Hazem Saghieh Londresen arabieraz plazaratzen den Al-Hayat egunkariko zuzendaria da. Honek “
Sunni and Shi’a: coexistence and conflict” artikuluan azaltzen duenez, arabiar jendeak oraindik ez du onartu Islamaren barruan bi sekta handi daudela, kasik bi erlijio diferente direnak. “Esaten dugu ‘Denok anaiak gara’ eta ez dugu aitortzen arazo bat daukagula (...) Ondo begiratuko bagenu, ohartuko ginateke gure arteko liskarraren hazia aspaldi ereinda dagoela”.
Saghiehren ustez, xiiten eta suniten arteko ezberdintasun sozialak Mahometen aurrekoak dira, baina profetaren ondoren berehala hartu zuen bereizketak erlijiozko estalkia ere. Korana ez dute berdin irakurtzen batzuek eta besteek: sunitek jokabide onen oinarritzat hartzen dute liburu saindua, xiitek berriz gurtu egiten dute liburua. Hau interpretatzerakoan, sekta bakoitzak ditu gainera bere agintariak.
Gorrotoaren oinarria ere antzinakoa da: xiitek beren buruak Mahometen suhi Ali-ren eta honen seme Hussein-en jarraitzailetzat dituzte... eta, aldiz, sunitak martiri hauek asesinatu zituztenen oinordekoak dira! Baina fedeaz gain, Saghiehk dioenez, sunitek beren eskuetan eduki dute beti agintea, xiitak aldiz oposizio izanik. Horren oihartzun modernoa litzateke Iraken, Libanon eta Bahreinen xiitek alderdi ezkertiar eta erradikalekin bat egitea.
Beste bereizketa bat: sunitak izan direla –gutxienik azken bi mendeotan– hirietako merkatari, burokrata, idazle, artisau eta artistak. Xiitak, ordea, gehienetan baserri inguruetan bizi izan omen dira, ondorioz beren kultur transmisioa gehienbat ahozkoa izan da, mekanikoago eta zurrunagoa. “Islamaren ikerle sunitak –idatzi du Saghiehk– batez ere interesatu dira boterearekin eta honen erabilerarekin. Suniten artean autoritatea izan zen Ibn Taymiyah-k idatzi zuen hobe dela tirano bat kaosa eta liskarra baino. Ordainetan, lehenbiziko pentsalari xiitek asko aipatzen zuten justizia, gizarte ideala, ‘galdutako imanaren’ perfekzioa”. Apaizen indarra ere ez da berdina batzuen eta besteen artean; xiitentzako apaizak esana hutsik egin ezina da, eta sunitentzako berriz ez. Batzuek eta besteek urteotan eraiki dituzten sistema sozialak eta kultura hain ezberdinak izanik, kazetari horri iruditzen zaio burugabekeria dela “mundu islamiarra” eredu bakar baten arabera analizatzea.
Islamaren bi korronteok batzeko ahaleginak izan dira XX. mendean, baina oso azaletik landuak. Azken urteotan, xiitak indartzen joan dira, politikan muturra gehiago sartuz, eta beren eragina nabarmen handitu zen Irango iraultza egin zutenean. Libanon indartu dira eta Iraken. Batean bezala bestean harreman kontraesankorrak izan dituzte inbaditzaileekin, Israelekin eta AEBekin, eta hasieran elkarrekin moldatzea posible zela zirudien arren, bi kasuetan ere laster ikusi zen xiismo politikoak bere agenda duela, eta Mendebaldearekin talka egiten duela.
Xiitak, Islamaren trotskistak?
Fred Halliday irakasle irlandarra da, Ekialde Hurbilari buruzko dozena bat liburutik gora idatzi ditu eta ideologia kontserbadorekoa den arren, hasieratik salatu du Irak inbaditzea, AEBen eta Britainia Handiaren errore estrategikoa delakoan. Honek “
Sunni, Shi’a and the ‘trotskyist of Islam’” artikuluan defendatu du Islamaren barruko bi korronte handi horien arteko tirabirek gehiago daukatela ikusteko geopolitikarekin fede kontuekin baino.
Gaur, Hallidayren ustean, Ekialde Hurbileko gatazketan badira ardatz nagusi batzuk –Israel/arabiarren kontra, Estatu Batuak/terrorismoa, Mendebaldea/Iran...– baina horiek zeharkatzen dituzte beste gatazka handi batzuek, eta tartean sunita/xiita ardatzak. Hallidayrentzako oker nabarmena da sunitak goikoak eta xiitak menderatuak direla esanez sinplifikatzea, nahiz eta gauzak horrela erakustea batzuentzako interesgarria dela aitortu: “Gogoan dut Irango Errepublika Islamiarreko lehen atzerri ministro Ibrahim Yazdi-rekin izan nuen elkarrizketa. (...) Eserita zegoen Sha-ren garaian ipinitako lanpara handi baten azpian eta ‘Gu Islamaren trotskistak gara’ esan zidan”.
Khomeiniren garaian Iranek eskualde horretan indartu zuen jokabide anti-inperialista, eta alde horretatik Yazdik aldarrikatutako “iraultza iraunkorrak” bazeukan logika. Baina irandarrek egin dutena izan da –Hallidayren iritzian– munduko xiitak beren interes geopolitikorako erabiltzea, komeni izan denean suniten kontra jazarraraziz.
Gaur sua eskualde osora dago zabalduta. Iraken, 2003an AEBek inbaditu zutenean, erresistentzia sunitek eta Baaz alderdikoek abiarazi zuten yankien kontra, baina 2006tik honantz gatazka nagusi horri nahastu zaio xiiten eta suniten arteko gerra sektarioa. Libanon ere aspalditik zetorren bi korronteen arteko tirabira, baina 2006ko udan Israelek inbaditu zuenean, bere kontrako erresistentziarekin xiiten buruzagiek lortu zuten are gehiago indartzea. Arabiar Golkoko herrialdeetan ere, urteotan –Kuwaiten eta Bahreinen bidenabar– okertu egin dira bien arteko harremanak. Palestinan berez ez da xiitarik, baina Fatahko buruzagiek salatzen dute Hamas xiitek laguntzen dutela eta xiismoaren jokabidea hartu duela.
Paradoxa moduan, Sirian populazioaren gehiengoa sunita omen da eta agintean dagoen Baaz alderdiko elite minoritarioa berriz xiita. Dena dela, Iranen eta orain Iraken ere bai, xiitek hartu duten indarraren aurrean, Jordania, Egipto eta Saudi Arabiak horiek salatzen dituzte eta beren buruak saltzen “moderatuak” bailiran. Hau ere paradoxa galanta. Gainera, ez da ahaztu behar Afganistanen eta Pakistanen indartu diren talibanak sunitak direla, eta horko mugimendu berriak –Al Kaeda tartean– Saudi Arabia “moderatuak” sustatu zituela.
Ondoko urteetan Hallidayk dio sunitak/xiitak gatazka izango dela Ekialde Hurbileko borroka nagusia, eta hori aurki ikusiko dela, Iraketik amerikarrek aldegin bezain azkar. Orduan nabarmen geratuko da geopolitika zela kontua, ez erlijio bereizketa. Gainerakoan, ez fede aldetik daude hain ezberdintasun handiak eta ez elkarbizitzan egon da urte luzez halako ezinegon handirik... duela gutxi arte.
Azkenean, Iranek xiitak eta Saudi Arabiak sunitak sutu dituzte –Hallidayren hitzetan– eta gero mugimenduek beren autonomia hartu dute beren supiztaileengandik. Irakeko gerrak dagoeneko kontrolaezina dirudi. Baina munduko sunitek nola hartuko dute AEBek Iran erasotzea?
http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.