu Batasunaren negoziazio saioak honi bere ikuspegia inposatuz.

Ezker abertzaleak, aldiz, negoziazio tekniko hutsa –bakea presoen truke– egin nahi izana bizkarreratu dio PSOEri, eta EAJri helburu horretan sozialisten ezinbesteko laguntzaile izatea. Joan den igandean, Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak argi zehaztu zuen hori Berria-n kaleratutako elkarrizketan.

Edukia eta metodologia

Elkarrizketa prozesu batean aldeen arteko konfiantza giroa eraikitzea ei da aurrera egiteko lehenbiziko baldintzetakoa eta hori posible egiteko edukia bezain garrantzitsua ei da adosten den metodologia. Hemen ere, su-etena hasi aurretik elkarrekin zehaztutako metodologiaren interpretazio propioa egin dute aldeek. 2004ko azaroan ENAMek Anoetan taularatu zuen eskema medio, negoziazio prozesuak bi kanal izango zituen: Espainiako Gobernuak eta ETAk errepresioak eta jarduera armatuak sortutako ondorioak bideratu beharko zituzten –presoak, biktimak...– eta gai politikoak alderdien artean konponduko lirateke, horretarako alderdien mahaia sortuz.

Ezker abertzalearen ustez, mahai biek denboran bateratsu joan behar zuten, eta PSOEren ahalegina etengabe izan da biak denboran ahalik eta gehien banatzea. Horren adibide garbiena 2006ko uda hasieran legoke, PSOEk –bere inguruko iturriek hala onartzen dute– presoei buruzko neurri zenbaitzuk prest zituen jada, baina ETAk alderdien mahaiaren eraketa lehenetsi zuen. Horrexegatik ekin ei zitzaion uda ostean PSE, Batasuna eta EAJren arteko elkarrizketa prozesuari.

PSOEren eta EAJren esanetan, ezker abertzaleak ez du Anoetako eskema onartu, ETAk negoziazio politikoa bere gain hartu duelako eta Batasunari negoziaziorako tarterik ez diolako utzi. Lehenbizi ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak gauzatu behar ziren eta ETAk borroka armatua utziko zuenaren seinale garbiak eman ondoren, orduan ekingo lioke alderdien mahaiak negoziazio politikoari. Negoziazio politikoa izan da, baina ez akordiorik. Borondatea, konfiantza, metodologia eta edukia, dena nahasten da azkenean halako negoziaketa prozesu batean.

Orain zer?

Hori da bolo-bolo dabilen galdera eta alde guztiek une gogorrak espero badituzte ere, gogortasun hori ETAk helduko dion jarduera moldearen arabera egongo bide da. Edo 2000.eko su-etenaren apurketaren ondorengo urteetako jardun odoltsuari ekingo dio, edo azken su-etenaren atariko hilketa gabeko jardunari? Balizko beste elkarrizketa prozesu bat ere horren arabera legoke. Jakina, hori 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretan PSOE gailenduz gero, PPk Espainiako Gobernua hartuko balu hurrengo zikloa luze atzeratuko litzatekeelako.

Dagoeneko, argi ikusi diren lehenbiziko mugimenduak Espainiako Gobernuarenak izan dira: atxiloketak Frantzian, Iñaki de Juana berriz espetxeratzea eta Arnaldo Otegi ere kartzelan sartzea.

Eremu politikoan mugimenduak ez daude horren argi, baina PSOEk argi egiten du Ajuria Eneko Itunaren gisakoa berregitearen alde, eta horretarako ezinbesteko zaio EAJren laguntza.

Mapa politikoak ere izan du aldaketarik azken urteetan eta esanguratsuena Nafarroan gertatutakoa da. Bertan Nafarroa Bai koalizioak eskuratu du abertzaleen ordezkaritza nagusia eta berau prest dago PSN eta Ezker Batuarekin batera Nafarroako Gobernua hartzeko. EAE eta Nafarroako egoera desberdinak baietsi egin dira azken hauteskundeetan, eta asko dira pentsatzen dutenak ETAk su-etenaren apurketa erabakia zuela, baina berau gauzatzeko abagunea Nafarroan Gobernu berria eratzeko unearekin lotu duela.

Etsipena eta nekea azkar barreiatu dira berriz ere euskal gizartean. Gatazka politiko eta bortitzetik ateratzeko elkarrizketaren beharra ez dute gainditu alabaina. Ez baita beste biderik eta ikuspegi hori ere nagusi da.

Azkenak
Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


Eguneraketa berriak daude