Hebe de Bonafini: Mayo Plazako ama baten testigantza gordina

«Hastapenak gogorrak izan ziren», gogoratu du Hebek; «seme-alabak desagerrarazita eta militarren aurrean geu baino ez geunden». 1977ko apirilaren 30ean, Mayo Plazan jarrita zeudela, poliziak ibiltzeko esan zien, salbuespen egoera zela-eta, ez zutela han egoterik. Horrela jaio zen oraindik ere, ostegunero, arratsaldeko 15:30ean egiten duten protestaldia. Askok ronda esaten badiote ere, beraiek martxa hitza nahiago dute. Euren ustetan, ronda leku batean bueltak ematea baino ez da eta amak abian daude. «Gutariko hiru bahitu zituztenean, txarto pasatu genuen; momentu gogorra izan zen hura». 1977ko abenduaren 8an, 9an eta 10ean, infiltratuta zuten Astizen aginduz (Armadako kapitain ohia) Mary Ponce, Esther Balestrino eta Azucena Villaflor desagerrarazi zituzten. Escuela Superior de Mecánica de la Armadatik (atxiloketa eta tortura gune klandestinoa) pasarazi eta, ondoren, Río de la Platako uretara bota omen zituzten. Ez zen edonolako krimena izan, biktimak antolakuntza kontzeptua garatu zutenak baitziren. «Lehenengo hamar hilabeteetan, hamalau ama izatetik berrehun izatera pasa ginen, eta bahiketek kolokan jarri zuten hasitakoa, baina jarraitzea erabaki genuen. Plaza garrantzitsua zen, gotorlekua genuen. Diktadurek ez dute pentsatzen uzten, eraso egiten dute, eta, ahal den moduan, aurre egin behar zaie. Hazi egin ginen, amak berriro elkartzen hasi ginen. Egoera gogortzen hasi zenean, hedabideek, etengabe gure seme-alabak zertan ari ziren galdetzen zutenean, amatasuna sozializatzeko erabakia hartu genuen, ama bakar bat ere ‘nire semeak ez du deus egin’ esatera behartuta egon ez zedin. Guztion amak bilakatu ginen: gerrilarien amak, serorenak, abadeenak, nerabeenak», dio Hebe de Bonafinik.


Pintadak hiltzaileei

Hiltzaileen eta errepresoreen etxeak nabarmentzea erabaki zuten gero. Beraien izenak hormetan eta espaloietan idaztea. «Oso ekimen gogorrak egin genituen, ezta? Beraiekin aurrez aurre egoten saiatzen ginen, gatazka sortuz; beraien etxeetara, zeuden jatetxeetara, elizara joaten ginen, jendearen beldur izan zitezen. Denbora aurrera joan ahala, epaiketek zuten garrantzia ulertu genuen, baita seme-alabek arazo sozialengatik eman zutela bizitza, eta arazo sozial itzelak zeuden garai haietan. Inork ez zituen bere gain hartzen eta orduan, gatazkan laguntzea erabaki genuen: grebak, lantegien okupazioak... 1986an hasi ginen horrelakoetan eta beste une politiko baten protagonistak ginela sentitu genuen. Diktaduraren biharamuna zen: militarrek alde egin zuten, bai, baina utzitako egoera politikoa oso larria zen». Urte haietakoak dira militar hiltzaileen zigorgabetasuna bermatu zuten legeak. Garai hartakoak dira, halaber, goseteak eta herri matxinadak. «Jendea pozarren zegoen, Raúl Alfonsín Jaungoikoa zela pentsatzen baitzuen eta Plazara joaten ginenok itsusi egiten genuen; kritikatzen gintuzten, terrorista deitzen ziguten». Amen aurkako erasoak hasi ziren berriz, Plazan egoteagatik, zeuden arazoei aurre egiteagatik, justizian ez sinesteagatik. «Berriro egin behar izan genion aurre gizarteari, baina hartan seme-alaben borrokaren zergatiaz jabetuta». Gatazken berri eman eta errepresioa oztopatzea zeregin inportanteak izan dituzte, baina ez bakarrak: «Aurrerago, fabrika okupatuak agertu zirenean, ekoizteko laguntza eman genuen. Mahai gainean ipini genuen dena: kontu korronteak, Fundazioa, denetarik, baita gure unibertsitateko irakasleak ere, obreroei kudeaketa eta administrazioa zer ziren irakats ziezaieten. Borrokan lagundu nahi genuen, geuk ere borrokari ez geniolako uko egingo. Egia da seme-alabak ez zirela berragertuko, baina harrezkero jaiotako beste gazte guztiak ere seme-alabak ditugu. Orduan, eman ditugun urrats horiek ez dakit lorpenak diren, baina geuk horrela hartu ditugu: seme-alabek egiten zuten politika sakontasun handiagoz ezagutu dugu; zergatik egiten zuten egiten zutena, eta zer nahi zuten. Bidegabekeria gero eta handiagoa den heinean, hobeto ulertzen dugu beraien borroka zein zen».


Kirchner, semeetako bat

Ez dirudi Hebe de Bonafinik 78 urte dituenik, hain kementsu eta gazte ikusita. Bulegoko horman duen argazkiari begiratu diogu: Hebe bera Néstor Kirchner presidenteak lagundurik. «Gure semeetako batek Plaza zeharkatu du Presidentearen aulkian jezartzeko». Amek presidente bati onespena eman dioten lehenengo aldia; ekaitza politikoa hasia da. «Egungo Gobernua heldu zenean, orain dela ia lau urte, proiektu ezberdintzat jo genuen. Pentsatu genuen Gobernuaren proiektua gure eskuetan hartu behar genuela, ondo dagoena bultzatu eta txarto dagoena salatu. Sekula egon ez den jarrera zabalik dagoela nabari dugu, Giza Eskubideetan eta beste arlo askotan ere. Une politiko sinestezin hau ez genuke ezerengatik aldatuko». Egia da presidentearen eraginez bertan behera utzi zirela militarrentzako barkamen legeak, baina errepresioak badirauela adierazi diogu; eta Kirchnerren inguruan dauden asko -Buenos Aireseko gobernadore Felipe Solá edota Alberto Fernández gobernu burua, esaterako- Duhalderen errepresioari zein azpijokoei lotuta daudela. «Geuk hori guztia ez dugu onartzen. Probintzietan asko dira Kirchner zaleak ez direnak, presidentearen alde egotearen planta egin arren. Gobernuan ere facho asko dago, eta nortzuk diren esaten diogu presidenteari. Ez dugu uste dena ondo dagoenik. Solák kristoren zorra dauka nirekin: beraiek torturatu egin zuten alaba, duela bost urte, La Platako nire etxean. Dena den, orain, ondasunen banaketa pobreen esku egon dadin ari gara lanean; ez dadila, aurrekoetan bezala, alkate eta gobernadorearengana joan. Horien gustuko ez da, jakina, baina ez da gustu kontu bat, ez da lagunarteko kontua». Ea gizarte mugimenduentzat dena Gobernuaren esku uztea kaltegarria ez ote den izango galdetu diogu. «Guk ez diogu mobilizatzeari uko egin. Bidegabekeria salatzen duten irratia eta aldizkaria ditugu. Plaza daukagu ostegunero. Hala ere, Marcha de la Resistencia -ezkertiarrek urtero egin ohi zuten 24 orduko ibilaldia-, beharrik izan arte behintzat, ez dugu berriz egingo, gure ustetan etsaia ez dagoelako Casa Rosadan, egun beste nonbait dago».


Chávez eta Latinoamerikako batasuna

Argentinaz gaindi, Latinoamerikako egoerari buruzko iritzia ere eman digu de Bonafinik: «Uste dugu Latinoamerikan une politiko ezberdina dagoela eta ezin dugula aukera alferrik galdu. Chávezen iraultza, esaterako, bozken bidez heldu da, guztiz berria da hori. Chávez kristoren pertsona ona da, geniala. Aurrera daraman politikak Latinoamerikako batasunera hurbiltzen gaitu. Ez dago bakarrik, hor baitaude Fidel, Evo, Kirchner eta Lula, ezberdintasunak egon arren. Interesgarria da oso. Hemen, adibidez, La Platako Río Santiago ontziolan egin duen eskaerak 2.500 pertsonentzako lana ekarriko du. Ondo dabilena sostengatu beharra daukagu. Zenbat urte geratzen zaizkigu amei Latinoamerikako batasuna, hasia bada ere, ikusi ahal izateko?». Bere esanetan, hobe da Lula, nahiz eta Chávez bezalakoa ez izan, beren alde izatea; «ez dadila bestaldera joan, hurbil dezagun gurera. Uruguaykoa, berriz, hondamendi hutsa izan da, presidenteak huts egin die herritarrei eta baita Frente Amplioko jende askok ere. Ez guztiek, baina haietako asko, tupamaro izandakoak... Zur eta lur geratzekoa da». Euskal Herrian aski ezaguna den Eleuterio Fernández Huidobro idazle tupamaro sutsuena dakar solasaldira: «Huidobro duela asko aldatu zen. Behin, muturrekoak izatea leporatu zigun eztabaida batean eta esan nion nik: Huidobro, zuk irakatsi zenidan lehergailu bat zelan egin, horren inguruko liburu bat idatzi zenuen; zelan aldatu zara horrenbeste? Ufa, bere buruaz beste egin nahi izan zuen. Militarrentzako zigorgabetasunaren legeak ez deuseztea larria izan da».


Euskal amekin elkartasuna

PP agintean zegoela, Mayor Orejak ETA goraipatzea leporatu zien amei. 2000ko abenduan, talde txiki bat -De la Rúa presidentea, Aníbal Ibarra alkatea eta Joan Manuel Serrat tartean- elkartu zen «terrorismoaren» kontra. Clarín egunkariak berriz, gezurra zioen Heberi buruz: «... euskal terroristak defendatzeko gai, Aita Santua kritikatzeko gai dena edo Dorreen kontrako erasoak justifikatu dituena...». De Bonafiniren hitzetan, «alde batetik, Espainiako Estatuko hainbat lekutan genuen laguntza oro galdu genuen, interesgarria zen laguntza ekonomikoa. Baina euskal amei emandako sostenguaz arnegatzea, gure seme-alabak edukitzeaz arnegatzea da. Hura guztia galdu genuen, baina amak ez ginen iritziz aldatu. TVEk deitu zidan: esandakoaz publikoki damutuz gero, proiektuekin segituko zuten. Preziorik ez nuela esan nien nik, proiektuak diruz egiten zirela, baina amek egiten duguna ezin dela erosi. Hogeita hamar urte hauetan maite gaituen jendearen maitasuna bereganatu dugu, eta maite ez gaituztenek ez dute inoiz egingo». Segituan, eten berri den Euskal Herriko bake prozesuari heldu dio: «Irlandan aurrera atera zen, azpitik sute baten batek iraun arren. Bizitzan gauza orok dauka bere momentua, baita bakeak ere. Geuk ere prozesuan parte hartzeko gure burua aurkeztu dugu, bakea beharrezkoa delako; ez dadila hilerrien bakea izan».


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude