Azken hilabeteotan, Argentinan zehar dabil Hernán López Echagüe, Crónica del Ocaso (Gainbeheraren kronika) kaleratu berria duen liburua aurkezten. “Ongietorria izan dadila gortasun orokorraren kontrako liburu hau –esan du Eduardo Galeano kazetari eta idazle uruguaiarrak–, itsasertzaren egoera larriaren ezinbesteko erradiografia baita”.
Erradiografia horren abiapuntu eta lehenengo artikuluaren oinarri Nueva Palmirako arrantzaleek bizi duten lan eskasia izan zen. Ehun kilometrora, Argentinarekin muga egiten duen itsasertzeko Fray Bentos hiri uruguaiarrean aurreikusi dituzten paper-fabrika erraldoi bik jarraipena eman zioten liburuari, Uruguai ibai ardatzak jasan dezakeen sarraskia salatu nahian. Autoreak berak esan digunez, “badira hogei urte Munduko Bankua Uruguain eukaliptoaren eta pinuaren monolaborantza sustatzen hasi zela. Hasiera batean, Europako eta Kanadako papergintza hornitzeko egin zuten, baina gaur egun errentagarriagoa ateratzen zaie paper-fabrikak hona ekartzea”. 1992an, Munduko Bankuko lehendakariordea zen Laurence Summersek esandakoak zerikusi handia dauka mota horretako erabakiekin: “Bazen industria zikinak Hirugarren Mundura eramateko garaia –bota zuen–. Alde batetik, herri horiek oso garbi daude eta handia da hondakin toxikoak hartzeko duten gaitasuna; bestalde, lansariak eta balizko isunak txikiak direnez, merkeagoa izango da prozesu osoa”. Baina Summersen teoria bihozgabeak ez ziren hor bukatu: “Gai kantzerigenoek oso epe luzean egiten dute lan –gaineratu zuen– eta herri txiroetan jendea hil egingo da minbizia agertu baino lehen. Hala, ondorioak ez dira hain larriak izango”.
Finlandia eta Espainiako enpresak tartean
Horixe da Finlandiako Botnia eta Espainiako Estatuko ENCE (Zelulosa Nazio Enpresa) enpresek egin dutena. Ez dezagun ahaztu ENCErena dela Galizian Arousako itsasadarra suntsitu zuen fabrika eta haren zuzendaria –epaitegietan zigortua– dugula Uruguaiko egitasmoa kudeatzen. Munduko Bankua da, jakina, proiektu horiek diruz laguntzen dituen erakundea.
“Paper-fabrikek dioxinak eta furanoak sorrarazten dituzte; kasu honetan, kloroak eta egurraren ligninak bat egitean agertzen dira; toxikoak dira oso eta ez dira denboraren poderioz desagertzen –azaldu du Echagüek–; izakien ehun adiposoan metatzen dira eta kate trofikoan zehar gero eta handiagoa da metaketa”. Gizakioi ere, elikaduraren bidez heltzen zaizkigu. Erraustegiak dira dioxinen beste iturri nagusia; kasu honetan, dioxinak arnasten ditugu. Biak dira euskaldunok gertutik ezagutzen ditugun arazoak. Félix Payo ikertzaile asturiarrak esan duenez, “erraustegi modernoek ez dutela dioxinarik eragiten ohiko gezurretako bat da”; kontuan izan behar dugu, atmosferan ez ezik, haien hondakinetan ere aurkitzen direla eta “arazo hau, egun, ez dagoela konponduta”. Dioxina suntsikorra da oso: hormona-maila eta ugaltze-aparatua erasotzen ditu (testikulu endurtuak, abortuak, jaiotzetiko malformazioak, emankortasun urritasuna…). Kalte larriak eragiten ditu azalean eta nerbio-sisteman, eta garunaren garapena oztopatzen du. Beruna, merkurioa eta kadmioa dira, besteak beste, erraustegiek sortzen dituzten beste hondakin toxikoak. Hain azalpen argiekin, Osvaldo Bayer historialari argentinarrak proposatu du López Echagüeren liburua eskoletan testu liburu bezala erabiltzea.
Eukaliptoaren monolaborantza papergintzari lotuta dago eta paper-fabriken gatazkan ezin dugu hori bistatik galdu. 1988an, Uruguain, pinuek eta eukaliptoek 26.000 hektarea betetzen zituzten; egun, 750.000 hektarea dira monolaborantzaren mesederako daudenak. “Kezkatzekoa da –dio Echagüek– Basoak eta Baliabide Naturalak Sailaren ardura duen Andrés Berterrechek adierazi duena: egun, hektarea horiek lurraldearen %4 baino ez direla eta beraz kopuru hori bikoizteko arazorik ez duela ikusten”. Botoen %51 lortuta gobernura heldu zen FA (Frente Amplio) alderdi ezkertiarraren jarrera eztabaidatsua da. “Hauteskunde kanpainan kontrakoa esan bazuten ere, ez dute Munduko Bankuak diruz lagundutako eta aurreko gobernuek pentsatutako planarekin aurrera jarraitzeko problemarik izan eta paper-fabriken eta monolaborantzaren kontrako ahotsak isilarazi dituzte Uruguain eta euren alderdian bertan”.
