Eliseu Climent, Octubreko sustatzailea: «Valentziako kultura katalana da berriro»
Tres i Cuatre argitaletxea, Acció Cultural del País Valencià, Josep Renau fundazioa eta Octubre sarien sortzaile eta Ausiàs March fundazioko eta Institució Cívica de Pensament Joan Fuster-eko presidente da Eliseu Climent. Besteak beste. Bere lan guztia biltzeak luzeegi joko luke. Esan dezagun gurdiari tiraka bide malkartsuan gora egiten aditua dela, oztopoak gainditzen zaildua. Beste titulu bat ipintzearren, Valentziako PPkoentzat pertsonarik gorrotatuenetakoa da. Baina horrek ez du kezkatzen. Laudorioek ere ez. Gustura, egindako lanaz harro, erakutsi digu Octubre zabaldu berria.
Urte mordoa pasa da egoitza berri baten bila hasi zinetenetik. Nola hasi zen abentura?
Orain gure garairik onenean ikusten gaituzu, baina orain arte 70eko hamarkadako alokairuko pisu txiki batzuetan pilatuta egin dugu lan, klandestinitate garaian bezala. Josep Renau Fundazioarentzat toki egoki baten bila hasi ginen. Niri ahaztu egin zitzaidan hau hemen zegoenik ere, hainbeste urtetan itxita egonda. Baina salgai ipini zutenean, aurrera egitea erabaki genuen. Herriaren alde egin daitekeen zer edo zer ikusten badut, egin egiten dut. Arazo handitan sartzen naiz, baina konpondu egiten ditut. Nire adinagatik lagun asko ditut eta iraultza zerga eske joaten natzaie.
Diru asko zen guretzat, baina lagun batzuk konbentzitu genituen, Jordi Pujol tartean. Horrelako proiektu nazional bat Valentzian kokatuta egotea funtsezkoa zela esan genien. Katalanen laguntza jaso genuen. Hemengo instituzioek, noski, ez ziguten batere lagundu. Alderantziz, Josep Renau fundazioaren izenean egin behar genuen erosketa baina, fundazioa izaki, Generalitateak erosketa debekatzeko aukera du, eta hala egin zuen.
Zer egin zenuten orduan?
Eraikina kudeatzen zutenengana jo nuen zuzenean. Jakin nuen gaztetan konprometitutako jendea zela eta esan nien eraikina nahi nuela haiek gaztetan zituzten proiektuak bertan kokatzeko. Azkenik elkarte bezala erosi ahal izan genuen, horrela Generalitateak eskua sartzerik ez baitzuen izango. Hori bai, diferentzia 70 milioi pezetakoa zen. Zigorra izan zen.
Baina hor ez ziren arazoak amaitu...
Eraikina deseginda zegoen. Bartzelonako, Mallorcako eta Valentziako arkitektoak aukeratu genituen berritze proiekturako, sinbolikoki garrantzitsua zen Herrialde Katalanetako gune ezberdinetako jendea proiektuaren barruan egotea. Hiru urtetik gora aritu gara berritze lanetan.
Gainera harresi arabearen arrastoak aurkitu genituen eta horrek arazo handiak ekarri zizkigun. Harresia azaldu eta ia egunero manifestazioak genituen hemen parean, eskuin espainoleko jendearenak. Gorteetan ere PPko diputatu batek eskatu zuen eraikina berreskuratu behar zela, ondare historikoa ez zela galtzen utzi behar. Haiei bost axola ondare historikoa, baina aitzakia bazuten gure lana oztopatzeko.
Eraikinak eta bere kokapenak garrantzi sinboliko handia omen du.
Hau Valentzia nazionalaren bihotzean kokatuta dago. Harresi arabearen gainean egoteaz gain, Merkatu Zentrala, Merkatarien Lonja, Micalet dorre ezaguna... Denak hemendik gertu daude eta denak katalanek eraiki zituzten.
Gainera El Siglo almazenen iragarkiak ere hala zioen garai batean: 'En el corazón de Valencia'. Merkatal gune garrantzitsua izan zen 60ko eta 70eko hamarkada arte eta hori psikologikoki garrantzitsua da. Valentziako jendearentzat eraikin enblematikoa da eta jendeak pena hartzen zuen eraikina hain egoera tamalgarrian ikusita. Eta hain justu katalanista separatista gaiztook izan gara berreskuratu dugunak. Katalan inperialistek Valentzian dena lapurtzen dutela esaten duten haiek isilik geratu dira. Hau hemen geratzen da, eta erortzear zena hiritarren zerbitzura ipini dugu.
Orduan, eskuin espainiarra, horrenbeste oztopo ipini ondoren, isilik geratu da azkenean?
Proiektuak beldur ematen zigun hemen eskuin espainiarraren nukleo oso gogorrak daudelako. Orain hemen behean dagoen Tres i Quatre liburu dendak bi atentatu jaso zituen iaz. Eta hemen denak espazio bakar batean biltzea bereziki arriskutsua izan zitekeen. Nik ez dakit hemendik aurrera zer gerta daitekeen, baina orain arte pintada bakar bat ere ez dute egin. Iruditzen zait hau handiegia dela haientzat. Eta jendeak oro har oso ondo hartu duela proiektua, onarpen zabalegia duela. Uste dut politikoki, afera nazioanala deskriminalizatzeko oso garrantzitsua izan dela. Hala ere, insitutuzioek ez digute ezertan lagundu, guk formalki laguntza guztiak eskatuta ere, inauguraziora ere ez dira azaldu.
Baina Camps presidenteak zoriontzeko mezu bat bidali omen zizuen...
Prentsak puztu egin zuen hura. Ez gintuen zoriondu, mezu bat bidali zigun esanez hau zabaldu genuela aintzat hartzen zuela. Harengandik etorrita asko iruditzen zait, hala ere.
Azalaz ari gara, eraikinaz, baina barruan lan ildo ugari bildu duzue.
Garrantzitsuena edukia da, hemen landuko diren lan ildo nazionalak. Esparru asko dagoeneko martxan dira aspaldi. Octubre urte askotako lanaren oinordeko da. Baina lan esparru horiek zabaldu egingo ditugu. Nolabait, Herrialde Katalan guztien jardunak artikulatuko dituen gunea izatea nahi dugu, ikuspuntu kultural eta sozialetik begiratuta, ez ikuspuntu politiko edo instituzionaletik, horiek dagoeneko beste batzuek betetzen baitituzte.
Valentzia bezalako hiri bat, 30 urtetako sarraski kulturalaren ondoren, abangoardiaren bitartez soilik errekupera dezakegula uste dugu. 60ko hamarkadan Fuster eta enparauek egindakoa errekuperatzeko bidea hori da. PSOE eta ondoren PPrekin hainbeste urtetan egonda, abangoardia hori desartikulatuta baitzegoen.
PSOErekin ere bai?
Ez zen PP bezalakoa, hori garbi dago. Ez zuen hainbesteko oztoporik jartzen, baina laguntzarik ere ez zuen ematen.
Zergatik Valentzian eta ez, adibidez, Bartzelonan?
Atzo Carles Santosen erakusketa inauguratu zen; lehen aldiz Kataluniako Generalitateak erakusketa bat inauguratu du Valentzian, horrek esan nahi du batasun nazionala oztopatzen zuten horma batzuk erortzen hasi direla. Eta adibide bat baino ez da. Aste gutxitan osmosi ikaragarria sortzen ari da. Osmosi hori unibertsitate mailan bazegoen, baina orain gizarteratzen ari gara. Gurea birnazionalizazio proiektua da.
PPren deskatalanizazio, deskulturalizazio kanpaina etengabeak zein eragin izan du? 15 urteren ondoren baikor izateko arrazoiak ba al daude?
PP boterera iritsi zenean gure funtsezko egiturak antolatuta zeuden. 15 urte lehenago iritsi izan balira tragedia izango litzateke. Esaterako, katalanezko hezkuntza erabat egituratuta zegoen. Egitura horiei esker, PPren erasoari aurre agin ahal izan diogu.
Hemen arazoa ez da PPren jarrera edo errepresio frankista bakarrik. Hemen XV. mendean Tirant Lo Blanc argitaratu zenetik, kultura gazteleraz egin da. Herri hau desagertzera kondenatua zegoen. Eta une honetan, Valentzian, kultura katalanak gaztelerazko kulturak baino pisu handiagoa du. Herri honetako kultura katalana da berriro, kultura katalana da erreferentzia. Herrialde katalanetan kulturalki gehien hazi dena Valentzia da, erabat deseginda geundelako. Noski PPk kalte egin duela, baina herri honek etorkizuna du. Hizkuntza behintzat salbatua dago, hori ziur.
Duela urte batzuk politika beste batzuentzat uzten zenuela zenioen, zuk kultura egiten zenuela.
Ni politikoa naiz. Eta klandestinitatean politikan aritu nintzen. Baina zirkunstantziek kulturara eraman ninduten. Herri honetan politika egiteko beharra zegoen, baina behar larriagoa zen jendea egituratzea, lan kultural eta soziala egitea. Behin hori egituratuta, gero etorriko zen politika, eta nolabait hori gertatu da. Aholku onak jaso nituen garai batean, Fusterrek, Pujolek, ez ninduten politika aktiboan sartzen utzi, eta segur aski arrazoi zuten esparru honetan emaitza hobeak emango nituela pentsatzean.
Aitaren negozioa utzita
«Aitak ardo negozioa zeukan eta nik, seme bakarra izaki, negozioarekin jarraituko nuela uste zuten denek. Baina herrigintzan arituko nintzela pentsatu nuen egun batean. 60ko hamarkadan erokeria zen hura. Gurditxo batekin hemendik gertu dagoen plaza batera joaten ginen katalanezko liburuak saltzera. Ez naiz damutzen, gustura nago egindako lanarekin. Noski, beti pentsatzen dut gehiago egin nezakeela, gauzak hobeto egin nitzakeela. Porrotak asko izan dira, baina merezi du».