Egia al da gure itsasoa egoera larrian dela? Egunetik egunera urriagoak direla itsasoko harrapaketak? Orain arte itsasoan harrapatu eta etxean jaten genituen antxoa, legatz, mero, erreboilo, bakailao, zapo eta bestelakoak hemendik hogei urtera ez ditugula merkatuan ikusiko? Aurreikusteko moduan al gaude hemendik urte batzuetara basa-arraina desagertu eta arraina jan nahi izanez gero beste aukera batzuetara jo beharko dugula, adibidez arrain haztegietara? Gainbehera hau saihestu al daiteke nahitaez arraina haztegietan haztera jo behar izan gabe? Beste zein aukeraren bila dabiltza egoera larri hau arintzeko?
Euskaldunoi basa-arraina jatea gustatzen zaigu, eta konturatu gara zer datorkigun. Duela zenbait urte, gaur egun gure kaleetan nekez aurki daitekeen bisigua nola desagertzen zen ikusi genuen; eta orain, antxoaren azken hatsak bertatik bertara ikusten ari gara. Gainera, itxura guztia du espezie horiek eta legatza, oilarra, zapoa edo erreboiloa bezalako beste espezie batzuek ere bide berari jarraituko diotela gure arrantza baliabideen kudeaketa iraultzen ez badugu, hau da, aspalditik datorren gehiegizko arrantza, uraren kutsadura eta espezieen arteko orekaren haustura deuseztatzen ez baditugu.
Adituek alarmak piztu dituzte
Egoera honek guztiak alarmak piztu ditu. Science zientzia aldizkari ospetsuak egoeraz ohartarazi zuen, joan den azaroan argitaratutako zenbakian. Aldizkariaren arabera, ozeanoetako biodibertsitatearen galera gero eta handiagoak arrisku handian jartzen du bertako espezieen biziraupena eta ongizatea, eta gaur egun arrantzatzen diren espezieak 2050. urterako desager litezke. Ikerketa Kanadako Dalhousie Unibertsitateko Biologia saileko Boris Word zientzialariaren gidaritzapean egin da eta, emaitzek erakusten dutenez, itsasoko dibertsitatearen gainbeherarekin baliabideen desagertzea areagotu da eta esponentzialki gutxitu dira uraren leheneratzeko ahalmena, egonkortasuna eta kalitatea. Aitzitik, biodibertsitatea berrezarritako lekuetan laukoiztu egin da emankortasuna.
«Gaur egun merkaturatzen diren espezie guztiak galzorian egongo dira. Espezie horien populazioa %90 murriztuko da 1950. urtearekin alderatuta, eta horiek arrantzatzea ez da errentagarria izango. Meroa, legatza, bakailaoa eta beste arrain batzuk oso bakanak eta garestiak izango dira». Hala baieztatu du Estatu Batuetako ozeanografiako Scipps institutuko irakasle eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) ikerlari Enric Salak. Hain zuzen ere, irakasle eta ekologo katalan hau da Science aldizkariko ikerketa zientifikoaren egileetako bat eta bere esanetan, basa-arrantza iraganeko kontua izango da 2050ean.
Nazioarteko zientzialari eta ekologo talde batek lau urtez aztertu ditu 32 esperimentutako datuak, eta berraztertu egin ditu 48 itsas eremu babestuetan egindako behaketa ikerketak eta NBEko (FAO) Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundeak 1950 eta 2003 artean bildutako arrain eta ornogabeen harrapaketa guztien zenbatekoak. Adituen esanetan, ondorioa «dramatikoa» da. «Ikusi duguna da azken mila urteetan bizkortu egin dela kostaldeko espezieen gainbehera. Horrek filtrazio ahalmen biologikoa, haztegi habitatak eta arrantza osasungarria galtzea eragin du». Gainera, horien hitzetan, itsasoko dibertsitatearen galerak gero eta gehiago oztopatzen du ozeanoek janaria emateko, uraren kalitateari eusteko eta perturbazioetatik bere onera etortzeko daukaten ahalmena. Hala ere, eskuartean dituzten datuek iradokitzen dute joera horiek iraultzeko moduan gaudela oraindik.
Ikerketaren zuzendariak, Word biologoak, baieztatu du espezieak itsas ekosistemetatik desagertuz joan direla eta joera hori oraintsu azkartu dela. Merkaturatzen diren espezieen %29 jadanik gainbeheran daude «eta ehuneko hori gorantz doa egunetik egunera». Orain dela hiru urte Wordek berak Nature aldizkarian adierazi zuen 1950ean zeuden hegalabur, ezpatarrain, bakailao eta meroen %10 besterik ez direla gelditzen gure itsasoetan. «Gaur egungo harrapaketa mailekin», gaineratu du, «espezie horiek dinosauroen bideari jarraituko diote». Biologoa hondamendiari data jartzen ere ausartu da: «Ez badugu ezertxo ere egiten, orain gure mahaietara eramaten ditugun espezie guztien populazioa 2048 aldera %90 murritzagoa izango da, eta espezie horiek harrapatzea ez da errentagarria izango».
Sala irakasle eta ekologo katalana ikerketa zientifiko horren taldeko kide da eta, bere iritziz, Kantauri itsasoan antxoa murriztu izanaren arrazoia gizakiak itsaso horretako espezie handiak akabatu izana da. Tamaina handiko arrainek egonkortasuna ematen diete ekosistemei eta txikiek alderantzizkoa egiten dute: fluktuazio handiei askoz ere lotuagoak egotea eragiten dute. «Nolakoak izango diren ez dakigun ekosistemak artifizialki sortzen ari gara», esan du ekologo katalanak, eta hau une erabakigarria dela dio, horrela jarraituz gero garai bateko arrain handiz betetako ozeano garbietatik etorkizunean bakterio, marmoka eta arrain txikiz egindako zopetara pasatuko baikara.
Euskal zientzialarien ahotsa
Euskal Herriko zientzialariak ere oso kezkatuta daude duela urte batzuetatik, arrantzaren egoera eta, batez ere antxoarena, ikusita. Bereziki Azti-Tecnalia arrantza eta elikaduraren institutu teknologikoa da zeregin horretan dabilena. Beste zientzialari eta sektore ekologista batzuekin batera, itsasoko baliabideen kudeaketa iraunkorra egin dezatela eskatu die politikariei. Ildo horretan, itsasoan bertan ikerketa zorrotzak egin ondoren, antxoaren arrantzan luzamendu edo debekualdiak egitearen aldeko apustua egiten du. Baina hala ere, zenbaitetan politikariek beste interes batzuei eman izan diete lehentasuna.
Antxoaren etorkizunarekin kezkatuta, Aztiko baliabide pelagikoen arloko koordinatzailea den Andres Uriartek orain dela hilabete batzuk honakoa adierazi zuen: «Inork ez du antxoa akabatuko, baina arriskua dago populazioa oso biomasa baxuan sartuz gero espezie honen arrantza errentagarria ez izatera iritsi eta desagertzeko». Bere lankideak, zentro bereko Itsas Ikerketa Unitateko Teknologia zuzendari Lorenzo Motosek garai berean honakoa erantsi zuen: «Zalantza daukagu antxoa atzera bueltarik gabeko egoeran ez ote dagoen. Ezetz espero dugu, antxoak suspertzeko ahalmen handia du eta». Euskal zientzialarien arabera, sakoneko arazoa bikoitza da: «Batetik ingurumen arazoa dago eta, bestetik, arrantza arazoa. Ez dugu ez bata eta ez bestea gutxiesten».
Arrain haztegien aldeko apustua
Arrantzarekin itsasoa gehiegi ustiatzen eta agortzen ari garenez, mundu guztian ordezko konponbideen bila ari dira etorkizunari begira, baina, jakina, itsas espezieek itsasoan bertan iraun ahal izateko ardura eta ikerketak alde batera utzi gabe. Espainiako Estatua eta Euskal Herria ere aukera berrien bila dabiltza, horretarako pausoak ematen ari dira. Datu orokor hauek ikusi besterik ez dago: sektoreko patronalak emandako datu ofizialen arabera, Espainiako Estatuko arrain haztegien urteko ekoizpena hurrengoa da: 300.000 tona muskuilu, 14.000 tona urraburu, 6.000 tona lupia eta 3.000 tona erreboilo. Lupia hazkuntza izan da azken hamarkadan Espainiako estatuan gehien hazi dena; 74 aldiz handitu zen, joan den urtean hazkuntza hori egonkortu arte. Lupiak, itsasadarretan, estuarioetan edo itsasertzeko beste leku zehatz batzuetan jartzen diren 16-25 metro arteko diametroa duten kaioletan sartzen dituzte eta lehenengo urte eta erdian, berrehun gramoko pisua hartzen dute.
