Gazteak eta euskara: Aisialdia giltzarri


2021eko uztailaren 19an

Josune Zabala, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea:

Oin zolak urra-urra eginda

«Euskaltzaindiaren arau (aldaketa) eta salbuespenak; 'hutsuneak bete' eta 'okerrak zuzendu' ariketak; 'euskaraz hitz egin' agindu errepikatuak;'gero eta okerrago egiten duzue' irakasle eta gurasoen harri astunak; irakasle bukoliko, erromantiko, literaturazale arraroa; Euskararen eguna; Mutriku eta mutrikuarrak ezagutu ez, eta 'nola esaten da Mutrikun...?' galdera zentzugabea... Bai lehorra zurrunbiloa»

Azken hamarkadotan makina bat lan egin da belaunaldi gazteak euskal kulturaz jabetu eta geure inguruneak euskalduntzeko. Tokian tokiko borondate eta lanak ez ezik, egoera soziolinguistikoak ere eraginik izan du garapen honetan, eta egun, zenbat gazte, hainbat euskara dugu.

Ildo horretan, euskararen bikaintasunak, kalitateak, eta bereziki, gazteonak arduratzen gaitu, baita hitzaren erabilerak ere. Euskarari muzin egin dio gazte euskaldundu askok, eta euskaraz jarduten dugunok, berriz, gero eta traketsago moldatzen omen gara edozein testuingurutan. Geure nortasuna gorpuzten duen euskara gazteak ere ez du sormenik, ez erakargarritasunik... Euskara ez da gaztea, ezta gaztearena ere.

Baietza estali ohi duten tapaki ezkorrok ukazioz apaindu gabe, nire inguruneko gazteon ohitura eta jokaerei begira jarrita nago bizipenak hitz bihurtu, eta esan nahien aztarrika, oin zola berriak moldatzeko gutiziaz.


Hegitik hegira, jauzi handia

Lantegi horretan, ingurune erabat euskalduneko gazteak etorri zaizkit lehenengoz burura: gazte errezildarrak. Bizi-bizirik dugu belaunaldi aniztasunaren hartu-emana, eta, bizitzeko mundu eta modu jakin batekin identifikatzen dugu euskara. Ahoz erruz eta errez komunikatzen gara edozein egoeratan, eta hitzaren jolasak ez du etenik, askotan joko bihurtzeraino.

Herri euskaldun exotiko eta bukolikoa, zapla, estali dit hiriburuko bizipenen irudi lausoak. Koadrilako hizketaldietan bi hizkuntzak arin-arinean. Hitza nork hartu, eta zer adierazi nahi izan... hortxe saltoa. Gaitasun kontuak eraginda, ia beti, bi hizkuntza borrokan, eta gehienetan, jakina, gaztelania izaten da garaile. Erdal makulu, molde edo esaerak erakargarriagoak omen! Bien bitartean, ezberdin eta bakan sentitzen gara beste hots, hitz eta bizi nahierek erasandakoak.


Ertzak josiz atera zaidan korapiloa

Eta bi muturrak entzun egin ditut, bat-batean era nahasi samarrean, unibertsitateko erreka bidean, txoko ezkutu eta sonatuagoetako kumeen jardunetan: belarri zuloetan aurikularrak ipini, eta "kupela, kupela..." korridorean kantari ari den ataundar neska; asteburuko pasadizo bitxiak gaztelania hutsean trukatzen dituen koadrila gasteiztarra; gelan sartu, eta azalpenak bi hizkuntzatan zorrozten dituzten neska-mutil goierritarrak; igandeko pilota partidaz hika ari diren mutil hernaniar eta zarauztarra; euskara aberasteko lagun talde euskaldunarekin txertatu diren neska-mutil ermuarrak...

Dena dela, zalaparta kaotiko hori bakarrik ez zait deigarria gertatu. Hizkuntzen gaineko jarrerek esnarazi naute hasiera-hasieratik, eta nagusienak aipatzearren, haien ahotsak idatzira ekartzen ahaleginduko naiz:

- Hobe duk erdaraz egitea, motel!: ingurune oso euskaldunetako gazte gutxi batzuen jarrera zikoitza. Euskararen ezina duenak bidezidorra hautatzen du taldekide izateko galtzada bihurrian: gaztelaniara jo edo koadrila aldatzen du.

- "Hi, aitze al dek?": beste ubeldu batzuk, berriz, bestaldean. Barregarri gertatzen zaio baten bati zenbaiten herri hizketa, eta halaxe jardun ohi da imintzio, hots eta doinuak maisuki antzeztuz.

- Zer gertatzen da, ba?: bere-bere egina dauka beste hainbatek euskara-gaztelania kode narrastua; zer, nola edo norekin hizketan aritzeak ez du bere jarduna aldatzen, ez da aldaketaren beharraz jabetu ere egiten.

- Aizu, nik ez dut sekula arazorik izan euskararekin!: nor bere herritik, eskolatik unibertsitatera joan, eta lehenbizikoz, hobekuntza behar ahozko eta idatzizko testuetan! Gazteak asaldatuta, irakaslearen oharrak irakurri eta entzunda. Ordura arte euskararekin arazorik izan ez, eta orain zenbat ahulezia? Nola liteke hori? Ikasle gazteek harridura eta amorrua adierazten dute.

- Euskara batuari, kontra: ingurune hurbileko, etxeko euskara edozein unetan eta edozertarako! Komunikazio parametroen aurkako borroka sutsua da batzuena, egokitasunaren eta haren mendeko zuzentasun mailaren kaltetan. Muineko arrazoia? Aurreiritzi linguistikoa eta ezintasun komunikatiboa, beharbada...

- Esku bete lan daukagu: euskararen kalitateaz, erabileraz, kultur identitateaz... arduratzen direnak asko dira. Bada euren helburu garrantzitsu bat euskara komunikatzaile bikainak izatea, etorkizuneko haurren eredu izango direlako kontzientzia dute, eta gogotik dihardute lanean.


Badira helduleku gehiago ere

Mezurik mezu, hots argi haiek zurrunbilo baten zalaparta tankera hartu dute: Euskaltzaindiaren arau (aldaketa) eta salbuespenak; "hutsuneak bete" eta "okerrak zuzendu" ariketak; "euskaraz hitz egin" agindu errepikatuak; "gero eta okerrago egiten duzue" irakasle eta gurasoen harri astunak; irakasle bukoliko, erromantiko, literaturazale arraroa; Euskararen eguna; Mutriku eta mutrikuarrak ezagutu ez, eta "nola esaten da Mutrikun...?" galdera zentzugabea... Bai lehorra zurrunbiloa. Horrek ez gaitu gazteok erakartzen.

Beste batzuk, berriz, zaparrada bustian jira-biraka agertu dira: gazteen euskara bultzatzeko egitasmoak proposatuz eta abian jarriz; gazte koadrilen euskara erabilera sustatuz; gazte hizkera ikertuz; hitz edo molde gazteak sortu eta gazteei eskura emanez; eta onentsuenean, haien eraikuntza, egitura tresnak eskainiz... Ez da lan makala, gero.

Gazteok bihurtu gara protagonista, eta errealitatearen marrazki soilduak erreparatuz murriztu dugu geure paisaiaren ikuspegia. Baina euskara haur, heldu eta adindurik ez duen euskara gazterik ba al da? Bakoitzak darama bere txapela, eta parez pare alderatuta nabarmentzen dira desberdintasun eta berdintasunak, handitasun eta txikitasunak, hutsune eta estalkiak. Mugikor eta aldakorrak dira, eta alderik alde dabiltza tokian-tokian. Ezin ditut bakanduta ulertu.

Paisaiaren zabala behatzeko lehen ahaleginean, galdera-arrasto hauek utzi nahi ditut: zein adinetakoen euskara ereduak izan ditugu? Zenbat euskara adinekin jarri gaituzte harremanetan edo jartzen gara jolasean? Zein hizkuntza trebetasun garatu ditugu, batik bat, eskolan? Euskaren kalitatea ziurtatzen duten irakasle ereduak ditugu eskoletan? Eta komunikatzaile eraginkorrak hedabideetan? Eta administrazioan? Lantzen ote dira hizkuntza jarrerak? Hizkuntza erabiliaren gaineko hausnarketak egiten badakigu? Zenbaterainoko aukera izan dugu euskara eta bere kulturarekin harremanetan jartzeko?

Galdera latzon leungarri, erantzun lakarrak datozkit oraindik burura. Badaukat zer argitu, nori galdetu eta nola berdindua, eta ez dira, hain zuzen, gazteak erantzule bakarrak izango. Oin zola, berriz, seko urratu dut eta berriz berriak egin beharko.

Lionel Joly, Soziolinguistika Klusterreko kidea: Beste adin taldeek ere plangintza behar dute
«Hemen idatzitakoa eta fenomenoa bera heldu askorentzat laido bat izango da, izan ere, beraien garaian beraiek haien euskararen aldeko konpromisoa bete egin zuten gazteak ikastolara bidaliz eta orain zergatik ez dute betetzen haiena gazteek euskara erabiliz?»

Gazteen euskararen erabilera euskaltzale guztien ahotan egotea, gaur egun, ez da harritzekoa. Gazteen euskararen erabilerari buruzko eztabaidak, jardunaldiak, ikerketak, udaletxeetan eta hainbat herrialdetan plangintzak eta abar barra-barra egiten ari dira. Ez da harritzekoa, ez, izan ere, orain dela 20-25 urte, hizkuntza plangintza bat finkatu zenean EAEn eta neurri batean Nafarroan, haiek izan baitziren plangintzaren helburua, haiek eta bereziki haien hizkuntza gaitasuna.

Garai hartako pentsamoldea logiko bezain sinplea izan zen: gazteek osatzen dute EHren edo hobeto esanda EAEren (plangintza gehienbat EAEn burutu baita) etorkizuna. Beraz, euskararen ezagutzaren datuak kontutan hartuz, EAEren etorkizunean euskara egoteko, edo beste era batera esanda, EAErentzat etorkizun euskalduna nahi bada, eman beharko den lehenengo pausua gazteak euskalduntzea izango da.

Pentsamolde honen arabera, logikoa denez, hizkuntza bat erabili baino lehen ezagutu behar da, beraz, lehentasuna ezagutza izan zen. Hainbat adituk aldiz, hizkuntza bat erabili barik ea jakin daitekeen zalantzan jartzen dute, baina beste aditu batzuentzat kontrako fenomenoa gertatzen da: gutxieneko ezagutza lortu gabe ez dago hizkuntza erabiltzerik.

Abiapuntu honekin, zoritxarrez, ez zitzaien aurre egin hainbat topikoei: euskararen zailtasunari lotutakoak, euskara umea izanik ikasi behar den hizkuntza da bestela ezinezkoa da euskara ikastea eta abar. Baina hautaketa honek balio handi bat izan zuen onarpen mailan. Izan ere, helduek ez bazuten ahaleginik egin nahi (zeharka dirua emanez baino ez) haurrek egingo zuten ahalegina haien ordez, eta noski haiek, plangintzaren helburua zirenek, ez zuten ezer esaterik, haien iritzia ematerik ezta botorik eman beharrik ere, ez hauteskundeetan behintzat. Baina aldiz, erlijio bailitzan, gazteek euskararen aldeko botoa egingo zutela pentsatzen zuten helduek eta plangintza egin zutenek. Garai hartan ez zen kontutan hartu, hizkuntza erabiltzeko garaian ez dagoela agindurik ematerik eta beraz gazteek nahi duten hizkuntza erabiltzen dute -normalean maila informalean, dena den hori eztabaidatu egin daiteke, izan ere nahi duten hizkuntza baino ezagutzen duten, haien ingurunean erabiltzera bultzatzen zaien eta abar. hizkuntza erabiltzen baitute-. Beraz, logikoki ere, katekesia ikasteagatik botoak eman behar ez diren bezala, gazteek euskara eskolan ikasteagatik ez dute zertan euskara automatikoki erabili behar.

Hemen idatzitakoa eta fenomenoa bera heldu askorentzat laido bat izango da, izan ere, beraien garaian beraiek haien euskararen aldeko konpromisoa bete egin zuten gazteak ikastolara bidaliz eta orain zergatik ez dute betetzen haiena gazteek euskara erabiliz? Baina zoritxarrez helduek gehienetan ardura gazteen gainean utzi zuten. Helduek beraiek, gehienetan, ez zituzten haien hizkuntza erabilera ohiturak nabarmen aldatu euskararen alde, hainbat arrazoirengatik: euskara ez zekitelako -baina gehienetan ez zuten ikasi-, beharrik ikusten ez zutelako, ezinezkoa ikusten zutelako, ezjakintasunagatik -ez zekiten haien ingurukoek euskaraz bazekitenik-, ohitura beragatik eta abar. Helduek pentsamendu eta plangintza honekin euskarari erantsi zioten balio bakarrenetakoa euskara eskolaren eta neurri batean transmisio hizkuntza izatea izan zen.

Neurri honetako artikulu batean, noski, asko sinplifikatu behar izaten da, izan ere euskararen alde erabat entregatu eta botoa eman zutenak asko izan baitziren eta garai askoz gogorrago batean, bereziki diktaduraren garaian. Hainbeste borroka eta botoa egin ondoren pertsona horiei zaila egiten zaie ulertzea nola gaurko garai politiko errazago honetan gazteek ez duten egiten indar gehiagorik euskararen erabileraren alde. Garai politikoa errazagoa da duda barik, baina aztertu beharko litzateke ea garai soziolinguistikoa aldekoagoa den.

Hasierakoak alde batera utzita, goazen orain gaur egungo egoera aztertzera. Inkesta eta ikerketa guztiek adierazten duten moduan, euskararen ezagutza nabarmen igo egin da haurren eta gazteen artean, orduan, logikoki, gazteek zergatik ez duten gehiago euskara erabiltzen haien artean galdetu ahal izango diogu gure buruari. Izan ere, irakasle, euskara teknikari eta hizkuntza plangintza antolatzaile askorentzat gero eta murritzagoa da euskararen erabilera gazteen artean. Normalean hori ziurtatzeko haien esperientzia hartzen dute oinarri zeren eta gehienetan benetako ikerketa gutxi egin da honen inguruan. Baieztapen horiek oinarritzat irudipenak badituzte ere, ez dira zertan faltsuak izan behar eta gutxienez ondoeza erakusten dute.

Ondoezari aurre egiteko eta botika egokiak aukeratzeko lehenbizi ondoeza ondo ulertu behar da eta hemen zertzelada batzuk botako ditut.

Hasteko aztertu beharko genuke gazteen benetako gaitasun linguistikoa, alde batetik, eta bestetik, haien gaitasun erlatiboa gazteleraren eta euskararen gaitasuna konparatuz.

Ez ditut hemen ISEIk eta abarrek egindako ikerketak aipatuko baina neurri handi batean euskararen gaitasunaren zabalpena maila kualitatiboan baino kuantitatiboagoan gertatu dela pentsatu dezakegu. Alegia, hiztun batzuk haien euskararen ezagutza maila guztietan (formalean eta informalean) osatu badute ere, gehiago dira oinarrizko maila bat eskuratu dutenak. Horietako gehienak gainera ingurune soziolinguistiko erdaldunenetan. Orain, soziolinguistikaren oinarri teorikoak eta aplikatuak kontutan hartuta pentsagarria al da euskara erabiltzea ingurune soziolinguistiko erdaldun batean, euskaraz oinarrizko gaitasun linguistikoa izanik besterik ez? Baldintza horiek kontutan hartuta euskararen erabilera bultzatzeko euskarari erabilera eremu berri batzuk eman beharko zaizkio, eta hori arrazoi askorengatik. Hasteko haurren eta gazteen gaitasuna osatzeko, izan ere, teoriko askoren ustez, hizkuntza bat erabili barik ez baita berau ezagutzerik. Gainera orain euskarari ematen zaion balio konpartituena transmisio hizkuntza izatea da. Alegia, euskara umeari emateko hizkuntza da, hori argi frogatzen dute ikerketa guztiek, bereziki Soziolinguistika Klusterrak egiten dituen euskararen kale neurketak: askoz gehiago erabiltzen da euskara haur bat present izanik eta are gehiago berari zuzenean zuzentzeko. Transmisio balio izatea ona da, baina txarra bihurtzen da hizkuntzari beste baliorik edo funtziorik ematen ez bazaio, hizkuntza haurren hizkuntza bihurtzen baita eta beraz, haurrek haien burua gazte edo heldu sentitzen dutenean hizkuntzaz aldatzen dute. Beraz, eremu berriak emanez euskarari beste balio edo funtzio batzuk ematen zaizkio hizkuntzari. Ez da bakarrik umeen eta neurri batean gazteen hizkuntza bihurtzen, baizik eta helduen artean bere eremuak izanik ere hizkuntza konpartitua bihurtzen da.

