Lehortearekin aberatsak ere egarritzen dira

  • Ur eskasia herrialde txiroen arazoa bakarrik ez da. Europako bazter askotan oso larria da jadanik. Ipar Amerikan, Nazio Batuen Erakundeak berak, AEBen eta Kanadaren arteko krisia aurreikusi du, lehenaren ur beharra dela eta. Klimaren aldaketa eta uraren kudeaketa txarra direla medio.

    Marc Laimé kazetaria da, eta Le Monde Diplomatique aldizkariak bere webgunean erredaktore eta kolaboratzaileekin ipini dituen bloketako bat egiten du: Carnets d’eau, euskaraz “Uraren koadernoak” edo “Urezko kaierak” esan genezakeena. Laimé jakintsua da ur kontuetan. Le Dossier de l’eau: pénurie, pollution, corruption plazaratu zuen 2003an eta Eaux glacées (“Ur izoztuak”) izeneko bloka dauka martxan.
Aintzira itxita dagoela dioen afixa
Uragatiko borrokak tropikoen inguruko herrialde atzeratu eta txiroen kontua direla uste da, baina inguru garatuetan ere hasi dira arazoak eta gatazkak berotzen. Europan "“Espainia lekuko"“ eskualdeen arteko borrokak areagotu dira, batzuek beren industria eta zerbitzuetarako besteek dauzkaten iturriak berenganatu nahi dituztelako. Estatuen artean berdin. Adibidez, Kanadaren eta gero eta egarri handiagoz dabiltzan AEBen artean. Australia aberatsean hondamendia ari da gertatzen urteotan, lehorte luzea dela medio. Basoetan suteak pizten dira behin eta berriro, eta soro zabaletako laboreak arriskuan daude uraren gazitzeagatik. Argazkian, Australiako Wambo Shire eskualdeko laku bat. Afixak dio: "Aintzira eski, ontzi motordun, ureko motor, eta abarrentzako itxita dago, uraren maila apalagatik". Idazki txit optimista, irudiak erakusten duenez.
Carnets d’eau horretan uraren urritasunak munduan zehar sortu dituen tirabirak aipatu ditu, baina herrialde aberatsetan zentratuta. Artikulu baten tituluak dio “Uraren krisia: herrialde aberatsetan ere bai” eta besteak “Estatu Batuak Kanadako uraren egarri dira”. Lehenaren sarreran idatzi duenez, “gainerako herrialde garatuak bezala, Europa ez dago ur faltaren arriskutik libre, nahiz eta iruditu ohi zaigun hori herrialde txiroen kontua baizik ez dela. Klimaren beroketa, antolakizun desegokia eta baliabideen kudeaketa txarragatik, herrialderik aberatsenetakoak ere mehatxupean daude. Okerragoa dena: oraindik milaka haur hiltzen dira Europan uragatiko gaixotasunen ondorioz”.

Europa zentzurik zabalenean hartuta, oraindik 140 milioi herritarrek etxean ez daukate ur egokirik. Populazioaren %16k alegia. Batik bat Ekialdeko Europako eta Sobiet Batasuna zeneko 17 herrialde aipatzen ditu Laimék, Osasunaren Munduko Erakundearen irizpideei jarraiki. Hurbilenekoak Albania, Bosnia-Herzegovina, Bulgaria, Mazedonia, Polonia, Errumania, Serbia, Montenegro, Eslovakia eta Turkia dira, eta urrutikoenak Armenia, Azerbaijan, Georgia, Kirgizistan, Uzbekistan, Tadjikistan eta Turkmenistan. 13.000 ume hiltzen dira horietan guztietan urtero urarekin zerikusia duten gaixotasunengatik.

Egia da herrialde horiek gehienak Europaren periferiakoak direla, baina munduko zentroko aberatsenek ere badute zerekin kezkatua. World Wildlife Found fundazioaren 2006ko txosten bat aipatu du Laimék, “Rich countries, poor water” –“Herrialde aberatsak, ur pobrea”– izenekoa. Horretan aipatzen dira Australia, Espainia, Britainia Handiko zenbait eskualde, AEB eta Japonia bezalako kasuak. “Ekonomian aberats izateak ez du esan nahi derrigor ur asko edukitzea”.

Europan, Atlantiko aldeko herrialde askotan behin eta berriro ari dira gertatzen lehorteak, eta bitartean, mediterraneoan, masa-turismoak eta laborantzak arriskuan jarri dituzte ur baliabideak. “Espainiak –dio zehazki Laimék– azken urteotan jasan du egoera bereziki kritikoa: esportazioari begira hegoaldean antolatutako nekazaritza intentsiboagatik, eta etxegintzan dagoen eromenagatik, Ipar Europako jubilatuentzako milaka eta milaka etxebizitza luxuzko ari baitira eraikitzen. Anglosaxoien estiloan antolatutako urbanizazioetan milaka golf zelaik irensten dituzte dauden iturri guztiak”.

Herrialde garatuen artean, Australia handia izango da denetan elkorrena, eta jasaten ari diren lehorte izugarriaz gain bertako uren gazitzeak arriskuan jarri ditu labore eta soroak. Japonia berriz, ur askoren jabe da baina edaritarako behar duen iturri askotan kutsadura arazo larriak dauzka. Eta AEBetako eskualde askotan naturak eskaintzen diena baino askoz gehiago behar dute. “Leku aberatsenak ere zigortzen dituen krisi honek erakusten du ongizate materialak eta azpiegituren ugaritzeak ez dutela inor babesten ur eskasiaren, kutsaduraren, klimaren aldaketaren edo idortearen atzaparretatik, eta erreka, ibai eta hezeguneen babesa edo urez betetzeko moduko ordokiak berreskuratu beharra ez dagoela beste ezerekin ordezkatzerik”.

AEBek Kanadako iturriak nahi dituzte

“Estatu Batuak Kanadako uraren egarri dira” artikuluan Marc Laimék esplikatu duenez, AEB ahaleginak egiten ari da Kanada eta Mexiko konbentzitzeko uraren komertzializazio masiborako partzuergo estrategikoa osa dezaten. Gai honetan Washingtoneko agintariek Mexikokoak alde dauzkatela dirudi, baina Kanadakoek orain arte uzkur agertu dira. 2007ko honetan AEB berriro kanadarrei presio egiten hasi dela dio Laimék.

Martxotik hasita uda bitartean, bilkura pribatuak antolatu dira “North American Future 2025 Project” egitasmoaren inguruan. Horietan Kanada, AEB eta Mexikoren integrazio ekonomiko estuagoa bultzatzen da. Argigarria da jardunaldiok AEBetako eta Mexikoko gobernuek finantzatuak izatea, eta aldiz Kanadakoak ez. Antolatzaileak Washingtongo Center for Strategic and International Studies izeneko think-tanka –aholkulari elkartea–, Conference Board of Canada eta Centro de Investigación y Docencia Económicas mexikarra dira. Heldu den abuztuan Albertan hiru herrialdeetako buruzagi nagusiek burutuko dute azterketa.

Proiektuaren arduradunak hau deklaratu omen dio irrati bati: “Denok dakigu AEB ur faltan egongo direla. Eta denok gara jakitun Kanadak asko daukala. (...) Inork ez du bortxatuko Kanada bere ura saltzera. Proiektu hau analisi ahalegin bat da, ez besterik”. Zuhur mintzatu da, Kanadan gai honek zer nolako kezka sortu duen badaki eta.

Apiril honen 27an bildu dira Kanadako Calgaryn proiektu horren mamiaren kontra dauden ingurumenaren aldeko mugimendu batzuk. Baina horiez gain, Nazio Batuen Erakundearen klimaren aldaketarako batzordea ere kezkatuta dago. Honen informe batek dio AEB Kanadarekin gatazkan sartuko dela, haren Midwest –ipar-erdi aldea– egarriz gero eta itoago denez yankiek Laku Handietako emaria bereganatu nahiko dutelako.

Ez bakarrik ingurumenaren militanteak, estrategiaren ikerleak eta agintariak ere kezkatuta daude kontuokin Kanadan. Beraietako batzuen hitzetan ageri da gatazka dagoenekoz hasia dela. Kanadaren subiranotasuna eta independentzia defendatzeko herritar famatu batzuek sortutako erakundea da The Council of Canadians, eta bere kidea den Maud Barlowek esan du: “Aipatzen dugun proiektu horrek erakusten du AEBetako gobernua eta bere think-tankak ari direla planteatzen ura ez kanadarrona balitz bezala baizik eta Ipar Amerika osoarena balitz moduan”. Council of Canadiansek gobernuari eskatu dio elkarrizketa horiek eten eta bertako parlamentura eraman dezala gaia, argitan eta luze aztertzeko.

Kontua da Kanadaren lurretan dagoela munduko ur geza guztiaren %20. Baina bertako herritarrak beldur dira dauzkaten aintzira eta ibai guztien edukiak desbideratzen badira %7an geratuko direla. Gainera, Kanadan bertan ere mendebaldean hasiak dira lehorte arazoekin.

Oraingoz AEBek mexikarrekin segiko dute elkarlanean, baina Kanada gero eta gehiago estutuko dute. NBEaren aipatu txostenaren arabera, ur behar gero eta larriagoa izango dute yankiek. Adibidez, milioika lagun asetzen dituen Texaseko akuiferoa jadanik %40raino omen dago murriztua. Eta Estatu Batuetako lurpeko ur-erreserba handiena, zortzi estatuko iturrietarako beharrezkoa den Ogallalakoa, agortzen ari da.

http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude