Nafarroari historia dario lau aldetatik. Bere zilborrera bidaia bat egitea denboran atzera bidaiatzea bezalaxe da. Horixe gertatuko zaio Erriberriko merindadera hurbiltzen denari eta hori proposatuko diogu irakurleari, murgil dadila Erdi Aroko harri erromanikoetan barna, eta bide batez, goza dezala bertako ardo ederraz. Horretarako hiru leku bisitatuko ditugu, Uxueko eliza gotortua, San Martin Unx herri kaskoa eta Erriberri, ardo nafarraren hiriburua.
Uxue: kristauen babesleku eta musulmanen jomuga
Tafalla edo Altafaylla-ko kanpandorreak silueta soil bihurtu dira San Martin Unx eta Uxue aldera doan errepidea hartu bezain pronto. Uxue hogei bat kilometrora dago, muino baten gainean; hara iristeko bihurgunez jositako errepide estu batean zehar egin behar da gorantz autoarekin -animoa duenak bizikletaz ere egin dezake-. San Martin Unx pasa eta Uxuera iritsi baino lehen gurutze bat aurkitu dugu lepo batean, bisitariei ongi etorria egiteko zutabe gotikoa da. Atzean, Uxue herria (840 m) ikusi daiteke mendian behera, mahats sorta bat bailitzan; Santa Maria elizaren irudia bikain ageri da zeruaren erdian eta erromesaren haragitan jarriko ginateke, alboko altzairuzko garabia kentzerik bagenu. Izan ere, eraikina obratan dago aspaldi honetan, baina jadanik bukatzen ari dira eraberritze lanak eta aurpegi berriturik ikusi ahal izango du bisitariak hemendik gutxira.
Aspaldiko kondaira batek dio artzain batek uso bat ikusi zuela Uxueko muinoko kobazulo batetik sartu irtenean. Egun batean, artzaina kobazulora sartu zen eta Santa Mariaren irudia aurkitu zuen barruan. Antza, orduz geroztik sortu zen Uxue izeneko herrixka. Aldiz, historiak dio Uxue IX. mendean sortu zela musulmanen erasoaldiei aurre egiteko. Hain zuzen, Santa Maria elizak gotorleku izaera hori gorde du gaur egun arte.
Uxueko elizaren parera iristearekin batera bertako amona bat azaldu zaigu, irribarrea ahoan, almendrak edo oroigarriak nahi ote ditugun. Sartu gara eliz ondoko etxean duen denda txikira eta liburu mordoa ikusi dugu bertan, txoko batean: «Elizako artxiboko liburuak dira, obrak egin bitartean hemen gorde dituzte... XVI. mendekoak ere badaude!» azaldu digu aho zabalik ikusi gaituenean.
Santa Maria santutegia, artea harrian egina
Almendra garrapiñatuek sona dute inguru honetan eta haiek janaz hurbildu gara eliz atarira. Erdi Aroko artearen edertasuna bere osotasunean ikusi nahi duenak badu hemen aukera. Arkibolta, kapitel eta tinpanoetan landutako irudi paregabeez hornitua ageri da eliz ataria. Santa Maria santutegia tenplu aurre-erromaniko baten gainean eraiki zen XI. mendean eta elizaz gain bi dorre eta erronda pasoa ere baditu -gotorlekuaren harresietan egoten zen zaindarien pasalekua-, azkeneko hau alde batetik bestera zeharkatu daiteke gainera. Karlos II. errege nafarrak agindu zuen eliza gotortzea eta barruko nabe gotiko handia bere aginduz egin zen baita ere. Gero, hil zenean, bere bihotza bertan hilobiratu zuten.
Santutegiaren beste aldean, begiratoki bat dago eta handik ikusi daitezke, eguraldi garbirik bada behintzat, Pirinioetako tontor ezagun ugari -Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Bisaurin...-.
San Martin Unx, kripta ezkutuaren bila
Uxue herri txikia da, polita oso, eta bertan badago bazkaltzeko aukerarik -neguan jatetxe batzuk itxita daude-. Guk ordea, pentsatutakoari jarraituz, San Martin Unx aldera jo dugu, bertako harribitxia ikusteko asmoz: San Martin Tours elizako kripta.
Inguru guztian aztarna erromatarrak aurkitu izan dira -inskripzioak dituzten zenbait hilarri, horien artean-. Baina San Martin Unxeko kaleetan zehar paseatzean, zaldun eta errege-erreginen garaiko istorioak etorriko zaizkigu burura batez ere. Erdi Aroko egitura eta izaera mantendu duten etxe ugari ikus daitezke bertan. XVI-XVIII. mendeetako armarridun jauregiak ere apartekoak dira -Jaso, Leoz eta beste zenbait familia boteretsuk eginak-.
Hiribildu honek 1196an lortu zuen forua eta ondoren jaurerri izan zen, Beaumont edo Ezpeleta bezalako jauntxoen esku. 1512an Fernando Katolikoak bertako defentsak eraitsi zituen, Nafarroa osoa konkistatzeari ekin zionean. Hain zuzen, Pololoko Santa Mariaren eliz atarian -herriaren behe aldean- antzinako harresiaren zati bat ikus daiteke oraindik. «Parrokiarako igoera» izeneko harrizko kalean gora egin eta San Martin Tours eliza parez pare topatu dugu. Tenplua 1156 urtean bukatu zuten eta elizaren azpian ezkutatzen den kripta garai hartakoa da. Kripta eliza txiki baten antzekoa da, zutabe, arku eta kapitel zakarrez egina. Bertara sartzean, aureola batek inguratu gaituela dirudi: zoruaren hoztasuna, hormen soiltasuna, argi izpien zartadak... Gerra, gaixotasun eta goseteen erreinuan, erlijioa errege zela konturatu gara orduan. Espiritualismoaren gainetik, kriptaren funtzioa praktikoagoa da ordea: eliza altuera berdinean mantentzea. Kanpora atera eta tenpluaren atzeko aldeari begiratzen badiogu, konturatuko gara abside izugarri altua duela, izan ere, absidearen azpialdean gordetzen da gure kripta txikia eta horrek ematen dio altuera hori.
Erriberri, merindadeko hiriburua
Maldan gora eta behera, tripa-zorriak baretzeko ordua iritsi zaigu eta Erriberrira joatea erabaki dugu. San Martin Unx-etik abiatu eta bihurgune batzuen ondoren, zuzen-zuzen eraman gaitu bideak.
Erriberri edo Olite -Ologuit, euskara zaharrean- merindadeko hiriburua da eta 3.200 biztanle inguru ditu. Hasierako hiria erromatar asentamendu baten gainean egin zuten, «barruko zerkoa» deitzen dioten eremuan, gero, Erdi Aroan hiria hazi eta «kanpoko zerkoan» kale estuak eta jauregi dotoreak eraiki zituzten. Loraldia XIV. mendean izan zuen hiribildu honek, Nafarroako Gortea bertan ezarri zenean. Rua Nagusian, Juderian, Teobaldo plazan... horietan guztietan erriberriar nahiz kanpotarrak merkataritzan jarduten ziren, hiri guztia intsentsu, espezie eta ardo usainetan mozkortuz.
Herriaren erdigunean, Karlos III.a enparantzaren alde batean dagoen dorre ikaragarria ikusteko okertu dugu lepoa gorantz. Chapitel dorrea da, merkatal produktuak kontrolatzeko antzinako postua; eraikina, «erlojuaren dorrea» izenarekin ezagunagoa da ordea -XIV. mendeko kanpai erloju bat izan zuen, Europako aurrenetakoa-. Plazaren azpian Erdi Aroko hainbat galeria bisitatu daitezke, adituek ez dute zertarako egin ziren jakiterik izan, baina gaur egun erakusketa areto gisa erabiltzeko moldatu dituzte.
Tragoska bat hartzeko ordua
Alde zaharreko edozein txokotan egin daiteke bazkari legea. Eta nola ez, ardo nafarrarekin eztarria bustitzerik ere bada. Nafarroa erdialde osoan ardo bikaina egiten da eta Erriberrin tradizio handia du ardogintzak. Hain zuzen, bertan fundatu zen Euskal Herriko lehen bodega kooperatiba, 1911n.
Nafarroan ardoaren inguruan dauden erakunde gehienak herri honetan biltzen dira: Nafarroako jatorri-deituraren kontseilu arautzailea, Ardoaren kofradia, Enologia ikerketa estazioa, Museoa... Azken hau propio eraberritutako XVII. mendeko jauregi bat da, bertan mahastien eta ardoaren historia ezagutu, ardogintzaren teknikak ikusi eta katak egiteko aukera dago.
Errege-erreginen jauregia
Bazkalostean nagiak kendu ditugu kafetxo batekin. Errege-erreginen jauregia ikusteko ordua iritsi da. Erriberriko monumenturik ezagunena da. Bi zatitan dago banatua: jauregi zaharrean paradore bat dago gaur egun eta antzinako eraikinaren harresiak eta dorreak soilik kontserbatzen ditu. Haren ondoan, jauregi berria ikus daiteke, apain eta dotore.
Eraikina XV. mendean jaso zuten Karlos III.a erregearen aginduz. Luxuzko jauregia izan zen, erregeen gutizi guztiak biltzeko neurrikoa. Dena den, hurrengo mendeetan jauregia erabiltzeari utzi zion Nafarroako Gorteak eta harrapaketa ugari jasan zituen, hondamendi egoeran geratu zen arte. 1813an (Independentzia Gerraren amaieran) Espoz y Mina gerrillari nafarrak su eman zion eraikinari, Frantziako tropak bertan gotortu ez zitezen; sutearen ondorioz barruko dekorazio guztia erabat kiskali zen. Gaur egun ezagutzen dugun eraikina Yarnoz anaien obra da, Diputazioaren aginduz eraikia. Lanak 1937an hasi zituzten eta 30 urte behar izan zuten bukatzeko. Dena den, berreraikuntza ez zen aurreko egitura erabat errespetatuz egin: harbelezko teilatuak ez dira bereak eta dorre gehienak egitura ezberdina dute (Atalaiako dorreak izan ezik).
Jauregitik atera garenean, Santa Maria eliz atarian dagoen klaustroan eseri gara arnas pixka bat hartzeko. «Etxera itzultzeko ordua da» esan diogu gure buruari, eta zain geratu gara, agurtuko gaituen tronpeta soinua entzuteko asmoz.