Umeak, antzerki ikusle perfektuak


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Egunkarietako agenda sailean begiratzea besterik ez dago haurrei zuzendutako antzezlanak gero eta ugariagoak direla ikusteko. Gorabehera handiak izaten dira -gabonetan ia besterik ez dago eta uda aldean gutxitu egiten da eskaintza- baina oro har, hazkunde bidean dagoen arlo artistikoa dela esan daiteke, duela hogei urte ia ezer ez zela programatzen kontutan izanda. Konpainiek azken urteetan urrats garrantzitsuak eman dituzte hain berezia den antzerki arlo honetan, kalitate handiko lanak sortzeraino. Ez da bide erraza izan ordea, sektorea profesionalizatzen joateak egoera oso larrian jarri baititu konpainia asko. Merkatuak atzaparrak luzatu ditu arlo honetan ere.

Gurean badira denbora luzez haurrentzat soilik lanean aritu diren konpainiak -Teatro Paraiso, Txotxongilo, Kukubiltxo, Panta Rhei, Gorakada, Pirritx eta Porrotx eta Azika, batzuk aipatzearren-, eta badira usuenik helduentzat zuzendutako lanak egin arren, euren errepertorioan haurrentzako lanak ere badituztenak: Markeliñe, Tentazioa, Taun Taun, Txalo, Oihulari Klown, Glu-Glu, Hika, Kanpingags, Agerre edo Ados kasu.

Azken aldian, konpainien ugalketa hori medio, konpetentzia askoz handiagoa dela dio Markeliñe taldeko Jon Kepa Zumaldek: «Konpetentzia horrek eragin ezberdinak izan ditu: espezializazio handiagoa ekarri du batetik eta hala, badira txotxongiloen mundua hautatu dutenak edo haurrentzako lanak soilik egiten dituztenak. Baina bestetik, denetik egitea erabaki dugun beste asko gaude. Enpresa handituz joan da eta arlo gehiagotara iritsi nahi izan dugu». Iruñeko Atiko konpainiako zuzendari Angel Sagüesek -Lehenago TEN-Pinpilinpauxa beteranoan urte luzez aritutakoa-, ere nabaritu du aldaketa: «Hazkunde honek merkatu eta eskari kontuekin du lotura. Antzerkia eta hezkuntza oso loturik egon dira beti eta badirudi hezkuntza aldetik asko ari direla haurrentzako antzerkia bultzatzen».

Hezkuntza arlotik bultzada izatea hazkundearen arrazoietako bat izan daiteke, nahiz eta beste arrazoi batzuk ere ezkutatzen diren atzetik: «Haur ikuskizunetan bete egiten dira antzokiak, helduen antzerkian ez bezala. Programatzaileentzat errentagarriagoa da», gaineratu du Zumaldek. Emanaldiaren kontratazioko katxea, haurrei eskainia izateagatik, ia erdira jaisten da kasu gehienetan.


Bestearen anaia txikia

Arlo honi helduentzako antzerkiaren anaia txikia balitz bezala begiratzen zaio oraindik ere.

Hala aitortzen du Atikoko zuzendariak: «Nahiz eta antzezlana sortzeari denbora eta seriotasun bera eskaintzen diogun, ez da berdin baloratzen. Nazkatuta nago emanaldietan gurasoek haurrak haurtzaindegi batean bezala uzten dituztela ikusteaz, beraiek atzean hitz eta pitz diharduten bitartean. Zoritxarrez batzutan espedienteak betetzeko besterik ez dira programatzen haurrentzako antzezlanak».

Horixe saihestu nahian ekin zioten Gasteizko Teatro Paraisoko kideek duela 13 urte Euskal Herriko bi antzoki programatzeari: Gasteizko Beñat Etxepare eta Bilboko Bilborock antzokiak, hain juxtu. Berriki Espainiako Asociación española de teatro para la infancia y la juventud (Espainiako Haur eta Gazteentzako Antzerki Elkartea) elkarteko zuzendari izendatu duten Paraisoko kide Pilar Lopezek antzoki finkoen beharra azpimarratu du: «Europan oso ohikoa da: konpainia batek antzoki bat du bizileku nagusia eta bertan erakusten ditu bere lanak, baita beste konpainiak gonbidatu ere. Programatzen ditugun bi antzoki horiei esker, ikusleen formazioa trinkotu dezakegu, programazio plural eta kalitatezkoa eskainiz».

