Elgetako (462m) Mendizaleen plazan hasiko dugu txangoa; Karabieta mendatea igaroaz Eibarko sakonera amiltzen den errepidea jarraituz osatuko ditugu ibilaldiaren lehen metroak, harik eta, etxalde batera heltzean Larrabitzearrako parajera doan errepidea eta ezkerrerantz okertuz basoan barneratu arte.
Aurreneko helburua: Egoarbitza
Garaiera aintzat hartuz apal xamarra izanagatik (735m), gailur berezia da Egoarbitza, urrunetik erraz ezagutu daitekeena, pinua errege den eremuan harrizko tontortxoa duen bakanetakoa delako. Elgetatik Eibarrera doan errepidearen ezkerraldean dago gainera Egoarbitza, gainerako gailur ezagunenak -Azkonabieta, Topinburu, Galdaramuño edo Krabelinatx, esaterako- errepidearen eskubi aldean dauden bitartean. Beste gailur horiek, Soraluzetik erraz igo daitezkeenak, pinudi itxiek estaltzen dituzte ikuspegia zeharo murriztuz -Azkonabieta gailurreko antena aipatu gabe...-. Egoarbitzak, berriz, soila du guztiz gailurra eta ikuspegi benetan ederraz gozatu ahal izango dugu bertara igotzeko ahalegintxoa eginez gero.
Basoak eskaintzen dituen soiluneetan barrena pauso arinean goazela, Egoarbitzako gailur harkaitsua izango dugu, tarteka, begien aurrean; luze baino lehen, gailurrera heldu aurreko azken maldaren oinarrira helduko gara. Zelai goxoan atseden hartu ondoren, Egoarbitzako gailurrera igotzeko prestatuko dugu geure burua. Parez-pare ikusirik, oso zaila dirudi harritzarraren gainera igotzea, baina xendak eskuinaldetik inguratzen du igoera bide errazenaren bila. Euria eginez gero kontu handiz igaro beharreko harri leuneko zenbait pasabide gainditu ondoren, buzoia eta erpin geodesikoa topatuko ditugu.
Egoarbitza, 735m
Maltzagara iristearekin batera Deba ibaian hilko den Ego errekak bustitzen dituen Eibar eta Ermuaren gaineko ikuspegia zoragarria da gailur honetatik. Urko, Kalamua edo Akondia mendiak ditugu parez-pare, baita Karakate, Atxolin, Izarraitz edo Irukurutzeta, behakoa Gipuzkoa aldera okertuz gero, edo Durangaldeko gailur guztiak (Udalaitz, Anboto, Alluitz, Untzillaitz, Mugarra, Gaintzorrotz, Urtemondo edo Oiz), Bizkaia aldera begiratuz gero. Kontu handiz, azken metroak igotako bide beretik desegin eta zelai atsegina dagoen lepora itzuliko gara.
Egoarbitzari azken begiratua bota ondoren, maldan behera abiatuz emango diogu ibilaldiari jarraipena; Aixolako urtegiko zulora jaistea da jarraian egin beharrekoa, eguneko punturik baxuena -kontuan hartu behar da Elgeta 400 metrotik gora kokatzen dela eta Aixolako urtegia, berriz, Eibartik oso gertu, 300 metroko garaieran-. Jaitsiera honetako lehenengo zatia, denboraren joanak sasiz ia guztiz estaliriko bidezidor bati jarraiki osatuko dugu. Benetako mendizalea zeharo penatu ohi du betiko bide ugari, mendi puntetara igotzeko garai batean erabili ohi ziren bidezidor zahar asko, galtzen ari direla horietan inork ibiltzen ez delako. Egoarbitzatik Aixolako urtegira jaisteko bidearen lehenengo zatia horietako bat da. Sasiak halamoduz saihestuz, porlanezko mendi bide zabal batera helduko gara. Bide hau, edo bideak egiten dituen bihurgune zabalak, saihestu asmoz pinudian behera abiatzen diren lasterbideak hautatuz segituan helduko gara Eibarko ibarra urez hornitzen duen Aixolako urtegira (300 m).
Urtegiko ura eusten duen horma zeharkatu eta Aixolako harantxoaren bestaldera igaroko gara; Egoarbitzatik behera erraz galdu dugu altuera, eta galdutako metroak berreskuratu beharko ditugu orain, Santa Marina Zahar eta Erdellako maldak igoaz. Urtegiaren bestaldean, GR-121 (Gipuzkoako Bira) ibilbide luzeari dagozkion margo ikur zuri-gorriekin egingo dugu topo, Erdella saihestuz Elgeta-Elorrio errepidera, lehenik, eta Intxortako tontorrera, ondoren, doazenak. Margo ikur hauek jarraituz ibilbidea apur bat mozteko aukera dago. Guk ordea, pinudian gora egingo dugu, zeta zabalak marraztuz, uneoro biderik onena hautatuz. Izerdi pixka bat isuri ondoren Santa Marina Zaharreko gailurrera helduko gara. Gailur honek eskaintzen duen ikuspegia paregabea da. Durango, Berriz, Zaldibar, Ermua, Eibar eta inguruko mendi hegaletan barreiaturiko hamaika auzo eta baserri. Durangaldeko mendiak, Udalaitz eta Anbototik Aramotzera, Oiz, Urko, Karakate... Zoragarria. Jarraian igoko dugun Erdella ere, inoiz baino gertuago somatuko dugu.
Altuera askorik galdu gabe, aurrera egingo dugu gure ibilia zuzenean Erdellako muinorantz zuzenduz; azken malda igo aurretik, Aixolatik zuzenean datozen GR-121 ibilbide luzeko margo ikur zuri-gorriekin egingo dugu berriz topo. Margo ikur hauek Erdellako tontorra (682 m) ezkerrean uzten dute eta nekatuta egonez gero ibilbidea leuntzeko aukera da hori. Guk, indartsu eta sasoiko, zuhaitzez estalitako puntara goitzeko ahalegintxoa egingo dugu. Erdellak ez du, tamalez, ikuspegi zabala eskaintzen eta beherako bideari ekingo diogu arnasa pixka bat berreskuratu bezain laster.
Intxortako gailur historikoa da ibilbide zirkular eder hau osatzeko falta zaigun bakarra; Elgeta-Elorrio errepidea gurutzatu eta Intxortako maldetan gora abiatu aurretik ordea San Urbanoko (Santruan) ermita paretik igaroko gara. Garai batean, maiatzaren 25ean (santuaren eguna) meza eta erromeria ospatzen omen ziren ermita honen inguruan. Ohitura hau, ordea, aspaldi galdu zen. Oso negartiak ziren haurrak ekartzen omen zituzten antzina, ermita honetara, santuari kandela piztuta formalduko zirelakoan.
Intxortako gerra usaina
Bihotz taupaden maiztasuna bizkortuko zaigu oharkabean Intxortako gailurraren bila abiatzearekin batera; tontorrera hurbiltzen goazen neurrian, gure urrats bakoitza Euskal Herriko mendigune zirraragarri batean ematen ari garela hautemango dugu. Izan ere Intxortako gailurren inguruan osatu ziren 1937ko udaberrian gudatalde frankistei aurre egiteko defentsa lerro luzeak. Bizkaiko ofentsiba deiturikoa, 1937ko martxoaren azken egunetan hasi zen, eta borroka latzen ondoren, apirilaren 24an, ekialde eta mendebaldetik ekin zioten frankistek Intxortako lerroa eurenganatzeko oldarraldiari. Fronteari gehiago eustea ezinezkoa zela ikusirik, pasabide estu batetik Ermua aldera erretiratzea erabaki zuten Beldarrain eta Plazaola komandanteek.
Garai bateko kontuak buruan, Intxortako gailurrera helduko gara, luze baino lehen. Gutxi falta da berriz ere Elgeta aldera inguratzeko. Gailur nagusiaz gain (743 m) beste bi muino ere baditu Intxortak, Intxorta txikia (715 m) eta Gaztelu haitza (718 m). Elgetara itzultzeko Intxortako maldako azken metroak desegin eta igoeran igarotako bidegurutze batera itzuliko gara. Margo ikur zuri horiak jarraituz bizkor egingo dugu, Joseba Tapiaren Agur Intxorta maiteko doinu gogoangarriak txistukatuz, Elgetarako bidea. Agur, Intxorta maite.