“Eliteek uko egin izan baliote euskara desagerturik legoke”

  • Plaza Barriako (Bilbo) arku neoklasikoak ikusten dira leihotik. Mahai gainean aldizkari espezializatuak, paperak eta larruzko agenda. Haien artean galdurik kartoizko egutegi bat. Mahaiaren aldamenean eseri zaigu eta eman diogu gaia: euskara eta historia. “Zer izan da euskara euskaldunontzat historian zehar?” galdegin digu berak segidan.
Pruden Gartzia
Iñigo Azkona
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure artikulu batean irakurri ahal izan dudanez, historian zehar euskararen inguruko bi jarrera izan dira: euskara etxerako eta euskara plazarako...


Abertzale klasikoek euskara beti izan dute elementu minoritario bat: Orixek, Zaitegik, Laffittek... Laffittek adibidez, ez zuen pentsatzen nobelak euskaraz egin zitezkeenik; euskaraz behar zuten bertsoak, ipuintxoak edo herri antzerkiak.


Baina zergatik abertzaletasun klasiko horrek ez zuen ikusten euskara jasorik? Nondik zetorkion jokabide hori?


50-70eko hamarkadetako aldaketa kate baten muturra da. Beste muturra XVI. mendean aurkituko dugu, Etxepare eta Lazarragaren garaian. Tartean badira laurehun urte, eta denbora horretan paradigma berdinaren barruan mugitu gara. Euskal eliteak abertzale egin zirenean, hizkuntzari buruz zerbait berria asmatu beharrean lehengo paradigmari eutsi zioten, eta foralismoaren jarrera antzerakoa mantendu zuten alde horretatik.

Baina euskara guztiz baztertu gabe...


Euskarari leku bat ematen zitzaion gure gizartean, baina inondik inora ez zen pentsatzen hizkuntza hegemonikoa izan behar zuenik.

Eta nola etorri zen aldaketa?


50eko hamarkadan badago belaunaldien talka bat, lehen aldiz euskara normalizatu nahi izan zen, sasoi horri zegokion gizarte moderno hiritar baten hizkuntza bihurtu. Hori da Jakinen belaunaldia, eta Leturiaren Egunkari Ezkutuarena. Txillardegiri Mitxelenak hitzaurre bat egiten dio, oso polita, nik berriz ere irakurri dut, eta euskararen egoera penagarria konstatatzen du bertan. Baina loraldi baten atarian daudela ere badio Mitxelenak. Gabriel Arestik edo Xabier Letek Beñat Etxepare berreskuratzen dutenean adibidez, euskara jalgi hadi plazara... kantuarekin, hori ikusten dugu.

Unamuno, Ortega y Gasset, Menéndez Pidal... espainiar nazionalista liberalek bai egin zutela euskararen kontra.


Beraiek uste dute nazio berri batek hizkuntza bakarra izan behar duela, gainerakoak desagerraraziz. Hori da beraien helburua, lehen eta gaur! Noski, batzuk desagerpen hori traumatismorik gabe nahi dute, beste batzuk aldiz gorrotoa diote euskarari.


Orduan, hizkuntza da nazionalismo horren funtsa?


Zaila da hori esatea. Espainiar nazionalismoa, neurri batean, frantsesaren kopia bat da eta frantsesak oso koherenteak dira horretan. Balio errepublikarren artean berdintasuna dago, erranen baita, denok hizkuntza bera.

Lazarraga aipatu duzu lehenago. Eskuizkribua linguistek ikertu dute, baina zer gertatzen da historiarekin?


Nik lagun filologo ugari ditut, eta oso onak, batzuetan haserretzen zaizkit esaten dudanean herri honetan pisu gehiegi dutela; ez da beraien errua, konpetenteak dira zorionez. Lazarragak, topiko pare bat apurtzeaz gain, XVI. mendean gertatu zena ezagutzen laguntzen digu. Euskal eliteek sistema politiko bat negoziatu zuten, Espainiako erregearen inguruan lobby indartsu bat sortuz... Zeren ez zaio beldurrik izan behar hitzari: hauek espainolak ziren!

Hor hasten da euskararen galera?


Kulturaren aldetik kostu izugarria izan zuen, azken finean euskaldunek bat egin zuten Europako monarkia erreakzionarioenarekin.

Eta zergatik idatzi zuen Lazarragak euskaraz orduan? Zer gertatu zen denbora-kate horretan euskarak bizirik irauteko?


Euskal eliteek gazteleraz egiten zuten, gaur negozioetarako ingelesez egiten dugun bezala. Aldiz, etxean euskara zuten hizkuntza arrunta. Nire ideia da sistema hori egonkorra izan zela 300 urtean. Ezinezkoa da denbora horretan euskararen mugak mugitu ez izana bertako eliteek erabili ez balute. Bestela, nola da posible Tafalla hain euskalduna izatea 1800ean? Euskarari uko egin izan baliote, XVII. menderako galduta egongo zen.

Lazarragak artzain-nobela bat idatzi zuen, Europako orduko korronteari jarraituz. Ba al zuen gainerako literatur lanen berri Larreako bere dorrean?


Gauza bat garbi izan behar dugu: Batzuetan esan izan da euskarak iraun duela hizkuntza isolatua izan zelako mendietan galduta... Ez, barkatu, Euskal Herria Europako leku urbanoenetakoa izan da XVI. mendetik! Lazarragak orduko literatura segitzen zuela? Noski. Euskaldunak mundu osoan mugitzen ziren, San Frantzisko Xabier Japoniara ailegatzea ez zen kasualitatea izan...


Kendu behar dugu baserriko irudi bukoliko hori burutik...


Ez, mundu hori existitu da. Baina ez balu bestelako sare urbanorik izan, euskara mundu isolatu horretan hilko zen! Frankismoak egin zuena da euskarak mundu hiritarrarekin zituen loturak moztu eta orduan galera ikaragarria izan zen. Hori oso ondo ikusten da Nafarroan, belaunaldi bakar batean galdu zen hizkuntza leku askotan.


Uste duzu Lazarragaren eskuizkribuak leku gehiago egingo diola euskarari Arabako historiografian?


Ez dut uste. Predikatu nahi duenak Espainiaren batasun santuaren alde, predikatzen jarraituko du. Badago esaera famosoa, ebanjelikoa: ‘Egia ikusiko dute eta egia ikusitakoan konturatuko dira’. Judean funtzionatuko zuen, baina hemen ez.


Eta gizartean? Eraginik izango al du?


Norbaitek gizartea zergatik mugitzen den badaki kontatu dezala, gustura entzungo diot.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen historia
‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Joseba Lizeaga: “Iruña-Veleiako polemikaren oinarrian grafitoetan topatutako euskararen zantzuak daude”

Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak


2024-10-22 | Julene Flamarique
Antzinaroko euskaraz idatzita egon litekeen inskripzioa aurkitu dute Lantzeko meategi batean

“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]


Iruña-Veleiaren 4. Biltzarra: argitu, ez suntsitu

“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok... [+]


2024-10-02 | Cira Crespo
Euskaldunen eraztuna

Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]


Eguneraketa berriak daude