«Jendeari erabilgarri izango zaion tresna izan behar du Tabakalerak»

  • Idazlea, gidoigilea, erakusketa diseinatzailea... Ibilbide luzea eta askotarikoa egin du Joxean Muñozek. Baina iazko urtarrilean zuzendari izendatu zutenetik, buru belarri dabil lanean Donostiako kultur panoraman giltzarri izango den proiektuan, KGNGn (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea). Joan den martxoan aurkeztu zuten tabako fabrika izandakoa ikusizko kultur fabrika bilakatuko duen proiektua. Donostian, Urumea ertzean eta tabako fabrikaren pare xamarrean du bulegoa eta, bilera eta bilera artean, hantxe egin digu harrera, etorkizunean kulturaren fabrika hori izango denaz jarduteko.
Joxean Muñoz
Karlos Korbella
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Tabakalerari buruzko aipamenak lehen aldiz entzun genituenetik urte dezente pasatu dira eta gorabehera handiak izan dira prozesuan. Badirudi azkenean bidea argitzen ari dela.


Lehenik eta behin argitu nahi dut 10 urteko epea batez bestekoa dela horrelako proiektu bat martxan jartzen denean. Gauzak ez dira bi urtetan egiten, baldin eta atzetik ez badago inbertsio pribatu handi bat eta proiektu oso zehatz bat. Dirua publikoa bada, are konplexuago da eta proiektua inguru batean txertatua egon dadin nahi baduzu, inguruaren konplizitatearekin, konplizitate hori landu, adostu, sakondu egin behar da. Horrek guztiak mantsoago joatea dakar nahitaez.
Egia da prozesuan zehar gorabehera batzuk izan direla, baina nik uste dut, oro har, guk hasierako hariari heldu diogula eta beraz, aurretik lan handi bat egina zegoela. Beraz, pasatu diren urte hauek nik ez ditut galdutzat ematen. Gainera, prozesuak iraun duen denboran fabrika zabalik mantendu da eta pelikulak, erakusketak eta gauza asko egin dira. Nik uste dut hamar urtetan prozesua mugitzen badugu ondo gaudela.

Ze pauso eman dituzu hasierako kontzeptu orokorretatik proiektu zehatz eta definitu batera iristeko?


Kontuan hartu behar da, aurretik lau bat urteko lana zegoela, dokumentazio asko, beste lekuei buruzko informazioa, kontaktuak, eta abar. Bestalde, nire aldetik beste kontaktu eta aholkulari batzuk izan ditut. Denbora gutxi izan dugu eta ezin izan dugu nahi adina sakondu, ezin esan ezagutza sakon-sakona lortu dugunik, baina bai behintzat parametroak nondik nora dabiltzan. Jendea gurekin oso eskuzabala izan da, Finlandian, Ingalaterran, Alemanian, Holandan, Bartzelonan esan digute, ez bakarrik zer egin duten eurek, baizik eta zer egin duten gaizki, zertan hanka sartu zuten, zertan ibili behar dugun tentuz. Niretzako garrantzitsua izan den konklusio bat bada. Batzuek egin izan dituzte horrelako ekipamenduak proiektu batetik abiatuz, inguruari gehiegi begiratu gabe, eta horietako asko orain damututa daude, inguruko unibertsitateekin, inguruko artistekin loturarik gabe gelditu direlako. Guk argi geneukan horrelako proiektu batek oso sustraitua behar duela, oinak lurrean baina begiak kanpora begira. Hori izan da behin eta berriz jaso dugun aholkua: zaindu ondo zuen ingurua.

Beraz, Euskal Herrian oso sustraitua behar du baina era berean, izenak berak dion bezala, nazioarteko gunea da. Oreka funtsezkoa izango da.


