Diana Lindsay: «Euskal Herriak jaso balu bezala izan da Londresko saria»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Diana Lindsay, beraz.
Eskoziarra.

Scottish! Lindsay, baina ez McLindsay...
Ez. Kar, kar, kar... Diote gure leinua Frantziakoa dela jatorriz. Nonbait, Eskoziara jo zuten XII. mendean edo hor nonbait. Badut beste izen ttipi bat ere, Clare. Deitura, berriz, Lindsay izan dut luzaro baina, behin halako, bigarren deitura ere erabiltzea pentsatu nuen, amarena. Hil zen, eta orain, haren deitura ere erabiltzeko joera dut: With. Oso izen eskandinaviarra da With.

Diana Clare Lindsay With. Eskoziarra.
Baina Londresen jaioa.

Lehena berriz ere gaude. Ingalaterran.
Bai. Londresen jaio nintzen baina lau urte bete arte besterik ez nintzen han bizi. Gurasoak irakasle ziren. Berez, aita hezkuntza ikuskatzailea; ama, irakaslea. Haiek Afrikara, gu hiru umeok hartuta. Ugandan egon ginen lehenengo eta gero, zortzi urte nituela, Kenyara joan nintzen, kolegioa egitera, barnetegian. Handik, Ingalaterrara, beste eskola batera. Horrela, batetik bestera ibili nintzen. Idi Aminek estatu kolpea jo zuenean itzuli ginen Ingalaterrara.

Hauxe zorabioa. Zure bideari ezin segiturik nabil.
... Ez ginen luzaro egon Ingalaterran. Kenyara itzuli ginen. Garai hartan, ama hil zitzaigun, istripu batean. Eta orduan bai, Ingalaterrara itzuli ginen. Ikasketak segi, unibertsitatea Edinburgon...

Atzera Eskozian gara.
Malvinetako gerraren sasoia izan zen. Ez zitzaidan gustatzen Britainia Handian, oro har, zegoen garaia. Thatcherren agintepeko garaia! Eta Italiara joan nintzen lanera, hiru urtez. Handik Txinara, eta Txinatik Euskal Herrira.

Zer dela eta hainbeste jira eta buelta?
Bizitza. Horrelaxe gertatzen dira gauzak. Lagun bat nuen Italian, DBHko eskola batean irakasle ari zena. Eta harengatik. Txinara, berriz, lanean joan nintzen.

Gure herrian pausatu zinen, beraz.
Bai. Urte asko daramatzat hemen: hemezortzi. 88an etorri nintzen.

Zure bidea askoz ere ohikoago zela uste nuen. Ingalaterratik hona etorri eta kito. Aldiz, eromena begitantzen zait. Dena dela, non edo nondik hasi behar eta eman dezagun Euskal Herrira etorri zineneko garaitik.
Txinan nengoela beka bat irabazi nuen, itsasoz haraindiko lurraldeak garatzeko administrazioarena eta profesionalak, adituak, Hirugarren Mundura bidaltzen zituena. Ni Hirugarren Munduko herrialde batera bidaltzeko asmoa zuten. «Berriz!», esaten nion neure buruari, ze Txinako egonaldia zaila egin zitzaidan. Orain egoera asko aldatu da, baina 80ko hamarkadako Txina... Zaila zen han bizitzea. Hortaz, orduan ezetz, ez nuelako horrelako herrialde batera joan nahi esan nuen, denbora tarte bat behar nuela. «Afrikara? Geroago, beharbada. Orain ez», esaten nuen nik. Horretan, lana inguratu nuen British Council-en, Bilbon. Eta hona bidali ninduten. Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jardun nuen, irakasleak prestatzeko ingeles ikastaroetan. Hezkuntza erreformaren garaia zen, eta ingeles irakasleak prestatzeko premia handia zegoen.

Zerk gerarazi zintuen hemen? Zergatik ez zinen hegan joan Afrikara edo dena delako lurraldera?
Beharbada nekatuta nengoelako. Beti hizkuntzak aldatzen, beti lagunak aldatzen, leku berriak... Bestalde, Hizkuntzalaritza Aplikatua masterra egiten ari nintzela Phil Ball ezagutu nuen, nire gizona. Ni Euskal Herrira etorri eta hura Omanera joan zen, Perutik, han ari baitzen lanean. Kontua amaitzeko, ni Euskal Herrira etorri nintzenetik bi urtera Phil bera ere hona etorri zen. Eta hemen gaituzu harrezkero. Batetik, egiten dudan lana oso interesgarria da. Herrialdea, zoragarria. Itsasoa behar dut, itsasoan igeri egin urte osoan. Janaria ere, bikaina. Hemen izan behar, nola ez!

Badakit bi ume dituzuela, hemen jaioak eta bertan hazten ari direnak.
Bai. Eta umeak tartean direnean askoz zailago dira mugimenduak. Ez mugimenduak bakarrik... baita identitateak ere. Gu elebidun edo eleaniztunak gara, onenean, baina umeak, eleaniztunak ez ezik, kultur aniztunak dira. Gutxienez bi kulturatan ari dira hazten. Nagusion kasuan ezberdina da. Guk hemengo kultur eta bizimodutik gustatzen zaiguna hartu eta gainerakoa baztertu egiten dugu. Umeentzako zailagoa da: hemengoak dira.

1991n heldu zinen Euskal Herrira, esan dugunez. Ordurako, ingelesez ez ezik, italieraz eta txineraz ere, gutxi-asko, hitz egiten zenuen. Hemen, gaztelania eta euskara topatu zenituen...
Italieraz banekienez, pixkanaka-pixkanaka gaztelaniaz ere ikasi nuen. Nahiko erraza izan zen hori. Gero, neure buruari esan nion: «Euskaraz ikasten hasiko naiz orain!». Beharbada, etorri eta bigarren urtean hasiko nintzen. Baina oso esperientzia tristea gertatu zitzaidan.

«Tristea».
Bai. Euskaltegi batean ari nintzen. Ikastaroaren hasieran jende mordoa ikasgelan. Denak oso motibatuta. Gehienak, asko zekitenak. Tira, jendeak dio ez dakiela, baina ezer ez dakiela esaten duenak ere asko daki: taberna izenak, agur esateko formulak, hitz solteak... Alegia, asko zekiten, nire aldean behintzat. Hori batetik. Bestetik, oso jardun aspergarria zen euskaltegikoa: hainbeste gramatika, eta komunikazioa zero! Eta lehenengo hiruhilabetekoa bukatu zenerako, bi pertsona baino ez ginen taldean! Oso tristea izan zen niretzat.

Horrela ikasi zenuen?
No! Hasi egin nintzen. Pixkanaka-pixkanaka ikasi dut dakidana, osmosi bidez esango genuke. Etxean ingelesez hitz egiten dugu. Eta lanean ere bai.

Lanean ere bai? Hemen, Gipuzkoako ikastolen etxean?
Bai, nire inguru-ingurukoekin bai, hizkuntza departamentuan. Izan ere, nire lankideek oso ondo hitz egiten dute ingelesez! Alegia, nik euskaraz baino askozaz hobeto moldatzen dira beraiek ingelesez. Bestalde, ingeleseko materialak lantzen jarduten dugu eta, beraz, normalean ingelesa dugu lan hizkuntza. Nirekin, behintzat, gehienbat ingelesa erabiltzen dute. Aurreko batean, frantses mintegia izan genuen. Orduan, euskara, ingelesa eta frantsesa, denak nahastu nituen. Hortaz, euskara ikasteari dagokionez, prozesuaren hasieran ez, baina hortxe-hortxe nago.

