Net Hurbil: Zergatik ditugu hain gogoko lider gogorrak?


2021eko uztailaren 19an
Why Hawks Win (Zergatik diren Zapelatzak Garaile) izenburua daraman artikulua plazaratu du Foreign Policy (Atzerri Politika) aldizkariak. Ingelesez, jarrera gogorren aldeko politikariak hawk izendatzen dira, eta irtenbide malguago edo negoziatuen aldekoak dove. Honako hau euskaraz usoa ipintzeko arazorik ez da; baina hawk gurean belatza edo zapelatza da eta aitortu beharko dugu oraindik ez dizkigula iradokitzen ingelesezko hawk hitzak (gainera hawkish ingelesez erasokorra da) adierazten dizkigun irudi bortitzak. Arranoa izendatu beharko ote genuke gaztelaniaz halcon esaten zaiona? Gabiraia akaso?

Artikuluaren egileak, Daniel Kahneman psikologo eta ekonomiako Nobel Sariarekin ohoratua, eta Eugene Higgins psikologiako irakaslea dira batetik, eta horiekin batera Jonathan Renshon izeneko gazte doktoregaia. Azken honek badauka jadanik liburu bat plazaratua gai honetaz: Why Leaders Choose War: The Psychology of Prevention (Buruzagiek zergatik aukeratzen duten gerra: prebentzio-psikologia). Hiru adituok publikatutako Why Hawks Win honetan esplikatzen dutenez, agintariak, -eta ziurrenik herritar gehienak ere bai- hautua egiterakoan bide gogorra aukeratzeko joera, gizakiok burmuinetan oso barneraturik dauzkagun aurreiritzietan oinarr tzen da.

Agintariek gatazka eta arazo larrien aurrean, aholku eskatzen diete laguntzaileei, eta hauek bitan sailkatzen dira eskema honen arabera. Batetik daude hawk edo zapelatzak: indarra erabiltzearen aldekoak, arerioari ezertan amore ematearen kontrakoak. Denetan etsaiak ikusten dituzte; AEBetako politikaz ari bagara, mundu osoa erregimen etsaiez dago beteta, horien ustez. Beste aldean daude dove edo usoak, dena indarrez ezin dela konpondu eta soluzio politikoei ateak ireki behar zaizkiela uste dutenak, elkarrizketa eta negoziazio aukerak badaudela uste dutenak.

Kahneman, Higgins eta Renshonek idatzi dute psikologia modernoak erakusten duela erabakiak hartu behar dituzten politikariak aldez aurretik joera daukatela zapelatzei gehiago sinesteko usoei baino. «Izan ere, gizakiaren buruan sakon itsatsita daude irtenbide bortitzen aldeko aurreiritziak».

Psikologia sozial eta kognitiboak ezagunak ditu gizakiak egoerak juzgatu eta arriskuak baloratzeko garaian jasaten dituen zenbait errore, psikologoek aurreiritzi edo bias izendatzen dituztenak. Adibidez, jendeek joera dute beren ahalmenak benetan diren baino handiagoak direla sinesteko. Gutako %80k uste du autoa gidatzen ingurukoen bataz bestekoa baino trebeagoa dela. «Gatazka baten aurrean, antzeko aurreiritziekin jokatzen dute politikariek eta jeneralek, eta gerra baten aurrean gustura entzuten dituzte aholkulariek emaitza onak izango direla esanez egindako kalkuluak». Bi aldeetako buruzagiek kalkuluetan antzeko okerrak egiten dituztenez, hala suertatzen dira hainbeste hondamendi.

Hiru adituok egin dute azken 40 urteotan psikologia sozialak deskribatu dituen aurreiritzien zerrenda, eta ohartu dira denak direla zapelatzen aldekoak. Psikologi-bulkada horien eraginez, buruzagiek exajeratu egiten dituzte etsaien asmo gaiztoak, arerioek norbera nola ikusten dutenaz okerreko kalkuluak egiten dituzte, gerra bat hasten denean joera odoltsuetara daramatzate eta negoziaketak abiatzen direnean egin beharreko amore emateez oso uzkur bihurtzen. Motz esateko: gizakiok daramatzagun aurreiritziek gerrak errazten dituzte eta aldiz gerren amaiera eragozten.



Irudipenetan kateatuta

Laborategietan esperimentu asko egin dira ikusteko ea nola baloratzen duen jendeak arerioen intelijentzia, negoziatzeko jarrera eta erasokortasuna, eta aldi berean nola ikusten duen nork bere aldearen jarrera. Hona emaitza: aurkariaren jokabidea ulertzerakoan, norberak ez ditu behar adina baloratzen arerioak bere erabakietan izan ditzakeen mugak; eta aldiz, norberak uste du kanpotik begira dagoen edonor ohartuko dela berak dauzkan mugez.

Norberak bere aldearen asmoak eta arerioarenak neurri ezberdinez epaitzen dituenez, aurreiritzi horiek gatazketan gauzak asko zailtzen omen dituzte. Diplomazian, adibidez, oso garrantzizkoa da garbi jakitea ea arerioak jokabide jakin bat hala nahi duelako burutzen duen ala beste biderik ez duelako behartuta ari den. «Ironia dirudi baina besteek oldarkeriaz jokatzen dutela uste dutenak berak dira gero beren jokabide propioak esplikatzerakoan esaten dutenak etsaiak 'zokora eramateagatik' horretara behartu dituela».

Horri beste arazo hau erantsi behar zaio: aurreiritziengatik arerioaren asmoak ondo ez ulertzeaz gain, norberak ez ditu behar bezain egoki adierazten bere asmoak eta mugak. Ondorioz, alde batek asmo zehatz batekin egindako mugimendua beste aldeak oker ulertuko du, eta munduko gatazka eta gerren historia horrelako gaizkiulertzeek ekarritako triskantzaz beteta daude.

Psikologoek deskribatuta daukaten aurreiritzi nagusietako bat gehiegizko optimismoarena da. Gehienok gure buruak gure parekoak baino ederrago, erakargarriago eta azkarragotzat jotzen omen ditugu, eta horregatik kalkulu okerrak egiten ditugu etorkizunerako. Bestalde, jendeok inguruko gauza eta gertakizunez benetan daukaguna baino kontrol handiagoa dugula uste omen dugu: exajerazioz, inguruan eragiteko daukagun ahalmena den baino handiagotzat daukagu eta garrantzia kentzen diogu zorteak edo ondoko pertsonek gure inguruan daukaten eraginari. Optimismo honek eraman ditu hondamendira hainbeste jeneral harro... eta hauen mendeko milaka edo milioika gizaki.

Honako aurreiritziak ere garrantzia du negoziatzerakoan: zer eskaintzen den baino gehiago baloratzen da nork eskaintzen duen. Israelen egindako esperimentu batean, palestinarrekiko bake plan bat epaitu zuten: Israelgo gobernuaren eskaintza zela esanda, esperimentuko herritarrek ontzat eman zuten, eta aldiz Palestinakoak eskainia zela esan zitzaienean gaitzetsi.

Gizakiok dugun beste mugetako bat da gatazka batean galerak disimulatzeko daukagun joera. Pentsa dezagun aukera bikoitza daukagula: A) seguru galduko ditugu 890 dolar; edo B), 1.000 dolar galtzeko %90eko aukera daukagu eta ezer ez galtzeko %10eko aukera. Lehen aukera hobea da estatistikak erakusten duenez, baina buruzagi gehienek bigarrena hautatuko dute. Zergatik? «Jendeak nahiago du -diote adituok- galera segurua alde batera utzi eta balizko galera jokatzea, gehiago galtzeko arriskua izanda ere». Horra esplikazio bat hainbeste gatazka arrazoi praktikorik gabe nola luzatzen den ulertzeko. Herritarrak galera mugatua onartu baino nahiago du apustu txarragoan arriskatzea... bere kalterako eta buruzagi zapelatzen zorionerako.

-------------------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude