Argi kutsadura: Gaua lapurtu digute


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Iruñeko planetariora bisita egiten duten haur askok, sabaian izarrak ikustean, ez dakite izar horiek zeruan ere badaudela. Planetarioan sortuak direla uste dute, eta han besterik ezin daitezkeela ikusi. Bigarren ustea ia zuzena da, Iruñeari eta beste edozein hiriri dagokionez behintzat: zeruko izar gehienak geure argiz estali ditugu. 90eko hamarkadan hasi zen argi kutsaduraz hitz egiten, eta gaur egun elkarte askok bihurtu dute kezka hori beren aldarri. Astronomia zaleek eta ekologistek, batik bat. Gaiak lotura zuzena dauka bien helburuekin, ikusiko dugunez.

Fernando Jauregui Planetarioko astrofisikariak eman digu bertara joaten diren umeen berri. Jauregui, zenbait kiderekin batera, argi kutsaduraren aurka lan gehien egiten duenetakoa da Euskal Herrian. Hala, Planetarioko web gunean (www.pamplonetario.org) informazio ugari aurkituko duzu argi kutsaduraz. «Haren definizio asko eman daiteke -dio Jaureguik- eta zabalduenetako bat hauxe da: gauez zeruak giza-ekintzaren ondorioz daukan distira».

Gauez argia eduki nahi badugu, argi kutsadura saihestezina da. Alternatiba bakarra guztiz ilunpean egotea litzateke, baina inor ez da halakorik eskatzen ari. «Helburua ez da hori, saihets daitekeen argiztapenaren aurka egitea baizik». Argi asko igortzen dugu alferrik zerura eta hori kenduta, argi kutsaduraren ondorioak nabarmen leunduko lirateke.

Gehiegizko argiztapenak arrazoi bi ditu. Batetik, argi-iturri asko desegokiak dira. Bestetik, asko ipintzen ditugu, eta potentzia handiegikoak. Lehenbizikoari dagokionez, farol edo kaleargi biribilak dira beharbada adibiderik ezagunenak, baina ez bakarrak. «Kaleargi mota ugarik argi asko bidaltzen dute zuzenean zerura, beren zeregina bete gabe. Guztiz alferreko argindarra da, guztiok ordaintzen ari garena eta gainera kutsadura sortzen duena».


Gure begiak badu muga bat

Badirudi gaua egun bihurtu nahi dugula, salatu du Jaureguik. Arazoaren bigarren alderdia argi gehiegi ipintzea da, beharrezkoa izan gabe. «Ez dauka ez hanka ez bururik hainbeste argiztatu nahiak. Gizakiok ondo hornituta gaude gauez jarduteko. Gure gaueko ikusmena oso ona da». Argi gehiago jartzeak ez du hura hobetuko, ondo ikusteko argi nahikoa dugun unetik.

Izan ere, gauez ondo ikusteko behar dugun argi kopurua sobera ezaguna da eta faktore fisiologikoen arabera neurtuta dago: «Begiak badaki argi kopurua neurtzen. Ninia zabaldu egiten da argi gutxi badago, eta asko dagoenean berriz, itxi. Gizakion gaueko ikusmena, hain zuzen, ninia guztiz zabalduta egoteko diseinatuta dago. Jakina, ez dira berdin pertsona zahar baten ninia eta haur batena. Azterketa batzuk egin dira, eta neurtu egin da zein argi kopurutik aurrera hasten den pertsona zahar baten ninia ixten. Hortik aurrerako guztia alferrikakoa da. Begia bera ari baita argi gehiago sartzea galarazten». Neurketa horiei men eginez, adituek aspaldi ezarrita dute zenbat argi behar den leku desberdinak argiztatzeko: merkatal guneak, etxe guneak, industrialdeak... Baina ez da beti muga errespetatzen.


Ondorioak

Argi kutsaduraren ondoriorik agerikoena, Fernando Jaureguiren esanetan, kulturala da. Eta estetikoa. Hiri inguruetan, zerua ia hutsik agertzen zaigu, oso izar gutxirekin alegia. Unibertsoak eskaintzen duen ikuskizun paregabea ari gara geure buruei ezkutatzen. Argi kutsadurak zeharo oztopatzen du astronomoen lana, eta horregatik eurak izan ziren -eta dira- aitzindariak hura salatzen.
Bada besterik. Dagoeneko ezaguna da gauez argi gehiegi egoteak zenbait animaliari egiten dien kaltea, intsektuei batik bat. Baina ez haiei bakarrik: hegazti eta ugaztunak ere ari dira gure argi faktura ordaintzen. Gure osasunari egiten dion kaltea aztertzen ari dira, halaber. Gaia berri samarra da, eta are berriagoak ikerketak, baina susmoa dago ondorioak naturaren eremu guztietan igartzen direla.
Gainera, alferrik igortzen dugun argia ekoizteak badu eraginik ingurumenean. Kalea argiztatzeko erabiltzen den argiaren %35-40 alferrikakoa da eta gure begiek baliatu ezin dezaketen argia sortzeko CO2 asko igortzen dugu atmosferara.


Merke eta erraz konpontzekoa

Konponbidea erraza eta merkea da, Jaureguiren iritziz: argiteria egokia ipini, neurri egokian. «Arazoa da kaleargi bat edo bestea jartzeko erabakia norberaren esku dagoela, eta gehienetan estetikarekin zerikusia duten irizpideak gailentzen direla». Horregatik, arautzea da irtenbidea, eta xede horrekin ebatzi zen, iazko azaroan, lege bat Nafarroan: gaueko ingurumena babesteko argiteriaren antolaketari buruzkoa. Otsailaren 14tik dago indarrean, eta abuztu erdirako behar zuen prest araudiak, baina Gobernuak ez du oraindik burutu.

Espainiako Estatuan argi kutsadurari buruzko hirugarren legea izan zen Nafarroakoa -lau daude gaur egun-. Katalunia izan zen aitzindari, eta hango legean oinarrituta egin zuten hemengoa. Bizkaiko Astronomia Elkarteko Eduardo Rodriguezek dioenez, Katalunian legea sortzen parte hartu zutenak aurka ageri dira orain, bertako agintariek uste baino araudi bigunagoa egin zutelako. Ikusiko da Nafarroan zer gertatzen den. EAEn, berriz, ez dago ezer udal-ordenantza batzuetatik landa eta momentuz ez da erkidegoan legerik egingo, Rodriguezek esan duenez.

Argi kutsadurari erraz eta merke egin badakioke aurre, zergatik ez da egiten? «Ez daukat erantzun garbirik, susmoak baino ez», aitortu du Fernando Jaureguik. «Kaleko argiztapena gai labaina da. Jende gehienak oraindik pentsatzen du zenbat eta argi gehiago hobeto ikusiko dugula, eta aurreratuagoak izango garela. Politikariak ez dira ausartzen ideia horri aurka egiten».

Bilbotik 60 izar baino ez
90eko hamarkadan hasi zen argi kutsaduraz hitz egiten. AEBetako talde ekologista batzuek, baina batez ere astronomia zaleek, salatu zuten arazoa. Gero, kezka Europara zabaldu zen. Bizkaiko Astronomia Elkarteko Eduardo Rodriguezek dio astronomoek plazaratu zutela gaia, eta gero beste esparru batzutara zabaldu zela. Gaur egun, astronomia elkarte guztien agendan dago argi kutsadura, eta bakoitzak bere ahalmenaren arabera ekiten dio haren aurkako borrokari.

Rodriguez Leioan bizi da, Bilboko erdigunetik oso kilometro gutxira. Teleskopioa dauka etxean, baina alferrikako lana izango litzateke bere leihotik zeruari begira jartzea. «20 urte daramatzat hemen bizitzen eta denbora horretan, igarri egin dut gero eta kutsadura handiagoa dagoela». Rodriguezek dioskunez, Bizkaiko Astronomia Elkarteko kide batzuek -bera baino zaharragoak eta bizitza osoa Bilbo inguruan eman dutenak- oraindik gogoratzen dute Bilboko bazter auzo batzuetatik Esnebidea ikus zitekeela. Orain ezinezkoa da.

Rodriguezek dio Bilbo Handitik, gaur egun, 50-60 izar, ilargia eta planeta batzuk ikus daitezkeela zeruan. Hutsaren hurrengoa. Eta hori, oskarbi bada. «Hilean behin-edo behaketa publikoak antolatzen ditugu Etxebarria parkean, nahi duen edonor hurrera dadin». Erosotasunagatik egiten dute Bilbon, baina ezer gutxi ikus daiteke bertatik. Bistan da. «Behaketa serioagoak egiteko, gutxienez Salbadako mendizerraraino joan behar dugu, Bilbotik 40 kilometrora». Han ere hiriko argiak igartzen dira ordea.

Behar bezalako behaketa egin nahi dutenean, Rodriguez eta elkarteko gainerako kideak askoz urrunago joan behar dira, Gaztelako mesetara. Zamora, Soria... «Oraindik ere zeru benetan iluna duten lekuak topa daitezke han. 2.000 edo 3.000 izar ikus daitezke beharbada, eta baita zeruko beste objektu batzuk ere: galaxiak, nebulosak...».

Argi kutsadura Iberiar Penintsulan
Mapa honek Iberiar Penintsulako argi kutsaduraren berri ematen digu. Hona hemen kolore bakoitzaren esangura:

- Beltza: guztiz zeru garbia. Dagoeneko itsaso zabalean besterik ezin da ikusi.

- Grisa: zenita garbi dago oraindik, baina horizontea, norabideren batean ala bestean, kutsatuta. Beraz, arriskua dago laster garbi izateari uzteko.

- Urdina: zeru-uztai osoan zehar argitasun artifiziala antzematen da.

- Berdea: argitasun artifizialak naturalak besteko indarra dauka.

- Horia: argitasun artifiziala naturalaren bi halako da.

- Laranja: urte osoan ilbetea edukitzea bezala. Esnebidea ikustea ia ezinezkoa da.

- Gorria: Esnebidea guztiz desagertu da eta ehun izar baino ezin dira ikusi eguraldi onaz. Ikusmen eskotopikoaren mugara hurbiltzen ari gara -hau da, begia gaueko ikusmenera egokitzen den mugara-.

- Zuria: ikusmen eskotopikoa ez da posible. Izar gutxi batzuk (distiratsuenak) eta planetak besterik ezin dira ikusi. Argitasuna gaueko zeruak berez daukanaren 27 halako da.


Azkenak
'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian, Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


Eguneraketa berriak daude