Bai, oreka garrantzitsua da baina badago terreno bat, non ebaki hori edo gauzak kontrajartze hori ez den oso logikoa. Jende asko dago bere eguneroko jardunean kanpora begira ari dena, mundu guztiarekin solasean. Arteleku ingurura begiratzen baduzu, hor daude Xabi Erkizia, Isabel Herguera, Ibon Aranberri eta beste asko, Euskal Herrian eta nazioartean lanean ari direnak naturaltasun osoz. Belaunaldi horretan, 40 urtez azpikoetan, bertakotasuna eta nazioartekotasuna erabateko naturaltasunez josten dituzte. Askotan kontu hori planteatzen da oreka zail baten moduan, eta oreka beti da zaila, baina bestalde, nabarmena ere bada. Jende askok oreka hori oso normal lortzen du. Behar bada, jende horri falta zaiona bide horretan jarraitzeko laguntzak dira.
Badaude erabili ohi diren definizio batzuk eta ekiboko xamarrak direnak: lokala eta globala esaten denean badirudi kontrajarriak daudela, eta askotan ez da hala. Euskal kulturaren definizioa egiten badugu gauza itxi, autonomo, berezi, propio bezala, orduan alde batetik gurea eta bestetik, besteena planteatzen zaigu. Baina nik uste dut errealitatean gauzak ez direla horrela. Kultura bizitzen duen jendeak bere bihotzean eta bere imajinarioan dauka Ruper bat edo Negu Gorriak bat, baina baita Rolling Stones edo beste edozer ere. Eta horiek nahasian daude. Niri ezin dizkidate nire kultura pertsonaletik Euskal Herrikoak diren gauzak kendu edo ezin dizkidate Euskal Herrikoak ez direnak kendu. Guk hor egon behar dugu, joskera horretan.

Espezializazio maila altuko zentroa izango dela aipatu izan duzu. Jende arruntaren eguneroko bizitzatik urrun geratzeko arriskua eta ondorioz, gutxiengo batentzat baino ez izatea ekar lezake horrek.


Hasieratik argi geneukan inguruarekin batera lan egingo zuen leku bat izan behar zuela eta jendeari oso maila altuko lana egiteko lekua eskaini behar ziona. Baina aldi berean, jende “normalarekin” lana egiteko borondatea edukiko zuena, espezialitate batean mugitzen den jendea eta espezialitate horretatik kanpo mugitzen denaren arteko harremanak onerako direla sinetsita. Uste dugu jende “normalaren” eragina, jende hori aktibatzea lortzen badugu, oso eraginkorra dela, bai oro har proiekturako, bai kulturaren egoerarako eta baita jardun konkretuetarako ere. Gauza horiek guztiak garbi xamar genituen hasieratik. Horrekin lotuta, askotan zaharkituak dauden hitzak erabiltzen ditugu, XIX. mendeko hitzak. Garai hartan bazegoen burgesia bat ilustratua zena eta kulturarako bidea ziurtatua zeukana eta bazegoen jendea, populua, batere aukerarik ez zeukana. Guk, gaur egun, ezin dugu termino horietan hitz egin. Horrek ez du esan nahi kultura zabaldu eta jendearen eskura jarri behar ez denik, baina beste parametro batzuetan. Guk esaten dugunean jendearenganako lan hori egin behar dugula eta plaza bat izan behar dugula, esaten ari gara inguratu behar ditugula kultur gai batzuk jendearengana. Baina jende horrek badu bere kultura propioa, beste arlo batzuetan. Jende batek, adibidez, arteari buruz ez daki ezer, baina jakingo du kontabilitatea eramaten, josten, plastikoa egiten, autobusak egiten edo medizinaz. Ezagutza horiek gurutzatu egin behar dute, aukera eskaini behar da besteen ezagutzak eta zureak harremanetan jartzeko. Baina bereizketa ez da jakintsuak/ezjakinak, baizik eta jakintza diferenteak maila diferenteetan eta nola harremanetan jarri.

Jendea erakartzea da beraz proiektuaren helburu nagusietako bat. Horretarako muga asko hautsi beharra dago. Nola lortu jende askok oraindik museo kutsua duenari dion erreparoa ezabatu eta lekuz kanpo sentitzeko beldurra galtzea?


Beldur hori da hautsi behar duguna. Jende askok pentsatu izan du “hori ez da niretzako kontua izango”. Nire irudipena da orain hasi garela komunikatzen eta jendea hasi dela konturatzen ez duela izan behar jendeari arrotza izango zaion leku bat. Guk baldintza bakarra jartzen dugu: jakin mina izatea. Dudarik gabe, arte garaikidea adibide bezala hartuz gero, zaila da. Zaila da laborategi bat delako eta muturreko arte garaikidea ezagutzeko edo zer gertatzen ari den jakiteko aurretiko kultura bat behar duzulako. Guk ez duguna onartzen da “hau ulertzen duzu edo ez duzu ulertzen; gustuarekin jaio egin behar da” edo gisa horretako jarrerak. Ez, hau ez da jaiotze kontu bat eta hau ez da aristokrazia kulturalaren kontu bat. Jendea Tabakaleraren proiektuan inplikatu dadin jendearentzat erakargarria izango den zerbait eskaini behar dugu. Horregatik da garrantzitsua, beste gauzen artean, interesgune ezberdinak eskaintzea. Artea egingo dugu, oso puntakoa eta hasieran arrotza egingo zaiona jendeari, baina zinea ere egongo da, eta telebista, eta soinua, eta hor oso mundu arraroak daude baina baita oso gertukoak ere. Guk oso abaniko zabala eskaini behar diogu jendeari interes ezberdinak erakarri ahal izateko, eta gure zentroaren erakargarritasunak izpi diferenteak izan ditzan, batak ez bazaitu jotzen, besteak jo zaitzan.


Ikusmenezko kultura, nahiko kontzeptu zabala, izango da KNGNren oinarri.


Ikusmenezko kultura hartzen badugu oinarri bezala, proiektua arte garaikidean edo diseinuan edo dena delakoan espezializatua ez delako da, baina era berean ez duelako izan nahi espezializaziorik gabeko gune bat, jendeak denetik pixka bat dakien leku bat. Arte alorrean, zineman, telebistan, diseinuan, eta abar espezialista den jendea badago, eta gure lana horiek harremanetan jartzea da. Nolabait, jendeari eskatu behar diogu espezialista izan dadila baina era berean, albokoarekin lan egiteko gogoa izan dezala. Horregatik aipatzen dugu ikusizko kultura, baina alor oso konkretuak markatzen ditugu. Harremanetan jarri behar ditugu egileak, eragileak eta publikoak, baina espezializazio horretatik abiatuta.


Ikusmenezkoaz gain beste alor batzuk ere landuko dira Tabakaleran, soinua esate baterako.


Ikusizko kulturan baino ez bagina geratuko, hein batean hori zentro espezializatu bat izango litzateke eta guk, kultura garaikideak duen ezaugarri garrantzitsuenetariko bati jarraituz, zabaltasuna izan behar dugu oinarri. Horregatik sartu dugu soinua, soinuak oso harreman estua eta logikoa baitu ikus-entzunezkoekin, gero eta gehiago arte garaikidearekin eta erabateko zerikusia eguneroko bizitzarekin. Soinua gure ekologiaren parte da, aldatzen ari dena, isiltasuna desagertzen ari den elementu naturala da. Soinua terapiarako erabiltzen da, baina baita gerra egiteko ere, erabiltzen da torturatzeko eta erabiltzen da jendea baretzeko. Txit garrantzitsua den mundu oso bat dago soinuarekin lotua. Badaude, bestalde, musikaren alor batzuk, musika garaikidearen aspektu asko, esperimentazioak, gurutzatzeak, merkatuak oraindik irentsi ezin dituen bide batzuk, leku babestu bat behar dutenak beren lanean jarraitu ahal izateko.

Zientziak eta gastronomiak ere izango dute lekua. Bi esparru horiek sorkuntza garaikidearekin duten lotura ez da hain argia.


Egia da zientziak beste alorrekin ez duela soinuak duen harreman begi-bistakoa, baina guk oso argi genuen XXI. mendean ezin genuela sortu kulturari buruzko ekipamendu bat non zientzia ez den kabitu ere egiten. Hori gutariko askok dugun gabezia da, gerorako utzi ezin duguna, leku hau batez ere hurrengo belaunaldientzako izango baita. Zientziak geroz eta lotura handiagoa dauka gure bizimoduarekin, geroz eta eragileagoa da gure eguneroko bizitzan eta geroz eta sartuagoa dago humanitateen alorrean. Tabakaleran ez da zientziarik fabrikatuko baina zientziaren alorrean gertatzen dena gainontzeko alorrekin txertatzen ahaleginduko gara. Gure asmoa zientzia ere kultura garaikidearen baitan egotea da. Gastronomiari dagokionez, alde batetik, gastronomia zerbitzuak eman behar genituen eta horrek alderdi kultural bat ere badu, kulturaren metafora bezala funtzionatzen du. Eguneroko gauza da, behar fisiko batetik dator, gizakiak egin duena hori sofistikatzea izan da eta leku bakoitzean barianteak sortzea. Euskal Herrian eguneroko kulturan sartua dago ondo jatea, baina galtzen ari den kultura da. Bestalde, jatetxe handiek-eta, lortu dute oinarri horren gainean laborategi batzuk sortzea. Beraz, laborategia eta egunerokotasunaren arteko lotura hori gastronomiak ematen digu. Eta azkenik, gurea bezalako herri txiki batean nazioarteko gunea egin nahi badugu ezin dugu albo batera utzi kanpora begira dugun irudirik indartsuenetarikoa.


Tabakaleraz hitz egiten ari garela, ezin aipatu gabe utzi Artelekuren etorkizuna.


Proiektuak ez du ezer ere esaten Artelekuri buruz. Gu saiatu gara planteatzen ari garen testuinguru orokor horretan Arteleku sartzen. Orain hitz egin behar dugu Artelekurekin ea eurek nola ikusten duten beren burua, ea Artelekuren tasun horrek aparteko leku bat behar duen edo garatu litekeen Tabakaleraren baitan. Guk geure iritzia izan dezakegu baina hori ezin dugu guk erabaki. Guk Artelekuk zer egin behar duen esatea auzoaren etxean sartzea litzateke eta Artelekuk badu urte askotako bere tradizio garrantzitsua. Eurek argi ikusten dute Tabakalerak aldatu egiten duela orain arteko panorama eta beste modu batera definitu beharko dutela, eta hori elkarri bizkarra emanda egin beharrean eskua emanda egin beharko genukeela.

Dagoeneko proiektua publikoki aurkeztu duzue. Zer gertatuko da hemendik aurrera?


Orain aurkeztu duguna testuinguru orokorra da, eskema. Guk nola ikusten dugun Tabakalera, zein alorretan egin behar dugun lana eta nora jo beharko lukeen. Hori da kontseiluak aho batez onartu duena. Lan asko egin behar izan dugu baina azkenean adostasun batera iritsi gara eta hori oso garrantzitsua da sendotasuna ziurtatzeko. Orain sektorez sektore jendearekin hitz egin behar dugu, batetik gure proiektua aurkezteko eta bestetik eurek zer behar sumatzen duten entzuteko. Tabakalera tresna bat da. Aro digitala hor dago, Tabakalerak ez du ezer aldatzen, aldaketa badator, baina behar bada ez ditugu aldaketa horiei aurre egiteko erakunde publikoak eta kulturalak. Egoera berri horretan herri bezala eta norbanako bezala beste indar batekin eta beste gaitasun batekin lan egiteko tresna izan behar du Tabakalerak, erabilgarria izan behar du. Eta erabilgarria den ala ez erabiltzen dutenek erabakiko dute, alegia, gure inguru horrek guztiak. Jendeari erabilgarri eta beharrezko izango zaion tresna egin behar dugu eta hori da orain definitu behar duguna jende horrekin guztiarekin. Prozesu horren amaieran, hemendik urtebete ingurura aurkeztuko dugun proiektuan, horri zenbakiak jarriko dizkiogu.


Noizko aurreikusten duzu izango dela zabalik KGNG?


Urtebete barru definizio askoz ere zehatzagoa izango dugu eta zenbakitan jarria. Orduan hasiko ginateke obrak egiten, eraikina prestatzen. Horretarako lau urte inguru beharko dira eta horregatik esaten dugu 2011 edo, seguruenik, 2012 izango dela erabat zabalik izaterako. Bitartean, eraikinaren zati bat zabalik eduki eta martxan segi ote dezakeen aztertzen ari dira orain arkitektura departamentuan.

Azkenak
Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


2025-03-20 | ARGIA
“Kateekin ateak hautsi” goiburupean ospatuko da Nafarroaren Eguna apirilaren 27an

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.


2025-03-20 | Patxi Azparren
Europa eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa

Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]


Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ikamak deitutako ikasle greban

Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.


Euskal Pilotan euskal selekzioa aitortzearen alde kokatu da Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakaria

Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]


2025-03-20 | Iñaki Inorrez
Euskaraldia ez! Euskal Oldarraldia bai!

Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.

Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]


Euskararen zapalkuntza sistematikoa

Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]


2025-03-20 | Sustatu
‘Eta erasotzailea ni banaiz?’ ziberjazarpena ikuspegi berri batetik

Puntueusek eta Cyberzaintzak elkarlanean ikusentzunezko baliabide pedagogiko bat sortu dute gazteentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat: irakasle, guraso eta hezitzaileentzat. Ikusentzunezko honen bidez, ziberjazarpena ezohiko ikuspegi batetik... [+]


BSHko lantokiko sarbidea itxi dute langileek euren etorkizuna negoziatu nahi dutela aldarrikatzeko

Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


2025-03-20 | El Salto
Kataluniako erreferendumean gomazko balak jaurti zituzten lau poliziari ez diote amnistia emango, eta auzipetu egingo dituzte

Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Arrazismoaren kontrako giza-katea egingo dute Baionan larunbatean

Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitu dute,... [+]


Eguneraketa berriak daude