Euskaraz ari zara behintzat, kolkoan dituzunak garbi adierazten, eta bejondeizula zuri! Euskaltegiko esperientzia hori dela eta, hain gaizki erakusten al da, edo zen, euskaraz?
Ez, nire esperientzia besterik ez zen izan. Esperientzia jakin bat. Are gehiago, beste ikastaro bat egiteko gogoak nago. Barnetegira joango nintzateke gustura. Lazkaora, adibidez. Gainera, lagun bat dut bertan eta ez nuke zaila izango. Denbora da kontua. Eta badakit murgiltzeak funtzionatzen duela.

Deigarria zait esan duzuna, osmosi bidez ikasi duzula, alegia. Imanol Lazkano bertsolariari entzuna diot garai batean, Azpeitian, guardia zibilen semeek (ez dakit zer zioen haien alabez) euskaraz ikasten zutela herriko kalean.
Osmosia. Umeak bezala! Esperientzia tristea kontatu dizut lehen, eta esperientzia polita kontatuko dizut orain. Duela urte asko ikastola bateko gelan sartzea erabaki nuen, zortzi bat urteko umeekin batera. Horrek bai, funtzionatzen zuen. Txarrena, umeen erritmo mantsoa. Izan ere, helduena azkarragoa da. Hori bai, esperientzia polita izan zen, haiekin batera matematika lanak egiten jardutea eta! Content Language Integrated Learning. CLIL.

Nola esan duzu?
Content Language Integrated Learning. DBHko ikasleek ikastola askotan egiten dutena: arlo jakin bateko edukiak beste hizkuntza batean ikastea. Horixe egin nuen nik. Edo saiatu nintzen. Polita izan zen, nahiz eta prozesu mantsoa izan. Denbora asko behar da horretarako.

Ez dugu euskaltegiaren izena eman...
No, no, no! Kar, kar, kar...

Ikastolaren izena ere ez...
Ikastola horrena esan liteke: Donostiako Jakintza ikastolan egon nintzen.

Inportanteena, zeure euskara maila sendotzeko gogoak zaudela oraindik.
Bai, bai, irakaskuntza formalagoa behar dut. Eta nahi dut.

Hizkuntzalaritza Aplikatuan aritua eta aditua zaitugu. Euskara ikaslea ere izana. Zer diozu, teoriatik eta praktikatik, euskararen zailtasunari buruz?
Ez dakit hizkuntza erraza ala zaila den. Badakit, ingelesa adibidez, hitz egiten hasteko nahiko erraza dela. Alegia, ez duzu askorik behar filmetako indiarrak bezala hitz egiteko: me, teacher, you, no... Euskara, aldiz, hizkuntza eranskaria denez, ikasleari zailago zaio hitz egiten hastea. Bestalde, ordea, ingelesa oso zaila da: lokuzioak, aditz esaldiak, jerga, preposizioak... Hortaz, euskara zaila? Ez. Hizkuntza bera ez ezik, norbera dago: ni, adibidez, nahikoa lotsatia naiz, eta kosta egiten zait. Senarra, aldiz, kontrakoa da: bi jakin eta hiru esaten du. Berdin dio hari. Hitz egiteko lotsarik ez du.

Urte asko da ikastolekin lanean hasi zinela...
Bai. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko Xabier Garagorrik ingelesaren irakaskuntza goiztiarrari ekin zion Josep Maria Artigalekin 1991 inguruan. EHU proiektuaren ebaluazioa egiten hasi zen, kanpo ebaluazioa. Ni lan horretan jardun zuen taldekoa izan nintzen. Hurrena, irakasleen prestakuntzan laguntzeko eskatu zidan Garagorrik. Ondoren, poliki-poliki, Europako proiektua lantzen hasi ginen, EHU, zenbait ikastola eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartea. Materiala prestatzen hasi ginen, eta irakasleen prestakuntza lantzen. Lau urteko haurrentzako materiala egin eta gero, 6 urtekoentzakoa egin behar izan genuen. Ondoren, 8 urtekoentzakoa. Eta horrelaxe jardun genuen, proiektuan hasi ziren haur haiek derrigorrezko hezkuntza amaitu zuten arte.

Zein ingeles maila bereganatu zuten ikasle haiek?
Nahiko maila ona. Komunikatzeko gaitasun egokia. Eta gainera, ikasle guztiei eskaintzen zaienez aukera, gehienak maila komunikatibo ona garatzera iristen dira.

Hainbeste urte ikastolentzako lanean, ingelesaren irakaskuntzari dagokion proiektuan ari, eta nahiko ezkutuan igaro zara, oro har; gure herriko ingeles irakasleen begietara izan ezik, alegia. Oraindik orain, berriz, Buckingham jauregian ikusi zaitugu, sari handia jasotzen. Ezkutuan zinena, agerian zara orain.
Tuntuna ni!

Aurreak erakusten omen du atzea nola dantzatu.
Hori da eta muntaia! Hurrena beste sari bat jaso behar dudanean isil-gordeka joango naiz. Nik banekien sariketa hori hor zegoela. Bestalde, gustatzen zait gure metodologia eta landu dugun materiala. Paper euskarrian daukagun materiala ez da oso ortodoxoa, prestakuntza handia behar duzu ondo baliatu ahal izateko. Nik banekien testuliburu arloan ez genuela sari aukerarik. CDak lantzen hasi ginenean, berriz, bai oraingo saria irabazi duen Space Search hau eta bai lehenengoa, Welcome Aboard, oso egokiak dira: produktu autonomoak dira, oso erraz ulertzeko modukoak. Sariketara bidali genuen. Ingelesez ikasteko produktu interaktibo mordoa dago merkatuan. Baina ingelesa bigarren hizkuntzatzat irakasteko materialak ez dira hainbeste. Aukera ikusi nuen. Bidali, eta saria jaso!

Berriz, bejondeizula!
Epaimahaiak, gainera, natiboek ere baliatzeko moduko materiala dela esan zuten. Polita dela, alegia.

Talde handia dago lan horren atzean, ala? Buckinghameko argazkian mundu bat zegoen, behintzat.
Bidaia merkea! Kar, kar, kar... Eta, badakizu, hamahiru euskaldun Londresen eta: «Non bazkalduko dugu? Non afaldu behar dugu?»... Hara, benetan: guretzat inportantea izan zen, oso polita. Ez da diruzko saririk izan. Garaikurra ere... ikusi duzu: entsalada-ontzia. Baina sariak esan nahi duena. Geuk baloratzen dugu gure lana, baina kanpotik aitortza hori egiteak zigilua jotzea bezala da, gure lanaren balioa egiaztatzea. Munduan badira beste sari batzuk ere, baina, beharbada, hauxe da prestigiorik handienekoa.

Sariak, dudarik gabe, ginga, txapela jartzen dio zuek, ikastolek, egindako lanari. Aldez edo moldez, saria Euskal Herriak beretzat hartu duela esango nuke.
Harrituta nago! Niretzat oso polita izan zen saria jasotzea, eta GIEko jendeak pozik eta harro jaso zuen. Alabaina, GIEkook ez ezik, ikastolek, gurasoek, bizilagunek... beretzat hartu dute. Euskal Herriak jaso balu bezala izan da. Oso gauza polita izan da. Eta, esango dizut, ikastolekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzarekin eta EHUrekin ere kolaboratzen dut zenbait lanetan eta esateko moduan nago: ingeles irakaskuntzarako oso material onak egiten dira Euskal Herrian. Oso onak. Europar mailako saria jaso genuen guk 1998an, Madrilen, eta ondoren, Mondragon CIMek irabazi zuen. Eusko Jaurlaritzak ere jaso zuen sari bera beste batean. Oraindik orain, berriz, guk Londresen jaso dugun sari hori. Horrela gabiltza. Ikusiko dugu zeinek jasotzen duen hurrengoa...

Monarkiak
«Saria jaso eta Buckingham jauregira joan behar nuela familiari esan eta hura errierta! Oso antimonarkikoak dira, eta lehenengo esan zidatena: 'Ez joan! Joan pankarta handi batekin!'. Joaten banaiz garbitu egingo naute etxean! Kar, kar, kar... Bestalde, bitxia da euskaldunen jarrera. Espainiako erregearen aurrera joan beharko balute, kontzientziako pisua izango lukete. Baina ingelesen erregearen aurrera joan behar zutenez, bost inporta! Bitxia!»

Harry/Harri eta Lili
«Harry eta Lili ditugu seme-alabak. Harry esatea oso zaila da. Ingelesez esaten dugun moduan esatea, behintzat. Hortaz, askotan, Harry ez baina Harri da gure zaharrena. 11 urte ditu. Bigarrena Lili dugu. Izen errazagoa aukeratu genuen. Zortzi urte ditu honek. Ingelesez mintzatzen dira etxean, eta euskaraz ikastolan. Ondo hitz egiten dute euskaraz. Gaztelaniaz ere nahiko ondo dakite. Dena den, ezberdina da bata eta bestea gaztelaniaz hizketan hasi ziren modua. Esan nezake Harryk kolpeka hitz egiten zuela gaztelaniaz. Dena zen hots eta zarata: ¡oye!, ¡tio!, ¡eh!, ¡tronco!... Lilik, aldiz, sekulako hitz eta esaldi kateak egiten ditu, berritsu-berritsu. Hizkuntza zaletasuna du Lilik. Laugarren hizkuntza ikasten hasi da: frantsesa».

Ez 'nacionalistic'
«Gertatu izan da inork gure seme-alabei galdetzea: 'Zer zarete zuek, ingelesak ala euskaldunak?'. Harryk, nola den kontua. Ingelesa dela igual esango du, baina futbolaz ari direnean hemengoa da, eta euskal selekzioaren aldekoa. Lili, biak da. 'Basque and English', dio hark. Gu, berriz, ez dakit zer garen ere. Ez naiz oso nacionalistic, ez naiz oso ingelesa eta, dudarik gabe, ez naiz euskalduna. Europarra! Horixe! Txinan bizi izan nintzen garaian konturatu nintzen: 'Ez naiz asiarra, europarra baizik!'»

Euskaldun berriak
Jose Mari Aranalde zenak behin edo behin esandakoaren haritik, alegia, euskaldun berriek monumentua beharko luketela:

«Ni lotsatu egin naiz, hainbeste urte hemen eta euskaraz hobeto ez jakiteagatik. Askoz gehiago jakin beharko nuke. Ondo hitz egin nahi dut, baina kostatu egiten zait. Baina euskaraz ikasten saiatzea, etorkin izanda, normala iruditzen zait. Saiatzea, gutxienez. Dena dela, egidazu berriz galdera hogei urte barru!».

Nortasun agiria

Diana Lindsay (Londres, 1960). Eskoziar leinukoa. Ingalaterran ez ezik hamaika leku bazterretan bizi izandakoa. Ugandan eta Kenyan. Italian eta Txinan. Historia eta Hizkuntzalaritza Aplikatua ikasketak eginak ditu. Euskal Herrian da 1988az gero, ingelesa irakasten. Eusko Jaurlaritzarekin, EHUrekin eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartearekin kolaboratu ohi du, eta Gipuzkoako ikastolekin Eleanitz-English zuzendaritza pedagogiko taldean da 1993tik. Gordean ari zen ikertzailea argitara etorri zen joan den azaroan, Londresko Buckingham jauregian. Ikastolek jaso zuten sari handia zen aitzakia eta «Tuntuna ni!», esan digu, erdi barrez. Donostian bizi da Phil senarrarekin eta Harry eta Lili seme-alabekin.


Azkenak
2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Eguneraketa berriak daude