Konplexurik gabeko klase sozial indartsua

  • Ezkongabeak beti egon dira, edozein familiatan. Neskazaharrak eta mutilzaharrak nonahi eta noiznahi. Baina dirudienez, edo komunikabideek diotenez, inoiz ez dira orain beste egon. Eta inoiz ez dute oraingoa bezalako bizimodu aske eta erosoa izan. Lehen baztertuak eta kritikatuak, orain askotan goraipatuak. Euren bizimodua ezagutu nahi izan dugu.

    Argitu dezagun ezer baino lehen: ezkongabeez ari garenean ez gara ezkontzaz ari, bikotekidea izateaz baizik. Jakina baita gaur egun ezkonduak ez dauden bikote asko etxe berean bizi direla. Bakarrik bizi diren eta bikotekiderik ez dutenei buruz mintzatuko gara hemen. Bridget Jones edo Sex in New York bezalako film eta telesailek erakutsi dizkiguten gazte-heldu independente horiei buruz. Klase sozial berri bat sortu dela diote batzuek: singleak, banakakoak edota bakoitiak deiturikoa. Estatistiketan, bakarrik bizi diren 25 eta 60 urte bitarteko pertsonak sartu ohi dituzte zaku horretan. Horien artean, hala ere, mota askotakoak daude: bananduak edo dibortziatuak, alargunak eta ibilbide luzeko ezkongabeak.
Single hitza AEBetan sortu zen. Han, 50eko hamarkadatik ezkondutakoen kopuruak %80tik %50era egin du behera. New Yorken esaterako, etxeen %70ean pertsona bakarra bizi da. Europan pertsona bakarreko 46 milioi etxe daude. Joera orokorra da, baina ezin da orokortu, Isabel Larrañaga EHUko Soziologia irakasleak esan digunez. Europa iparraldean gazteak bakarrik bizitzera joan ohi dira, tradizio handia dago. Euskal Herrian, egin diren ikerketen arabera behintzat, ezin da horrelako fenomeno batez hitz egin. Gurean, familiaren tradizioak pisu ikaragarria du oraindik eta etxebizitzaren salneurriak eragin izugarria. “Bakarrik bizitzea trantsizio egoera bat da hemen, bikotekidea izan, bikotekidearekin bizitzen jarri edota familia izan artean, baina gutxi dira bakarrik bizitzea erabaki eta egiten dutenak. Hemen behin-behinekoa da bakarrik bizitzearena. Europa iparraldean, ordea, erabaki baten ondorio”. Mediterraneoko zonalde guztian gertatzen da Euskal Herrian bezala. Beraz –ohartarazi digu Larrañagak– kontuz ibili behar da iragartzen diren “fenomeno” hauekin. Pertsona bakarreko etxeak 1981ean EAEn %7,7 ziren; 2001ean %20,3. Baina bakarrik bizi direnen kopurua handia da, batik bat, zahartzaroan, eta gehienbat, emakume alargunei dagokie. Eustat-ek plazaratu berri duen txosten sozioekonomikoak ere horrela baieztatzen du: “Aski zabaldua den uste bat, pertsona bakarrekoen etxe kopurua eta familiaren etxetik emantzipatutako gazteena bateratsu hazten direlakoa, ez da betetzen. Gazte horiek bakarrik bizi diren pertsonen %5 baino ez dira”.

Txikia izanik hazten

Zehaztapenak zehaztapen, singleen multzo honetan sailka daitezkeen pertsonen kopurua haziz doa, baina Europa iparraldean eta Ameriketan baino motelago, bakarrik bizi ahal izateko baldintzak ez baitira egokienak: etxebizitza garestiak, alokairuko etxeen eskaintza murritza, gazteen lan baldintza kaskarrak... “Bakarrik bizi ahal izateko dirua eduki beharra dago”, dio Larrañagak, eta hain zuzen, pertsona bakarra bizi den etxebizitzen kopurua herrialdearen garapenaren adierazle bihurtu da. Aldi berean, kopuru horrek bertako biztanleen independentzia emozionala eta soziala adierazten ditu. Herrialde garatuetan ematen den fenomenoa dela ezin gezurtatu, egoera ekonomiko ona behar baita. “Bizimodu honen jatorria hedonismoa da neurri handi batean, eta azpigarapenean bizi denak zaila du hedonismo hori bizitzea”, dio Larrañagak.

