Donostiako Udalean ordea, lehendakariaren ekimenak ez du aurrera egin: “Odon Elorza alkatea oposizioaz kexatzen da. PP, EA eta EAJ bat gatozela dio berak. Aldion PSEk eta PPk lehendakariaren proposamenaren kontra bozkatu dute elkarrekin. Gai honetan argi ageri da oposizioa zein den”, diosku Ezeizabarrenak
EAJko Ramon Labaien eta EAko Xabier Albistur alkate izan ondoren, ez da alkate abertzalerik izan Donostian. Xabier Ezeizabarrenak alkate izateko aukerarik bai?
Gure ustez bai. Azkeneko inkestaren arabera (El Correon agertua) Donostian eserlekuak irabazten dituen alderdi bakarra EAJ da. Orain 5 zinegotzi ditugu eta inkestak 7-8 ematen dizkigu. PSEk ez du gora egiten, izatekotan behera, PPk bezalaxe. EAri 1 edo 2 ematen dizkio inkestak. Datu hauek, artean, Batasunaren parte-hartzea zehaztu gabe dagoelarik.
Elorza udalean finkatua da, hala ere. Odon Elorza lehen legealdian alkatea izan zen, baina Albisturrek irabazi zuen EAren izenean.
Elorza EAJren sostenguz atera zen alkate. Bigarren legealdian ere (1995ean) ez zuen irabazi, Mayor Orejak baizik, baina ituna medio aurrera egin zuen. Hirugarrenean nagusitu zen (1999an), eta 2004an EAJk baino zinegotzi bat gehiago atera zuen, besterik ez. Donostiako Udalaren osaera konplexua da. Odon Elorzari ardura erabatekoa onartu behar zaio: gauza batzuk ongi egin ditu, beste batzuk ez hainbeste. Herritarrek baina, aldaketa nahi dute eta aukera bakarra EAJ da.
Zer balorazio egiten duzu Odon Elorzaren gobernuaren aldiaz?
Azken legealdian, bere gobernuaren lana pobre samarra da, Donostian ez da ezer berririk egin. Begiratu ditzagun Gasteiz, Iruñea, Bilbo, Baiona, Bordele, Madril edo Santander hiriak –Bartzelona zer esanik ez–, hiri horiek oso azkar ari dira aldatzen, berritzen, egokitzen. Donostia aldiz, betikoan dago, edo beti izan ditugun eztabaidetan ari gara, oso zaharrak. Sozialisten politika ez da aurrerakoia, kontserbadorea baizik.
Zertan funtsatzen duzu hori?
Alegia, egiten duen politika boterea kontserbatzeko da. Etxebizitzaren politika esaterako, Donostian porrota da –beste tokietan ere bai, baina hemen bereziki–, auzoetako egoera txarra da oso, ez dute erdigunearekin zerikusirik. EAJk arlo horretan zer edo zer egitea eta aldatzea dagoela uste du, ideia berriak eta sortzaileak behar ditugu hiri honetan eta gure udal proiektuan aztertuta daude. Elorzak txirringentzako bide gorria egin duela dio. Hogei kilometroko bide hori alkate baten bagagea bada, eskasa, ezta? Odon Elorzaren proiektua agortuta dago.
Etxebizitzarena bitxia da, PSEk EBren sostengua dauka udalean, eta EBk sail hau kudeatzen du EAEko Jaurlaritzan.
Elorza hamasei urtez alkate izan ondoren, Donostiako etxebizitzaren egoeraren ardura PSErena eta Elorzarena da. Bestelako politika egin behar zuen, ezberdina, eta ez du egin.
Hala nola?
VPO (Babes Ofizialeko Etxebizitzak) asko egiten ari dira, auzo guztietan. Baina biztanleriaren kopurua ez da igo, eta aldi berean orubeak gutxitzen ari dira, lurren artifizialtasuna eta espekulazioa izugarria da Donostian. Hiri barneko etxeen prezioa, batez beste, Madrilen edo Bartzelonan baino garestiagoa da. Ezin da esan Odon Elorzak etxebizitza politika aurrerazalea egin duenik, pertsona guztien eskubideak betetzen ari direnik, alegia.
Baina alkateak ez du udal batzarraren gehiengo osoa, politika honek oposizioaren sostengua izan du, nolabait.
Bai. Donostiako udal politika konplikatua izaki, alkateak EAJren, EAren, baita PPren oniritzia izan du. Elorzak behin eta berriro blokeoa aipatzen du, baina ez da halakorik. Hirigintzako espedienteen %70ak aurrera egin du.
Orduan?
Etxebizitzaren politika sustatzen lagundu dugu alkatea, beste gauza bat da berak nolako kudeaketa egin duen. Etxebizitza publikoaren kudeaketa zehaztu beharra dago, hemen ez baita etxebizitza publikoa egiten ari, promozio publikoa baizik. Eta VPOk ez du promozio publikorako politika egiteko izan behar. Txipa aldatu behar da, Europako hainbat herrialdetan –Frantzia, Holanda, Austrian...– bezala, benetako parke publikoa egin behar da hemen ere. Administrazioak, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, egiten dituen etxeen emakidak edo kontzesioak alokairu moduko bat izan behar du jendearentzat, ongi aztertua, norberaren baldintza ekonomikoen araberakoa. Alokairuan emanda, baina titulartasuna administrazioarena delarik. Udal honen politikaren arabera VPO etxeak zozketa bidez eman ohi da, eta hori ez da bidea ez bidezkoa.
Zer balorazio egiten duzu EAJk egindako oposizio lanaz?
Arduraz egindako oposizioa da, batzuetan malgua bestetan tinkoa. Hau da, alkateak osoko bilkuraren aurka egin duenean, oposizioaren gehiengoak ez dugu onartu jarrera hori. 2006an 26 akordio onartu ziren osoko bilkuran eta ez dira bete. Areago, alkateak dioenez berauek ez betetzeko konpromiso politikoa hartu du. Odon Elorzari besteen kontra gobernatzea gustatzen zaio, eta hori ez da ona ez normala demokrazian.
26 akordio, zein esparrukoak?
Adibidez, etxe honetako komunikazioari buruzko ordenantza bat akordatu zen gehiengoaren baietzarekin. Alabaina, hauteskunde kanpainarako alkatearen ideiak jasoko dituen 80.000 ale zabalduko dira, eta agerkaria ez da Udalaren ordenantza barruan. Gure lema udal politika akordio bidez garatzea da, baina Elorzak ez ditu ezta berak agindutako akordioak ere betetzen.
Elorzak Jaurlaritzaren kolaborazio eza kritikatu izan du, berak Donostiarako duen garraio eredua garatzerakoan.
Hori ez da egia, eta are gutxiago garraio politikan. Udal proiektu estrategikoan tranbia arina dago, Eusko Jaurlaritzak tranbia arina jarri nahi du Donostian, baina Udal gobernu honetan ez dago akordiorik alkateak nahi ez duelako. Alderantziz, oztopoak jartzen ari da. Bere politika oinezkoentzako bideak egitea da. Galtzadak gutxitzea ondo da, baina tamainan. Bestela, horrek oztopoak jartzen dizkio garraio publikoari, oinezkoentzako gero eta bide gehiago egiten baduzu tranbiari bidea ixten diozu. Odonek ez du tranbia nahi, Bilbon edo Gasteizen bezala.
Zaborra tratatzeko alternatiba guztiak aztertu al dira sakon?
Azterketak egin –eta egiten ari– dira. Gipuzkoan –Estatuko puntan dago– zaborren %35a birziklatzen da, ehuneko hori ez da Katalunian ez Madrilen egiten. Baina ez da nahikoa, eta hondakinen zabortegia hor dago [kiratsa botatzen duen San Markosekoa] eta errauskailua beharrezkoa da. Ingurumen baldintzak betez gero, jakina.
Badago oinarrizko osasun segurtasuna betetzerik?
Prozedurak betetzen badira, badago. Ez badira ingurumeneko baldintzek eskatzen dutena betetzen ez da egingo. Baina kontua ez da hori, gaia teknikoki konplikatua izan arren, gaia politikoa da. Kontua da, alkatea udaleko ordezkariekin zein gainerako erakundeekin nahiz herritarrekin jolasten ari dela, borroka batean sartu da: “Donostiarako badugu beste alternatiba hau” esatea zeukan alkateak, baina ez du ezer esan, ez egin ere. Eta eskumena berea da.
Kontuak kontu, azkenean Zubietan eraikiko bide da errauskailu planta.
Diputazioak eta Udal Gobernuak kokapen hori egokitzat jo dute. Irtenbide bakarra txosten hori babestea da, baldin eta arau teknikoak eta legearen araberako prozedurak betetzen badira, noski.
Hiritar talde bat kontra azaldu da.
EAJren udal taldea Zubietako herritarrekin lekua ikusten egon zen. Onartzen dut, jende batzuentzat eta bereziki usurbildarrentzat ez dela irtenbide ona. Baina inork ba al du irtenbiderik, edo irtenbide hobeagorik? Jar dezala mahai gainean.
Herri kontsulta egin beharko litzateke, beharbada.
Kontsulta egin beharko litzateke arazoari irtenbide bat emateko, baina kontsulta egiteak ez du irtenbiderik eskainiko. Orain dela hiru hilabete hiri honek ez zekien bere hondakinak nora bidali. Ingurumenaren araberako egoera egokiena nahi dugu, baina zaborra gainetik ezin kenduz bizi gara, eta eguneroko bizitza antolatzeko bitarteko bat behar dugu. Zaborra ere gure ingurumenaren parte da.
AHT dela kari, Itsasondon izan zinen. Blog batean irakurri dut Nuria Lopez de Gereñu sailburuaren ordezkari gisa aritu zinela. Ez bide zenituen konbentzitu bertakoak.
Eta Alegiara ere joatekotan nago. Baina zergatik doa Ezeizabarrena? Inor ez delako joateko prest. Gainera, ni ez nintzen inoren ordezkari aritu, nire izenean baizik, nire iritzia eman nuen. Eta gero blogean [Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanaren bloga] nik esandakoa desitxuratu dute. Horrek herri honetako sektore batzuen jarrera agerian uzten du. Aretoan 300 lagun inguru ziren, eskualdeko herrien ordezkaritza esan daiteke, inor ez zen AHTren aldekoa. Ados. Gipuzkoan desadostasun handia dago gai honetan, baina teorian edo hitzetan, praktikan ordea, herritar horiek gehienak autoz datoz Donostiara. Hitzaldi hartara trenez joan zen bakarra, nik dakidala, ni izan nintzen. Jokabide bikoitza dago hemen: A-15 autobidearekin izan zen iskanbila gogoratzen duzu? Nor joaten da Iruñera gaur egun Azpiroztik? Galdera da: non eta nola bizi gara benetan?
Argudiatu AHTren beharra.
AHT egitearen aldekoa naiz. Herri honek tren sare berria behar du, AHT barne. EAEko hiriburuak 35 minututan lotzeko, baita Iruñea edo Baiona ere. Herri honetako sektore batzuek egitasmo hauen aurka jotzen dute, askatasun osoa dute baina objektiboki landuz gero, aztertu beharreko proiektua da: oraingo egoeran segitzeak zer ekarriko duen edo ez duen ekarriko. Egoera latza da errepideetan, tren sarea ere zaharkitu da. AHT beharrezkoa ikusten dut, zertarako den ondo zehaztua eta aldiriko trenekin uztartua. Printzipioz, ibilgailu pribatuaren erabilera apalduko da, baita CO2ren emisioak ere. AHT funtsezkoa da herri honen eraikuntza nazionalerako, Iparraldeko eta Nafarroako herritarrekin lotzeko. AHTren bidez euskaldunok Europan jarriko gara. Donostiatik Bordelera ordu erdian, bost ordutan Parisen eta hirutan Madrilen. Bistan da kostuak badirela, ingurumenean eta ekonomikoak. Desjabetuak diren pertsonentzako kalte ordainak behar direla? Bai. Ados. Euskal Herria munduan jartzearen ordaina da.
Pasaiako portuak ere munduan jarriko al gaitu gipuzkoarrok?
Bai, lagundu du. Pasaiako kanpoko portuaren proiektua ondo aztertu behar da. Ni, aldez aurretik, badiako egoera txarrak kezkatzen nau, Gipuzkoako leku ilunena baita.
Zer egingo zenuke bertan?
Londresko Docklands-en edo Cardiff-en egindakoa. Lehena Pasaiako oso antzekoa da, portua eta nasak egoera oso txarrean zeuden. Duela hamabost urte antolatu zuten: etxebizitzak daude, zerbitzuak, aktibitate asko. Hiri txikia bihurtu da itsas eta ibai aldean, itsas giroa mantenduz.
Zer izan behar du Donostiak gipuzkoarrentzako eta zer Gipuzkoak donostiarrentzako?
Gaur egun gai honi buruz dagoen ikuspegia zaharra da eta gainditu beharko genuke. Hau da, iraganeko karlisten eta liberalen arteko borroka edo elkarren kontrako sentimendu hori gainditu behar dugu gipuzkoarrok, bizirik dago-eta neurri batean: Donostia liberala eta Gipuzkoa karlista edo abertzalea delakoa, alegia. Ez da ona gipuzkoarrentzat ez donostiarrentzat. Donostia hiri zoragarria da, baina ez dauka pisu ekonomikorik. Iparraldera, Akitaniara edota Frantziarako atea da, abantaila hori du, irudi ona du kanpoari begira, baina atzean Gipuzkoako gizartea dago: Bergara, Oñati, Eibar, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia... Indar ekonomikoa bertan dago eta bi aldeen harremanak areago sendotu behar ditugu. Esaterako, Bilbok Bizkaian pisu handia du, eta bizkaitarrek Bilbo bere hiritzat daukate erabat.
Donostia-Baiona hiriaren garaian bizi gara, antza, baita Euskal Hiriaren garaian ere.
Bai, baina teoriaren garaia joan da, hiria praktikan egin behar dugu eta horretarako azpiegiturak eraiki: trenbidea, kasu. Baionara erraz iritsi eta unibertsitateak elkarrekin garatu, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñea bitarte, eta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez –berau irakaskuntzan berreskuratuz– biziko den hiria eraiki.