«Etortzen direnean ez dute begiradarik. Begiratuan antzematen zaie zein egoeratan dauden, begien mintzoak ez dakielako gezurretan. Etxera itzulitakoan, begiek dir-dir egiten diete, eta begiradan dakizu bizitzen hasiko direla, bizipoza berreskuratu dutela». Ines Artetxe Gizakien Lurrako boluntarioak horrela deskribatu du Afrikatik iristen diren haur gaixoen sentipena.
1960an Edmond Kaiserrek Terre des hommes sortu zuen Suitzan, pertsona babesgabe, zapaldu eta ahulen alde egiteko. Kaiser Aljeriako gerran izan zen berriemaile eta zuzenean ikusi eta sentitu zuen bertako umeen egoera lazgarria: kaleetan barrena harat eta honat, gaixotasun larriak jota kale erdian botata... Ekintzaile sena zuen eta bere jaioterrira itzulitakoan, laguntza eske hasi zen, Bizitzarako bidaia ekimena abian jartzeko asmoz. Medikuekin eta gobernuekin hitz egin zuen eta apurka-apurka aurreneko haurrak iristen hasi ziren. Urteen poderioz, egitasmoa Europako beste lurralde batzuetara hedatu da; hala nola, Euskal Herrira.
«Funtsean, ekimena haurrentzako elikadura eta osasun programa zabal baten azkeneko zatia da», diosku Jon Olaizola Gizakien Lurrako EAEko arduradun nagusiak. «Osasun eta elikadura egitasmo horren barruan, muturreko elikadura urritasunak jota dauden familiak zaintzen dira. Ezer baino lehen, umearen larritasun egoera aztertzen da eta ondoren, lehenbailehen senda dadin saiatzen gara, osaketa programen bitartez». Baina horietako egoera larri ugari behar bezalako informazioa jasoz gero saihestu zitezkeen. Horregatik, umea bere onera etortzen den bitartean, haurraren gurasoei jakin beharren berri ematen diete. «Informazio eza oso arriskutsua da eta gurasoak egin beharreko guztiaz ohartarazten ditugu, haurra kalera itzulitakoan berriro gaixotu ez dadin».
Lubna, hil ala biziko egoeran
Lubnari, adibidez, bi ebakuntza egin dizkiote. Zortzi urte egin berri dituen neskato marokoarra da eta bihotzeko arazoengatik etorri zen Euskal Herrira. Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalean egin zioten ebakuntza. Lehenengoa otsailean eta bigarrena orain hilabete eskas. «Lehenengo aldian gorriak eta bi ikusi zituen ume gajoak. Hil ala biziko egoeran zegoen eta momentu batzuetan okerrena ere pentsatu genuen, hiltzeko arrisku bizian zegoelako. Hala ere, ezin hobeto osatu zen, nahiz eta izugarri kosta zitzaion», kontatu du Petri San Miguel Lubnaren harrerako amak. Neskatoak bi hilabete eta erdi egin zituen Gurutzetan, horietatik hilabete baino gehiago AIGan. Hobekuntza nabarmena egin zuenez, denboraldi baterako etxera itzuli zitekeela ikusi zuten, gurasoekin egon zedin eta egonaldia horren luzea gerta ez ziezaion, nahiz eta bazekiten berriz ere operatu egin beharko zutela. «Zoritxarrez, udatik aurrera egoerak okerrera egin zuen, haurra likidoak atxikitzen hasi zen, puzten. Orduan, hemen geratzeko erabakia hartu genuen eta lehenbailehen egin zioten bigarren ebakuntza. Medikuak eta gu geu ere beldur ginen, baina zorionez gauzak ezin hobeto irten ziren, ebakuntza arrakastatsua izan zen oso».
Petri San Miguel gasteiztarra da eta zazpi urte daramatza Gizakien Lurrarekin harrera ama bezala kolaboratzen. Tarte horretan, lau neskatila hartu ditu etxean. «GKEa kate luze bat bezalakoa da, non lantalde luze baten beharra ezinbestekoa den katea hautsi ez dadin. Gu kate horren zati bat baino ez gara». Boluntario honek argi dauka kate horretan noiz hasten den bere funtzioa: «Behin umea hona etortzen denean, orduan hartzen dugu haren ardura gure gain».
Ines Artetxe boluntarioak ere urtebete inguru darama egitasmo horrekin lanean eta dagoeneko sei ume zaindu ditu Gurutzetako ospitalean. «Umeak babesturik egon daitezen ahalegintzen gara, uneoro beraiekin egoten, ez daitezen inoiz bakarrik sentitu». Boluntarioen lana eta harrerako gurasoena ez da bera; boluntarioak ospitalean baino ez dira egoten eta harrerako aita-amak ere joaten diren arren -medikuekin eta bertako jendearekin hitz egitera-, zaintza lanak ez dagozkie beraiei.
Oro har, umeak berehala egokitzen dira bizimodu berrira. Zenbat eta txikiagoak izan orduan eta errazago egokitzen dira. Salbuespenak salbuespen, bizimodu guztiz normala egiten dute, beste umeen antzera. Hori bai, haur hauek ez doaz eskolara, denbora luzea ematen dute ospitalean eta zaila izango lukete eskolara maiztasunez joatea. Boluntarioek irakurtzen, zenbatzen eta halakoetan erakusten diete.
Senegaldik Suitzara
Afrikako haur gaixo guztiek ez dute bidaiatzen. Duen arazoaren arabera, erabaki bat edo beste hartzen da: haurraren herrialdean bertan ebakuntza egiten saiatzen dira lehenik, baina ezinezkoa bada, gertu dagoen herrialde batera joaten dira ebakuntza egitera, Senegalera, adibidez. «Bertan kasua aztertzen dute, eta han ere ezinezkoa bada haurrak duen gaitz espezifiko hori sendatzea, orduan hasten gara Europarako bidaia prestatzen», adierazi du Jon Olaizolak.
Haurraren espedientea lehendabizi Suitzara bidaltzen da, bertan baitago Gizakien Lurraren egoitza nagusia. Han aztertu eta erabakitzen da haurrari non egingo zaion ebakuntza. Haurraren patologiak eta gaixotasun horri aurre egiteko ospitale aproposenak baldintzatu eta zehazten du nora eraman gaixoa. Behin erabakia hartu eta gero, dagokion herrialdeko GKEaren ordezkaritzarekin hitz egiten da. Leku aldatzea Suitzako fundaziok ordaintzen badu ere, ospitaletako lana doakoa da, bai ebakuntza eta baita egonaldia ere. Hala ere, GKEak zenbait gasturi aurre egin behar die eta horretarako diru laguntzak lortzen ahalegintzen dira modu batera edo bestera. Protesiren baten edo halako zerbaiten beharra izanez gero, GKEak berak egiten dio aurre gastu horri. Ekitaldiak ere antolatzen dira dirua lortzeko eta bazkideak emandako dirua ere lagungarria da.
Hona iristen diren umeen osasun egoerak hiru mailatan ezartzen dituzte: larri, oso larri edo hil ala biziko egoeran. Familia oso pobreek eta Afrikan bertan sendatu ezin diren patologiak dituzten haurrek izan ohi dute lehentasuna. Nolanahi ere, egitasmoak ezin ditu denak lagundu. Ezinezkoa da, adibidez, transplantea behar duen edo minbizia duen norbait ekartzea. Sendatzeko benetako aukerak izan behar ditu. Kasua oso kezkagarria denean, haurra gune espezializatu batera eramaten dute, herrialde horretako Osasun Ministerioarekin hitz egin ostean. «Gobernuak haurrentzako zehazturiko azpiegiturak sortzearen beharraz konbentzitzen saiatzen gara», azaldu du Olaizolak. Baina toki askotan ez dago haurrak bakarrik tratatuko dituen inor, batzuetan gune eta pertsona kualifikatuak helduentzako baino ez direlako. Hori dela medio, aldez aurretik sinatutako akordio baten bitartez, GKEak azpiegitura horiek sortuko dituela adosten da. «Normalean, ospitale publikoetan garatzen dira haurrentzako azpiegitura horiek; umeentzako bereziki prestatzen diren oheak, esaterako. GKEko kideak baino ez dira egoten haurrekin eta hauen ardura bertako langileek hartzen dute. Horra joaten dira muturreko egoeran aurkitzen diren haurrak, lehenbailehen artatzeko premia dutenak.
Batez ere, kardiologia arazoekin
EAEn, Eusko Jaurlaritzaren eta sare publikoaren kolaborazioarekin burutzen dira ebakuntzak. Batez ere, kardiologia arazoak dituztenak etortzen dira, Espainiako Estatuan Gurutzetako ospitaleak baino ez duelako Zainketa Intentsiboetako Unitate pediatrikoa eta bihotzeko arazo larria duen oro bertara eraman ohi da. Jaurlaritza, kasu bakoitza aztertu ostean, espezialista batekin jartzen da harremanetan. «Hark, zer egin daitekeen esaten digu. Ebakuntza eta ondorengo osaketa posible direla zehazten badu, orduan eremu labainkorrean sartuko ginateke, paper kontuetan alegia». Paperetan aritze hori ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Indarrean dagoen inmigrazio legea dela-eta, ezinbesteko baldintza batzuk bete behar dira. Tamalez, burokrazia arazoak izugarriak dira, batez ere atzerritarren legea azkenekoz aldatu zenetik. Umeen trafiko eta esplotazioagatik neurriak gogortu egin dira.
Hasieran, Gasteizko Txagorritxu ospitalean burutzen ziren ebakuntzak, errehabilitazio saioak eta osaketa. Gero, Bizkaira ere heldu zen egitasmoa eta orain gutxi beste talde bat eratu da Gipuzkoan. Bizkaiko Gurutzetako ospitaleak, esaterako, lau urte inguru daramatza egitasmoan parte hartzen eta urtean sei bat ume artatzen dituzte. Jose Ignazio Aramendi ospitale honetako bihotzeko kirurgi burua da: «Bihotzeko kirurgian bost zirujau, hiru kardiologo eta hainbat pediatra gara. Lehenik eta behin, diagnostikoa osatzen dugu. Espedientea bidaltzen digute, baina bigarren diagnostiko bat egiten zaie hemen». Gehienak ebakuntza xumek dira, baina egon dira konplikazioak. Bakan batzuek bigarren edota hirugarren ebakuntza behar izan dute. «Gure xedea erabateko osaketa lortzea da. Agian ebakuntza batean ez dugu gaitza guztiz sendatzea lortzen. Hobe da berriz ebakuntza egin eta guztiz osatzea eta ez ebakuntza bakarra egin eta bere horretan itzultzea etxera».
Errehabilitazioaren unea
Haurra sendatuta dagoenean, ordura arte eginikoa errepikatzen da, baina alderantziz. Errehabilitazio saioak, botikak hartzea eta halakoak izan ohi dira medikuen aholkuak. Gizakien Lurrako kideek haurren familiak prestatzen dituzte haietaz ardura daitezen. «Esaterako, uzkirik gabeko haur baten kasua izan genuen behin. Ebakuntza egin zitzaion eta etxera joateko moduan zegoenean, haurraren gurasoak GKEkoekin egon ziren praktikatzen, umearen ardura beraien gain hartzeko gai izan ziren arte», azaldu du Jon Olaizolak. Gurasoak behar bezala prestatu eta gero, euren etxera itzultzen dira umearekin eta bertan jarraitzen dute osaketa. «Familiak, euren ahalmenaren arabera konpromiso bat hartzera behartzen ditugu, baliagarri senti daitezen, ez daitezen hutsaren hurrengo sentitu. Josten eta eskulangintzan irakasten zaie. Ehungintzan ere jarduten dute eta horren bitartez irabazi batzuk eskuratzen dituzte botikak erosteko edo euren umearen osaketan behar diren gastuei, neurri batean behintzat, aurre egiteko».
Agurra, latza denentzat
Haurrak etxerako bidea hartzen duenean boluntario taldeak izugarri sufritzen du. Hala ere, umea etxera itzultzen da, bere guraso eta lagunengana, nahiz eta beretzat ere gogorra izan. «Haurra zinez maitea duzu. Familiako kide da eta seme-alaba baten antzera maite duzu. Behin osatu eta etxera itzultzeko moduan dagoenean, oso une latzak bizitzen ditugu. Benetan gogorra da maite diren pertsonak norbaiten ondotik aldentzea. Kasu hauetan, gainera, are eta gogorragoa da, aurrerantzean ez dugulako inolako harremanik izango umearekin», dio San Miguelek. Egitasmo honetan adopzioak ez du lekurik. Jon Olaizolaren esanetan, «haurrak sendatzera baino ez dira etortzen. Gaixo dauden haurren gurasoekin adostasun batera iristen gara prozesu guztia abian jarri aurretik. Akordio horretan argi eta garbi zehazten da beraien umea etxera itzuliko dela medikuek hala erabakitzen dutenean. Gurasoen egoera ere ez da erraza. Beraiek arriskatu egiten dira hein handi batean. Ez dakite nora eramango duten beraien umea, ezta non eta norekin egongo den ere. Gu saiatzen gara haurraren berri izan dezaten, argazkiak eta eskutitzak bidaliz onik dagoela jakin dezaten». Adopzioaren aukera ez ezik, haur horrekin harremana izaten jarraitzea errotik mozten du GKEak. San Miguel harrerako amak neurri hori onartzen du, baina malgutasun apur bat izatea gustatuko litzaioke. Gutxienik, argazki eta eskutitzak jasotzeko aukera izatea. Familiako kide izatetik, beraren arrastoa guztiz galtzera igarotzen da, norberaren bizitzatik aldentzen dira betiko. Hainbat familiarentzat neurri bortitzegia da. «GKEak esaten du ume hau zorioneko izan dela eta beste milaka daudela bere lekua hartzeko beharrean. Umea sendatzera dator, izan ere berak bere lekua eta bere familia baditu eta haiengandik ezin dira inolaz ere aldendu. Guk hori onartzen dugu, hala behar du gainera, baina eskutitzak eta argazki batzuk jasotzeko aukera sikiera izateak ez lioke inori kalterik egingo. Agurra gogorregia da eta harekin harremana etetea oso latza da. Kontu honetan familia guztia murgiltzen da. Harrerako ama ez naiz ni soilik. Nire senarra, nire gurasoak, nire semea, finean familia osoa dago buru-belarri sartuta, eta umea familiako beste kide bat da. Gu saiatzen gara, ahal den neurrian behintzat, bere etxeaz, bere gurasoez hitz egiten, nola hemen ez den betiko geratuko, nola etxera segituan bueltatuko den, etengabe dihardugu horretaz. Lubna joaten denean oso gogorra egingo zaigu. Ziur».
San Miguelen aldean, Artetxeri ez zaio horren eramanezina egiten. «Jakina gogorra dela, baina, aldi berean, badakigu etxera doazela, onik eta zoriontsu, eta horrek tristura ordezkatzen dit neuri. Oso gaixo etortzen dira, zutik jartzeko gai ere ez direla eta etxera joateko moduan daudela ikustea benetan pozgarria da».
Tirriki-tarraka. Isilpean. Horrela dihardu Gizakien Lurra GKEak. Hitz jario hutsak ez ditu arazoak konpontzen, baina eguneroko ekintzek bai. Egitasmoa giza kate luze batek eginiko eguneroko lanaren emaitza da eta eguneroko lan horren helburua ez da makala: bizitzaren aldeko bidaia eskaintzen dute.