Esaten da korrikalaria, txirrindularia, kirolari sufritua izateko larre motzean hazia izan behar dela. Iruntxiberrin zer larre zen?
Gu familia handia ginen, baina ez nuen nik goserik ezagutu. Gure aita zena langile izugarria zen, eta baserrian laborantza asko egiten genuen, oso leku ona zen, artoa, babarruna, garia, denetik izaten zen. Baina garai hartan laborantzan egiten zuenari herriak kentzen zion… Egiten ez duenari, ez daukanari, ez dago kentzerik, eta asko egiten duenari gehiago kentzen zaio. Ni akordatzen naiz herrira gurdia kargatuta nola eramaten zen.
Zenbatek jaten zenuten platera bakarretik?
Plateretik ez, lapikotik. Orduko ohitura hori zen, denek lapikotik jaten genuen. Eta gure mahaian, sei edo zazpi esku ibiltzen ziren arrantzan. Lehendabizi zopa, gero babarruna edo baba, baina dena eltzetik. Gerora pixkanaka hasi ziren platerak sartzen.
Eta maizterrak zineten gainera, zure izena maizter baserrikoa da.
Bai, eta nagusiarekin komeri handiak izan genituen, izugarri sufriarazi zigun. Errenta eskatzen zuten guztia pagatzen zitzaien, eta aparte jeneroa. Akordatzen naiz astoa gurdiarekin nola ibiltzen genuen nagusiari jana eramatera. Bi juizio ere izan genituen, eta biak irabazi gure aitak. Baina azkenean, nazkatu, eta hamabi edo hamahiru urte nituela Iruntxiberri utzita beste baserri batera aldatu ginen.
Zuen familian aurrez beste korrikalaririk izan zen?
Bai, beste anaia bat, ondo ibiltzen zena. Ni mutil koskorra nintzela hark hamar bat apustu irabazi izango zituen batere galdu gabe. Jokatu eta irabazi jokatu eta irabazi. Gogoan daukat ardo berezi kaxak nola ekartzen zituzten harentzat. Ardo berezia, ardo fuerteak, ardo goxoak. Baina deskuidatuta zebiltzan, nik gaur egun prestatzeko orduan ardoa ez nuke ikusi ere egin nahi. Jaten ere serioegi jarduten ziren, oilasko asko, txuleta egunero, eta jan sendoak, jendea oso oker zegoen. Jana normal samar behar du, estamuak ondo hartzen duena. “Hau ona da, honek indar asko du”, hori dena kontua da. Hobea da patata, edo porru patata. Babarruna nahikoa du astean behin janda, karga baitu, eta haizea.
Zergatik ez zuen aurrera segitu anaiak, korrikatik ez zegoen aberasteko biderik?
Ez, garai hartan ez zen dirurik irabazten. Eta gainera bera sartu zen bide okerretan. Bestela, ona zen, baina indarreko korrikalaria. Eta korrika libre egin behar du, gorputza askatuta. Nik anaiari begira pixka bat sufritu egiten nuen. Indar handia zuen, baina ez zuen solturarik, eta hari begira begiak nekatu egiten zitzaizkidan. Izugarrizko aldea da errez doan bat ikusi, edo indarrean doana ikusi.
Zatopek ere ez zen erraz joatekoa…
Ez, arrazoi duzu. Begiratu haren burura, haren mugimendura, eta ematen zuen penagarri zihoala, baina indarra zuen. Eta geroztik ere ez dut halako besterik ikusi. Nik Lasarten ikusi nuen Zatopek, 1950a zela uste dut, han zihoan mingaina aterata.
Morroi zeundela, laian, segan, egur txikitzen, denetik egiten omen zenuen baserrian. Korrikarako ere nahiko entrenamendu izango zen hori...
Bai. Nik orduan ez neukan korrika entrenatu beharrik korrika egiteko. Niri hots egiten baldin bazidaten karrera bat zela edo, nik ez neukan korrika entrenatu beharrik joan eta hango denei egurra emateko. Eta lehendabiziko karrerak hala egin nituen.
Aian hain zuzen lehenengo karrera, eta denak harrituta utzi omen zenituen.
Jende ezaguna zen han, Iturtzaeta, Alberdi, inguruko karrerak irabazten zituen jendea. Ni ezezagun joan nintzen, eta Iturtzaetak irabazi zidan, baina gutxigatik, orpoz orpo iritsi ginen arraira. Jendea aho zabalik gelditu zen, sinetsi ezinda bezala. Hurrengo urtean Ordizian Luistarrek antolatutako karrerara joan nintzen, aukera eman zidaten zein korritu nahi nuen, juniorretan edo seniorretan, eta nik karrera luzeagoa korritzeagatik seniorrena. Ordiziako plazan eman ziguten irteera, eta aurrena gora, gero Beasaina, buelta handia zen, bide luzea, lehendabizi taldean joan ginen denak, baina berehalaxe aspertu nintzen, eta alde egin nien, ospa aurrera. Bakar-bakarrik egin nuen bidea, aurretik motoristek bidea markatu, eta nik segi. Federaziokoak-eta han gelditu ziren, “bueno-bueno, hau ez da posible”, esanaz.
Zergatik ez zinen federatu?
Aian animatzen ninduten, federatzeko eta federatzeko, erremedio gabe sartu beharra neukala. Baina aita zenak ez zuen hori entzun ere egin nahi! Han ez zegoela ezertxo ere esaten zuen, apusturako grina zeukan. Inondik ere ez zuen nahi izan federatzerik, eta hari kasu eginda apustuetarako bidea hartu nuen. Geroztik askotan pentsatu izan dut horretan, eta pena ematen dit. Berriz egin beharko banu federatu egingo nintzen. Han sartu banintz, laguntza eta prestakuntza haiek izan, korrikalari handiagoa izango nintzen. Denboraldia bera ere osoagoa izaten da, neguan krosa, udaran pista… Korrikalari hobea izateko motiboak izango nituen. Pentsa, Mariano Haro koinatua dut, eta kazetariek nigatik galdetu izan ziotenean beti esaten zuen Espainiako aurreko puntan ibili beharrekoa nintzela.
Noiz eta nola hasi zinen serio prestatzen?
Zumaiako San Migel Artadira joan nintzen morroi, eta han hasi prestatzen. Baina ez nuen nahi inor konturatzerik, eta orduan egunez basoan lana egiten nuen, eta gauez ateratzen nintzen korrika. Ia gauero ateratzen nintzen, bederatziak edo hamarrak aldera, jendea erretiratuta zegoen garaian, inork ez ikusteko.
Arrisku ederrean ibiliko zinen…
Bai, nahiko arrisku izaten nuen, eta auto edo motor zerbait sentitzen banuen gorde egiten nintzen bazterren batean. Hala nenbilela lehenengo apustua jokatu nuen Aian, eta irabazi. Azpeitian bigarrena, Arroako bati buelta eta erdi abantaila emanda, eta hura ere irabazi. Baina martxoaren lauan apustua korritu, eta zortzian sartu nintzen koartelera soldadu. Orduan hasi nintzen ni bizitzen.
Noski, ile moztailea zinen, eta soldadutzan ile mozten lan handia izaten da…
Bai horixe! Ni eta beste azpeitiar bat, bi ile moztaile on elkartu ginen, eta lana ezin iritsi hala zegoen. Eguna argitzerako zain edukitzen genuen jendea. Soldaduska aurretik baino diru gehiago irabazi nuen han. “
Oye, castigo, a cero” agintzen ziguten, eta orduan hartu makina eta
ras mozten zitzaien. Baina ez soldadu zigortuei bakarrik, sarjentu, teniente, koronel, denei moztera iritsi nintzen. Donostian etxe handietan bizitzen ziren koronelei ere moztera joateko abisatzen zidaten, eta orduan nahi nuenean sartu eta nahi nuenean atera ibiltzen nintzen kuartelean. Oso ondo ikusia nintzen. Soldaduska aise pasa nuen.
Apustu mundura itzuliko gara orain. Liburuan esaten duzu “apustua paperean irabazten da”.
Jokoa gaizki egiten bada ezin da irabazi. Jokoa egiteko denboran erne egon behar duzu, zeinekin, nola, dena. Gauza txiki bat asko izaten da. Eta ba al dakizu zenbat pasa ditudan nik? Behar du afizioa eh! Eta pazientzia! Eta beste gauza bat garrantzitsua, jakin behar du barkatzen. Ni batek baino gehiagok saldu nau; laguntzen ibili, prestatzen ni ibili, eta joan dira apustura, eta galtzera joan, propio, nik lagundutako jendea, tongo eginez, eta ni salduta. Ba nik horiek denak barkatu eta aurrera, pasa barruan eta aurrera. Hori zenbaitek ez zuen egingo.
Tongo asko egin izan da?
Nik ezagutu nituen apustua galtzera joan eta ezin galduan ibili zirenak ere, zer zen hura? Ezin galdu apustua eta azkenean lotsagarrikeria egin behar. Bat irabaztera, bestea galtzera, eta batek hondoa jotzen badu besteak zer egin behar du? Aizkora bada, tronkoaren gainetik behera jaitsi, edo korrika
fallo eman, edo segan huts egin, zerbait egin behar derrigor apustua galdu nahi bada, eta nabarmendu egin behar. Horrelakoak ikusi ditut nik, eta ez bat eta bi.
Eta dirua beti jokatu izan da? Ala sarrerako diruak erdibana egin eta etxera...
Hori ere bada. Baina guk jarritakoa dena jokatzen genuen, Irazurekin, Maizekin... Tira, nik ere izango ditut hor zuk esan duzuna bezala apusturen bat edo beste, horrenbeste jarri eta gutxiago jokatutakoak. Baina beti jokatu behar da zerbait, zuk ez baduzu apustu horren tartean dirurik jartzen ez du errespeturik. Kontuarekin bakarrik ez egin jokoa eta ez prestatzen segitu. Orain, beti jarritako guztia jokatu dela? Ez. Eta hori uste dut askok egin duela.
Batere jokatu gabekoak izan dira?
Zenbait joko kaxkar, edo joko izeneko, erakustaldietakoak, nik ere izango nituen bat edo beste. Elizondon ere korritu nuen behin biren kontra, eta benetako apustua zen. Han artekariek dirua jokatu zuten, baina elkarri ez dut uste dirurik jokatu genionik.
Zu ere ez zinen beraz atzean gelditzekoa.
Beti-beti kirolean dabilena ez liteke izan santua. Niri Zumaian, gizon batek hala esan zidan, “galdezka ari denari, eta dena jakin duenari, gezurra esatea libre da”.
Zuk ere esango zenituen batzuk…
Horixe ba, nik ezin dut esan nik bekaturik behin ere ez dudala egin. Hori esango banu, gezurra litzateke, hemen bekatariak denok gara, gutxixeago edo gehiago.
Esango dizut nik tranparik gabeko apustu bat: Maizen kontra jokatu zenuena Tolosan, hamar kilometroan. Txikito Arruitzek zuen marka (30’ 39’’) haustear izan zenuen, baina bizpahiru segundo sobratu…
Ez iezadazu akordatu ere egin! Pena ikaragarria gelditu zitzaigun. Bost kilometroan Maizek 15’30’’ egin zuen, nik lau segundo gehiago. Baina Maiz lehertu egin zen, eta gero akabo. Elkarri hitza emanak ginen gehiena zenak irabaz zezala, baina elkar harrapatzea nahikoa zuela horretarako. Hori nik bakarrik nekien, nire entrenadoreari ere ez nion ezer esan, eta mekaguen, harrapatu nuen garaian izorrai, gelditu egin zen ia, mutil hark ez zuen gehiago onik, zortzi edo bederatzi buelta eman nituen haren atzetik, entrenadorea “benga Leon” pasa eta aurrera segitzeko, eta ni berriz nire buruarekin borrokan, zer egin behar dut? Ni orduan izugarri nengoen…
Maizek gehiago lagundu izan balizu erraz hautsiko zenuen?
Mekaguen diez! En el padre del hijo! Pena horrekintxe mundu honetatik joan beharra, hori da marka! Kilometro oso bat galdu nuen Maizen atzetik, zortzi edo bederatzi buelta. Eta azkenean behintzat esan nuen, “bukatu duk, banitxiak!”. Azkenean lau buelta kendu nizkion. Azkeneko kilometroa hiru minutu eta hamarrean egin nuen, eta bi segundotaraino ekarri nuen Arruitzen marka, han gelditu zen! Eta zenbat horrelako pena!
Puntako prestakuntza ere izango zenuen, Palentzian bizi baitzinen, eta Mariano Harorekin ibili. Cisnerosekin nolako entrenamenduak izaten zenituzten?
Cisneros entrenatzaile ona zen. Mariano Haro ere hark entrenatzen zuen. Entrenamendutarako taulak ematen zituen, eta entrenamendu klase asko. Luzeak, motzak, gainera normalean egunean bi entrenamendu egiten genituen. Bat eguerdian, eta bestea iluntzean. Izan genituen guk, Palentzian, Haro eta biok eguerdi batean hogei kilometro edo hogeita bost egin, eta iluntzean beste hamar edo hamabi kilometro egindako egunak.
Euskal Herrian nolako prestatzaileak egon dira?
Jende gutxi egon da dakiena, uste bai askok! Ni denak pasatuta nago, Donezteben ere mediku baten eskuetan egon nintzen eta jo eta erreta utzi ninduten.
Liburuan aipatzen duzun Don Jaime medikua?
Bai, uste zuena baina ez zekiena. Hau sartu, hura sartu, behar ez zen garaian, eta hori oso arriskutsua da. Medikuntza oso kontuz ibili behar du kirolariak. Bitaminak sartzen zituzten, baina gaizki. Eta mutilari lanak topera eraginarazi, eta erreta utzi.
Injekzioz sartzen zuten?
Bai. Eta niri eskarmentu hark asko erakutsi zidan, ondo nengoela joan nintzen harengana, eta erreta utzi ninduen, hura zen disgustua! Bitaminak ematen zituen, indarra egiteko ona zela uste eta, baina hori akats grabea da azken batean. Gaur ez nuke onartuko ezer ere, hori arriskutsua baita. Eta uste dut kirolari askorekin pasa zela hori. Mutilak prestatu, medizinak eta ostiak sartu eta kristoren probak eragin, eta gero handik hamabost edo hogei egunera jokatzera joan eta mutila jota. Eta publikoak, eta beren tartekoek esango zuten, “
joder, horrek tongo egin ziguk”, baina
ni puta idea. Nik badakit tongorik egin ez zuela, nik badakit zer
fallo zegoen.
Zuregatik ere gauza asko esan izan da, zuk jakingo duzu ongiena…
Apustu asko irabazi egiten bainituen, eta egurra eman, eta orduan esaten zuten, “Iruntxiberri beti drogarekin zebilek. Horrek bera eta gainontzeko denak drogatu egiten dizkik!”. Horrelakoak zenbat? Nik, entzun eta kasurik ez egin. Eta gero liburuan ederki erantzuten diet, “bai, esaten dute Iruntxiberri beti drogarekin dabilela, –eta nik adarra joaz bezala esaten diet–, bai arrazoi daukazue. Garai batean drogarekin ibiltzen nintzen, baina orain aspaldian ez dut aurkitzen, ez niretzako eta ez besteentzako”. Horrek esan nahi du, abildadea joandako garaian, alferrik dela.
Jokoa ez omen da errenta, baina zuentzat, kirolari bezala, izan da. Ezta?
Bai, baina txintxo ibilita, zuzen ibilita.
Plazan jokatu dituzu apustu gehien, baina zure gorpuzkera, izatez, ez al zen mendirako onena?
Mendirako? Horrelako mendi lekutan?
Mekaguen la leche! Horixe zen niretzako, karga gutxi, eta behetik gora pi pi pi pi. Pistakoa ez nintzen, pistan oinkada behar du, botea. Eta hala ere, pentsa, bostehun metroko serieak, Palentzian, hondarrezko plazan, bat eta hamabostean egitera iritsita nago Cisnerosekin. Nik abiadura banuen eh! Kilometroa bi eta berrogeian egin nuen Palentziako pistan, baina ni behetik gora nintzen grabea. Niri behetik gora portua igotzen Mariano Harok ere ez zidan segitzen!
Lastima orduan orain bezala mendi maratoirik ez zela…
Mendi maratoia? Nik hemen daukat marka bat jarria, Ergobitik Sosperrira, hori borratzen ikusi gabe joan beharko dut mundu honetatik! Hor geldituko da! Klaro, abiatu hadi! Eta hura ez zen batere, artean prestatzen hasi gabeko mutila nintzen ni, artean ez nekien korrika egiten, gero egon nintzen bezala eta markak jarri gabe utzi!
Eta Behobia-Donostia izan balitz?
Bueno, bueno, –betaurrekoak kendu eta hartu ditu esku batean– jo eta txikitzeko gogoa ematen dit! Behobia-Donostia? Niretzako hogei kilometro zer da ba! Airean joango nintzen! Pena horrek ematen dit, gu non gelditu gara? Ezer egin gabe! Askori irudituko zaio harrokeria, baina harrokeria ez, negargura ematen dit niri! Guk izan duguna hainbeste urtean, eta beti kontserbatzen! Orain ez du balio mingaina luzatzeak eta, alfer-alferrik da. Baina nik dauzkadan penak! Horiekin joan beharko dut mundu honetatik.
Zergatik ez zinen atera Donostian jokatu ziren beteranoen munduko txapelketetan?
Santiago bidean harrapatu ninduen. Horrek ere pena eman zidan, atera behar nuena eta pasa… Igual zen bost kilometro edo hamar, orduan gainera poliki nengoen, eta pena eman zidan hor ezin parte hartzeak.
Aizkoran nola hasi zinen?
Irazuri apustua irabazi eta gero sozioek esan zidaten, “Iruntxiberri, alferrik habil korrika, ez daukak eta kontrariorik”. Orduan aizkora hartu eskuetan, eta kanako tronkoa moztera joan nintzen aurrena Aiara, kristoren jendea izan zen Asentsio egunarekin. Baina oraindik zuk ez dakizu, orain noa azkeneko kartutxoa erretzera. Orain emango dizuet sorpresa.
Marka jartzera zoaz?
Marka jarri, hori gero kontatzen da. Badakit jendeak nahiko marmarra eta hitz gaiztoa ibiliko duela, baina aspaldi pentsatua nengoen “bi kanako moztu behar dizkiat, plazan, batere erakuslerik gabe, erretiratzerako”. Eta oraintxe noa egitera.
Eguna jarria dago?
Apirilaren 15a. Ez dago oraindik iragarria, lehendabizikoak zuek zarete. Bi kanako mozten saiatzera noa Aian, batere erakuslerik gabe, nire abildadez bakarrik. Eta nire kontra ariko da beste gazte bat, hiru kanako ebakitzera, nafarra, Uharte-Arakilgoa, orain Urrezko Aizkoran eta hor dabilena. Guk nahi duguna da konbatea ahal den estuena izatea. Eta pentsa, hirurogeita hamar urte egitera noa, orain urtebete zaharra banintzen gaur urtebete zaharrago. Denok badakizue urte gehiegi direla, eta nire pisuarekin bi kanako mozten baditut erakuslerik gabe… deskuiduan mozten baldin baditut… ederra geldituko da beste batentzako ere.
Bukatzeko nik jokatuko dizut trabesa. Ordubetean ez duzula hitz egin gezur txiki bat edo beste esan gabe...
Jolin, niri hizketan ari naizela ateratzen zait barruan daukadan iturri honek ematen duena. Nik ez daukat hemen hizketan jarduteko pentsatzen egon beharrik. Gero, deskuidu txikiren bat izatea? Baliteke, asko hizketan ari denak deskuidu bat edo beste izatea erraza du. Dena
fallorik gabe ez da erraza, baina nik kontatzen dut almazenean daukadana. Eta ez dut uste inorentzako horrela kaltegarrizko gauza handirik joan izango denik.