«Baten, maian aurrean neukan (...) izeneko elantxobetar mutil gazteak, nire aurka berba egin eban; ni gudan ibili ez nintzelako, euren ondotik bialdu egin bear nindukeela...»
Kamiñazpi (1914-2006)
Jose Mari Etxaburu «Kamiñazpi» ondarrutarrak 1936tik 1940ra bizitutakoak kontatzen ditu, 1963an idatzi eta 80ko hamarkadan argitara eman zuen liburuan. Irakurrita, guztiz ulergarria zaigu kronika liburu honen ibilbidea.
Hil berria den Kamiñazpi, gerratik ihesi, Ondarroatik Donibane Lohizunera heldu zen. Jarraian, Ziburun, Iratzederren aitaren bodegan sardinak gertutzen ibilitakoa, Landesetan pinuak botatzen, JELen menpeko Itsasuko Etxedoian aterpetua, Venezuelara joatea ortzmugan, azkenean, Ondarroara itzultzea erabaki zuen Kamiñazpik. Hegoaldean, kartzela, kontzentrazio-esparrua, langileen batailoiak...
Sorterritik atera zenean, harriturik zioen Kamiñazpik, «ogetalau ordu inguru egin genduzan Ondarru'tik Donibane'ra. Bide ori bear dan lez eginda, lau-bost orduko bidea da». Hegoaldera itzuli ahal izateko, Kamiñazpik Cardeñako kartzela, Mirandako kontzentrazio-esparrua eta langile batailoiak jasan behar izan zituen; Arizkun, Gaintxurizketa eta Aritxulegi, sekulako birea Itsasutik Ondarroara iristeko.
Etxaburuk berak dio: «Mutil gazteak gudeari iges egiteak arritu egiten eban. Baiña, al izan balebe, euneko larogeirek iges egingo eustsala ez da ezpairik...». Oker geundeke, Etxabururen Neure lau urteko ibillerak Isasmendiren Nire denboraldiko ibilerak kronikaren ifrentzutzat hartuko bagenu. Ezer izatekotan, elkarren osagarri dira. Garai hura egokitu zitzaien. Ba al da egungo talaiatik hura epaitzerik?
Borroka molde batzuk gerta ez daitezen lan egitea da erronka, borroka latza inondik ere. Ez da lerro zuzenik, hariak dira, ez besterik. Nor gara gu horiek zalantzan jartzeko, inoren intereseko al da, Amayur batailoikoek Asturiasen egindakoa, Gernikakoek Cernay la Villen prestaturikoa edota trabajadorietakoek Arizkunen egin lana epaitzea? Ez da afera, galdera da.