Durango 1937
Guadalajaratik iparraldera
Porrot horrek beste ondorio bat ekarri zuen, Madrilek faxisten lehen helburu izateari utzi zion. Jakina, tropa nazionalek hiri hori inguratzen jarraitu zuten, baina beste fronte batzuetara bideratu zituzten gerra saio nagusienak. Izan ere, gerraren amaiera ez zen Madril eskuratzearekin bat etorriko, frontez fronte eta eskualdez eskualde lortutako garaipenekin baizik. Irizpide horri helduz, penintsulako iparraldean jarri zituzten begiak Molak, Francok eta beraien aliatuek, Condor Legioak zein CTV italiarrak.
Asturiasek, Santanderrek eta Bizkaiak osatzen zuten Kantauri aldeko lur zerrendako frontea egonkor zegoen 1936ko abenduaz geroztik. Nazionalek, Aranda koronel faxistari esker, Oviedori eutsi zioten bitartean, errepublikanoek eta bereziki euskal armadako borrokalariek beraien fronteak sendotu zituzten Lekeitiotik Enkarterriraino. Bi defentsa lerro nabarmendu ziren Euskadi autonomoan, bata Eibar, Elgeta eta Bizkaiko mugetatik zihoana. Bestea, barne aldean, “Burdinazko Hesia” deiturikoa, Bilbo ingurua defendatu behar omen zuena. Horien eredua, ordurarte izandako gudak ziren, eta bereziki Lehen Mundu Gerran martxan jarritako defentsa egonkorraren estrategia. Eredu horri jarraiki, porlanezko babesak, bunkerrak, metraileta-habiak, lur zakuekin eta enborrekin babesturiko lubaki luze eta bihurriak... Horiek guztiak artilleria eta infanteriako erasoei aurre egiteko gauza izanen ziren. Baina, hor ere ustea erdia ustel. Gerra egiteko modu berriek –batez ere frankistek hegazkineria bonbardatzeko erabili izanak– nabarmen utzi zuen defentsa mota horren ezintasuna. Durango izan zen horren lekuko.
Tabira zaharra helburu
Ez zegoen Tabira zaharra (Durango) fronte lerroan, Elgeta, Eibar edo Otxandio ez bezala. Beste tokietan legez, hainbat batailoik –"Kirikiño" batailoiak, esate baterako– koartela Bizkaiko hiri honetan zuten, baina bertako tropa multzoa fronte lerroan edo Bilbon zegoena baino askoz apalagoa zen. Dena den, Durango izan zen Bizkaiaren aurkako erasoaldiaren hasierako jomuga nagusiena. Nazionalek, artilleriaz eta Nafarroako brigadetako soldaduez baliatuz Otxandiotik eta Arrasatetik eraso egin zuten bitartean, hegazkinez frontetik hamabi kilometrora zegoen hiria eraso zuten hiru egunez. Durango eta Elorrioren aurka buruturiko hegazkin erasoa, mundu mailan egindako lehen lur eta aire operazio bateratua izan zen. Baina horrez gain, helburu militar ez zirenak jo zituelako nabarmendu zen oldarraldia. Orduan abiatu zen Gernikarekin jarraipen tristea izan zuen triskantzen kate luzea, II Mundu Gerran suntsipen latza utzi zuena. Francok operazioari baietza eman zion erasoaldia hasi zen egun berean; militarren artean banatutako instrukzioetan argi eta garbi irakur zitekeen: "Aire indarrek tokian tokiko erreserbak erasoko dituzte, biztanleria zibilari jaramonik egin gabe". Eta halaxe egin zuten. Orduko hedabideek zabaldu zutenaren aurka, Durangoko bonbardaketak ez zituzten Condor Legioko hegazkin alemaniarrek burutu, italiarrek baizik. Erantzukizun politikoa eta militarra aipaturiko legioaren buruari, W. Von Richtoffen-i, Emilio Molari eta Juan Vigon ministroari dagokie, baina erasoa Soriako basean zeuden Aviazione Legionaria-ko "Savoia 81" hegazkin italiarrek egin zuten. Antza denez, Guadalajarako arantza mingotsa kendu nahian-edo, protagonismo berezia eman nahi izan zieten italiarrei.
Martxoaren 31n, goiz-goizetik abiatu ziren Soriatik bi bonbardaketari talde eta Logroñotik aireratutako beste ehiza hegazkin batzuen laguntza izan zuten. Gipuzkoa atzean lagata, Durango atzeman orduko, bertako Andra Mari eliza hartu zuten iparra eta jomuga. Kurutziaga gainetik jausi ziren bonba botatzen, inolako erresistentzia barik, ez baitzegoen aire-defentsarik. Erraz bete zituzten emandako aginduak. Izan ere, goizeko 8:30etan jendea mezan zegoen elizan, eta hor sortarazi zituzten hildako gehienak. Andra Mari eta Josulagunen elizan antzeko tragediak errepikatu ziren. Teilatua eta harrizko gangak zeharkatu zituzten bonbek, bete-betean harrapatu zituzten meza entzuten ari zirenak. Hondakinen artean hilik aurkitu zituzten bi apez, Carlos Morilla eta Rafael Billabeitia, baita ehundik gora eliztar ere. Arratsaldean bonbardaketak errepikatu zituzten hegazkin nazionalek Elorrion eta Durangon; zeregin horretan, hilerriko bidean eta inguruetan ihesi zebiltzan herritar ugari bonbardatu eta metrailatu zituzten. Hurrengo egunetan, apirilak 2an eta 4an "Savoia 81" hegazkinek, lehen aldian bezalaxe Logroñoko ehiza hegazkinez lagunduta, Durango aldera ekarri zuten samina eta heriotza berriz ere.
Eraso guztien ondorioz, herritik kanpo zeuden milizianoen kasernek ez zuten batere kalterik izan. Aldiz, Andra Maria eliza inguruak, eta Kurutziaga, Barrenkale, Barria eta erdialdeko kaleetako eraikinak guztiz suntsitu zituzten. Durangok pairaturiko bonbardaketak ordurarte izandako bonbardaketa guztien biktima kopurua aise gainditu zuen. Izan ere, lehen egunetan 127 lagun lurperatu zituzten herrian bertan. Hurrengo egunetan, Basurton, Zornotzan, Deustun eta beste ospitaleetan hil zirenak gehituz gero, 256 pertsona ingurura igo zen hildakoen kopurua.
Bonba gaineko gezurrak
Horretan ere, beranduago Gernikan gertatu bezala, gezurrarekin saiatu ziren agintari frankistak bere gehiegikeria ezkutatzen. Queipo de Llanok ohikoa zuen harrokeriarekin, honako hau bota zuen irratitik: "Gure hegazkinek Durangon helburu militarrak bonbardatu zituzten, baina komunistek eta sozialistek elizan sartu arazi zituzten apezak eta lekaimeak, errukirik gabe fusilatu eta elizei su emanez". Hala ere, bonbardaketa jasan ondoren, ia hilabetez jarraitu zuen Durangok errepublikanoen eskuetan. Horrekin posible izan zuten nazioarteko lekuko esanguratsuen bitartez bonbardaketa horien berri ematea. Izan ere, apirilaren 2an, hegazkin erasoa etenda zegoela aprobetxatuz, britainiar eta frantziarrek osatutako batzorde bat bertaratu zen hara. Atzerritarrak bertan zeudela, egun horretako bonbardaketaren lekuko izan ziren eta nazioartean zabaldu zuten haren testigantza zuzena. Beste batzuen artean, Margarita Beer, Monica Whardy eta John Mc Murray izan ziren testigantza horien sinatzaile. Egia bere lekura eramateko balio izan bazuen ere, nazionalek Bizkaia bonbardatzen jarraitzeko asmoa agertu zuten, Bilboren aurkako erasoak edo Gernikakoak laster frogatu zuten bezala. Erraza zuten oso erasotzea, zeruan inolako areriorik ez baitzuten. Eta hor, zeruan izandako desorekan, nabaritu zen bi aldeen arteko desberdintasunik handiena.
Iparraldeko frontean gerra irabazteko modu eraginkorra izan zen hura nazionalentzat. Hegazkinerian eta artillerian nagusi ziren erabat frankistak. Gudari eta milizianoek zaila zuten lurrean zerutik zetorkien infernu horri aurre egitea. Molak behin eta berriro airetik botatako panfletoen bidez zabaldutako izuaren mezuak "Bizkaia osoa desegingo dot", Durangon izan zuen estreineko emaitza. Geroxeago etorri ziren Bilbokoa, apirilaren 17an, eta guztien gainetik ondorio latzena eta osperik zabalena izan zuen bonbardaketa, Gernikakoa, apirilaren 26an. Hiri horren kontra egindakoak, neurri handi batean, Durangokoaren oihartzuna isilarazi zuen. Baina baten batek izkiriatu zuen legez, tabiratarren artean martxoak 31 Ponpeia izan zen: suaz, metrailez, hondakinez eta doluz beraien familietan zizelkaturik gelditu zelako betirako egun hura.