Asier Gozategi: «Nahiago dut ehun mila disko pirata saldu, bost mila original baino»


2021eko uztailaren 19an
Trikitiak aldaketa asko jasan ditu azken urteotan. Asier Gozategik aldaketa horretan bere apurra jarri du. Tradizionaletik ikasi du dakien guztia, baina nortasuna eman dio instrumentuari. Ez da hausteagatik hautsi nahi duen horietakoa, ezta fotokopiatzea gustuko duenetakoa. Gizarteaz kezkatuta, kantuen bidez bizitzen ari garena erakutsi nahi du. Hemendik urte batzuetara Goztgi.kom

1995ean hasi zen Gozategi talde moduan jotzen. Noizbait pentsatu al zenuten, trikitiak hainbesteko zaletasuna zuenik Euskal Herrian?
Hasi ginenean ez dut uste hainbesteko zaletasuna zegoenik. Plazaratu genuen lehen diskoaren arrakasta harrigarria izan zen, eta ordura arte trikitia sekula entzun ez zen txokoetaraino iritsi zen. Adibidez, 40 Principales irrati katean entzuteraino edota giro euskaldunekoak ez ziren tabernetan jendeak dantzatzeraino. Trikitiak nortasun handia du, eta estilo tradizionaletik haratago Kepa Junkerak eta Joseba Tapiak beste zentzu bat eman diote instrumentuari. Beti ere, aurrekoa baztertu gabe, baina pieza berriak sartuz. Agian, hasieran euskal entzuleak ez zuen ulertzen aldaketa hori, eta musikariok entzuleek bezala ikasten joan behar izan dugu.

1995ean, diskoa ateratzearekin batera bizi izan zen triki-boom horretan, trikitiak bere benetako identitatea berreskuratu zuela uste dut.

Bost urtetan lau disko kaleratu zenituzten, aldiz azkenekoa ateratzeko sei urtez isilik egon zarete. Zer egin duzue urte hauetan guztietan?
Bizitza aurrera atera ahal izateko, musikaren aldeko apustua egitea oso arriskutsua da Euskal Herrian. Egia esan, musika egiten jarraitzeko bestelako sostengu batzuk izatea beharrezkoa da. Diru-iturri bakarra musika izanik bizitzea, oso zaila baita. Sei urte hauetan arrebak (Ainhoa Gozategi) eta nik ostatua ireki dugu Orion, eta Iñigo Goikoetxeak ere negozio bat ireki du. Halere, bestelako lanak egitearen arrazoia beti izango da musika egiten jarraitu nahi izatea.

Elkar disketxeak ekoitzi ditu aurreko lau diskoak, oraingoan, ordea, Babelmusik disketxe berriagatik egin duzue apustu. Zer dela-eta aldaketa hori?
Elkar disketxearekin 2000n atera genuen azken diskoa, eta ondorengo 2-3 urteetan gure lehentasuna ez zen disko bat ateratzea izan, talde bezala bestelako nahi batzuk genituen. Geure burua diskoa ateratzeko prest ikusi genuenean ordea, konturatu ginen gu ez ginela sartzen Elkarren planetan. Sarritan disketxearen interesak eta musikarionak ez datoz bat, diskoetxeen lana estrategia kontuak baitira, eta horiek musikarion bizitza erabat baldintzatzen baitute. Gogorra izan zen, azken batean, guk Elkarrekin 100.000 disko baino gehiago saldu genituen, eta ez genuen horrelako jarrerarik espero. Elkarrek produktuari eta salmentari begiratzen dio, ez musikariari. Babelmusik disketxeak, eskaintza bat egin zigun. Disketxe berria da, eta egun disketxe txiki asko desagertzen ari diren momentuan, Babelmusik sortzea asko gustatu zait. Nolabait, horrek erakusten baitu korrontearen aurka doala, eta nik hori atsegin dut. Gainera, ona da gauza berriak probatzea, jakiteko aurrez probatuta zenuena ona ala txarra zen. Aldaketak geuregan ilusioa piztu du.

Batzuek diote azken disko honekin «hasierako jarrerara» itzuli zaretela.
Niretza hori piropoa da. Kontutan hartu behar da, hasierako diskoa oso naturala eta espontaneoa izan zela. Lehenengo diskoa entzuten dudanean konturatzen naiz, ingenuitatez beterik dagoela, nahiz eta, oraindik ere gure barruak esan nahi duena adierazten jarraitzen dugun.

Gustura al zaudete Goztgi.kom diskoaren emaitzarekin?
Oso, oso gustura. Lana egiteko modua ere oso desberdina izan da. Guk orain arte Elkarreko estudioa bakarrik ezagutzen genuen, baina oraingoa ezberdina izan da. Aldaketak egoteak, aurretik izan duzuna apreziatzeko aukera ematen dizu, eta konturatu gara aurretik izan ditugun teknikari, musikari, produktore eta abarrek maila altua zutela.

Disko bakoitzak bere identitadea duela dirudi, zein da Goztgi.kom diskoaren identitatea? Zer esan nahi izan duzue?
2000az geroztik hainbat gertakari izan dira, eta Goztgi.kom diskoan hori guztia islatzen saiatu gara. Pezetetan saldu genuen aurreko diskoa... Sei urte hauetan behi eroak, ilegalizazioa, irailak 11, Egunkariaren itxiera, etorkinen etorrera... gertatu dira. Ez dugu gaiak bilatzen ibili beharrik izan, gaiak mahai gainean baitzeuden. Guk disko hau, bizi dugun gizartean erreferente izatea nahi dugu, nolabait hemendik hamar urtetara norbaitek diskoa entzungo balu, jakitea zer gertatu zen hamar urte lehenago. Nik musikaren bidez aldarrikatzeko beharra sentitzen dut eta horixe egiten dut.

Musikari bat musika egitetik bakarrik bizi al daiteke Euskal Herrian?
Zuzeneko musikari bezala bizitzea oso zaila da. Urte batzuetan bizi daiteke, eta gutxi batzuk bizi dira, baina oro har, musikariak lan egin behar du jendeak bera kontratatzeko. Errazagoa da tabernan zortzi ordu sartu eta etxera joatea.

Kanpotik badirudi musikariok nahi duzuena esan eta egiten duzuela, autonomia handia duzuela lanerako. Ideia zuzena al da?
Ahal duguna egiten saiatzen gara, eta nahi duguna ahal dugunarekin bat datorrenean, hori lortzen dugu. Ederra izaten da.

Kanten letrak zuk zeuk idazten dituzu, kolaboratzaile batzuez gain. Azken disko honetan atzerritar batzuk ere parte hartu dute?
Letrak gehienak nik neuk idazten ditut, eta kantuaren esanahiak katalanera eta galizierara itzuli dira. «Extranjeroek» itzuli dute. Ez ditugu orain arte bezala gaztelaniara eta frantsesera itzuli eta kantua hitzez hitz itzuli beharrean, kantuaren nondik-norakoa bakarrik azaldu dugu. Honez gain, Ijituak kantuan Julian Cobzaru akordeoi jolearen laguntza izan nuen. Errumaniarra da eta egunero Donostiako Boulevarrean jotzen aritzen da. Bion artean, oilar jokoa egiten dugu kantu horretan, bera akordeoiarekin eta ni trikitiarekin.

Azken urteotan asko hitz egin da top-manta edota Internet bidez musika doan jaisteari buruz. Zenbateko eragina dute musikariongan horrelako jarduerek?
Gehienbat disketxeei eragiten die, baina beraiei eragiten dien momentutik geuregan ere badu zeresana. Egia da, Euskal Herrian mugitzen diren kopuruak ez direla handiak, baina, internazionalki mugitzen diren taldeetan erreparatuko bagenu diru askoz ari gara hitz egiten, eta galera ere horrelakoa izango da. Halere, nik nahiago dut ehun mila disko pirata saldu, bost mila original baino. Horrek esan nahiko baitu gure musika hedatzen ari dela. Gainera, guk etekina zuzeneko musikatik ateratzen dugu.

Internetek ikaragarrizko aldaketa ekarri du, eta badirudi etorkizun hurbilean diskoak produktu bezala desagertu egingo direla. Musika beste modu batean hasi beharko da saltzen. Tomateak Internet bidez jaitsi ahalko balira, nork erosiko lituzke dendan? Musikarekin berdina gertatzen da.

Musikarion lanak oso ezegonkorra dirudi. Ez da egunean zortzi orduko lana. Zer iruditzen zaizu?
Musikariak berak jartzen ditu arauak, ordutegiak edota funtzionatzeko moduak, beti kontutan izanda bizitza aurrera ateratzeko norberak estrategia batzuk izan behar dituela. Seguru nago gazte batek bere gurasoei musikaria izan nahi duela esaten dienean, gurasoak ez direla poztuko. Inork gutxik sinisten baitu zuzeneko musikatik bizi daitekeenik. Musikatik bizitzea apustu handia da, arrisku handia dakar, eta egiten ari zarenean sinistea ezinbestekoa da.

Zein da gogoan duzun momentu profesionalik onena?
96an Bilboko jaietan izan zen. Bertan musika jo behar genuen, baina iritsi ginenean eta tabloia hutsik ikusi genuenean, hura sustua! Segituan managerrari deitu genion, eta berak jaietako antolatzaileari. Dagoeneko berandu zela-eta, ezin izan zuten musika ekiporik lortu. Zerbait lortu zuten, eta hiru kanta besterik ez genituen jo, bat Emoixtaxux muxutxuek izan zen. Entzuleak ez ziren haserretu, eta ikaragarria izan zen hura. Egia esan, haserretuta geundenak gu ginen, antolatzailearen hanka sartzeagatik. Hiru kanta jo ondoren, ordu eta erdiz egon ginen sinadurak ematen. Izugarria izan zen...
Bestalde, lanbide honek eman digun gauzarik onena, hainbat leku ezagutzeko aukera izan da, besteak beste; Argetinan hiru aldiz, Uruguayn, Finlandian, Katalunian, Madrilen eta abar egon gara. Eta jakina, Euskal Herriko txoko asko ezagutu ditugu. Honek guztiak jende asko ezagutzeko aukera eman digu eta horrek ez du preziorik.

Nolakoa da Asier Gozategiren egun arrunt bat?
Niretzat, egun denak desberdinak dira. Egunero, arratsaldean hasi eta itxi arte tabernan aritzen naiz lanean, astean bitan trikiti klaseak ematen ditut Orion. Goizetan ahal badut lo egiten dut, nahiz eta, beti egoten den zerbait egiteko.

Gustura al zaude lortu duzunarekin?
Bai, baina kontziente naiz egindakoarekin ez zoazela inora, eta egiteko duzuna dela bidea. Ez dut nahi egindakoaren kezka eduki: egingo dudanaren kezka izan behar dut. Gainera, beste disko bat kaleratzeko asmoa dut, datorren urtera begira, eta horretarako jada lanean hasi behar gara.

Asierren laneko armak
Musikarien lana ez da indibidualki egin daitekeen zerbait, eta Asier Gozategik ondotxo daki hori. Iñaki Gurrutxaga oriotar bertsolariak Gozategi taldearen Kalanbrea, Egunon eta Goztgi.kom diskoetan letrak idatzi izan ditu. Berarekin lan egiteaz gain, lagun onak dira. Hainbat ordu igaro izan dituzte hizketan, musika dela eta ez dela. Gurrutxagaren irudiko Gozategi «nahikoa zorrotza da azken emaitzarekin, ez du onartzen edozein letra, beraz berarekin ezin da errazkerietan ibili». Letra, melodia eta musika bat joan behar dira, nahiz eta, sarritan oso zaila izaten den hori lortzea, eta honakoa gehitzen du Gurrutxagak: «Asierrek berak ere zeresan handia izaten du gure lanean, bere eskutik pasa arte ezer ez baita definitiboa. Dena den, sekula ez du esango 'hau ez jarri', 'nik horrela jarriko nuke' baizik».

Iñaki Gurrutxagaren begirada apur bat pentsamenduetan galdu da, Gozategik eta berak igarotako momentu horietaz oroituko balitz bezala. Orduan, hitza berreskuratu eta berriz ere berriketan hasi da: «Uste dut anekdotarik handiena bera dela. Asier oso gaueko pertsona da, eta ni berriz oso egunekoa. Biorritmo oso desberdinak ditugu, eta bera inspiratzen hasten denerako ni itzaltzen hasten naiz!». Argi dago, euren arteko oreka bilatzen jakin dutela, eta Gurrutxagak dioen lez «behin hori aurkituta, letrak ia-ia bere kasa sortzen dira».


Azkenak
Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Kanibalismoa bizirauteko

Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte. 

Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]


Aliatuen errekorrak

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]


Zer gertatu da DBH 2n? “Ezohiko bi jaitsiera handi” nabarmendu ditu ebaluazio diagnostikoak zientzia eta gaztelanian

Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe

Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.


La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Pantailen erabileraren inguruko hausnarketak

Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.

Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]


Hidrodukto batek zeharkatuko du Aiaraldea?

Petronorrek adierazi du asmoa duela hidrogenoa ekoizteko lantegia abiatzeko Bilboko Portuan eta erregai mota hori Tubacex, Tubos edota Vidrala enpresetara heltzeko, beharrezkoa izango dela hidroduktoa eraikitzea.


Hirigintza araudia malgutu eta etxebizitzen eraikuntza sustatzeko dekretua sinatu du Jaurlaritzak

Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.


2025-02-19 | Nicolas Goñi
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak

Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu zuen. Baina Afrikan egitekoa zuen "inoizko inbertsio pribaturik... [+]


Izena duenak badu izena

Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori... [+]


2025-02-19 | Castillo Suárez
Porcelana Irabia

Baneukan lagun bat Porcelana Irabian lan egin zuena itxi zuten arte, eta jatetxe edo taberna batera joaten ginen aldiro kikara eta plateraren ipurdia begiratzen zituena pieza non egina zegoen jakiteko. Gauza bera egiten dut nik gauza zaharren azoketara joaten naizenetan:... [+]


Eguneraketa berriak daude