Banakako hauek publizitatearen, komunikabideen eta aisialdiaren inguruan eraikitzen den ekonomia sortzailearen objektu eta subjektu dira gainera: eurak dira produktoreak, eurak sortzen denaren kontsumitzaileak. Diskoak, liburuak, bidaiak, afari exotikoak, alkohola... Gazteak dira nagusi horrelakoak erosten. “Baina hori beti horrela izan da”, esan digu Larrañagak. Izan daiteke. Baina ezin da ukatu indibidualizazio prozesu batean bizi garenik, eta Iraultza Frantsesetik hona norberak bere zilborrari gehiago eta arreta handiagoz begiratzen dio.

Sagrario Yarnozek, EHUko Psikologia irakasleak indibidualizazio prozesu horren beste alderdi batzuk ere aipatu dizkigu: “Garai batean jendeak besteen beharra zeukan irauteko. Orain, gizarte antolaketak ahalbidetzen du bakarrik irautea”. Are gehiago, batzuetan besteekin egoteko denbora gehiago eskaintzen du. Carmen Alborchek Solas liburuan esaten duenez, “ezkongabeei buruz dagoen ustean egoera zibiletik –ezkongabea– sentimendura pasa gara –bakardadea–, kontuan hartu gabe bakarrik bizitzea ez dela isolatua bizitzea. Batzuetan, gainera, kontrako egoera sortzen du, denbora gehiago izateak besteekin harremanak eta elkartzeak izateko gure gaitasuna zabaltzen baitu”. Agian horregatik bikote gero eta gehiagok erabakitzen du bakoitza bere etxean bizitzea.

Emakumeak lehenengo

Bakarrik bizi diren gazte-helduen kopuruaren hazkundeak beraz, indibidualizazio prozesua du oinarri. Emakumea etxetik kanpora lanera irtetea izan da neurri handi batean prozesu honen sustatzailea. Ordura arte, etxean bi behar zeuden: bata, zaintza lana, berak betetzen zuena. Bestea, ekonomikoa, gizonaren zeregina. Baina emakumeak ordaindutako lana erdiestean, bi behar horiei berak bakarrik aurre egitea lortu zuen. Emakumeak izan dira beraz, Lluis Flaquer Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Familia Politiketan aditua den soziologoak dioenez, bakarrik bizitzeko joera honen bultzatzaileak.

Beste kontu bat da ea gizon baino emakume gehiago bizi diren bakarrik. Datuek orokorrean baietz diote: 2001ean EAEn zeuden lagun bakarreko etxeetatik, %8,3tan gizonezkoa zen kide bakar hori; %11,9tan, berriz, emakumea. Baina lehenago aipatu dugun moduan, alargun eta dibortziatuen zifrak zerikusi handia du horrekin. Izan ere, banantzen diren bikoteetan ere askoz gehiago dira gurasoen etxera itzultzen diren edota beste bikotekide batekin elkartzen diren gizonak, emakumeak baino. Zergatik? “Oraindik ere berdintasunaren arazoa dagoelako”, erantzun digu argi Yarnozek. “Bikoterik berdinenean ere beti kargaren proportzio handiagoa hartzen du emakumeak. Orduan imajinatzen dut emakumeok oso sinplea den batuketa egiten dugula: zertarako kargatu lan gehiagorekin beste antolaketa batekin ondo moldatuko banaiz?”.

Singleen fenomeno deitzen duten honen arrazoien artean, hainbatek egoismoa ere aipatzen du, hau da, inor jasateko ezintasuna. “Ez dut uste orain gutxiago jasaten dugunik. Zerbait izatekotan, aukera diferenteak aurreikusten ditugula esan beharko genuke. Aukera horien artean ez da sakrifizioa edo errutina sartzen”. Aldi berean, beste faktore batek ere badu zerikusia bikotea ez izatearekin: bikotekidearengandik askoz gauza gehiago espero ditugu orain, eta produktua azkarrago agortzen dugu eta aldaketa gehiagorekin. Orain, egoera zibilak ez du garai bateko esanahirik: ezkondu edo ezkongabe izateak ez du benetan norberaren egoera adierazten. Gaur egungo eredua “segidako monogamiena” da. Eta tartean, bakarrik bizitzeko une ugari daude.

