Gipuzkoa-Bizkaia muga (I): Itsasotik barrualdera


2021eko uztailaren 16an
Gipuzkoako kostaldeko Deba herrian hasiko dugu txangoa, bertan itsasoratzen den izen bereko ibaia gurutzatzen duen zubia zeharkatuz. Lasaitu ederra hartu du zubi zahar honek Mutrikurako trafikoa saihesbide berritik desbideratu dutenetik. Atzean geratu dira garai batean zubi honetan gertatu ohi ziren auto pilaketak.

Urasandi izeneko auzunera heldu bezain laster eraikinen atzealdetik mendi aldera jotzen duen pistan gora abiatuko gara. Kalbario, edo Galbaixo, ermitara eramango gaituzte Santiago Bideko gezi horiek eta Mutrikura doazen GR-121 (Gipuzkoako Bira) ibilbideko margo ikur zuri gorriek. Jarraitu beharreko bideak ez du galtzeko arriskurik, bidegurutze garrantzitsuetan egurrezko zutoin adierazleak baitaude. Ez da, beraz, galdu beldurrik Debatik Ermuaraino, zutoin horiei erreparatuz gero behintzat.

Kalbarioko ermitara heldu baino lehen Mutrikuranzko margo ikur zuri gorriak utzi eta kostaldeko Santiago Bideko gezi horiak jarraituz osatuko dugu azken txanpa. Kalbarioko ermitatik Mutriku eta inguruko kostaldearen gaineko ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izango dugu. Antzina Urkamendi zeritzon tokian kokatzen da Kalbarioko ermita (250m); diotenez, pertsona batzuei aitortza hartu zitzaien inguruko Arategi baserrian, ermita dagoen lekura igo eta bertan exekutatu aurretik. Mutrikuarrek, arrantzaleek batez ere, debozio handia diote Kristo Kalbariokoari eta bere eguna, irailaren 14a, jai egun handia izan ohi da urtero.


Arnoko artadia

Kalbarioko ermita dagoen gaintxotik Arno mendigunea parez pare ikusiko dugu ibilaldian estreinakoz. Kare harrizko Arno mendia artadi ederrez inguratua dago; hain dira aberatsak mendi multzoa inguratzen duten artadiak, ezen, Europako Batasunak, Kantauri isurialdeko oparoena delako, natura interesdun guneen Natura 2000 zerrendan sarturik baitauzka. Arnoko gailurretarantz zuzenduko ditugu, beraz, ondorengo urratsak.

Gailur nagusi bi dauzka Arnok: Arnoko gurutzea dagoen gailurra (601m), kostaldeko ikuspegi ederrenaz gozatzeko aukera ematen duena, eta Bandera deritzona (618m), aurrekoa baino garaixeagoa baina ikuspegi murritzagokoa. Mendizale petoak izaki, biak igoko ditugu, gailur bildumatxo pertsonala loditze aldera. Egia esan, oso gertu dago bata bestearengandik, eta ez digu aparteko ahaleginik eskatuko biak igotzeak. Malda gogorrenak aurretik igo behar dira gailurrerian sartzeko... Bidean goazela Apaingo Ama Birjinaren iruditxo batekin egingo dugu topo, "Apaingo Ama - Zaindu mendizaleak" dio idatzirik irudia gordetzen duen kutxa gardenak. Hausnarketarako tartetxo bat hartu ondotik aurrera egingo dugu Arnoko eremu garaienera heldu asmoz. Luze baino lehen Arnoko gurutzea kokaturik dagoen muinora helduko gara eta, eguraldia lagun, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeko ikuspegi paregabeaz gozatuko dugu merezitako atsedena hartzen dugun bitartean.

Harri pila txiki edo kairnak jarraituz Arno mendiguneko Bandera deritzon gailurrera igo ostean Arnoate lepora eramango gaituen bidexka nagusira itzuliko gara kontu handiz; margo ikur zuri gorriak gidari. Poliki-poliki atzean utziko dugu Arnoko artadi berezia; aurrerantzean pinua bidelagun. Edozein kasutan, gustura egingo dugu bidean aurrera, jende gehiegi ibiltzen ez den paraje hauetan barrena. Gure lasaitasunerako egurrezko zutoin batek Arnoatetik gertu gaudela iragarriko digu halako batean, eta ustekaberik gabe ailegatuko gara bidegurutze garrantzitsu honetara. Leku honetan Olatzeko bailaratik igo diren Santiago Bideko gezi horiekin egingo dugu topo; laster Markinarantz desbideratuko dira geziak. Urkarregiko mendateko errepidea da gure hurrengo mugarria eta bertara abiatuko gara Arnoateko baserri ondoan dagoen ikuzleku ederrari argazki bat edo beste atera ondoren.

Bide zabala jarraituz Urkarregiko mendatera inguratuz goazen heinean, Markinako ibarreko ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izango dugu; Urregarai, Bedartzandi eta Iluntzar gailurrak erraz ezagutuko ditugu, baita, nola ez, Oiz konfundiezina ere. Konturatu orduko, Urkarregi lepora helduko gara, Gipuzkoako Elgoibar eta Bizkaiko Markina lotzen dituen errepidera, hain zuzen. Une honetan, garrantzitsua eta komenigarria da gure indarraren diagnosi koxkor bat egitea; hau baita ibilaldia modu errazean eteteko puntu egokiena -San Migel auzora eta, hemendik, bospasei kilometro beherago dagoen Elgoibarrera jaisteko aukera-. Kontuan hartu behar da, jarraian egin beharko diegula aurre eguneko malda gogorrenei -Kalamua eta Urkoko igoerak, besteak beste-.


Kalamua-Akondia mendigunea

GR-121 eta GR-123 ibilbideetako margo ikur zuri gorriak jarraituz, Kalamua mendiko maldari aurre egingo diogu, larre eder bat zeharkatu ondoren. Izerdi pixka bat isuriz erraz irabaziko ditugu metroak harik eta bidegurutze garrantzitsu batean egurrezko zutoin adierazle batekin topo egin arte. Kalamuako gailurra saihesten dute berez, ezkerretik zein eskumatik, GR-121 eta GR-123 ibilbideek baina guk, Kalamuako azken maldari zuzen-zuzenean egingo diogu eraso, parean dugun erdiko bidexkan gora, ikuspegi ederra eskainiko digun gailur magiko honetara igo asmoz.

Basotik irten eta azken ahalegintxo baten ondoren jende ugarik bisitatu ohi duen Kalamuako gailurrera helduko gara (771m). Tontorretik txangoaren azken txanpa beha daiteke parez pare: Garagoitxi, Akondia eta, atzean, Urko. Eguraldia lagun, Gipuzkoa eta Bizkaiko mendi gehienak ezagutuko ditugu mugako gailur honetatik, bereziki: Arno, Andutz, Agido, Sesiarte, Erlo, Kakuta, Atxolin, Karakate, Irimo, Aizkorri, Udalaitz, Anboto, Oiz, Iluntzar, Urregarai eta Bedartzandi. Markinako ibarra eta Elgoibarko San Pedro auzoko bailaratxoa ere, esku eskura ditugula dirudi Kalamuako dorretik.

Zelai goxo batean behera egingo dugu jarraian Kalamuako leporaino; une honetan aukera bi: Garagoitxi (723m) eta Akondia (749m) gailurrak igo eta zuzen zuzenean, Usartzako atseden lekutik, Ixuako mendatera jaistea, edo, ibilaldia pixka bat luzatuz, Arrateko Amari bisitatxoa egitea. Bigarren aukera honek, ibilbidea hiruzpalau kilometro luzatzea eskatuko digu. Edozein kasutan Urkoko gailurra eta txangoaren amaiera gertu suma daitezke dagoeneko.

Arrateko santutegia Euskal Herri osoan da ezaguna; horren erakusgarri irailaren 8an ospatu ohi den erromeriara hurbiltzen den jendetza. Arrateko Amaren XIV. mendeko irudia gordetzen du elizak, Ignazio Zuloaga margolari eibartarraren zenbait lan ere badira han hormetan eskegita, baita itsasontzia ere sabaitik zintzilik.

Aurrera eginaz Akondia mendiaren magalean kokaturiko Akondia baserria eta San Pedro baselizaren albotik igaroko gara; 1936 eta 1937 urteetan gerrako frontea egon zen inguru honetan. 70 urte beranduago trintxerak dira orduko orbainak. Lehenago, XIV. mendean, Ahaide Nagusien arteko guduan banderizoen borroka gertatu omen zen hemen. Eta San Pedro egunean (ekainaren 29a) meza eman eta soroak bedeinkatzeko ohitura bizirik dago oraindik.


Urko eta behera

Gutxi falta da zeharkaldi zoragarri hau amaierara hel dadin; bidexka nabarmena jarraituz Ixuako mendatetik Urkoko gailurrera igoko gara (795m). Hemendik jaitsiko gara Eibarrera. Egia esan behin Urkoko gailurrean egonda antzera kostako zaigu Eibar edo Ermuara jaistea. Batera zein bestera jo, Ego ibaiaren arroara jaitsiko gara. Eibar pasa eta gero, Maltzaga parean, isurtzen da Deba ibaian Ego. Garaiera pixka bat galdu ahala, eta batik bat Elorreta baserrira heltzearekin batera, mendi bideak ugaldu egingo dira norabide guztietan eta erraza izango da herri batera edo bestera jaistea. Gure proposamena ibilbidea Eibarko Amaña auzoan amaitzea da.

Armagintza Eibarren
Armagintzaren bihotza osatzen duten herriak lau dira: Ermua, Eibar, Elgoibar eta Soraluze. Azkena izan zen ardatza -hortik gaztelerazko izena: Placencia de las Armas- bertan jarri baitzen Errege Arma Fabrika.

1482koa da Eibarko arma ekoizpenaren berri ematen duen aurreneko agiria; Eibarren egin ziren lonbarda biren aipamena dakarrena, alegia. XVII. mendean asko hazi zen armagintza gerrateek eta nobleziaren eskaerek bultzatuta. 1735ean, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas elkarteak bere gain hartu zuen armagintzaren erantzukizuna. Kaxaginak, txispaginak, kanoiginak eta aparejeroak ziren armagintzaren gremio nagusiak. Gremioak, orduz geroztik, elkartearen babespean geratu ziren eta horrela jarraitu zuten 1865ean betiko galdu eta armaginak sistema kapitalistara makurtu ziren arte.

Teknika berriak sortu ziren -pistoia txisparen ordez, kerik gabeko sutautsa, tiro egiteko sistema automatikoak…- eta honek tailerren garapena ekarri zuen. XX. mende hasieran sekulako gorakada izan zuen armagintzak Eibarren: urteko ia milioi erdi arma ekoizten zituzten armagintzan aritzen ziren mila eta gehiago beharginek. Lehen Mundu Gerrak eskaera puztu zuen, baita gerraosteak beherakada nabarmena ekarri ere; ekoizle asko beste alor batzuk jorratzen hasi ziren -josteko makinak Alfak, eta bizikletak Orbeak, esaterako-.

Gerora gorakada eta krisialdiak izan ditu armagintzak baina sekula ez du lurrik jo. Gaur egun oso gutxi dira armagintzan dihardutenak. Eta luxuzko ehiza eskopetagintza da lantzen den alor bakanetakoa; ekoizpen txikia eta kalitate bikainekoa.

Aipagarria da, halaber, armak eskuz egiten zirela dakigunetik bost mende igaro badira ere, armak egiteko sistema bera ez dela ia ezertan aldatu. Aldaketa bakarra mekanizazioarena izan da. Gainerako guztia eskuz egiten da eta behargin bakoitzak bere zereginari eutsi dio mendeen joanean: kanoiginak kainoia egiten jarraitzen du, kaxaginak kaxa eta baskulaginak baskula. Ondoren muntatzaileak batuko ditu osagai guztiak eskopetari amaierako forma emanaz.

Ibilaldiaren ostean, trenez Debara itzuli aurretik, berriki zabaldu duten Eibarko Armagintzaren Museoa bisitatzea aukera ona da. Museoa Eibarko erdigunean dago, San Andres elizatik gertu, Portalea Kultur Etxearen 5.solairuan.

- Ordutegia: Asteartetik igandera 16:00etatik 20:00etara.

- Tarifak: Ostegunetan doan, osterantzean helduek: 3,00 euro; erretiratuek, ikasleek eta 16 urtetik beherakoak: 1,50 euro.


Azkenak
Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua

Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da

Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-17 | Julene Flamarique
Chido zikloiak Mayotte uhartean milaka hildako eragin dituela kalkulatu dute

220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]


Eguneraketa berriak daude