Duela urte asko, samien herri indigena nahi bezala bizi zen eskandinaviar penintsularen iparraldean. Naturarekin bat, bizia elur-oreinen zaintza eta arrantzaren inguruan egiten zuten gehienbat. Lurrak emandakoari ahalik eta probetxurik gehien atereaz, beren sinesmenekin lasai bizi ziren. Baina hasieran kristautasunaren izenean eta ondoren herritarren berdintasunarenean, ia desagertzeraino jazarri zituzten. Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiak beren lurraldea lautan zatitu ondoren izan zen hori. Samiek hizkuntza eta kultura bizirik mantentzea lortu bazuten ere, egindako kalteak agerikoak dira. Egun, mantso-mantso, beren kultura berreraikitzen ari dira etorkizuna ziurtatzeko.
Eguerdiko 13:00etarako ilundu du eta kanpoan tenperatura zero azpitik berrogei gradukoa da. Abenduaren lehenean gainditu zuen azken aldiz eguzkiak horizontearen marra, eta ordutik, zerua bi ordu baino gutxiagoz argitzen du egunero. Kautokeino herriko –3.000 biztanle, Norvegiako ipar ekialdean– bi supermerkatuetako batean hamar bat bizilagun ari dira erosketak egiten. Bi emakume berriketan ari dira apalen artean, baina ez norvegieraz. Samiak dira eta gákti izeneko jantzi koloretsuak daramatzate gainean. Hainbeste mendez hotzetik babestu dituen jantzia oraindik ere erabiltzen du hainbatek; XXI. mendean samien kultura bizirik denaren seinale.
Kautokeinon, 12 urteko Henrik gazteak egunero elurrak hartutako errepidean egiten du eskolarako bidea. Gaur beroki beltz lodi bat darama eta kolore bereko txapelaren azpian ezkutatzen du erdi-lo aurpegia. Eskolara joatea ez du gustuko, baina eskola guztiak bere hizkuntzan jasotzen ditu. Bere aurrekoen borrokari esker lortutako sami eskolaren lehen belaunaldiko ikaslea da.
Dendako emakumeak eta Henrik kultura beraren parte dira, baina bi belaunaldi ezberdin. Haiek kultura arrotzen zapalkuntza sufritu dute eta haurra oraindik gazteegia da gertatutakoa ulertzeko, zer edo zer entzuna badu ere. Batzuen indarra esperientzia da, bestearena berriz, etorkizuna. Bi belaunaldi hauen erkatzea sami kulturak bizi duen trantsizioaren adibide garbia da. Hainbat web gune eta libururen arabera, samien kopurua 70.000 eta 100.000 artekoa da. Sami Institutuko Estatistika Sailak, ordea, datua ez du ontzat hartzen, hau kalkulatzeko baliabiderik ez dagoela argudiatuta. Samien bizileku den Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiaren arteko lurraldeari Saapmi deitzen diote. Azken urteetan, sami parlamentuen, eskolen eta samierazko hedabideen sorrerarekin, beren kultura babesteko urrats handiak eman dituzte.
Sami herriaren historian izen bat idatzirik geldituko bada, hori, oraingoz behintzat, Ole Henrik Maggarena da. Norvegiako Sami Legebiltzarreko lehen lehendakari izan zen zortzi urtez eta ondoren, Nazio Batuetako Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorreko lehendakari izendatu zuten. Egun, sami hizkuntzako irakasle da Kautokeinoko Sami Unibertsitate Eskolan. 1989an hartutako argazki batean, Norvegiako Errege Olav V.aren ondoan ageri da, gáktia jantzita. Norvegiako erregea Karasjok herrira Sami Legebiltzarrari –Sámediggi samieraz– hasiera ematera joan zen egunean hartutakoa da irudia. “Nire bizitzako egunik zoriontsuena bezala gogoratzen dut; Norvegiako erregeak sami herriaren alde otoitz egin zuen eguna”, adierazi dio ARGIAri. Bere iritziz, irudia argazki bat baino askoz gehiago da, sami herriaren aurrerapenen seinale.