Kontsumoa bideratzen dutenek hori guztia badakite. “Ez dut uste botere politiko edo ekonomikoak horrelako giza-multzoa sustatu duenik. Baina garbi dago botereak etekina atera nahi diola”, aitortu digu Larrañagak. Gizartean balore aldaketa bat eman da. Eta zenbaitek aprobetxatu egin nahi du.

Lagun familiak eta produktu esklusiboak

Bakarrik bizitzeak ez du esan nahi familiarik ez izatea. Ohiko familia eredua aldatzen ari da. Bada, singleen estereotipo hau betetzen dutenek lagunak bihurtu dituzte familia eta telefono mugikorra eurekin uneoro komunikatzeko erreminta. Sarri, bakarrik bizi direnak lagunarekin joaten dira medikuarengana, etxea elkarrekin margotzen dute edota elkarrekin joaten dira oporretara eta kirola egitera.

Hala ere, gaur egun oraindik ez da samurra bizitza bakarrik egitea. Zailtasunak handiak dira. Esaterako, gremioek beti norbait etxean izatea espero dute lan orduetan. Pixkanaka ordea, eta marketin azterketak direla tarteko, ari dira gauzak aldatzen. Lehen, bakarrik bizi zen norbaitentzat zenbait janari erostea arazoa zen, alferrik galtzen zitzaizkiolako. Orain, hainbat gunetan prestatutako etxeko janaria eros daiteke, banakakoentzako neurrian gainera. Horrelako dendak ugaritzen ari dira gure inguruan, eta horietako asko janari ekologikoa edota etxekoa prestatzen eta saltzen saiatzen dira. Bezeroak ezkongabe gazteak dira batez ere. Gune komertzialetan, gaur egun xerra bakarreko bandejak, platano bakarreko paketeak, elektrotresna gero eta txikiagoak… eros daitezke. Metro koadro gutxiko apartamentu eta estudioak ere ugaritzen ari dira.

Formatu berriko produktu hauen ugaritzea TNS WorldPanel kontsultoreak eginiko Bakarrik bizi, lagun bakarreko etxeen 360 graduak ikerketaren emaitzetan eta antzekoetan oinarritzen da. Ikerketa horrek honako deskribapena egiten du singleen ohiturei buruz: egunero plazer txikiak baimentzen dizkiote beren buruari, hala nola bonboiak, fruitu lehorrak, izozkiak, txokolatezko gailetak... Ardoa eta gama altuko jogurten kontsumitzaile handiak dira. Singleak gasolina-zerbitzuguneetako eta ordutegi malgua duten dendetako ohiko bezeroak dira. Kozinatzerakoan batez ere produktuak egosi eta erre egiten dituzte, eta ez hainbeste frijitu. 65 urte azpitiko ezkongabeek askotan otorduak etxetik kanpora egiten dituzte, nahiago dute denbora etxetik kanpora igaro, zinemara joan edota gauez atera... eta ezkongabe gazteek euren etxeko despentsa astelehenetan betetzen dute. Pizzak afaltzeko ohiko aukera dira. Eta etxeko animalia baten konpainia dute gustuko.

Ikerketaren arabera, hamar urtetan singleen kopurua bikoiztu egin zen Espainiako Estatuan; Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak edo Alemanian %30a dira ezkongabeak; eta iparraldeko herrietan, etxeen %37an behintzat pertsona bakarra bizi da. Horiek denak marketin azterketen jomuga bihurtu dira. Baina, egia al da ezkongabeek familian edo bikotean bizi direnek baino diru gehiago xahutzen dutela? Adituen ustez ez dute gehiago xahutzen, baina duten dirua euren buruan inbertitzen dute. Eta hor dago ezkongabeen eta marketin enpresen artean dagoen erakargarritasunaren giltza. Lehen esan bezala, bi norabideko harremana da hori: eurak dira sortzaileak, eurak erosleak.

Bakardadearen lana

Bakardadeak lanak ematen ditu: etxea aurkitzea eta hori ordaindu ahal izateko dirua lortzea. Lanak etxeko berezko ardurak eramateko. Lanak erosteko. Bakarrik egoteko. Izan ere, bakardadeak bi esanahi hartzen ditu kultura ezberdinetan: fisikoa eta emozionala. Eta bi alderdiek lanak ematen dituzte. Fisikoak aipatu ditugu. Emozionalak ordea, lan astunagoak ekartzen ditu sarri. Bakarrik egotea gauza bat da, bakarrik sentitzea beste bat. Pentsalari ugarik azpimarratu du bakardadearen lana ezagutzearen garrantzia. Erich Fromm psikologo alemaniarrak esaterako zera dio: beharrezkoa dela bakarrik egoten jakitea besteak maitatzeko, modu horretan desioaren arabera mugitzen garelako eta ez beharrak aginduta.

Batera zein bestera, kontua da ezkongabe dauden gazte-helduen artean askok ez duela aukera hori aukeratu, etorri egin zaiola, eta nahiago lukeela bikotekidea izan. Beraz, orain arte azaldu dugun bizimodua zenbaitetan ez da desio kontua, behar kontua baizik. Modan dago eta ondo ikusia da, baina aldi berean asko zabaldua den ustea da gero eta zailagoa dela behin 30 urte betetakoan bikotekidea aurkitzea, Sagrario Yarnozek azaldu digunez. “Ematen du adin horretara iritsita, eta batez ere emakumeak, ez badute bikotekiderik ikaratu egiten direla. Filmetan asko ageri da hori”. Inori entzun diozu esaten “jende interesgarria harrapatuta dagoela” jada? Bridget Jones-i adibidez? Horrek “bakardade erromantikoa” du izena. “Familia eta lagunak izanda ere, pertsona berezi horren beharra existitzen da, eta behar espezifikoa da. Txikitan izandako atxikimendu irudiak zerikusi handia du horretan. Eta atxikitako irudia normalean amarena izaten da. Horren arabera harremanetan jartzeko modu ezberdinak omen daude: batzuek azaleko harremanak nahiago dituzte, bestela itota sentitzen direlako. Beste batzuek, pertsona berezi hori ez badute, erabat larrituta sentituko dira, eta harreman bat dutenean agian gehiegi ito dezakete bestea. Beste batzuk, harremana behar izanda ere, gai dira mugak jartzeko eta ez itotzeko.

Ez hain handia, ez hain zaharra

Singleak bezalako fenomeno soziologikoez hitz egitean kontu handiz ibili beharra dagoela esan digu Isabel Larrañagak. “Fenomeno hauek ez dira hain berriak ezta hain handiak ere, aztertzen hasten bazara”. Gazte-helduen joerak aztertzerako orduan, gurasoen jarrera ere aztertu behar dela uste du: “Orain gazteak diren horien gurasoek seme-alabekin zein estrategia erabili duten ikustea garrantzitsua da, ez ote duten nahiago izan eskuzabaltasuna mugaraino eraman seme-alabak galdu baino. Horrela baino ezin dira azaldu gaur egungo hainbat joera: seme-alabek gurasoen etxean ere nahi dutena egitea, logela euren eremu pribatu bihurtzea, gurasoen bigarren etxebizitza seme-alaben esku uztea, seme-alabei etxea erostea…”.

Gizarteko eredu hauek guztiak soziologian daude oinarrituta. Yarnozek garai bateko yuppieak ekarri dizkigu gogora. 80ko hamarkada inguruan, oraingo singleen antzeko fenomenoa zen. Yuppieak profesionalak eta gazteak ziren; bikotean bizi ziren (kasu hartan) baina seme-alabarik gabe; eta ekonomikoki maila altua zuten. Ezagun egiten zaizue deskribapena?

Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude