Ikasteko lehen baldintza: nahi izatea


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Egoera ez zaigu arrotza. Hizkuntza gutxituetako hiztunon gurutzea da. Nahia, ahala. Nahia, ezina. Gure hizkuntzan hitz egingo duen solaskidea, auzoan. Harekiko jokabidean bistaratuko dira hizkuntza gutxituetako hiztunon hizkuntza jarrera askotarikoak. Segidako pasadizoa, esan dezagun ohikoa gazte asteburuan: «Pizzeriara sartu da lagun taldea. Mahai batean jarri eta zerbitzaria etorri zaie, galdezka:

Zerbitzaria. -Buenas noches. Qué queréis tomar?
Miquel. -Nik pizza bat... lau urtaro bat.
Zerbitzaria. -Si no hablamos en castellano, me parece que no nos vamos a entender.
Miquel. -Lau urtaro bat. Ez da ulertzeko hain zaila!
Toni. -Ha pedido una cuatro estaciones. Ez gara hizkuntzarengatik haserretuko...
Zerbitzaria. (Nesketako bati) -Y por aquí?
Joana. -Para mí una cuatro quesos. Es la pizza que más me gusta.
Manuela. -Nik begetala nahi dut, tipularik gabe.
Zerbitzaria. -­Otra vez! A ver si os enteráis que soy de Sevilla.
Manuela. -Eta ni Cadizekoa, eta zer?
Miquel. (Lagunei isilka) -Honek pentsatuko du kanpokoek ezin dutela katalana ikasi. Bat asto samarra delako ez da pentsatu behar denak astoak direnik!
Toni. (Deseroso) -Ha pedido una vegetal sin cebolla.
Joana. -Podríais ayudar un poco, que el pobre hombre igual no nos entiende.
Zerbitzaria. -Lo he entendido perfectamente, pero me toca la pera que no hablen en castellano cuando se dirigen a mí.
Miquel. (Lagunei isilka). -Honek uste du Olivares-eko konde-dukea dela».

Bernat Joan i Marik (Eivissa, 1960) Hizkuntza jarrerak lantzen. Treballar Actituds Lingüístiques liburuan darabilen adibideetako bat dugu. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak argitaratu du lana eta, bertan, hizkuntza jarrerak ikertu ditu psikologia sozialaren ikuspegitik, liburuaren lehenengo atalean bereziki. Egilea katalanaren egoera ardatz harturik ari den arren, haren idatziak ez zaizkio arrotz ez estrainio gertatuko munduan diren bateko eta besteko hizkuntza gutxituei; gureari, kasurako.


Hizkuntza jarrerak, ikaskuntzaren oinarri

Egileak liburuaren hitzaurrean dioskunez, hizkuntza ikaskuntzak hiru oinarri ditu: batetik, hizkuntzaren kodeaz jabetzea (eta, beraz, aurretik kodifikazio bat behar da, ikasketa-prozesua); bestetik, erabilera-esparru batzuk egotea, esparru akademikoan ikasi dena erabiltzeko, hau da, hizkuntza erabiltzeko, nolabaiteko normaltasun soziala behar da; hirugarren oinarria dugu, preseski, liburuaren helburua, baina besteak bezain garrantzitsua, hizkuntza ikasteko jarrera egokia, aldekoa. Inork ez du ikasten ikasi nahi ez duen hura. Eta, hortik, ikertzailearen ondorio begi bistakoa: «Hizkuntza bat ikasteko, gogoa edukitzea da ezinbesteko lehen baldintza».

Joan i Mariren arabera, ikasleari lana, ahalegina eta dedikazioa eskatu behar dizkio irakasleak eta «gehiegi eskatzea ez bada, egiten duten horretan gogotsu jokatzea». Horretarako, dena den, jarrera positiboak landu behar dira, horretan saiatu beste erremediorik ez dago. Irakasle lanaren zati handi bat jarrera positiboak lantzen eman behar dela dio Joan i Marik: lan gaitzak dira egitekoak eta, horietako bat, «jarrera positiboak sortzea hizkuntzarekiko (katalanarekiko), hiru bat mendez kontrako jarrerak (negatiboak) sortzeko presioak jasan dituen hizkuntzarekiko». Gure ikertzaileak iraganarekiko malenkonia eta sumindura antzurik gabe jardun nahiko luke hizkuntza jarrerak lantzen. Erresuminik gabe ere, kontuan hartu behar «zergatik dituzten aurreiritziak katalandunek bere hizkuntzaz; zergatik dauden katalanez jakin ez eta ikasi nahi ez duten umeak; zergatik dauden katalanaren kontrako jarrerak; zergatik batzuek ez dakiten eta ez duten jakin nahi katalanez eta pentsatzen duten mundu guztiak jakin behar duela gaztelaniaz; zergatik aldatzen duten hain erraz katalandunek hizkuntza, baten batek gaztelaniaz egiten dienean; zergatik...».


Egoera soziolinguistikoa, jarrera iturri

Arestian esan dugunez, hiru oinarri daude edozein hizkuntzaren irakaskuntzan: kode linguistikoa eskuratzea, ikasitakoa erabiltzeko esparruak edukitzea, eta hizkuntza ikasteko aldez aurretiko jarrera ona.

Lehenari gagozkiola, kode linguistikoa eskuratzeari, alegia, hizkuntza ikasketa prozesu baten parte da eta, eskuarki, ikasgelan egiten da. Hizkuntza gaitasuna lortzea da helburua.

Bigarrenaz denaz bezainbatean, «gizartean egiazko esparrurik ez badago gelan ikasitako kodea normaltasun osoz erabiltzeko, oso zaila izango da behar bezalako hizkuntza gaitasuna lortzea».

Hirugarrena dela eta, berriz, hizkuntzarekiko jarrera ona edukitzea norberaren baitakoa da, «pertsonaren alderdi sentimentalean dago (...) behar-beharrezkoa da hizkuntza ikasteko (...) eta, ikasi ondoren, gizartean bizirik dagoen tokietan erabiltzeko», Joan i Marik adierazitakoaren arabera.

Jarrera ona norberaren baitakoa izanagatik ere, egoera soziolinguistikotik abiatuta sortzen da. Hizkuntza «handietako» hiztunen jarrerak eta gutxituetakoenak zeharo ezberdinak dira. «Handitasun» linguistikoak chauvinismoa sortzen du: bere hizkuntza besteak baino garrantzia handiago duela pentsatzen dute, beharrezkoago dela, nonahi eta nolanahi erabiltzeko modukoa dela; gainerako hizkuntzak baztertzeko joera dute; beste hizkuntzak erabiltzen direnean jarrera txarra azaltzen dute; beste hizkuntzan egiten diren kultur ekintzak baztertzera jotzen dute... Aurreiritzi horiek, eta beste zenbait, dituzte.

Hizkuntza gutxituetako hiztunek, aldiz, bestelakoak dituzte: usteko dute bere hizkuntza besteena baino gutxiago dela, ezkutatu egin behar duela; nagusitutako hizkuntza berea baino garrantzizkoago dela pentsatzen du; bere hizkuntza ez dela behar bezain egokia uste du...

Ondorioz, hizkuntza jarrerak lantzeak hizkuntza ikasten lagundu ez ezik, bizikidetzarako eta egoera soziolinguistiko ezberdinak ulertzen laguntzen du.


Jarrera onak helburu

Jarrerak lantzeak, hortaz, autoestimua bultzatzea esan nahiko du, hizkuntza galeraren sorburuei buruz ahalik eta informazio gehien zabaltzea eta, horrekin batera, galera sortu duten mekanismoak aztertzea. Hizkuntzarekiko jarrera egokiak hizkuntza gutxituetako hiztun ez direnen integrazio soziolinguistikoa bultzatu behar du, hizkuntza hartan jakiteak dituen abantailei buruzko informazioa zabalduz. Garrantzizko da, Joan i Mariren esanetan, norbere kulturan oinarritutako unibertso sinbolikoa sortzea eta, horri dagokionez, «behar-beharrezkoa da hezkuntza-programak goitik behera aldatzea. (...) garbi utzi behar da hamar urteko ume guztiek zer jakin behar duten bere kulturari eta bere herriari buruz». Eta star-system propioa ere bultzatu behar da, harekin lotuta doazen balioak transmititzeko asmotan.

Chauvinismoa iraultzen
Chauvinismoa gutxitzeko, adibide egokia darabil Joan i Marik. Parisko Sorbonan Ferran Iniesta antropologo katalanak emandako hitzaldi bat du oinarri. Haren hitzak izan ei ziren: «Egia da. Hizkuntza gutxitu bateko hiztuna naiz, baina zuek ere bai. Herrien arteko komunikazioak, merkataritza-eremua mundu osora zabaltzeak, globalizazioak... ingelesa gero eta gehiago zabaltzea ekarri du. Interneten dauden web orrien erdiak ingelesez daude, argitaratzen diren liburuen %70, ingelesez... Uholde horren aurrean, munduko gainerako hizkuntzek elkarren antz handiago dute, egoera soziolinguistikoari dagokionez, ingelesarekin baino. Zuen frantsesa gertuago dago gaur egun katalanetik edo bretoieratik, ingelesetik baino. Beraz, minorizatuen klubean sartu zarete. Ongi etorri klubera!».

Aretoan zen jendearen erreakzioa, marmarra.


ASTEKARIA
2007ko urtarrilaren 28a
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude