Noble hitza notabletik dator. Antzinateko zibilizazioetan (Asiria, Babilonia, Pertsia, Grezia, Erroma) gizon aske eta esklaboen arteko bereizketa egiten zuten. Lehenbizikoak noble edo plebeio izan zitezkeen, sailkapen horren barruan maila desberdinak bazeuden ere. Nobleak errege edo agintari nagusiaren aldamenean zeuden, eta harekin partekatzen zituzten boterearen alderdi guztiak, politiko, sozial, erlijioso zein militar. Nobleziak, hots, notableek (nabarmen, bikain) hainbat dohain biltzen zituzten bere baitan. Haiek ziren leinuetako buruzagiak, aberatsenak, ikasienak, apaizak... Baina nobleziaren zati izateko boteredunen onespena behar zen, dohain horien aitortza nolabait esatearren. Hala zen lehen, eta hala da oraindik ere.
Alabaina, agintari gorenek pertsona bakarrari aitor ziezaioketen bikaintasuna, edo leinu bati. Oso ohikoa izan baita -eta da- noblezia herentziaz jasotzea. Eta hortik etorri zaizkio nobleziari kritikarik handienetakoak. Zer dela-eta norbaiten bikaintasuna aldarrikatu, arbaso nabarmen bat edukitzea beste meriturik ez badauka?
Gauzak aldatuz doaz, hala ere. Europako hainbat herrialdetan ez zaio oinordetzako titulurik inori ematen aspaldidanik. Norvegian, berbarako, debekatuta daude 1905etik, eta Grezian edo Bulgarian ere hutsaren hurrengoa dira: bertako erret familietakoak izandakoek besterik ezin diete eutsi. Titulurik ematekotan, jaso duenaren heriotzaz batera desagertuko da titulu hori.
Titulua, beraz, norberak jaso dezake zuzenean, edo gurasoengandik. Espainiako estatuan behinik behin, badago beste modu bat: berrosatzea. Tituludun noble bat hiltzean, haren ondorengo izateko eskubidea daukala uste duen orok bost urteko epea dauka Justizia Ministerioaren aurrean eskubide hori aldarrikatzeko. Epe hori igarotakoan inork ez badu titulua beretzat eskatu, berrosatzea izango da hartarako aukera bakarra. Hala, odol bidezko harremana ez ezik, meritu nahikoa daukala frogatzen duenak lozorroan izandako titulu hori iratzar lezake.
Non dira nobleen pribilegioak?
Historian zehar, nobleek hainbat pribilegio izan dute. Gaur egun, eta administrazioaren arloan, ez da hala; Espainian esaterako, Konstituzioaren aurkakoa litzateke, baina esandakoak mundu osorako balio du, edo Europarako behintzat. Noble izateak lehengo esanahiari eusten dio, agintari gorenaren onespena eta aitortza den heinean, baina galdu egin da horrek garai batean zeukan esanahia. Zerk bereizten ditu, legearen aurrean, duke, markes edo konde bat, eta hiritar arrunta? «Ezerk ez, tituluaren dignitatea erabiltzeko eskubideei dagokionean izan ezik», azaldu digu Jose Luis Sampedro Espainiako Genealogia, Heraldika eta Noblezia Diplomadunen Elkarteko presidenteorde eta noblezia kontuetan adituak.
Beste alde bat dago, eta ez noblearen aldekoa: tituludun nobleek, titulu hori jasotzean, zerga bat ordaindu behar dute. Zerga horrek aspaldiko nobleek ordaintzen zituztenen hondar modura iraun du Espainiako estatuan, hainbat mendetako higadurari aurre eginez. «Noblezia Zuzenbidean adituek zalantza handiak dituzte zerga horri buruz. Izan ere, ez dago argi benetako zerga den edo tasa hutsa. Zerga izateko, proportzionaltasun printzipioa jarraitu behar luke -gehiago daukanak gehiago ordaindu- eta ez da hala. Aurrez ezarritako tarifa batzuen arabera ordaintzen da», dio Sampedrok. Markesa hiltzean, hainbeste ordaindu behar du haren semeak -edo alabak, semerik ezean-, markes izaten jarraitzeko. Hala ere, Erregeak titulu bat ematen duenean gaur egun, salbuetsi egiten du zerga horren ordainketa, eta baita hurrengo belaunaldiaren oinordekotzari dagokiona ere. «Bestela, a zer nolako mesedea egingo liokeen titulua jasotzen duenari!», egin du txistea Sampedrok.
Zenbatean dago markes izatea?
Tituluak hierarkia baten arabera ordenatuta daude -geroxeago zehaztuko dugunez-, eta zergetan ere igartzen da hori. Garestiago da duke izatea konde izatea baino, esaterako. Espainian, garestiena Espainiako Handi titulua berrosatzea da, eta 3.000 euro inguru ordaintzen da. Markes titulu baten ondorengotza berriz, 700-800 euro. Sampedrok dio ez direla sekulako dirutzak, ordaindu behar dituztenek ez baitute hargatik arazo handirik izango. Lege aldetiko pribilegiorik ezean, gaurko noble gehienek aberastasunari eusten diote behintzat, besteongandik bereizgarri. Hala dio Sampedrok: «Nekez aurkituko duzu diru aldetik larri dabilenik, Espainian dauden 2.000 inguru tituludun nobleen artean. Zenbaitzuk, ondasun eskergen jabe izanik, gainbeheran amildu dira, ondasunok ondo kudeatzen jakin ez eta. Baina tira, etxe handi gehienetako hondamendia neuretzat hartuko nuke atsegin handiz. Hamabi tapiz badituzu, bi saldu eta baduzu pare bat urtean aurrera egiterik».
Jatorria
Guztion gogoan dauden titulu motak -duke, markes, konde... -Europako herrialde gehienetan erabiltzen dira, eta Erdi Aro hasieran daukate jatorria. Baita haiek ordenatzen dituen hierarkia ere. «Garai hartako nobleek -adierazi du Sampedrok- karguak zeuzkaten gortean. Erregearen laguntzaileak komeak ziren, edo kondeak. Kondea izan zitekeen, halaber, gaur egungo gobernadore zibilen baliokidea, erregearen izenean eskualde batean agintea zeukana».
Eskualdea oso garrantzitsua bazen, dukerria zen, eta dukea hango nagusia. Beste eskualde batzuk etsaiarekiko muga ziren. Horiei marka esaten zitzaien -hortik ei dator Markina herriaren izena, berbarako-, eta bertan agintzen zuenari markes. Alemanez primeran ikusten da hori: konde «graf» esaten da hizkuntza horretan, eta markes, berriz, «markgraf».
Hierarkian, hortaz, dukea da nagusi, markesa ondoren eta kondea hirugarrenik. Laugarrena bizkondea da, hau da, lurralde batean kondearen izenean jarduten zuena. Azkenik, baroiak eta jaunak daude.
Titulu sailkapen hori berdintsua da Europa osoan, baina badira alde batzuk. Espainiako estatuan, adibidez, oso baroi gutxi dago, baina Frantziakoan askoz gehiago. Bizkondeak eta jaunak, berriz, oso gutxi dira leku guztietan. Bestalde, Espainiako eta Frantziako estatuek -eta Europako pare bat herrialde gehiagok- badute beste titulu bat aipatutako guztien gainetik. Handia, Espainiako kasuan; Parea, Frantziakoan. Dena den, eta esan bezala, hierarkia horrek ez du balio handirik gaur egun, zergak garestitzeko ez bada. Bestela, protokoloko lau txikikeriagatik baino ez dira bereizten batzuk eta besteak.
Erregetza besterik da
Ohartuko zineten aurreko zerrendan ez dela errege edo printzerik aipatu, nahiz eta askotan, ezjakintasunaren ezjakintasunez, horiexek kokatuko genituzkeen goreneko erpinean. Ez, bada. Erregea noblezia iturria da, baina ez da, zenbaitzuk dioten bezala, lehenengo noblea. Noble titulu zerrendan ez dago ez errege, ez erregina, ez printze, ez infanterik. Horiek dignitateak dira, ez tituluak, eta subiranotasunarekin daukate zerikusia. Erregea, gaur egun, eta Espainiako Konstituzioaren arabera, herriaren subiranotasunaren ordezkaria da.
Zeregin horri zor zaizkio, hain zuzen ere, Espainiako erregeak Justiziaren aurrean dituen zenbait pribilegio; eta horiek ez daukate zerikusirik garai batean noble guztiek zeuzkatenekin. Alegia, bere funtzio politikotik ez beste inondik datozkio Espainiako erregeari foru-pribilegioak. Edozein legebiltzarretako kide diren politikariei bezala.
Dena dela, Espainiako erregeak eta haren senitarteko hurbilenek hainbat noblezia titulu dauzkate berez, erret familiakoak izate hutsagatik. Horietako batzuek Euskal Herriarekin lotura estua daukate. «Konstituzioaren artikulu batek dio erregearen titulu ofiziala Espainiako Errege dela, baina erabil ditzakeela, baita ere, ohituraz eta tradizioz Espainiako erregeari dagozkion beste tituluak», dio Sampedrok. Zerrenda oparoa da: Gaztelako, Leongo, Aragoiko, Toledoko, Kordobako, Sevillako, Gibraltarreko eta Algarveetako errege. Nafarroakoa ere bai, bide batez esateko.
Horiek guztiak errege tituluak dira, eta ez noblezia tituluak. Hala ere, zerrenda ez da hor amaitzen, Juan Carlos I.a Bartzelonako kondea eta Bizkaiko Jauna ere bada eta. Honaino Espainiako Konstituzioaren arabera edozein ekitaldi publikotan erabil ditzakeenak. Jakina, legediak ezin dio zilegitasunik aitortu historian zehar Espainiako erregeek izan dituzten beste titulu batzuk erabiltzeko, aspaldidanik askatu baitziren inperiotik: Mendebaldeko Indietako errege, Bi Sizilietako errege, Jerusalengo errege... «Jerusalengo errege titulua -argitu du Sampedrok- Europako hainbat erregek daukate». Denek gorde nahi zuten beretzat gurutzadetan irabazitako saria.
Espainiako Printzearen «curriculuma» ere hainbat noblezia tituluk edertzen dute. Gainera, Vianako Printzea da, Nafarroako erregegai den heinean. Haren arrebak, berriz, Lugoko eta Palmako dukeak dira jaiotzez, eta baita ere, ezkonduz geroztik, euren senarrak, dibortziorik ez den bitartean behinik behin.
Frantziako erregetza galduan liskarrak
Frantziako estatuan ez dago erregerik, ez eta printze edo bestelako enparaurik. Noblezia tituluek bere horretan diraute, baina Sampedroren esanetan gobernua ez da gehiegi arduratzen haietaz. Hor daude eta kito, besterik gabe. Gauza bera gertatzen da monarkia garaiko erregeen ondorengoez. Izan ere, erregerik ez da ofizialki, baina bai erret etxea. Are gehiago: hiru erret etxek aldarrikatzen dute alegiazko frantziar monarkiaren buruzagitza. Errepublikako Gobernuak tentuz tratatzen ditu guztiak, eta baita, lantzean behin, ekitaldi ofizialen batera gonbidatu ere. Zein ekitaldi den, bata ala bestea gonbidatuko dute; sekula ez hirurak batera, ezta bi sikiera.
Sampedrok hiru hautagaiak aurkeztu ditu: «Frantziako Iraultza garaitik dator gatazka. Batetik, Luis Alfonso de Borbon dago, erret etxe legitimistako burua. Bestetik, Parisko kondea dago. Orleans etxeko kidea da, eta Felipe I.aren ondorengoa. Felipe I.ak 1830ean eskuratu zuen erregetza, benetako erregea bota zuen iraultza baten ondoren. Hirugarrenik Napoleon printzea dugu, Napoleon Bonaparteren anai baten ondorengoa. Harengan eta haren aurrekoetan datza, orain dela belaunaldi batzuetatik hona, Frantziako etxe inperialeko buruzagitza». Antza denez, De Gaullek erregetza berrezarri nahi izan zuen Aljeria galdu ondorengo krisialdia baretzeko -Francoren eredu arrakastatsuari jarraiki, itxuraz-, baina bertan behera utzi zuen asmo hura, garai hartan eskura zeukan hautagai bakarra Orleanseko etxea zen eta. Presidentearen iritziz ez zen lar fidatzekoa, nonbait, momentu hartan orleandarren buru ziharduen morroia.