Beste gu

Eguneroko bizitzari ihes egin nahiak, lagun berriak ezagutzeko gogoak edo jakin-min hutsak erakarrita jende asko harrapatu du azken aldian Second Life-ko mundu birtualak. Internetek beste pertsonekin harremanak izateko eskaintzen dituen aukeren artean azken urratsa eman dute komunitate horretako bi milioi erabiltzaileek, unibertso paraleloa sortuz. Bakoitzak bere ezaugarri fisikoak irudikatzeko hiru dimentsioko gorputz birtuala dauka bertan eta komunikatzeko idatzizko mezuak, keinuak eta soinu efektuak erabil ditzake, besteak beste.

Benetako munduaren tankera ahalik eta handiena duen planeta sortzen saiatu dira Second Lifeko sustatzaileak. Mundu errealekoak bezalako hiriak eta auzoak sortu dituzte eta horietan mota guztietako jendearekin topo egin dezake bisitariak, aberatsetatik hasi eta sosik gabe noraezean dabiltzanetaraino; jende dotorea eta punky itxurakoa; zaharrak, gazteak, bikotekide formalak, prostitutak... Dena gure munduan bezala.

Azken urteetan interneten izan diren fenomeno arrakastatsuenen artean dago. Datuei erreparatzea nahikoa da horretaz jabetzeko: erabiltzaile kopuru handiaz gain, deigarria da egunero milioi bat dolar inguruko gastuak egotea Second Lifen. Eta ez gara Monopolyko diruaz ari, benetakoaz baizik. AEBetako dolarrak linden dollar delakoengatik aldatu daitezke web gunean, burtsaren antzeko truke sistema baten bidez -lerrook idatzi bitartean, dolar bat 187 linden dollarengatik aldatzen da-. Behin trukea eginda, hain birtuala ez den diru horrekin nork bere alter egoaren itxura alda dezake arropa berriak, orrazkerak eta bestelako osagarriak erosiz. Edo, hala nahi badu, lursailak eskuratu ditzake bere etxea eraikitzeko. Bizimodu nahasiagoaren bila dabilenak berriz, kasinoetan apustuak egiten edo zurrutean xahutu ditzake sos guztiak. Artikulu hau idatzi den egunean 1.011.029 dolar gastatu dituzte erabiltzaileek, eta hori 24 orduko datua besterik ez da.


Plan birtualak egingo ditugu?

Bigarren bizitzan planak egiteko oso baliagarria da eguneko jardueren agendari errepasoa ematea. Erakusketak, azokak, errezitaldiak, festak... Eskaintza zabala dago denen eskura. Musika gustuko dutenek, adibidez, badute non aukeratu: kantari askok beren burua ezagutzera emateko baliatu dute hiru dimentsioko plataforma. Galesko Melanie Fudge musikariak adibidez, Wired News aldizkarian duela hilabete batzuk azaldu zuenez, disko gehiago saldu ditu Second Lifen, ohiko dendetan baino. Fudgeren arabera, astetik astera musikari gehiago ari dira sortzen dituzten kantak bigarren bizitzara eramaten.

Mundu errealean orain dela urte batzuk izandako argia galdu duten izarrek eta oraindik distira handiagoaren bila dabiltzanek ere titularretan azaltzeko aukera ederra ikusi dute. 80ko hamarkadan Luka abestiarekin ezagun egin zen Suzanne Vega da horren adibide. Joan den urteko abuztuan emanaldia eskaini zuen streaming bidez -emisioa egin bitartean zuzenean entzuteko moduan alegia- Second Lifeko Infinite Radio irrati emandegian eta prentsan izan zuen oihartzuna ikusita beste askok bere eredua jarraitu dute. Harrezkeroztik Duran Duranek, U2k eta Regina Spektorrek, besteak beste, kontzertuak egin dituzte Second Life-en.


Diru zuriketa eta piratak

The Second Life Herald da alegiazko planeta honetan argitaratzen diren egunkarien artean garrantzitsuena. Eztabaidak, programaren arazoen inguruko berriak eta erabilera okerren ingurukoak azaltzen dira bere orrialdeetan. Agerkari horri esker ondoko susmoaren berri izan dugu: zenbait erabiltzailek ez ote duten Second Life mundu errealeko diru beltza zuritzeko erabiltzen. Horretarako, benetako dirua linden dollar delakoengatik aldatu, mundu birtualean lursailak erosi eta jabetza horiek beraiekin ados jarritako beste erabiltzaile batzuei salduko lizkiekete.

Eta ez da bigarren bizitza honek diru kontuekin eman duen arazo bakarra: joan den urteko irailean argi geratu zen Second Lifeko merkataritza jarduerek legez kanpo aberastu nahi dutenen artean zelako interesa piztu duen. Pirata informatiko batek www.secondlife.com gunearen segurtasun hutsune bat baliatuz 600.000 erabiltzaileren datuak arakatu zituen, tartean banketxeetako kontu korronteen zenbakiak.


Mundu birtualari esker aberastutakoak

Nork esan zuen diru-gosea ezin dela digitalizatu? Aipatutakoek erakusten dutenez mundu birtualak sortzeak ez du iruzurra eta lapurretarekin bukatuko. Ezta patrikak betetzeko modu garbiagoekin ere. Izan ere, objetu eta zerbitzu birtualen salerosketa diru-iturri modura erabiltzen dute guneko bizilagun batzuek eta, lehen esan dugun moduan, salerosketarekin ateratako sosak mundu errealeko diruagatik alda daitezke. Horregatik, objetuak sortzen dituzten erabiltzaile gehienek horien kopiak egitea debekatzen dute.

Arrazoia ekonomikoa da, noski: erabiltzaile askok beren soldata dute jokoan. Bigarren bizitza lehenengoaren zerbitzura jarri dute eta hasieran afizio zena ofizio bihurtu. Baten bat aberastu ere egin da, Ailin Graef alemaniarra kasu. Lehen hezkuntzako irakasle horrek duela bi urte hasi zuen bere bigarren bizitza Anshe Chung izenarekin eta orain milioi bat dolar baino gehiago balio duten jabetzak ditu. Horiek kudeatzeko, benetako munduan enpresa bat jarri du abian. Txinako Wuhan hirian dago eta 25 pertsona ari dira bertan, Graefen negozioei ahalik eta etekin handiena ateratzeko lanean.


Arraroa ote?

Baten batek honezkero bere buruari galdetuko zion nola den posible horrelako mundu bat abian jartzea eta, batez ere, jendearen inplikazioa horrenbestekoa izatea. Agian pertsonok fikzio sinesgarriak sortu eta kontsumitzeko joera dugu besterik gabe, eta Second Life literatura eta zinemaren ondorengo urratsa besterik ez da. Dena dela, fikzio honek ere errealitatetik edaten du aurrerantz ematen duen urrats bakoitzeko. Denborak esango du pausu horiekin bide luzea urratzeko gai den.

Brasilek adina elektrizitate behar duen mundua
Mundu birtualean sartzeko aski da www.secondlife.com gunean izena eman eta programa deskargatzea. Behin aplikazioa abiarazita, sarbidea Interneteko konexioaren bidez egiten da. Batera konektatuta dauden erabiltzaile kopurua oso handia denean ordea, Second Life arazoak ematen hasten da: mantsotu egiten da, zenbait lekuk, bertan erabiltzaile asko elkartu badira, kargatzeko denbora asko behar izaten dute eta sarritan programa ez aurrera eta ez atzera geratzen da. Planeta birtuala 24 orduz Interneten egoteko beharrezkoak diren 2.700 zerbitzariek arazo dezente izan dute 2003an martxan jarri zirenetik. Ez da harritzekoa, Second Lifeko gorputz birtualak bizirik mantentzeko Brasil osoko biztanleek adina elektrizitate gastatzen dutela kontuan hartuta.


Azkenak
Euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatu dio Sarek Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari

"Jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sail berriari Sarek, abuztuaren 20an egindako prentsaurrekoan. Espetxeetako normalizazioa "oraindik urruti" dagoela salatu dute, ikusita 148 presoetatik "ehun preso baino gehiago" egon... [+]


Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.


2024-08-21 | ARGIA
Udaltzaingoak kaleko saltzaileekin duen “jarrera oldarkor eta bortitza” salatu dute Bilboko konpartsakideek

Udaltzaingoaren azken egunotako "gehiegikerien" aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean.


Eneko Etxeberria: “Hitz bakarrean, inpunitatea bilatzen du Gobernuak”

Maiatzaren 30ean Nafarroako Gobernuak zenbait biktimaren aitortza egin zuen eta senitartekoek Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskatu zuten. Horien artean, Mikel Zabalza eta Mikel Arregiren familiak. ‘Naparraren’ anaiak ere egina du eskaera hori. Eneko... [+]


AEBek diote Israelek onartu duela “trantsizio proposamena”, baina Hamasek kritikatu du baldintzak aldatu dituztela

Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]


Emazteari eraso zion ertzainak tratu txarrak ea lehenagotik ematen zizkion ikertzen ari da Fiskaltza

Ertzaina emakume bezala erregistratu zen Trans Legearen bitartez, baina inori ez zion aldaketaren berri eman. Fiskaltzak uste du indarkeria matxista leporatzetik libratzeko asmoarekin aldatu zuela sexuz.


Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


Eguneraketa berriak daude