Programatzaileen lana, dena den, ez da batere erraza. Izan ere, nahiz eta gero eta konpainia gehiago egon, ikusle kopuruarekin alderatuz, ez dira nahikoak: «Zailtasunak izaten ditugu konpainiak topatzerako orduan. Programatzen den ia guztia euskaraz egiten da, eta ez pentsa hainbeste aukera dagoenik! Batzuetan kanpoko taldeak ere gonbidatzen ditugu eta, emanaldia hitz gutxikoa bada, euskaraz egitera animatu», dio Pilar Lopezek.


Begi-nini zorrotzak

Antzokia ohikoa ez den energiaz beteta dago ikuskizuna baino hamar minutu lehenago. Bosgarren ilarako amak, semeari berokia kentzeko hamaika komeria, alaba txikiagoari bokadiloa janarazten dion bitartean. Aita bat lagun koadrilako seme-alaba guztiekin iritsi da, arnasestuka begiekin leku bila: «Jon, hor ez, etorri hona, kontuz eskailerekin eta utzi gozokiak gerorako!». Noski gozokiak lurrera erori dira eta aretoan dezibelioak goraka doaz bat-batean. Kaos ederra. Hika antzerki taldearen Groau! ikuskizunera etorri dira denak. Antzokietan oso ohikoa ez den ikusmina dago eserlekuetan. Argiak itzaltzean ordea, isiltasun magikoa, begi-nini guztiak irudimenerako ateak zabalik.

«Haurrak ikusle perfektuak dira», dio Sagüesek, «Oso adeitsuak dira, guztiz entregatzen dira ikusten ari direna gustuko badute. Oso ikusle inteligenteak dira, antena guztiak erne-erne dituztenak». Zumalde ere ados dago: «Bereziak dira, batez ere ez direlako tontoak. Ezin dituzu engainatu. Helduek ikusitakoa gustatu ez arren, disimulatu egingo dute, baina haurrari hori ezin zaio eskatu».

Markeliñeko kideak haurrentzako antzerkiak eskaintzen dituen aukerak azpimarratu ditu: «Egin daiteke antzerki sakona, hunkigarria, eta zergatik ez, egungo hizkuntza krudela erabiliz. Haurrak ez dira guk uste dugun bezain sinpleak. Pertzepzioa oso agerian dute, oso erraz harrapatzen dituzte bai ironia bai bigarren zentzuak eta metaforak ere».


Topalekurik apenas

Urte hauetan guztietan egindako aurkikuntzen emaitza dira taula gainean goza ditzakegun antzezlan horiek. Zein istorio dira egokienak haurrentzat? Nola kontatu istorio horiek? Zein antzerki lengoaia erabili? Galdera horien erantzunak konpainia bakoitzak bere kabuz bilatu ditu, nahiko modu isolatuan. Izan ere, nahiz eta gehienek antzeko ibilbidea egin behar izan duten, euskal konpainien arteko harremana hutsaren hurrena da gaur egun: «Konpainien artean ez dago harremanik», dio Atikoko zuzendariak: «Bakoitzak bere bidea jarraitzen du eta ez dago inongo eztabaida gunerik. Gizartearen isla da pittin bat, bakoitza bere habian ezkutatuta bizi da». Antzerkiaren egoerak badu zerikusirik honetan bere ustez: «Antzerkiarekin bizirautea oraindik ere oso zaila da, eta horrek elkar ezagutzea zailtzen du».
Urtero Xixonen (Asturias) antolatzen duten FETEN haurrentzako antzerki azoka garrantzitsua -aurten otsailaren 25etik martxoaren 2ra bitartean egingo da- izaten da maiz euskal taldeen topaleku. Maiatzean Zamoran (Espainia) egiten den TE-VEO elkartearen topalekuetan ere zenbait euskal konpainiak parte hartzen dute. Euskal Herrian halakorik ez izateak elkarlana ia ezinezkoa egiten du gaur egun: «Denok batera egotea garrantzitsua da, dauden hutsuneak ikusi eta konpontzeko», gaineratu du Zumaldek.

Eta bada zer hobetu. Jon Kepa Zumalderen aburuz «lehen antzezteko lekurik ere ez genuelako kexatzen ginen eta orain ia herri bakoitzak antzokia baduenean, hutsik daude asko eta asko». Horixe da antzerkilariek oro har duten kezketako bat. Herrietako antzoki askoren gestioa hobetu beharraz mintzo dira konpainietako kideak, administrazioei horretan duten ardura exijitzearekin batera. Pilar Lopezen iritziz etorkizunean konpainia eta antzokien arteko harremanak sortzea ezinbestekoa da. Nafarroako Atiko konpainiakoek beste zailtasun batzuk ere aipatzen dituzte: «Nafarroako taldeentzat EAEra sartzea oraindik ere ez da batere erraza. Urte asko daramagu euskaraz lanean baina hala ere, oso zaila da. Badirudi zirkuituak oso lotuta daudela, konpainia edo banatzaile gutxiren eskuetan».

Zailtasunak zailtasun, etorkizunarekin baikor ageri dira konpainietako kideak: «Sinetsi nahi dut ikastetxeetatik haurrak antzerkira joan daitezen bultzatzen bada, etorkizunean ikusle heldu gehiago izango dela». Angel Sagües ere baikorra da: «Etorkizuna ondo ikusten dut, ikusleak ez direlako faltako, baina ez dezagun ahaztu antzerkia ez dela soilik komertzio gai. Gizartearen heldutasunerako beharrezkoa den elementua da eta horrela zaindu behar dugu etorkizunean».

Yolanda Arrieta: «Magia konektatzean datza, ez maitagarri edo gnomoetan»
Haurrentzako antzerkiak zein ezaugarri behar ditu?
Erritmo azkarra, musika edo kantuak izatea. Horrez gain oso plastikoa izatea, ez soilik eszenografia baizik eta egiten den hori oso bisuala izatea. Hizkuntza aldetik ere, Groau! idaztean, hitz jokoak sartzen saiatu nintzen eta ahozko ipuinek ematen duten errepikapenaz baliatzen. Ipuin herrikoietako heroiaren bidaia ere oso baliagarria iruditzen zait. Heroi batek zerbait nahi du, eta bidean oztopoei aurre egin behar die. Bidaia amaitzean, beste pertsona bat da, bilakaera bat dago. Horrek funtzionatzen du.

Arlo honetan serio lan egin nahi izanez gero maitagarri, gnomo eta halako pertsonaia arruntei herio eman behar zaiela adierazi zuen Alfonso Sastrek El teatro y los niños saiakeran.
Azken finean oinarrizko emozioetara jo behar da, horrela heltzen baitzara pertsonetara. Bi urtekoa pertsona da eta baita 90 urtekoa ere. Kontua da nola iritsi bakoitzarengana. Eta oinarrizko emozioak ez pentsa hainbeste direnik: beldurra, maitasuna izatearen beharra, inbidia, maitasuna... Horietako asko daude amaierarekin edo heriotzarekin lotuta. Gauzak bukatu egiten dira eta heriotza azken finean ezaguna bukatu eta ezezaguna datorrela da. Hori edozeinek sentitzen du. Magia konektatzean datza, magia ez da maitagarri bat edo gnomo bat.

Gurean ez dugu haurrentzat antzerkia idazten duen jende askorik...
Euskal Herrian denetarik egiten dugun idazle mordo bat gaude. Oraindik ez da halako espezializaziorik iritsi. Hasteko, antzerkia bera ere ikusi behar da zein egoeratan dagoen! Kaka nahaste bat eginda. Lehen behintzat eskola bat bazegoen eta orain hori ere ez. Hainbat talde desagertzen ari dira ez dutelako hortik bizitzeko modurik. Oso desegituratuta dago guztia. Zerbait egiten bada, kointzidentziei esker egiten da. Lehen behintzat talde amateurrak baziren, baina orain hori ere ez. Denek profesionalizatzeko pausua eman zuten, enpresa bilakatu eta konpetitibo izatea erabakita. Baina nola? Zure bezeroa nor den edo ba al dagoen ere ez dakizunean?

Zure burua antzerkia idazten ikusten duzu etorkizunean?
Ni kointzidentzia guztietara irekita nago, adi-adi. Batzutan proiektu narratiboagoak irtengo dira, baina zerbait polita egiteko aukera irtengo balitz, primeran. Antzertin ikasi nuenetik egin ditudan lan guztiak jende multzo baten goxotasunean egin ditut. Antzerkia gauza kolektiboa da, praktikoa oso. 1993an Bihozkadak egin genuen, poesia eta mugimendua uztartuz. Islak ere sortu genuen musika klasikoa, testua eta mugimendua erabiliaz. Diziplina ezberdinak elkar harremanetan jartzea asko gustatzen zait, baina horretarako azpiegiturarik ez dago. Lirikarako garai zailak dira.

Antzezlan motak
Egungo tauletan eduki eta teknika anitzeko antzezlanak eskaintzen dira. Ipuin klasikoetan oinarritutako antzezlanak ugariak dira, eta baita animaliak protagonista dituzten fabulak ere. Musikak ere funtzio berezia betetzen du usuenik halako lanetan. Azken batean edozein gai landu daiteke haurrei begira.


Azkenak
2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Eguneraketa berriak daude