Mihi-arraina eta olagarroa hazteko asmoa ere badago, adituen esanetan gatibutzan oraindik gehiago ere gizen daiteke-eta, hilean kiloa hain zuzen ere. Berdin gertatzen da moluskuekin eta, hori dela eta, datilekin probatzen ari dira. Abadira, bisigu eta meroarekin ere saiakuntzak egiten ari dira, eta ez dituzte baztertzen txoko, berrugeta, txelba hortzandi, txelba arrunt eta sardoak. Badirudi legatzak eta zapoak ez dutela amore eman nahi.
Erreboiloa, bisigua eta mihi-arraina ekoizteko planta
Euskal Herrian itsas akuikultura hasiberria da oraindik -tradizio handiagoa dute amuarrain haztegiek-. Hemengo akuikultura Orrua enpresa gipuzkoarrera mugatzen dela esan daiteke: orain dela urte gutxi batzuk Getarian erreboilo mintegi bat jarri zuen. Enpresa horrek eta Txileko bat edo bestek interesa agertu dute Azti-Teknaliak akuikulturaren alorrean daukan proiektu berrian. Gauzak horrela, Sukarrietan (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa) egoitzak dauzkan euskal ikerketa zentro honek itsas espezieen arrainkumeak ekoiztu eta ikertzeko planta jarriko du martxan. Zazpi milioi euroko inbertsioa eskatzen duen proiektua hasiera batean Pasaian martxan jartzea zen asmoa, baina udalaren arazo burokratikoak direla eta, orain Bizkaian kokalekuren bat bilatzen ari dira.
Arrain txikiak hazteaz arduratzen diren beste arrain haztegietan ez bezala, planta berri honetan arrainaren ziklo biologikoa aztertuko dute, arrainak arrautzak jartzen dituenetik arrainkumeak jaio artekoa. Arduradunen aurreikuspenen barruan sartzen da planta anoako erreboilo, mihi-arrain eta bisiguetan espezializatzea. Ez dituzte txibi eta txokoak ere baztertzen.
Antxoa gazituaren ordezkoa
2007a bukatu baino lehen merkatuan egon litekeen beste apustu bat ere badauka esku artean euskal ikerketa zentro berberak: Bizkaiko Golkoan murriztu den eta desagertzeko arriskuan dagoen antxoarentzako irtenbidea topatzea. Ez dugu antxoa freskoa bakarrik jaten, antxoa gazitua eta kontserbakoa ere jaten ditugu. Bada Azti antxoa gazituaren ordezkoa garatzen ari da, azken boladan antxoa freskoarengatik ordaindu behar izaten dugun hamar eurotik gorako prezioa baino askoz merkeagoa litzatekeen ordezkoa. Ordezko hori ekoiztu eta merkaturatzeko prest dagoen euskal enpresa bat aurkitu zain dago. Hemen halakorik topatu ezean, Espainiako Estatuko enpresei egingo die eskaintza.
Surimiarekin eta berdela edo txitxarroa bezalako espezie pelagikoen haragi xehatuarekin egindako produktua da. Aztiko adituen esanetan, angularen ordezkoa (gula) egiteko ere erabiltzen den surimi delakoa ia koiperik ez daukan eta plastikoa balitz bezala landu daitekeen proteina da. Apustu arriskutsua eginez, «inor ez da gai izango itxurarengatik eta zaporearengatik benetako antxoak eta ordezkoak bereizteko» ziurtatu dute euskal institutukoek. Halaxe esan du behintzat Aztiko arduradun nagusietakoa den Rogelio Pozok.
Kantabrian badago produktu honen aurrekari bat: Santoñako enpresa batek urtebete darama antzeko produktua egiten. Baina oraingoz salmenta industriala egiten du; hau da, aurrez prestatutako janariak eta antzekoak egiten dituzten fabrikatzaileei saltzen die produktua. Euskal institutuak denden bidezko merkaturatzean aurrea hartu nahi dio.