Eukaliptoarena ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. “Eukalipto gramo bi lortzeko, litro bat ur behar dute. Botniak eta ENCEk urteko miloi bat eta erdi tona zelulosa ekoiztu nahi dute eta zelulosa tona bat erdiesteko hiru egur tona behar dira; hau da, aurreikuspenak betetzeko 2.250 miloi metro kubo ur behar dituzte”. Horrez gain, eukaliptoak lehortea eragiten du. Uruguaiko Paysandú, Río Negro eta Soriano barrutietan, monolaborantza dela-eta, gobernuak kamioi zisternak bidali behar ditu. Aldi berean, lur haietako ohiko ekonomiak (abeltzantza, batez ere) porrot egin du. Baso artifizial horietan ez dago txoririk eta herbizidek alboan duten guztia lehortzen dute, suteak errazten. Gogora ditzagun, adibidez, Galiziak udaro jasaten dituenak.
Bestalde, esanguratsuak izan dira zenbait tupamaro historikoren adierazpenak: Julio Marenales eta Ñato Fernández Huidobro senatariek, besteak beste, “papera ipurdia garbitzeko” erabiltzen dutela esan diete ekologistei. Laborantza ministro Pepé Mujicak berriz, ondorengo adierazpenak egin ditu, axolagabe: “Paper-fabrikekin edo haiek gabe ibaia zikindu egingo dugu”. Ez dute esan zelulosaren %80 enpresa handien bilgarriak egiteko erabiltzen dela eta %18 komuneko papera egiteko. Liburuak, aldizkariak edota egunkariak kaleratzeko %2 baino ez da erabiltzen.
Gainera, “Uruguain, paper-fabriken auzia abertzaletasun kontu bihurtu dute eta alderdi guztiek bat egin dute. Eromen hutsa! Eduardo Galeano traidoretzat jo dute, paper-fabriken kontra azaldu baita. Ez diote hedabideetan tokirik egiten. Gaixorik, nekatuta, Bartzelonara joana da”. Eta Echagüeren liburua ezin da Uruguain lortu, nahiz eta Buenos Aires bi ordura egon.
Protestak eta zubi mozketak
Hala ere, etengabekoak dira paper-fabriken aurkako ekimenak, bai Argentinako Gualeguaychú hirian, bai Uruguai aldean, Fray Bentosen. Oihartzun handiena Gualeguaychúko Herri Batzarrak jaso du: urtebete daramate ibai bestaldean dagoen Fray Bentoserako nazioarteko zubia mozten. Berriagoak dira Concordia eta Colón hirietako batzarrak, baita han egiten diren zubi mozketak ere. Baina Botniak obren %90 eginda dauka eta oso posiblea da aurten bertan zelulosa orea ekoizten hastea. ENCE enpresak, protestak saihestu nahian, Nueva Palmiratik hogeita hamar kilometrora, Colonia del Sacramento ondoan, kokatu nahi du bere paper-fabrika.
“Gualeguaychúko batzarrean mota guztietako jendea dago. Egia da paper-fabrika beste inon egotekotan, haietako asko ez zirela han izango; badakizu, ‘ez nire lorategian’ esaten duten horiek”, azaldu digu idazleak. Uruguai ibaiak dituen arazoen artean nagusienetakoa soja transgenikoarena dugu. Argentina munduko bigarren ekoizlea da eta Monsantok sorturiko hazi artifizial honek derrigorrez behar dituen plagizidak eta agrotoxikoak ibaietan eta lurpeko uretan hedatzen dira. 1995 eta 2004 urteen artean, 250.000 etxalde txiki desagertu dira sojaren erruz. Argentinako lur emankorren %60 sojaz beteta daude eta bertako basoa hilzorian dago.
Osvaldo Moussou Unión Cívica Radicaleko (Alfonsínen eta De la Rúaren alderdia) zinegotzia da Gualeguaychún, eta batzarreko koordinatzailea. López Echagüeren arabera, Moussouk lehen soja transgenikoa landatzen zuen, baita agrotoxikoak saldu ere, egun alkatetzarako hautagai denez negozio horiek saldu dituen arren. “Gualeguaychún –dio–, sarraskia geldiarazteko eredu ekonomiko oro ezabatu behar dela pentsatzen dutenak gero eta gehiago dira. Ildo beretik doaz Fray Bentosko Bizitza, Lana eta Garapen Iraunkorraren Aldeko Mugimendukoak. Gaurko eredu ekonomikoa agortuta dago”.
Mintzagai dugun zonaldean Guaraní akuiferoa dago: Paraguai, Uruguai, Brasil eta Argentinaren artean hedatzen diren 1.200.000 kilometro koadro; han diren ur erretserbak nahiko dira datozen berrehun urteotan mundu osoko biztanleriak hornitzeko. Eta hori da lohitu nahi duten ur preziatua. “Douglas Thompkins enpresari estatubatuarrak 100.000 hektarea erosi ditu Guaraní akuiferoan, Iberáko estuarioetan, eta beste 500.000 hektarea bereganatu nahi ditu. Leonardo Boffen ustetan, nazioartean etorkizuneko gerrak ur edangarria lortzeko emango dira; yankiek, dagoeneko, lehenengo urratsak eman dituzte”, ohartarazi digu autoreak. Badaki dagoeneko gainbeheraren kronika abiatu dela eta etorkizunerako erronka ez dela txikia izango.