Horrek plangintzaren jarraipen bat eskatzen du: orain arte umeak eta gazteak izan badira plangintzaren helburu nagusia, garaia da beste adin taldeak ere helburutzat hartzeko. Neurri handi batean, aldaketa bat ikusten da hizkuntza plangintzan, lana euskalduntzeko kanpaina berriekin eta abarrekin baina kanpaina horiek zein bilakaera izaten duten ikusi beharko da.

Hemen egin ditudan baieztapenak oso orokorrak dira baina findu eta lekuz lekuko egoera soziolinguistiko eta diglosikoaren arabera aztertu beharko litzateke gaurko egoera, hainbat galdera eginez:

- Egia al da gazteek maila nahikoa lortu dutela eskolan?

- Zein da gazteek euskarari ematen dioten funtzioa -eskola hizkuntza besterik gabe, transmisio hizkuntza, eguneroko hizkuntza, maila formaletarako hizkuntza, maila informaletakoa eta abar-?

- Konparatiboki zein hizkuntzatan moldatzen dira hobeto?

- Zein erabilera eremutan? Alegia, erabilera eremu guztietan hizkuntza bera da nagusi gaitasun mailan?

- Barnekoa kanporatzeak eta adierazteak berez sortzen dituen frustrazioak eta, lortzen bada, pozak kontutan hartuta, euskara erabiltzeko maila nahikorik badute gazteek?

- Bada maila nahikorik lortzerik euskara erabiltzen ez bada?

- Maila nahikorik lortzeko eta beraz hizkuntza erabiltzeko motibazio nahikorik badute?

- Zeintzuk dira motibazio mota eraginkorrenak -Espresibo/komunikatiboa, politiko/ideologikoa, integratzailea, pragmatikoa-?

- Eskolan ikasten den hizkuntza (euskara batua) erabilera formalerako onartua badago, baliagarria al da maila informaleko eremuetarako?

- ...

Iñaki Etxeleku, Gure Irratiko esataria: Euskaralands
«Beste tribu asko atzeman eta deskriba daitezke. Segurraz ere tribu bateko kide batek zango bat izan dezake beste tribu batean ere, dena ez baita sekulan erabatekoa. Iparraldeko gazte euskaldun hauetan guzietan zenbatek ARGIA irakurtzen duten haatik ez dezaket erran»

Antton Luku idazleak, Escualdunac antzezlanean zioen gazte euskaldunak «tribuka" biltzen direla. Bakoitzak bere ohidurak eta hizkuntzarekilako bere harremanak dituenak. Tribuak euskaldungoaren tribuan beraz. Honek balio du Euskal Herri osorako bainan Ipar Euskal Herrian aurkitzen ahal diren tribu ezberdinei soako bat emanen diegu eskatutakoari jarraikiz.

Tribu orokorra lehenik oso mendrea dela argi eduki behar da. Inkesta soziolinguistikoek hala diote, Iparraldeko biztanlegoaren %80a inguru duen Baiona-Angelu-Biarritzeko eremuan, gazteen %11 baizik ez dela euskalduna. Bainan guti fidatzen garenez inkestetan beste so bat saia dezagun ematen, guziz subjektiboa, guziz ustean oinarritua.

Tribuetarik bat "azken mohikanoena" izan daiteke. Gazte hauek, euskara aberatsa ixurtzen dute ahotik. Etxetik jaso dute eta naturalki mintzo. Euskararen erabilpena normala eta atsegina zaie, gehiagokorik pentsatu gabe. Jende normalak hots. Hauetarik oso guti gelditzen da, hargatik "mohikanotzat" har genitzake eta segurraz ere leku bat izanen dute Euskal Erakustokian, Iparraldean euskara oroimen soila izanen den egunean.

"Je suis aussi basque que toi" tribua orain. Hauek ere euskara ederra dute, etxean ikasia. Mintzo dute bainan ez ikastolako haur edo gazteen aurrean edo abertzale batekin. Hauek abertzaleen kontrako gorrotoa herentziaz jaso dute etxekoengandik… hizkuntza bezala funtsean. Euskalzale batentzat oso frustranteak diren espezieak dira, ezen euskara aberatsa baitute, haiengandik ikas eta haiekin hizkuntza goza daiteke bainan ez dituzte euskalzaleak maite. Eta abertzaleak "les basques" edo "eskualdun horiek" izendatuko dituzte. Hauek beharbada aurrekoak baino gehiago dira bainan gutitzen ari ere azkarki.

Tartean, beste euskaldun mota bat aurki dezakegu. "Aitamek ez didate irakatsi!" tribua. Euskara ulertzen dute bainan ez mintzo edo oso guti. Eskolara sartu arte ez zuten euskararik baizik mintzo bainan aitzinago aipatu tribuko burasoak izan dituzte edo gure mintzairaren geroaz iazko haizeaz bezainbat axola zutenak. Tribu honetan jarrera ezberdinak bereiz daitezke.

Euskararen ez menperatze hori frustrazio edo enegu gisa bizi dutenak. Hauetan bi motako jendeak dira. Lehenak, euskararen ikastera doazenak, Gau Eskola hertsietara, gauaren ilunean, burasoen ezazolkeriari aurre egin nahian. Besteak, Euskararen ikasteari paso egiten diotenak -menturaz hasi ziren bi hilabetez AEKan bainan laster utzi nekagarriegia zelakoan- edo duten damuarekin geratzen direnak.

Tribu honetako bigarren jende saila, "Euskara joan bedi kaka egitera!" erranez biziki laster amor eman dutenena da. Edo beste gisan erranik euskararen geroaz bost axola dutenak. Kontsumo jendarte honetan ez dute euskararen beharrik, haien ustez euskaldunak dira eta beren euskaltasunaren bizitzeko bizi zedarriak badituzte: astearte gauero trinketera doaz lagunekin pala antxa partida egitera -eta gainera gorputza zaintzen dute honi esker!-; urtero Astigarraga edo Hernaniko sagarnotegi batera doaz lagun talde handian eta maite dute poteatzea. Herriko Taberna batean "kaña" baten eskatzea ekintza euskalzalea izan daiteke ere haien baitan. Euskaldunak dira euskararik gabe eta aski zaie. Euskara dakitenak ez dituzte baitezpada beti maite, kontzientzia txarraren kilikatzaile bihurtzen baitira euskaraz hitz egiten entzute soilarekin.

"Zango bat errekaren hegi batean, bestea bestean" tribua. Ez dute tribu bat osatzen baitezpada hauek. Bainan tribu desberdinetako jendeekin harremanak izan ditzazkete. Euskal Herritik kanpotik jinak dira. Herri honetako nortasunaz eta mugimenduaz maitemindurik edo. Hauek euskara ikasi dute. Bertakoek euskarari eta euskaraz aritzeari ematen dioten kutsua ez dute ulertzen. Haiek lasai eta libro dira euskararekin. Kiskun kaskun, mintzatzeko doi ikasi dute eta ari dira, erabiltzen dute arazorik gabe. Normala zaie Euskal Herrian euskaraz hitz egitea. Hauek ere jende normalak hots. Biharko euskaldunak dira bainan zoritxarrez gutiegi.

"Gora Gora-k". Hau ere Antton Lukuri egin mailegua dugu. Ustez militante abertzaleak dira. Euskara, bilkuretan erabiltzen dute derrigorrez. Ohidura hau dela kausa, kausakoekin baliatu hiztegi propioa dute eta bilerez kanpo gertatzen zaielarik euskaraz aritzea, hiztegi bertsua daramate aho mihitan. Bainan hara, haien adixkideekin frantsesez mintzo dira, normal den bezala, gozamen hizkuntza Molièren hizkuntza baitute.

"Sobera ongi da!" tribua. Fakultaterainoko eskola ibilbidea ikastoletan eraman dutenena da hau. Oraino lizeoan dira edo berriki ateraiak. Euskara haien arteko komunikazio tresna arrunta dute. Hizkuntza honekin, ingurugiro berezi batean, haien arteko harreman indartsu bat sortu dute. Biharko euskaldunak dira hauek ere, maleruski gutiegi baita.

Azken tribu bat aipatuko dugu. "Goza nazazu gehiago" tribua. Euskara ama hizkuntza dute edo ikastolan ikasia. Gehienak ikastolatik iragan dira. Euskararen erabiltzeaz kontzientzia argia dute. Hizkuntza maite dute eta gozatu nahi dute. Hizkuntzaren desagerpen "programatuak" piztu etsipenaren aurrean, mintzairaren gozamena aldarrikatzen eta bizi dute. Solaskideekin erabiliz gozatzen dute bainan ere bertso saioetara joanez, Itxaro Bordaren eleberri bat irakurriz ala antzerkia euskaraz eginez. Bainan partikulazki mozkor bat biltzen dutelarik.

Hara, beste tribu asko atzeman eta deskriba daitezke. Segurraz ere tribu bateko kide batek zango bat izan dezake beste tribu batean ere, dena ez baita sekulan erabatekoa.

Iparraldeko gazte euskaldun hauetan guzietan zenbatek ARGIA irakurtzen duten haatik ez dezaket erran.

Olatz Zabaleta, afallako Udaleko euskara teknikaria eta Karrikiri elkarteko partaidea: Aisian aixe mintza
«Zailena gazteentzako erakargarria zer den jakitea da, gazteok ez baitugu talde homogeneo bat osatzen. Aproposena tokian tokiko ikerketa txikiak egitea izango litzateke eta gazteak berak eskaintza horretan inplikatuta egotea»

Euskararen normalizaziorako datozen urteetako erronka erabilera da. Izan ere, batez ere gazteon artean, euskararen ezagutza handitu den arren, erabilera ez da maila berean handitu. Gazte askok, eskola orduetan euskaraz egiten badute ere, lagun artean, kalean, jolas orduetan eta aisialdian erdaraz aritzeko joera dute. Lagun artean gaudenean antzematen dira gabezi nabarmenenak, gazte kutsua edo gure identitatea azpimarratzeko esapideetan, erregistro kolokialean edo gure jergan.

Hizkuntzaren erabileraren garrantzia adierazi behar dugu, baina euskararen irudia ezin da pertsona haserretu baten irudia izan, ezin dugu "hitz egin euskaraz!" bezalako agindu errepikakorrekin euskararen erabilera sustatuko dugula pentsatu. Euskararen erabilera euskaraz aisialdiaz gozatzeko eta harekin jolasteko bideak eginez areagotuko dela pentsatzen dut. Euskara gazteen artean erabilia izatea nahi baldin badugu, euskaldun eta euskaltzaleok bide horien eragile izan behar dugu, eta bide horretan, gure irudi eta gure portaerek ere eragingo dute.

Eskola, testuinguru oso formala den hori, baldin bada gaztetxoek euskararekin erlazionatzen duten esparru bakarra eta gaztetxoek, guraso eta helduek euskara soilik haurrekin erabiltzen dutela sumatzen baldin badute, hau da, haurrekin daudenean horiei euskaraz eta beren artean komunikatzeko erdaraz egiten baldin badute, gaztetxoek euskara formaltasun eta umekeriekin erlazionatuko dute eta erdara heldutasun eta dibertigarria den guztiarekin. Zer ikusi hura ikasi. Oso garrantzitsua da posible den heinean gure portaerarekin, erabilerarekin, adibide ematea, eta gure esparrutik sor daitezkeen aisialdi edo bestelako jardueretan hizkuntza irizpideak kontutan izatea.

Hizkuntza bat erabilia izan dadin zenbait ezaugarri izan behar ditu: erosoa, adierazkorra eta erakargarria izan behar du. Baina gazteok, euskaraz adierazkortasuna bilatzen dugunean arazoak izaten ditugu. Euskara gehien erabiltzen den herrietan ere, gazteek erregistro kolokiala, eroso, adierazkor eta erakargarria, erdaratik hartzeko joera dute, are gehiago, euskaren presentzia hain handia ez den lekuetan.

Gazteok euskara erabiltzeko behar dugun erregistro kolokial hori baitaratzeko bide ezberdinak daude, guraso eta ingurune hurbilean ematen den transmisioa -euskararen presentzia handia ez den lekuetan, normalean, zailtasunez ematen dena-, komunikabideak -baina, esparru horretan tresna gutxi ditugu eta ditugunak, askotan, erdaraz oinarritzen diren esamoldeak zabaltzen dituzte-, eskolak eta aisialdiko jarduerak.

Eskoletan erregistro kolokiala erabiltzeko egoera informal asko aurki ditzakegu: atseden orduak, bazkal orduak, txangoak, eskolara sartu eta ateratzeko garaiak... baina, gaur egun, zori txarrez, normalean, horiei ez zaie duten garrantzia aitortzen, eta ez dira euskararen erabilera sustatzeko esparru bezala baloratzen. Esparru horietako eragileak, antolatzen dituzten jarduerek hizkuntzaren erabileran duten eraginaz jabetzea behar beharrezkoa da.

Gazteon bizitzako zati handi bat aisialdikoa da gaur egun. Aisialdiko jarduerak -kirola, aisialdi taldeek antolatutako jarduerak, gazte ekipamenduak...- euskararen erabileran eragiteko oso eraginkorrak dira. Euskara elkarte, kirol talde, guraso elkarte eta bestelako talde asko erabilera lantzeko aisialdiak duen indarraz konturatzen hasi dira. Aisialdian, egoera informaletan, sortzen da erregistro informala. Beraz, hizkuntzari erabilerarako beharrezkoak diren erosotasuna eta adierazkortasuna eman nahi baldin badizkiogu, aisialdia tresna eraginkorra izan daiteke.

Aisialdiak euskararen erabilera sustatzeko horrelako aukerak ematen baldin baditu, aisialdiko begiraleek, kirol begiraleek, gazte lekuetako begiraleek, ludotekatako begiraleek, txango eta kanpaldietako begiraleek, eskoletako jantoki eta autobusetako begiraleek, eta abar, eginkizun horrekin duten erantzukizunaz jabetzea komeni zaigu eta horretan lan egin ahal izateko estrategia eta tresnak erraztea.

Begirale guzti horien formakuntzarako, Urtxintxa Aisialdi Eskolak adibidez, "Hezitzaileek asko egin dezakete" begiraleentzako prestakuntza saioa eskaintzen du. Ttakun elkarteko Iñaki Eizmendik behin aipatu zuen bezala, proiektu horren abiapuntuak bi dira. Bata, gazteei euskarazko jarduerak eskaini behar zaizkiela, euskara erabiltzeko esparruak. Eta bigarrena, euskara erabiltzeko esparruak edukitzeak ez duela euskara erabiliko dutenik esan nahi. Jarduera horretako hezitzaileak erabilera sustatzearen ardura hartu behar duela.

Ttakun Kultur Elkarteak garatutako metodologia horren arabera, euskararen erabilera sustatu nahi bada, ez dugu soilik gazteen euskaraz komunikatzeko gaitasuna edo jarrera begiratu behar, erabilera sustatzeko estrategien kasuan, estrategia horiek noiz eta nola erabili behar diren ere jakin behar da. Zentzu horretan lehen aipatutako prestakuntza saioek, laguntza ematen diete begiraleei.

Begiraleentzako formazio saio horiez gain, aisialdiaren aukerak probesten dituzten esku hartze zuzeneko egitasmoak ere abian dira gaur egun Euskal Herrian. Horren adibide dira, "Kuadrillategi" edo "Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean" programak.

Gazteak euskarara hurbiltzeko bidea, euskarazko produktu eta jarduera erakargarriak eskaintzea eta jarduera horietako hezitzaileak erabilera sustatzeko arduradun gisa aritzea baldin bada, zailena gazteentzako erakargarria zer den jakitea da, gazteok ez baitugu talde homogeneo bat osatzen. Aproposena tokian tokiko ikerketa txikiak egitea izango litzateke eta gazteak berak eskaintza horretan inplikatuta egotea.

Aisialdia erregistro kolokiala barneratzeko eta erabilera sustatzeko tresna gisa oso eraginkorra dela frogatu dute hainbat ikerketek. Euskararen erabileraren sustapenean, irakasle, guraso, eta euskaldun eta euskaltzale guztiok gure erantzukizuna dugu. Euskararen erabilera areagotzea nahi baldin badugu, bakoitzak gure esparrutik euskara gozamenerako eta jolaserako bide bihurtzeko ahalegina egin beharko dugu.

Kike Amonarriz, Soziolinguista eta umoregilea : Garai berriak, hizkera berriak
«Gaur egun, beraz, euskarari dagokionean, ezin daiteke gazte hizkera bakar bati buruz hitz egin. Gazte hizkeraz baino, gazte hizkerez hitz egin beharko genuke, eta jarrera positiboa hartzez gerotan, baita hizkera gazteez ere»

Hamalau urte genituenean, Tolosako kaleumeok ez genuen inoiz akatsik egiten gure artean euskaraz hitz egiterakoan... Garai hartan ez baitzegoen euskaraz ari zen bertako kuadrilarik! Aurretik zetorren, ordea, kontua. Gerra aurreko lehen ikastola sortzeko 1921ean zabaldu zen orrian honako hau irakur zitekeen: "(...) amar aldiz Tolosa'ko bira egingo dezu, ta arrituta etxeratuko zera amabost urtetik berako tolosar bati euskerazko itzerdirik arrapatu ba-diozu." Errealitate honetatik abiatuta, gaurko gazteen euskara harritzeko modukoa da, gehienak euskaraz ari baitira Tolosako kaleetan.

Helduak kontuz ibili beharrean gaude, beraz, gazte hizkerari buruzko iritziak ematerakoan. "Gure garaian" moduko kontzeptu ezin atzerakoien ikuspegi desitxuratzailea erabili nahi ez badugu behintzat.

Eta zergatik da kezka gazte hizkera? Zergatik erabiltzen dira gehienetan adjektibo ezkorrak "gazteak eta euskara" gaiari heltzerakoan? Seguruenik, helduok genituen aurreikuspenak bete ez direlako, edo espero ez genituen hizkuntza portaerak ari direlako nagusitzen. Eta denok aitortu arren, ezagupenean nahiz erabileran asko aurreratu dela, oraindik ere, asko direlako jakin arren euskaraz egiten ez duten gazteak, eta, erabiltzen den euskararen kalitatea ez delako uste bezain ona, besteak beste.


Hizkuntza ez da inoiz bat eta bera

Horiek esanda, nabarmenduko nukeen lehen aspektua hizkuntzen aldakortasunarena da: diakronikoki, geografikoki, funtzionalki eta pertsona ororen baitan etengabe aldatzen dira hizkuntzak.

Aldaketa horien nondik norakoak, ordea, oso desberdinak dira hizkuntza batzuetatik besteetara. Aldaketak, barrutik kanpora sortutakoak edo kanpotik barrura eragindakoak izan daitezke. Gaur egun, badira unibertsal samarrak diren kezkak: komunikazioan gertatzen ari den "pobretzea", neologismo ingelesen ugaltzea, ortografiarekiko ardura falta...

Kezka horiei, teknologia berrien ondorioz sortu diren fenomeno berrien ingurukoak gehitu zaizkie. Internetek, digitalizazioak eta telefoniaren garapenak pertsonen arteko harremanetan eragin dituzten aldaketek, ondorio zuzena izan dute hizkuntzaren erabilpenean, batez ere maila idatzian: komunikazio-bide eta harreman-mota berriak sortu dira eta horiekin batera hizkera mota berriak. Lehen ahozkora mugatzen zen kode informalen erabilera, idatzizko harremanetara zabaldu da. Idazkera zuzenaren monopolioa desagertu egin da, harreman-mota batzuetan ia desagertzeraino.

Idazkera honen ezaugarri nagusiak komunak dira Europako izkina honetako hizkuntza guztietan edo gehienetan, nahiz eta euskararen kasuan, gure egoera soziolinguistikoa dela medio, azpi-fenomeno berezi batzuk ere agertu diren. Kode idatzia ahozko kodera gerturatu da eta estandarraren arauak ez dira guztiz errespetatzen. Mezuetan, ekonomia eta adierazkortasuna bilatzen dira; mezu bizi, arin eta zuzenagoak lortu nahi dira, estandarraren urruntasun, zuzentasun edo seriotasuna gaindituz. Araurik ez dago eta ulergarritasuna da arau bakarra. Talde-nortasuna markatu nahi da eta transgresioa bilatzen da, gertutasuna eta bertokotasuna indartuz.


Euskaldungoaren eraldaketa sakona

Eta egoera konplexu honi, gure hizkuntza komunitateak azken hamarkadetan bizi izan duen sakoneko eraldaketa kuantitatibo nahiz kualitatiboa gehitu behar diogu: euskararen hedapen geografiko, demografiko nahiz funtzionala, lehen hizkuntzatzat euskara izan ez duten euskaldunen proportzio gero eta handiagoa, batuaren hedadura, belaunez-belauneko etena euskalkien transmisioan, euskaraz eroso aritzeko gehiengo batek dituen adierazkortasun arazoak, erabileraren hobekuntza eta hedadura geografikoa, ezagupenetik erabilerara dagoen tarte gero eta handiagoa, eta abar. Jazoera positiboak batzuk, kezkagarriak besteak.

Bilakaera honen ondorioz, hiztun tipologia berriak sortu dira. Oso euskara-mota desberdinak hitz egiten dira Tuteran eta Elizondon, Donostian eta Tolosan, Bilbon eta Ondarroan, familia erdaldunetan eta euskaldunetan, euskaraz bizi direnetan eta euskarazko kultur kontsumorik ez dutenetan, euskalkia darabiltenen edo ezagutzen ez dutenen artean... Faktore asko dira aintzat hartu beharrekoak: norberaren ezagupen maila, euskalkiaren bizitasuna, harreman-sareen euskararen erabileraren dentsitatea, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa, hizkuntza jarrerak, ideologia linguistikoak...

Gaur egun, beraz, euskarari dagokionean, ezin daiteke gazte hizkera bakar bati buruz hitz egin. Gazte hizkeraz baino, gazte hizkerez hitz egin beharko genuke, eta jarrera positiboa hartzez gerotan, baita hizkera gazteez ere. Gazte hizkera asko dago, errealitate soziolinguistiko adina. Eta tipologia soziolinguistikoak asko ugaldu direnez, gazte hizkerak eta hizkera gazteak ere asko ugaldu dira.

Joera orokor gisa ezer nabarmendu beharko bagenu, hauxe azpimarratuko genuke: hizkera gazteak, batez ere, nahasiak direla. Eta zer nahasten dute? Euskara eta gaztelania, batua eta euskalkia, norbere euskalkia eta besteenak, euskara zuzena eta akastuna... Nahasketa horren emaitza da, kezka-iturria.

Gurean, bestalde, bada azken urteotan indarra hartu duen fenomeno berezi bat; euskara estandarretik aldegin nahian, gazte askok euskalkietara jo du -neurri desberdinetan-, eguneroko hizkera indartzeko eta idatzizko harremanak adierazkortasunez hornitzeko. Euskalkiek, hurbiltasuna, kolokialtasuna, benetakotasuna eta intimitatea eskaintzen diete. Nahiz eta, aspektu positiboekin batera, arrisku nabarmen batzuk ere sumatu ditugun hainbat joeratan: txokokeria, folklorekeria eta jatorrismoa.


Harreman-sare berriak

Joan Fusterrek zioen bezala, hizkuntza komunitate bat, funtsean, harreman-sare bat da, eta euskalkiek garai bateko harreman-sareen ondorio eta ispilu ziren ber, hizkera gazteak XXI. mendeko euskaldunen arteko harreman sareen ondorio eta ispilu izango dira.

Egoera normalizatuan bizi diren hizkuntzengan aldaketa horiek, batez ere, azaleko aspektuetan dute eragina. Egoera minorizatuan bizirauten dugun hizkuntzetan aldiz, neurriak hartzen ez badira, hizkuntzaren zutoinak eta zutabeak ere kaltetuta gerta daitezke, hizkuntzaren beraren biziraupena arriskuan jartzeraino.

Gazte-hizkerak eta hizkera gazteak normalizazioaren norabidean joan daitezen eta ez hizkuntza ordezkapenarenean, beraz, hizkuntzaren eta hizkuntza-komunitatearen bilakaera autozentratu eta "beregaina" lortu behar da. Euskararen ezagupena orokortzeaz gain, harreman-sareak sortu, indartu eta elikatu egin behar dira, ikasketa-prozesuetan, motibazioa eta jarrerak landuz eta erabilera-esparruak bermatuz eta ugalduz.

Xabier Paya, Bertsolari eta itzultzailea: Zazpi barako atorra
Horixe bera da euskarari eta gazteei buruz idaztea: zazpi barako atorran sartzea. Izan ere, nik baino askoz gehiago dakite euskara gazteen artean zabaltzen zazpi deabruak ikusita daudenak, eta batek baino gehiago pentsatuko du ez ote dauzkadan zazpi azal kopetan gazterik gazteez mintzatzeko. Beste batzuek nahiago dute gaia zazpi giltzekin gordetzea, zazpi behi makal etorrita ere zazpi euskal herrietara. Zertan hainbeste zazpi? Bada, gazteon eta euskararen inguruan egindako hausnarketak zazpi esalditan bildu ditudalako, eta horiek azalduko ditut orain banan-banan, gazte euskaldunak ez baikara isiltzen zazpi ahalak egin gabe.


Erabilera vs. Kontzientzia

Euskara batua euskal hiztunen salbaziotzat jotzen da orokorrean, baina gutxitan aipatzen da euskararen "batuketaren" emaitzak zer kenketa ekarri zien garabide arruntean aurrerantz ziharduten euskalkien hizkerei eta idiolektoei, eta euskaldun berriei ere ez zien nor izateko aukera egokiena eman. Esaterako, euskara batuak ez zekarren min emateko hitzik: izan ere, norbaitek imajinatzen ditu euskaltzainak kabroi hitzaren etimologiaz edo toponimiaz eztabaidatzen? Hori herri xeheari dagokio, baina kasu horretan hizkuntza-maila batzuetan zerotik hasteko eskatu zitzaion herriari.

Horren ondorioz, batzuetan hobeto, besteetan okerrago, euskara batua presente dago Euskal Herri osoan. Presentzia horrek, ordea, euskal kontzientziarekin lotura zuzena du: zenbat eta euskara gehiago entzun eremu batean, orduan eta euskal kontzientzia apalagoa ageri da. Erlazio zuzenki asimetrikoa da, erlazio logikoa. Horrekin esan nahi dut euskal herritar erdaldunek euskal kontzientzia indartsuagoa dutela? Ez zuzenki, baina argi dagoena da ez daukanak badakiela izatea zein den ona. Gazteengan nabarmena da kontzientzia hori. Arazoa da euskaldun izatea ez dela zuzenean lotzen euskal hiztun izatearekin, lotura ezak oso logikoa ez badirudi ere. Orduan, euskal herritar erdaldunek zergatik ez dute aukeratzen euskaraz bizitzea, kontzientzia hain indartsu badute? Kontua da leku batzuetan ez dagoela aukeratzerik, norberak ez baitu aukeratzen beti, eta egia esanda, ez bailuke aukeratu beharko ere.


Euskaraz ez dago Qrik

Euskaldunak kritikoak gara berez. Ez dakigu nola esaten den euskaraz quien avisa no es traidor, baina ergatiboa ahoskatzen ez duen edozein traidoretzat joko genuke. Euskara ez da ingelesa. Ez, jakina. Japoniarren ingelesak eta amerikarrenak ez daukate zer ikusirik, baina biek elkar ulertzen dute. Euskaraz, ordea, EGAdunak ere ez dauka argi euskaraz dakien. Izan ere, azterketaren zatirik handienean gaitasun linguistikoa ebaluatu diote: aztertzaileak ez du jakin nahi aztertuak zer esango liokeen adarra jotzen ari zaion bati, antzarak ferratu ala feriatuko lituzkeen baizik! Eta "esparragoak frijitzera" bidaliko balu? Ingurukoek ez ote liokete esanahia ulertuko?

Gaur egungo euskararen kalitatea kantitatean neurtu behar da lehenbizi. Asko garenean, askoz hobeto egingo dugu. Bien bitartean, gaitasun komunikatiboa bermatzen duten hiztegi murritzeko euskaldunei eman diezaietela euskararen Qa. Bakoitzak hitz egin dezala nahi duen moduan, euskaraz. Edo erdaraz.


Erdara ez da bekatu

Esango nuke Artzeren esaldi famatuak askoren kontzientziak marduldu dituela, baina zalantza daukat esanak zenbat kalte egin ote dion erabilerari. Aski da irakasle ezatsegin bat "hizkuntza bat ez da galtzen…" esaten hastea euskararen elkarteak beste bazkide bat galtzeko. Orduan, gazteari erdaraz mintzatzen utzi behar zaio? Behinik behin, bai: erdara "deskriminalizatzea" garrantzitsua da euskarak eta erdarak elkarrekin bizi behar duten inguruetan. Gazteak ezin du ingurune erdaldunaren errudun sentitu, gaur egungo gizarteari erreparatuta, erdara ez baita desagertuko Euskal Herrian. Bideratu beharrekoa euskal gazteriaren diglosia da, euskara ager dadin erdararen gainetik, baina errealitate eleanitza ukatu gabe.

Bestela, gazteek egokitasun linguistikoa zer den oso ondo dakite. Hortaz, euskal ingurunean erdaraz hitz egiten duenak erraz nabarituko du bere izaera isolatua.

Nola erakarri orduan diglosiko erdaldunak diglosia euskaldunera? Sekretu jakina da hori: eman diezaiegun gustuko duten zerbait euskaraz bakarrik eta hori erakargarri bihurtuko dien erreferente bat. Denborak egingo du euskaltegiarena.


Ez dago ganorazko biraorik

Telebista, irratia eta hedabideak oro har eredugarri izan litezke gazteen hizkeran (produktu bakoitzaren xedea edozein dela ere), eta esango nuke neurri handi batean eragin pozgarria dutela ikusle umeengan eta ez hain xumeengan. Kontua da bizitzeko ezinbesteko pauso diren adar-jotzeak, ziriak eta ligatzeko zirrien etsenpluak badaudela, baina nire ustez, haserrealdietarako hiztegia falta da euskaraz. Ez dago min emateko karga semantikoa daukan hitz-andanarik. Eta hori arazo bat da. Ez dut esan nahi biraoen corpusa egin behar dugunik, baina hizkuntza arrotzetan lehenbizi ikasi ohi diren hitz horiek euskaraz azkenak izango dira. Eta ez dago normalizaziorik biraorik gabe.


Euskaraz ikasi, erdaraz bizi: nola idatzi?

Esaten dute frankismoak belaunaldi bat kendu ziola euskarari. Hori omen da gaur egungo gazteon gurasoena, belaunaldi galdua. Belaunaldi hori, ordea, bi galerak osatzen dute: batetik, euskara galdu izana dago, aurrekoetatik jaso ez den hori berreskuratu nahia; bestetik, lotsa galtzea, sekula euskaldun izan ez direnak bertakotzeko ahalegina. Bi galera horien ondorioz, euskal eskolek ikasleak irabazten dituzte. Ikasle horiek, ordea, gaztetasunaren ezaugarri ezinbesteko diren egoera eta faktoreak erdaraz bizi dituzte, baina hizkuntza-adierazpenaren lanketa formala euskaraz egin dute. Gauzak horrela, zein hizkuntzatan adierazi behar dituzte euren bizipenak?


Eskolaren zeregina: eredu eleanitza

Gotzon Garaterekin bat nator Euskal Herriaren independentziarako arrazoietako bat euskara bera dela dionean. Euskararen ezagutzak derrigorrezkoa izan behar du gure gizartean. Ez dezagun ahaztu euskaraz egitera animatzen ditugun gazteak Euskal Herriko gazteen parte bat baino ez direla, eta batzuek euskaraz egin dezaten denek jakin behar dute. Hortaz, eskolaren betebeharra da gazteak eleaniztasunean haztea, denok denetan jakin dezagun.


Ezagutza, erabilera eta ingurua

Badakienak zergatik ez du euskara erabiltzen? Galdera horren erantzunak askotan inguruaren eragina sumatzen du. Izan ere, ondarrutar batek gutxiago egiten du euskaraz Bilbon dagoenean. Are gehiago, zenbat eta denbora gehiago igaro Bilbon, orduan eta probabilitate handiagoa du erdaraz gehiago egiteko. Inguru euskalduna ezinbestekoa da euskaraz egiteko.

Nola lor liteke, ordea, inguru euskalduna gerturatzea halakorik ez dagoen lekuetara? Bada, mendiak ezin badu Mahomarengana etorri, Mahomak joan beharko du Ondarroara, Ataunera edo Aramaiora, euskaraz dakien jendeak euskara erabiltzen duen inguruneak badirela eta nolakoak diren ikus dezan. Agian hortik sortuko dira basamortuetako oasiak. Azken batean, Euskal Herri euskalduna nahi badugu, halakoa den lekuetako ezaugarriak inportatzen asmatu beharko dugu.

David Anaut, Bortziriak eta Leitzaldeko euskara teknikari lanetan aritua. Egun Elhuyarren ari da: Zergatik egiten dute gazte euskaldun askok euskaraz?
«Belaunaldi zaharragoen eta garai bateko elebakarren ondoan, gazte gehienen euskarazko jarduna ez da hain bizia, aberatsa edo naturala. Beste kontu bat da esaldi horrek hartzen duen 'akusazio' usaina, batzuetan ematen baitu gazte horiek propio egiten dutela horrela»

Gaztetasunaren definizioak eta mugak gorabehera, Euskal Herriko populazioaren zati bat gaztea da. Gazte horietako batzuk euskaldunak dira, beste asko ez. Euskaldunak diren horietako batzuk euskara maiz erabiltzen dute, beste zenbaitek zertxobait, eta beste askok batere ez. Errealitate hori, "gazteak eta euskara" ideian bildu duguna, euskaltzalearen edo euskara berreskuratzeko lanean ari denaren begietan bederen, "arazo" bat da. Eta horrela begiratzen diogu, normalean, errealitate horri, nahiz eta ez den begiratzeko modu bakarra.

"Gazteak eta euskara" esan dugu, eta "haurrak eta euskara", "helduak eta euskara", "zaharrak eta euskara" ere esan genezake, estuki lotuta baitaude denak ere. Nekez irudika dezakegu gazteen euskararen ezagutza eta erabilera orokortuta edo normalizatuta, haurren, helduen edo zaharren ezagutza edo erabilera orokortuta edo normalizatuta ez dagoen herri batean.

Batera doaz, beraz, nire ustez behintzat, eta euskara funtzio sozial guztietan normaltasunez erabiliko den lurraldean ikusiko dugu gazteen euskararen ezagutza eta erabilera normalizatuta, normaltasunez erabiltzeko "arazorik" gabe.

Horrek guztiak ez du esan nahi, ordea, gazteen giza taldeak ezaugarri propiorik ez duenik, eta hizkuntzaren ikuspegitik ere besteekiko alderik ez dagoenik edo aparte aztertu ezin daitekeenik. Bai baitauzka berezitasunak gazteen adin-taldeak. Berezitasun horiek gogoan izanda, hiruzpalau ideia jorratzen saiatuko gara, labur beharrez arreta gazte euskaldunengan jarrita.


Zer

Zer hizkuntza erabiltzen dute gazte euskaldunek? Izan ere, gehienek behintzat, bi hizkuntza dakizkite: euskara/gaztelania edo euskara/frantsesa. Eta, bistan denez, euskalduna izateak ez du bermatzen euskara erabiliko denik. Ezta euskaltzalea izateak ere. Errealitateak erakusten digu gazte euskaldunek maiz asko erdaraz egiten dutela, batzuetan ezinbestean, besteetan ez.


Nola

Nola egiten dute euskaraz gaurko gazte euskaldunek? Oro har, nire iritziz, errealitate soziolinguistikoaren ondorioz espero litekeen moduan eta moldean. Nork ez du inoiz entzun "gaurko gazteek zer gaizki hitz egiten duten!" esaldia. "Gaizki" hori oso erlatiboa da, baina badago horren atzean ukaezina den egia: belaunaldi zaharragoen eta garai bateko elebakarren ondoan, gazte gehienen euskarazko jarduna »erregistro jakin batzuetan gehienbat» ez da hain bizia, aberatsa edo naturala. Beste kontu bat da esaldi horrek hartzen duen "akusazio" usaina, batzuetan ematen baitu gazte horiek propio egiten dutela horrela, edo nolabait ere "errua" haiena dela.

Baina, esan bezala, gaztearen -eta gainerakoen- hizkeraren moldea neurri handi batean inguruak ematen eta mugatzen du. Hizkera hobetzeko, osatzeko, egokitzeko eta aberasteko ahalegin pertsonala egin liteke, baina hizkuntza-komunitatearen zati txiki batek baino ez du egiten, normalean, ahalegin hori. Gainerakoek, berriz, norberak bizi duen errealitate soziolinguistikoak ematen duen "maila" izanen dute. Eskuarki, erabilera zenbat eta handiagoa, orduan eta euskara hobea, zuzenagoa eta egokiagoa.


Zergatik

"Zergatik egiten dute gazte euskaldun askok erdaraz?" galdetu ohi dugu askotan. Akaso alderantziz galdetu beharko genuke: "Zergatik egiten dute gazte euskaldun askok euskaraz?". On litzateke horien arrazoiak ongi aztertzea, horietan eragiteko.

Nahas-mahas, eta labur-labur, hizkuntza bata edo bestea hautatzeko garaian erabiltzen ditugun arrazoietako batzuk hautatu eta aipatuko ditugu:

- Euskara hizkuntza minorizatua eta minoritarioa da, eta Euskal Herriko lurraldean -adiera geografikoan eta sozialean- baztertua dago neurri handi batean. Erabili nahi izanda ere, askotan ezin izaten dugu, solaskidea ez delako euskalduna, hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigulako…

- Erosotasuna: haur, gazte, heldu edo zahar izan. Gizakiak badu erosotasuna bilatzeko berezko joera bat, hizkuntzaren erabileran ere islatzen dena. Eta hizketan ere, besteekiko harremanean, eroso eta gustura sentitu nahi izaten dugu. Ez dugu hizketan sofritu nahi, ez dugu deseroso sentitu nahi, eta erdaraz euskaraz baino hobeki moldatzen denak -nire ustez hala da gazte gehienen kasuan- hizkuntza-kontzientzia indartsua behar du hala ere euskaraz egiteko. Kontzientzia hori eduki ezean, "errazenera" joko du, erdarara alegia.

- Botere-harremanak: hizkuntzak ere botere-harremanei eusteko edo haietan eragiteko balio du. Gerta liteke pertsonen arteko harremanean -koadrilan, esaterako- euskaraz boteretsu sentitzen dena, erdaraz ahul sentitzea, gaitasun eskasagoa dela medio; edo alderantziz.

- Arauak: gaztearentzat -ez beti, jakina- koadrila oso garrantzitsua da, eta lagunarte horri eusteko ahalegina eginen du normalean. Horrek, besteak beste, koadrilako arauak onartzea dakar, linguistikoak barne. Gustukoak izan edo ez. Gerta lieke gazte erdaltzalea koadrila euskaltzaleko kide izatea, eta bestela gusturago eta errazago eginen lukeen arren, normalean euskaraz egin behar izatea. Edo alderantziz.

- Identitatea eta argota: gazteak bere "gazte identitatea" adierazi eta islatu nahi izaten du askotan. Baditu horretarako bitartekoak: janzkera, orrazkera… eta hizkuntza. Baita euskaraz ere? Hitz egiteko garaian "gazte" gisa agertzeko beharraren aurrean zer egin dezake gazte euskaldunak? Hiru aukera ikusten ditut nik: lehendabizikoa, gazte kutsuari uko egin eta "ukitu berezirik" gabeko hizkera erabiltzea, adin-markarik gabea; bigarrena, erdaraz egitea, eta erdarak horretarako eskaintzen dion "gazte-hizkera" erabiltzea; eta hirugarrena, bere euskarazko jardunari "gazte-ukitua" ematea.

Nola egin azken hori, ordea? Izan ere, nire ustez behintzat, euskarak ez du oraindik sortu "gazte-hizkera" hori. Ez behintzat gaztelaniaren gazte-hizkeraren parekorik edo aberastasunean eta moldakortasunean hari hurbiltzen zaion antzeko erregistrorik. Horretarako, hizkera hori sor lezaketen erabilera indartsuko gune urbano eta erreferentzialak beharko lituzke euskarak, hizkera hori modu naturalean eta ez-arautuan hedatzeko gaitasuna edo indarra izanen luketenak. Iruditzen baitzait, nahiz eta ezinen nukeen frogatu, erdaretan horrela sortzen direla gisako moldeak. Gaur egun, tamalez, euskarak ez dauka horrelakorik. Hori daukanean, orduantxe izanen du euskarak bere gazte-hizkera propioa eta naturala. Bitartean, daukagunaren neurrian eta gauden egoeran sortu beharko dugu, eta badaude horretarako proposamenak eta gonbiteak, eredurik eman nahi izan gabe, egin egin daitekeela erakusten ari direnak.

Beste aukera bat da, jakina, euskarazko jardunean erdarazko makuluak barra-barra sartzea, hizkerari ukitu hori emateko. Eta, egia esan, gaur egungo gazte askok halaxe egiten du, eta hor aurkitu du euskaraz aritzeko eta identitateari eusteko "erdiko bidea" edo.

Honaino, bada, gai honen inguruko hausnarketa txiki honen emaitza. Gaiak badu mamia, baita garrantzia ere, eta berebiziko garrantzia dauka gazteen ahotsa eta iritzia kontuan hartzea, haiek baitira, azken batean, euskara erabiliko -edo ez erabiliko- dutenak.

Beñat Gaztelumendi, Bertsolaria: Euskara: Ikasi eta bizi
«Aditz sistema ederki dakigu, izenlagun eta izenondoak askotan landu izan ditugu. Baina, agian, ez dugu jakin tresna horiek gure eguneroko bizitzara egokitzen. Urrezko aitzur bat eman digutela dirudi batzuetan, baina ez digutela lurra lantzen irakatsi»

Gaur egun geroz eta jende gehiagok hitz egiten du euskarari buruz, baina ez dakigu euskaraz hainbeste mintzatzen ote garen. Nire helburua ez da konklusio orokorrak ateratzea. Uste dut askotan hobe izaten dela norberak bere esperientziak kontatzea ondoren gaiari buruz gehiago dakitenek ondorioak atera ditzaten. Eta horixe da egin nahi dudana.

Ikastolen garaian jaiotakoak garenongan esperantza handiak ipini zirela dirudi, uste baitzen euskaraz ikasteak euskaraz bizitzea ekar zezakeela. Eta ikasi, gure belaunaldiko ia kide guztiok ikasi dugu. Aditz sistema ederki dakigu, izenlagun eta izenondoak askotan landu izan ditugu. Baina, agian, ez dugu jakin tresna horiek gure eguneroko bizitzara egokitzen. Urrezko aitzur bat eman digutela dirudi batzuetan, baina ez digutela lurra lantzen irakatsi. Edo, agian, gu ere ez garela horretan saiatu. Bizitasunik gabeko hizkuntza erabiltzen dugula esan ohi digute batzuetan, eta, iruditzen zait, egia dela. Baina, ez dut uste euskararen kasua denik soilik, nahiz eta gurean ahozko hizkuntza era aberats batean erabiltzeko arazoa besteetan baino larriagoa den.

Hizkuntza ez da hitz hutsa. Ez da jakitea soilik. Jakitetik erabiltzera bitartean behar bat dago, eta behar hori da, askotan, falta dena. Erreferentziak eduki behar dira: umetan egiten ditugun lehenengo lagunak dira erreferentzia; ondoren datoz telebista, irratia, musika, internet... Beraz, haurtzaroan lehenengo pausua ematen dugu: euskaraz ikasten dugu. Baina, ondoren, behar bat sortu behar da hizkuntza horretan hitz egiteko, eta, behar hori inguruak sortzen du.

Nire ingurua nahikoa euskalduna da berez, eta gure adinean zer esanik ez, ia guztiok auzoko ikastolatik ateratakoak baikara. Ni hamabi urtera arte egon nintzen ikastola horretan, ikastola txiki horretan. Egia esan, hamabi urte bete arte inoiz ez nuen erdaraz jakiteko beharrik sentitu. Kontua zen nire klase-kide gehienen gurasoak euskaldunak zirela, eta, beraz, ikastolara hasi ginenean beste hizkuntzarik ez genekiela. Baziren batzuk gurasoren bat erdalduna zutenak, baina, gehienok txikitan gazteleraz tutik ere ez genekienez, gure behar eta mugetara egokitu behar izan zuten. Beraz, garai hartan euskaraz jakin bagenekien, eta gazteleraz ere ondo ikasi genuen. Balantza alde batera edo bestera eroriko zen, lehen esan bezala, inguruak erabakiko zuen, erreferentziek. Eta, gure kasuan, ETB1eko marrazki bizidunak ziren erreferentzia, euskaraz ikusten genituenak, alegia. Eta euskaraz ikusten genituenez, saiatuta ere ezinezkoa gertatuko zitzaigun ia bezperako atalaren laburpena gazteleraz egitea, besteak beste marrazki bizidun horien elkarrizketak euskarazkoak zirelako berez, eta, hizkuntza, gauza guztien gainetik, praktikoa da: pertsonok ahalik eta lanik gutxien egin nahi izaten dugu. Eta lan handia izango zen guztia gaztelerara itzultzen ahalegintzea.

Seigarren maila amaitu ondoren, ordea, Donostiara joatea egokitu zitzaidan ikastera. Ikastola handi batera heldu nintzen. Irakasleak ahal zuten heinean saiatzen ziren bertako ikasleak euskaraz aritzera bultzatzen. Baina, etxean gazteleraz hezitako ume gehiago zegoen ikastolan, eta, kalean ere, jende gehienak erdaraz hitz egiten zuen. Gainera, urte batzuk lehenago euskarazko marrazki bizidunak izan ziren bezala, garai hartan beste erreferentzia batzuk zeuden indarrean: "Operación Triunfo" eta antzekoak. Ez zegoen beste gairik. Eta, noski, umetan marrazkiei buruz euskaraz hitz egitea errazagoa zen bezala, Bisbalek eta bere lagunek gazteleraz aritzera gonbidatu ohi zuten jendea. Hala, eta, lehen esan bezala, hizkuntza gauza guztien gainetik praktikoa denez, gazteleraz hasitako elkarrizketarik ez zen euskaraz bukatzen.

Nire kasuan hau nahiko ezberdina zen. Alde batetik, ordurako bertso-eskolan buru-belarri sartuta ibiltzen nintzen, astean ordu dezente igaro ohi nituen kantari. Eta, kantari ari ez nintzenean, bertso zaharrak irakurtzen ibili ohi nintzen. Hartara, eguneko ordu gehienak euskaraz bizi ohi nituen eta jolas-orduetan ere ez nintzen gai izaten erdaraz hitz egiteko. Bestalde, txikitako lagun koadrilarekin jarraitzen nuen, auzoko ikastolan ibiliak guztiak, eta, beraz, euskaraz esaten genituen esan beharrekoak. Dena den, aitortu beharra daukat urte hauetan gaztelera pixkanaka gure taldean sartuz joan zela, besteak ere, ni bezala, Donostian ari baitziren ikasten, eta astean zehar erdara hain gertuan eduki ondoren zaila baitzen asteburuan euskaraz aritzea. Hala, astean bost egunez euskaraz aritzeko gaitasuna kamustu ondoren zaila zen asteburuan jatorrizko hizkuntzara itzultzea, euskaraz ondo jakin arren emozioak adierazteko hain garrantzitsuak izan daitezkeen ñabardurak zehazteko gaitasuna galdu egiten baitzen.

Ondoren, karrera bat aukeratzeko ordua iritsi zen. Nire ustez, behin hemezortzi urte bete ondoren, nahikoa zehaztua egon ohi da etorkizunean zein hizkuntzatan biziko garen. Gainera, nire kasuan aukera izan dut karrera euskaraz edo erdaraz egin erabakitzeko -denek ez dute zorte hori-, eta, klasean nabaritzen dut euskara gehiago entzuten dudala. Eta gauza bera gertatzen da lagunartean ere. Ez dakit hizkuntzaren inguruan nolabaiteko kontzientzia bat hartu dugulako izan ote den edo ez. Ez nuke halakorik esango. Iruditzen zait erreferentzia kontua dela: iraganean hartutako jarrerek erabakitzen dute gure oraingo jokabidea. Nik lehen lagun batekin euskaraz hitz egiten banuen orain ez naiz gazteleraz hasiko, ezta zinean erdaraz ikusi dudan azken pelikularen laburpena egin behar badiot ere. Agian, urte batzuk lehenago banuen arrisku hori, jarrera ez baineukan oraindik definitua. Orain oinarriak ongi ipinita daude, lehengo erreferentziek zutabe sendoak eraiki dituzte, eta ia ezin naiteke egun batetik bestera lagunekin erdaraz hitz egitera igaro, ohitura eta inertzia batzuk eraikita daudenez errazagoa baitzaigu elkarrekin euskaraz aritzea. Hizkuntza praktikoa baita gauza guztien gainetik.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude