Cheshire konterria Gipuzkoaren tamainako probintzia da, eta milioi bat biztanle dauzka. Ingalaterraren mendebaldeko kostaldean dago, kasik Galesekin muga eginez. Chester dauka hiriburu. Eskualde ingeles horretan azken urteotan herritar andana mobilizatu da bertan agintariek eraiki nahi duten errauste-lantegia gelditzeko. Cheshireko Erraustegiaren Kontrako Sarean (Cheshire Against Incinerator Network, CHAIN) biltzen dira eta beren webguneari No Incinerators in Cheshire ipini diote titulutzat. Informazio, dokumentazio eta loturaz ondo hornitutako agerkaria da.
Cheshireko agintariak une hauetan ari dira erabakitzen zein leku zehatzetan ipini zaborren tratamendurako lantokia. Aurretik bost kokagune eduki zituzten eztabaidan, eta badirudi azkenean Peel Holdings izeneko parajean kokatu nahi dutela urtean 600.000 tona zarama kiskaliz energia ekoizteko faktoria. Hori eragozteko herritarrak mobilizatu nahi ditu CHAIN elkarteak, arriskuez ohartarazi, etxeetako zakarrentzako alternatibak landu eta agintari politikoei -hauteskundeetan aurkeztu beharko baitute berriro- presio egiteko.
No Incinerators in Cheshire gunean «Why not burn?» (Zergatik ez erre?) izena daraman atala honela hasten da: «Beti badira, noski, esango dizutenak zaborra erretzea aukera erraz eta garbia dela eta horrela energia sortzen dela, elektrizitatea ekoizteko balio duena. Mesedez, konturatu zaitez horrela mintzo direnek askotan ez dituztela intzinerazioaren datu guztiak ezagutzen, eta beraiek ez direla inoiz errauskailu baten ondoan bizi izan. Hala bizi balira, oso bestela ikusiko lituzkete gauzak».
Hemen «hirietako hondakinak» deitzen ditugunak «udaletako zabor solidoak» deitzen dituzte Ingalaterran (Municipal Solid Waste, MSW), eta horiek erretzeak dakartzan kalteen bilduma laburra egiten da No Incinerators in Cheshire gunean; zehaztasun gehiago nahi duten herritarrei gomendioa egiten zaie informazio gehiago den beste gune batzuetan begiratzea.
Ondorio kaltegarriak honakoak dira: zaborrak erretzeak emisio toxikoak, errauts pozoitsuak eta bestelako hondar kutsagarriak sortzen ditu. «Ingurumenera isurtzen duguna guregana itzultzen da elikaduraren katean, arnasten dugun airean eta edaten dugun uretan barrena. Gehieneko kutsadura kopuru ofizialek ezin gaituzte babestu: hauek eskuragai dauden mailak kontrolatzen baitituzte, ez maila errealak. Gizakiak ezagunak dituen substantziarik arriskutsuenetako batzuentzako -kantzerra sortzen duela ongi dakigun dioxinarentzako, adibidez- ez dago gehienekok kopururik». Hori horrela, ondorioztatzen du CHAINen buletinak, herritarrek ez dute beste biderik beren zaborren arazoa konpontzeko alternatiba garbiago, berdeago eta jasangarriagoak bilatzea baino.
Herritar ingelesek «incinerator» deitzen dutenari izen politagoa aurkitu diote agintariek: «Thermal Treatment» (Bero bidezko Tratamendua). Baina ez dauka termalismoarekin eta talasoterapiarekin zerikusirik nonbait, eta «Thermal Treatment» egiteko errauskailuak Cheshireko aberatsen inguruetatik urrun samar eraman izana azpimarratu dute
No Incinerators in Cheshire gunean. Ez dute arrazoi faltarik horretan.
Izan ere, errausketaren aldekoek diote Ingurumen Agentziak kontrolatzen dituela horrelako instalazioak, baina kontra dauden herritarrak ohartu dira horrelako lantegi guztietan gertatu direla hutsegiteak; batzuk plazaratu direnak, eta beste asko ezkutuan geratu direnak. Dena dela, honelako labe batek tximiniatik isuritako kutsadura inguru zabal samarrean sakabanatzen dela jakina da. Batzuek tximiniaren inguruko 5 kilometroko radioa aipatzen dute, baina 20 kilometroko bueltan ugari aurkitzen omen dira arrastoak.
CHAINen buletinari erreparatzen diona ohartuko da ez direla gauzak asko dramatizatzen saiatzen. Oso era laburrean aipatzen dira adibidez gizakiaren osasunarentzako horrelako errauste-lantegiak dakartzan arriskuak. Gordinak dira hala ere. «Zabor intzineradoren aire bidezko isuriak ezaguna da kantzerra eta beste gaixotasunak eragiten dituztela».
Errauste-lantegiengatik ugaritzen diren kantzerren aipamen txit motza egin ondoren, argitzen dute: «Horrelako intzineradoren inguruan (0,5-5 kilometro) bizi diren herritarrei egindako ikerketek erakutsi dute beren odolean beste herritarren aldean dioxina kopuru handiak dauzkatela. Dioxinekin batera oxido nitrikoa, oxido sulfurikoa eta beste partikulak dira faktoria hauen kutsagarri nagusiak.
Kantzerrez gain, zaborrak suntsitzeko teknika honek inguruko herritarren artean jaiotzetiko eritasunak, sexu arazoak eta eragin neurologikoak ugaritzen omen dizkiete.
Ingurumenari egiten dizkioten kalteak bitan sailkatzen ditu
No Incinerators in Cheshire guneak. Batetik, Britainia Handian airera isurtzen diren dioxina guztien erdia edo gehiago zaborren erretzeak eragiten duela, ahaztu gabe kiskalketaren bukaeran geratzen diren errauts oso toxikoak. Bestetik, kiskali egiten direla baliabide asko eta onak, birzikla daitezkeenak eta erre direlako gure haurrek eta ondorengoek erabili ezingo dituztenak.
Erraustea den aukeraren azterketa ekonomikoa ere egin dute. «Azkar esanda, intzinerazioa ez da ekonomikoki bideragarria». Eta herritarrek ondorengo 20 urteetan horrek eragindako zorrak zerga bidez pagatu beharko dituztela diote CHAINekoek. Eta alderantziz, birziklatze politika integral batek lanpostu asko sortuko omen lituzke.
Errauskailuaren inguruko etxeen prezioetan izaten den kaltea ere aipatu dute. Londresko gobernuak horretaz -jadanik martxan dauden intzineradoren inguruan- ikerketak baditu eginak, eta horiek erakusten dute etxe horien prezioek behera egiten dutela lehen zurrumurruak zabaltzen diren egunetik. Hurbilenekoek nozituko dute gehienik, noski.
«Baina albiste on bat ere bada honetan guztian- diote buletinean-: alternatiba bat badela!». Asko egin dezaketela herritar eta familiek eta baita erakundeek ere. Londresko gobernuak zaborraren konpostatzeko estrategia sustatzen omen duenez, erabaki horretan ere babestu nahi dute Cheshiren erraustegirik nahi ez dutenek. Alternatiba teknikoak ere aipatzen dituzte: elektrizitatea baliatuz zaborra konpostatzen duten unitate txiki eta usainik gabeak, zaborrak sistema mekaniko eta biologikoz tratatzeko sistemak, eta abar. Horrela funtzionatzen duten eredu eta hirien zerrenda eta loturak eskaintzen dira
No Incinerators in Cheshiren.
Jakina, horrelako arazoak Cheshireko erraustegi batek edukiko lituzke, ez Gipuzkoako batek, ez Txingudin eta ez Zubietan egin nahiko lituzketenek. Ingeles horiek hain dira bitxiak...
------------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.