Sámediggia Norvegian bizi diren samien instituzio politikorik gorena da. Badira sami legebiltzarrak Suedian eta Finlandian ere, eta nahiz eta zenbait gai aztertzeko nazioarteko elkarlana izan, erakunde autonomoak dira. Egungo Norvegiako sami lehendakari Aili Keskitaloren hitzetan, legebiltzarrak sami kultura sustatzeko erantzukizuna du, hainbat ekintzen bidez. Lehena, diru laguntzen banaketa da; bigarrena, bitartekari aritzeaz gain, kultura arloko erakundeen arteko elkarlana erraztea: hala nola, museo eta sami antzerkiaren artekoa. Hurrengo urteetarako ere bada lanik eta helburuak argi ditu. “Gure hizkuntzaren inguruko lanak sustatuko ditugu. Baliabide gehiago jarriko ditugu, hizkuntzaren erabiltzailea belaunaldirik zaharrena delako eta hau zahartzen doan neurrian, gure haurrek ikasiko dutela ziurtatu beharra dugu”.
Bere sorreratik, herri indigena honek Norvegian duen legebiltzarra eskumen administratiboak irabazten joan da etengabe, Osloko gobernu zentrala galtzen joan den heinean. Gaur egun, Sámediggiak du hizkuntza, kultura eta ondare historikoen garapen eta babeserako ardura. Gainera, Sami Hezkuntza Kontseiluak Norvegiako Hezkuntza Ministerioaren funtzioak bereganatu ditu. Sami Legebiltzarrak hizkuntzaren irakaspena eta ikerketa ziurtatu behar ditu, eta diru kopuru jakin bat du horretarako. Guztira, Norvegiako Gobernuak 32 milioi euro eman zizkion 2006 urterako.
Henrikek lagun asko ditu eskolan. Irakasgai guztiak samieraz ikasten dituzten arren, norvegiarrez oso ongi daki, sami gazteek hiru hizkuntza guztiz menperatzen baitituzte –ingelesa ere eskolan ikasten dute–. Ikasgelako paretan Saapmiko mapa dute, ikasleek margotua. Bertan, kolore desberdinez ageri da samiak bizi diren gune bakoitza, eta baita leku horietako jantzien aldaerak ere. Errusiako Kola penintsulan bizi diren samiak edo Finlandia aldeko mugako bizilagunak nola janzten diren ikasten dute eskolan. Arropa ikusita jakin dezakete nongoa den sami bakoitza, eta garai batean, baita zein familiatakoa zen ere. Jantziaren luzerak, formak, burukoak eta batez ere, marren kopuru, kokapen eta konbinazioak eman izan dute informazio hori historian zehar. Kolore nagusiak funtzio estetikoa baino ez du.
Eskoletan bizi den egoera guztiz ezberdina da duela mende erdi bizi zenarekin alderatuta. Beren hezkuntza sistema Norvegia, Suedia eta Finlandiako legedietan guztiz zehaztua dago, herrialde bakoitzean era batera. Norvegiako hezkuntza sisteman, esaterako, samieraz ikasteko eskubidea onartzen da. Suediarrak ez ditu eskubideak zehazten, baina adierazpenek argi uzten dute sami ikasleek sami hezkuntza hautatzeko aukera dutela. Finlandian ere ez dira eskubideak aipatzen, legea obligazio edo betebeharretan zehazten baita. Hemen, ikasleek hezkuntzaren erdia behintzat samieraz jaso dezakete. Errusiako legedian, azkenik, ez da aipatu ere egiten samiek hezkuntza beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea.
Egun, eskolak kulturaren biziraupenerako eta berriztapenerako motorrik garrantzitsuenetakoak dira. “Gure seme-alabek gure hizkuntza ikastea oso garrantzitsua da, honek biziraungo duela ziurtatu behar baitugu”, iritzi dio Kirsten A. G. Buyo Kautokeinoko irakasleak. Aipatu estatuetan hainbat eskola daude hezkuntza sami hizkuntzan ematen dutenak eta estatistikek erakusten dutenez, urtez urte gero eta ume gehiagok ematen dute izena eskola hauetan. Hala ere, kalitate oneko hezkuntza eskaini ahal izateko, beren hizkuntzan material gehiago behar dutela dio irakasle honek.
Sami eskoletako lehen belaunaldi honek behintzat ez du Estatuaren partetik hizkuntza diskriminaziorik jasan. Izan ere, Tove Johansen ikertzaileak 1989an egindako elkarrizketetan ondorioztatu zuen helduentzako eskola garaiez hitz egitea “errepresio eta sufrimenduaz” hitz egitea dela. Garai haietan, sami askok seme-alabei beren hizkuntza ez erakustea erabaki zuten, etorkizunean arazorik izan ez zezaten. Antzeko arrazoiek bultzatuta aldatu zuten askok beren abizena. Oraindik ere ohikoa da bere abizena norvegiar itxurako batengatik aldatu zuen jendea ezagutzea. Samitasuna ezkutatzea ez zen horren helburu bakarra, lurrak erosteko eskubidea ere lortu nahi zuten, Estatuak aukera hori bertara bizitzera joan ziren norvegiarrei bakarrik ematen baitzien. Ume haiek eskolan ez zuten beren iraganari buruz ezer ikasi, nortasuna galdu eta norvegiar bihurtu ziren, batez ere kostaldean bizi zirenak. Egun, sami kontzientzia herrialdearen barnealdean mantedu dute gehienbat.
Bi emakumeak erosketak egiten ari diren denda berean, ordainlekuaren atzealdean, hiru egunkari ezberdin har ditzake erosleak. Hiruetan Saapmiko gertaerak dituzte aztergai. Ságat astean bitan argitaratzen dute eta norvegiarrez da, 2.300 kopia ateratzen dituzte edizioko. Sami hizkuntzan idatzita dauden Min Àigi eta Ássu berriz, astean behin argitaratzen dira, edizioko 1.150 eta 1.050 kopiarekin, hurrenez hurren. Gutxi dira sami hizkuntzan irakurtzeko gai direnak eta horren ondorioz, egunkari formatuko astekariak kaleratzen dituzte, dagoen irakurlegoa ez baita nahikoa harpidetza bidezko egunkari bat mantentzeko.
Hala ere, beren hizkuntzan idatzi eta irakurtzen ikasterik izan ez zutenek badute aukera informaturik bizitzeko. Norvegiako, Suediako eta Finlandiako telebista konpainiek hitzarmena sinatu zuten egunero 15 minutuz sami politikako azken orduaz aritzeko. Albistegia arratsaldean da eta emisioak Saapmi eremu osoa hartzen du. Berriak sami hizkuntzan direnez, ikuslea mugaren zein aldetan dagoen kontuan hartuz azpitituluak dituzte norvegiar, suediar edo finlandieraz. Errusiako partean bizi direnek ez dute halako egiturarik. “Gure ikerketek egunero 70.000 ikusle ditugula esaten dute”, baieztatu du Nils Johan Heatta Sámi Radioko zuzendari eta editore nagusiak. Halaber, umeei eta nerabeei zuzendutako programazioa prestatzen ari dira.
Irratian ere badu txokorik samierak. 1946an entzun zen lehen aldiz, astean 15 minutuz. Norvegiar Telekomunikazio Korporazioaren erabakia izan zen. Gaur egun, 60 urte beranduago, astero 30 ordu baino gehiagoz eskaintzen da bertako hizkuntza eta lehen aipatu korporazioaren barruan Sami Irratiaren Atala dago, Karasjok herrian. Horrez gain, estatuan barreiatuta beste zortzi estudio lokal dituzte.
Bi egunkariak, sami irrati nazionala eta telebistako albistegia hizkuntzaren eta kulturaren normalizazio prozesuan tresna garrantzitsuak dira, baita hedabide independenteek jokatzen duten rola ere, “bai behintzat samiona bezalako demokrazia gazte batean”, gaineratu du Heatta zuzendariak.
Henrik gaztea eta supermerkatuko emakumeak kultura indigena beraren parte dira. Urtetan elur-oreinen zaintza exotiko, gákti jantzi, eskulangintza eta gauerdiko eguzkira mugatu den gutxietsitako kulturaren parte. Ia mende bateko zapalkuntza sistematikoak mundua beste begi batzuekin ikustera behartu ditu samiak, baina etorkizuna begi onez ikusten dute. Diskrezio handiarekin eta zalaparta handirik gabe, beren kultura berreraikitzen ari dira, duela urte asko beraienak izan ziren eskubideak irabaziz. Pausoak haien aurrekoek egindako oinatzetan jarriz doaz, bide berriak aurkitzeari ukorik egin gabe.
