1937ko Haurren Elkartea
Frankistek hegazkinekin egindako erasoak aparte utzita, guda frontea geldi zegoen Bizkaiko mugetan. Horregatik, gurasoek nahiago izan zuten haurrak beraiekin geratzea. Baina gauzak erabat aldatu ziren nazionalek Bizkaiaren aurkako erasoaldia hasi zutenean. Martxoaren 31n Durangoren aurka indarkeria osoz aritu ziren abioi matxinoak, orduz geroztik atzeguardian egon zitekeen edonor jomuga bilakatu zen. Era berean, Bilbok apirilaren erdialdean izandako txikizioek eta Gernikako sarraskiak, gurasoek haurrengandik bereizteko izan zitzaketen zalantza guztiak ezabatu zituen. Hartara, Eusko Jaurlaritzak haurrak erbesteratzeko egindako deialdiak egundoko oihartzuna izan zuen. Apirilaren azkeneko egunak eta maiatzaren lehendabizikoak erabakiorrak izan ziren zeregin horretan. Umeen zerrendak prestatzen zituzten bitartean, Frantzian eta Britainia Handian haurrei babesa emateko lekuak lortu zituzten errepublikaren aldekoek. Horretarako herrialde haietako hainbat batzorderen laguntza eraginkorra izan zuten: Comité National Catholique, Comité d’Accueil aux Enfants d’Espagne, National Joint Committee for Spanish Relief eta Frantziako Fronte Popularra.
Frantzia eta Britainia Handia abegikor
“Parte ez Hartzearen” politikari muzin eginez –era apal batean, behinik behin– Britainia Handiko eta Frantziako gobernuek ontzat eman zuten Euskal Herritik ihes egindako haurrak beraien lurretan hartzea. Izan ere, Gernikako hondamendiaren oihartzunak Britainia Handiaren ohiko jarrera neutrala bigundu zuen. Horrela, Royal Navyko itsasontzien gerizpean, haur espedizioek bidea libre izan zuten, armada frankistaren Almirante Cervera, Velasco eta antzeko ontzi-suntsitzaileen mehatxutik salbu. Frantziako gobernuak, aldiz, bere itsasportuak –Girondeko La Pallice eta Pauillac, batez ere– ebakuazio horren pasabide izatea onartu zuen. Halaber, erbesteratutako haur kopuru handiena Frantzian geratzea erabaki zuten bertako agintariek.
Egiaz, Leon Blumek gidatzen zuen gobernuak ez zion Espainiako gobernu errepublikanoari inolako laguntza militarrik eman, baina bere baseek egin zioten eskaera zuzenaren aurrean erantzun beharra zuen: Pirinioez bestaldean gerra pairatzen ari ziren sektore herrikoiei laguntzea. Ondorioz, haurren espedizio eta egonaldiak Frantziako elkarte eta laguntza batzorde askoren gestioari esker antolatu ahal izan ziren.
Santurtzitik mundura
Maiatzaren 6an hasiera eman zioten lehen espedizioari, Santurtziko kaian. Bezperan, 2.000 haur baino gehiagok Habana eta Goizeko Izarra izeneko itsasontzietan leku hartu zuten. Lehendabizikoa, garai batean Alfonso XIII deituriko transatlantiko zen. Euskal gobernuak 1937ko urtarrilean konfiskatu ostean, berau izan zen haur gehiena garraiatu zuen barkua –erdia baino gehiago–. Bestea, Ramon de la Sota industria gizon abertzalearen aisialdi ontzia izan zen, honen semeak Eusko Jaurlaritzari eskaini zion gerra lehertu zenean. Itsasoratu bezain pronto, barku britainiarrek frankistei jakinarazi zieten prest zeudela konboia helmugaraino eramateko, eta zemai oro aldendu zuten horrela.