Irribarrea ezpainetan, “isilpeko iraultza” egiten ari direla diote sami askok.
Zein da Sami Legebiltzarraren papera bertako kultura bultzatzeko?
Sami Legebiltzarrak orain gutxi sinatu berri du kontsulta ituna.
Zer nolako harremana duzue Norvegiako Gobernuarekin?
Sami herriak subiranotasun gehiago nahi al du?
Zer diozu independentziaz?
Orduan zein da zuen helburu politikoa?
Zenbaterainoko elkarlana duzue sami legebiltzarren artean?
Etorkizun hurbilera begira, zein dira zuen helburuak?
Zeintzuk dira sami kultura bultzatzeko erakunderik garrantzitsuenak?
Norvegiako autoritateekin Sami Legebiltzarra sortzeko negoziatzen ibili zen taldeko partaide izan zinen.
Zenbaterainoko indarra du Norvegiako Sami Legebiltzarrak?
Zein uste duzu dela konponbidea?
Nazio Batuen Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorreko presidente ohia zara. Zer nolako garrantzia du indigenen arteko elkarlanak?
Nazio Batuetan indigenen eskubideak bermatzen dituen testua berriz ere atzeratu egin zen joan den azaroan. Zein uste duzu dela arrazoia?
Zer nolako garrantzia du testu hau onartzeak?
Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.
Sami Kontseiluko kidea, ikerlaria eta ekintzailea den Eva Fjellheim Euskal Herrian izango da: "Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik" manifestazioan parte hartuko du maiatzaren 20an Gasteizen eta bi hitzaldi emango ditu Azpeitian eta Aramaion.
Norvegiako berriztagarrien erraldoiaren hainbat proiektuk ondoeza eragin dute maputxe eta sami herriengan. Epaileek ere ilegaltzat jo dituzte azpiegiturak, baina gobernuek ez ikusiarena egiten dute. Giza eskubideen aldeko aktibista ospetsuek ere bat egin dute protestarekin,... [+]
Samien herri indigenaren lurraldeetan novergiar multinazionalak eraiki dituen zentral eolikoen kontrako protesta batean atxilotu dute ekintzaile ekologista ezaguna, beste hainbat manifestarirekin batera.
Iragan uztailaren 16tik 19ra Gasteizko Letren Fakultatean eta Oihaneder Euskararen Etxean HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa egin zen. 32 hizkuntza komunitatetako 65 gaztek hartu zuten parte. Horietako bat izan zen Teija Kaartokallio (Inari, Finlandia, 1998),... [+]
30 urteren ondoren, Gallivareko (Suedia) tribunal batek Zirkulu Polarrean dagoen Girjaseko sami herri indigenari eman dio beraien herrialdean arrantzatzeko eta ehizatzeko eskubidea. Garan irakur daitekeenez, 1993. urtean kendu zieten eskubidea berreskuratu du komunitateak. Dena... [+]
Suedia iparraldean bizi diren samiak burdina ustiatzeko ireki nahi duten meategi baten aurka ari dira borrokan. Atzo 50 pertsonaz osatutako protesta desegin zuen poliziak eta zortzi atxilotu zituen.
Europa iparraldeko kultura samiaren aurpegirik ezagunena izango da ziurrenik Mari Boine musikaria. Urtetan Norvegiako lehen ministroari publikoki hortzak erakutsi dizkion bakarra. Bere hizkuntzan abesteagatik hasieran bere herrian ere gaizki ikusi zutena, gaur egun miretsi... [+]
Mari Boine artista sami ezagun eta errespetatuena da. Samiak Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia iparraldean bizi diren indigenak dira, eta diskriminazio garai zaharrak atzean utzi badituzte ere, nahikoa lan badute euren hizkuntzari eusten (egun, datu zehatzik ez bada ere,... [+]
Duela urte asko, samien herri indigena nahi bezala bizi zen eskandinaviar penintsularen iparraldean. Naturarekin bat, bizia elur-oreinen zaintza eta arrantzaren inguruan egiten zuten gehienbat. Lurrak emandakoari ahalik eta probetxurik gehien atereaz, beren sinesmenekin lasai... [+]