Haurren artean, Bilbo eta Ezkerraldeko herrietakoak ziren nagusi. Dena den, baziren Gipuzkoa eta Arabatik alde egindako haurrak ere –azken hilabeteetan Bizkaian errefuxiatu zirenak–. Askorentzat, etxetik kanpora egindako lehen bidaia zen. Beste askok aldiz, kostaldekoak izanagatik ere, ez zuten sekula itsas bidaia luzerik egin. Habana transatlantiko handia zen, baina leku guztietan ezarri zituzten haurrak: sotoan, gelatan, kubiertan... Haiekin laguntzaile gutxi batzuk zihoazen, beste inor ez. Haur pilaketa ikaragarri hori oso gogoan dute espedizio horietan joandako guztiek. Itsas zeharkaldiari dagokionez, batzuek abentura gisa oroitzen duten bitartean, besteak ondo oroitzen dira bidaia hartan izandako itsas gaitzaz eta barku frankistei zieten beldurraz.
Habana eta Goizeko Izarrak irekitako bideak etengabeko jarraipena izan zuen hurrengo bi hilabeteetan. Antzeko txangoak errepikatu zituzten barku horiez eta beste batzuez baliatuz. Gehienak Frantzia aldera bideratu zituzten arren, Britainia Handiko Southamptonera ere ia 4.000 haur eraman zituen transatlantiko errepublikanoak. Bilbo erortzear izan zen azken unera arte, gurasoek haurrak ontziratzen jardun zuten behin eta berriro, beraien gaztetxoak infernu hartatik atera nahian.
Habanatik Moskura
Gerrarik ez zegoen eskualdetara iristea pagotxa galanta zen nerabe eta ume horientzat. Izan ere, harrera abegikorra izan zuten beti La Pallice, Pauillac eta antzeko portuetan. Iritsi berriei jateko ugari eman zieten: akabo Bilbo aldean jasandako gose eta gabeziak! Horrez gain, osasun neurri zorrotzak ezarri zituzten: mediku azterketak, txertoak...
Ondoren, batzuk bertako familien artean laketu ziren, beste batzuk berriz, beraientzat propio prestaturiko kolonietara eraman zituzten. Bretainiako, Poitou Charente eta batez ere Pirinio Atlantiarrak deituriko barrutiko herrietara jo zuten haur gehienek. Hor, uste baino denbora gehiago igaro behar izan zuten. Gorlizeko ospitaletik atera ziren haurrak salbu –urte berean itzuli ziren sorterrira–, gehienek gerra zibila amaitu arte edo II. Mundu Gerra lehertzear egon zen arte izan ziren erbestean –Donibane Garazi, Poyanne edo Saint Christauko kolonietan, esaterako–. Baina azkenean, Eusko Jaurlaritzaren zailtasun ekonomikoek eta Frantziako gobernuak gerrako errefuxiatuengan sortutako politika estuak, kanpamenduak itxi eta haurrak itzularaztea ekarri zuten.
Jakina, salbuespenik izan zen, eta nabariena Sobietar Batasunera joandako 1.500 haurrena dugu. Horiek ere Frantziatik igaro ziren Habanak egindako azken bidaian. Ekainaren 13an itsasoratu ziren Santurtzin, baina Frantziako Pauillacen lehorreratu beharrean, beste barku batean Leningrado aldera eraman zituzten. Frantzian bezala, hiri horretatik hainbat lekutara bidali zituzten: Krimeara, Odesara, Moskura... Hauen zoria ezberdina izan zen. II. Mundu Gerra hasi zenean, ezinezkoa izan zuten Europan barrena itzultzea, eta berdin gerra zital hura amaitzean. Hori dela-eta Stalinen menpe zegoen sobietarren aberrian hazi eta hezi ziren, behin behineko egonaldia behin betiko bihurtuz. Ume joandakoak bueltatzeko aukera aurkeztu zitzaienean helduak ziren jadanik. Batzuk 60ko hamarkadan itzuli ziren, beste batzuk aldiz, halabeharrez-edo, nahiago izan zuten 1937an beso zabalik hartu zituen sobietarren aberrian jarraitu. Egun gelditzen direnak zaharrak dira, baina oraindik ere barkuetan alde egindako “gerrako haurrak” izaten jarraitzen dute.