Iraultza abiatu da Mexikon


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Mexiko Hiria. Zatituta

2006ko azaroaren 20a Mexikoko historiako data garrantzitsua izango da aurrerantzean: Andres Manuel López Obradorrek presidente «legitimoaren» kargua onartu zuen eguna izan zen. Bertako zenbait egunkariren arabera, Mexikoko ekitaldi politiko batean inoizko jendetzarik handiena elkartu den eguna da. Mexiko Hirian, Zocalo enparantzan izan zen. Milaka eta milaka pertsona zeuden, Mexikoko txoko guztietakoak: Tijuana, Monterrey, Durango, Guadalajara, Queretaro, Oaxaca, Chiapas... Gehientsuenek ez zuten elkar ezagutzen, baina mezu bera zabaltzen zuten: «Es un honor estar con Obrador (Ohorea da Obradorrekin egotea)». Uztailaren 2ko hauteskundeetako emaitzak salatu eta ordezko gobernua babesteko elkartu ziren.

Iraultza Demokratikoaren Alderdiko (PRD) Andres Manuel López Obrador izango da ordezko gobernu horren burua. «Ni naiz presidente legitimoa, eta presidente iraultzailea izango naiz», adierazi zuen ekitaldiaren hasieran. Ez ziren kasualitatez esandako hitzak. Azaroaren 20a Iraultzaren Eguna da Mexikon, eta López Obradorrek egun hori aukeratu zuen «ezkerraren» iraultza abiatzeko. Presidenteaz gain, 12 idazkarik osatuko dute gobernua. López Obradorren hitzetan, «gobernu ibiltari eta iraultzailea» izango da. Datozen hilabeteetan Mexikok dituen 2.500 herriak bisitatzeko asmoa dute, jendearen kezkak eta arazoak bertatik bertara jasotzeko. Aldi berean, Mexikoko herritarren eskubideak defendatzeko hainbat ekimen iragarri dituzte. Besteak beste, erakunde publikoen berrantolaketa, hedabideetan aniztasuna bermatzeko neurriak, AEBek eraiki nahi duten harresiaren aurkako kanpaina, sindikatuen demokratizazioa eta Mexikoko kultura eta ondarearen babesa.

Bi presidente eta bi gobernu izango ditu aurrerantzean Mexikok, baina horrek ez du López Obrador kezkatzen: «Gure gobernuak ez du ofizialtasunik, baina herriaren babesa du, eta hori garrantzitsuagoa da». Ordubete eskas iraun zuen hitzaldiak. Bere hitzen oihartzuna, ordea, askoz ere luzeagoa izan da. Nazioartean era guztietako iritziak piztu dira. Badira bere ekimena txalotzen dutenak, eta badira gogor kritikatzen dutenak ere. Halaber, Mexikon gizartea zatituta dago. Zocalo enparantzan «Obrador, Obrador» oihua zen nagusi, baina beste herritar askoren ustez Obradorren ekimenak Mexikoko oreka apurtuko du. Denborak esango du zeinek duen arrazoia, baina bien bitartean iraultzaileen garaia zabaldu da Mexikon.


Oaxaca. Greba mugagabearen iturburu

Oaxaca Mexikoko bigarren estatu pobreena da. Bertako biztanleek baldintza tamalgarrietan egin behar izan dute lan azken hamarkadetan: lan ordu ugari, soldata txikiak, gobernuaren laguntza eza... Nekazariek, fabriketako langileek eta irakasleek behin eta berriz eskatu diote Ulises Ruiz gobernadoreari egoera aldatzeko, baina eskaerek ez dute erantzunik izan. Azkenean, irakasleek greba mugagabea hastea erabaki zuten orain sei hilabete, maiatzaren 22an. Hilabete geroago beste hainbat herri mugimendu batu zitzaizkien eta Oaxacako Herrien Asanblada (APPO) sortu zuten. Sei hilabete hauetan Ulises Ruiz Oaxacako gobernadoreak APPOren aurkako errepresio bortitza zuzendu du. Dozenaka hildako izan dira orain arteko istiluetan. Arazoa bideratzen hasteko Ruizek kargua uztea eskatu dute APPOko kideek, baina gobernadoreak ez die jaramonik egin. Mexikon 70 urte boterean pasa dituen PRI alderdiaren babesa du, eta harrokeriaz Oaxacako arazoa poliziak konpondu behar duela adierazi du behin eta berriz. Esanak esan, arazoa ez da konpondu eta Oaxacan gatazka giroa arnasten da.

Oaxacako aireportura iritsi bezain pronto nabaritzen da hiria ez dela normaltasunean bizi. Aireportutik hiri erdialdera eraman gaituen taxi gidariak bere kexak azaldu dizkigu: «Ni ez naiz Ulises Ruizen aldekoa, baina ez nago ados APPOkoak egiten ari direnarekin. Hiria inoiz baino itsusiago dago, begiratu nola zikindu dituzten paretak!». Ruizen aurkako pintadei buruz ari da taxi gidaria. APPOkoek hiria pintadaz bete dute, eta gisa honetako mezuak ikus daitezke nonahi: «Ulises hiltzailea!» «Ulises kanpora!» «Herriak irabaziko du!» «Gora APPO eta Oaxacako herria!» Halaber, kale asko itxita daude. Autoak errepide erdian gurutzatuta, harriak, gurpilak, egurrezko kaxak... Denetarik erabili dute kaleak ixteko. Taxi gidaria kezkatuta dago hiriak duen itxurarekin. «Irakasleen arazoa hasi aurretik Oaxaca oso hiri lasaia eta dotorea zen. Ez gaude ohituta horrelako liskarrekin. Gainera, turismoak nabarmen egin du behera». Azken hamarkadetan turismoa izan da Oaxacako biztanleen ekonomiaren euskarria. Hiriko kultur eskaintza zabalaz eta inguruko mendien lasaitasunaz gozatzera milaka estatubatuar iristen dira urtero bertara. Aurten, ordea, AEBetako enbaxadak Oaxacara ez joateko gomendioa egin die bere hiritarrei.

Zocalo enparantza da hiriaren bihotza. Zuhaitz handi eta dotoreak dituen enparantza da, eta inguruan makina bat kafetegi eta jatetxe daude. Kaleko saltzaileak eta musikariak nonahi ikus daitezke. Baina irakasleen liskarra hasi denetik itxuraldatu egin da enparantza. Uneotan APPOkoen erresistentzia gunea da. Ruizen aurkako ehunka pankarta daude: paretetan, zuhaitzetan, lurrean. Oaxacako Herrien Asanbladak bertan egiten ditu bilerak. Bertan adosten dituzte egun bakoitzean egin beharreko ekimenak. Esate baterako, prentsaurrekoak ematen dituzte egunero, prentsak beraien egoeraren berri zabaldu dezan. Oaxaca iparraldeko nekazari batzuen prentsaurrekoan izan gara. Yalalag herrikoak dira, eta bere eskualdeak pairatzen duen utzikeria salatu dute. «Oaxacako Gobernuak ez gaitu inoiz aintzat hartu, baztertuta bizi gara. Guk egiten ditugu errepideak, guk antolatzen dugu lurrak lantzeko beharrezkoa den ur-sistema... Alegia, guk kudeatzen dugu gure bizitza, eta ez dugu ia inoiz gobernuaren laguntzarik jaso», azaldu du Yalalag herriko nekazari batek.

Nekazariak, irakasleak, indigenen eskubideen aldeko taldeak... 365 herri mugimenduk osatzen dute Oaxacako Herrien Asanblada, eta talde hauek guztiak antolatzeko koordinazio lan handia egin behar da. Horretan aritzen da egunero Florentino López APPOko eleduna. Zocalo enparantzan aurkitu dugu, bilera bat amaitu eta beste bat hasi aurretik. «Gobernu berri bat nahi dugu. Ulises Ruiz kanpora», azaldu digu haserre aurpegiarekin. Gatazkaren jatorriari buruz galdetu diogunean, ordea, lasaitu egin da, eta patxada handiarekin hitz egin du: «Oaxacako gatazkak historia luzea du. Aurtengoaren antzeko gertakari asko izan dira historian zehar. Chiapasen atzetik Oaxaca da Mexikoko estaturik pobreena. Hori ez da logikoa, eskualde honek aberastasuna sortzeko baliabide handiak dituelako. Zoritxarrez, Oaxacako lurrak eta baliabideak aberats gutxi batzuek ustiatzen dituzte».

Maiatzaren 22an, irakasleak izan ziren beraien egoera salatzeko greba abiatu zutenak. Urte asko zeramatzaten beraien lan baldintzak salatzen, baina gobernuak ez zien kasurik egin. «Eskoletako egoera oso txarra da. Ikasleek ez dute eskolara joateko garraiorik, testu-liburu gutxi daude... Hori guztia salatzeko ekin zioten grebari irakasleek. Ondoren, beste hainbat herri mugimendu batu zitzaizkien eta Oaxacako Herrien Asanblada (APPO) sortu zen. Milaka kide gara, baina guztiek aldarrikapen bera dugu: Ulises Ruiz boteretik kentzea!», kontatu du Lópezek. Eskaera honen aurrean Oaxacako gobernadoreak izan duen erantzunarekin oso haserre daude APPOko kideak: «Ruizen gobernua indarkeriarekin lotuta egon da hasieratik. Bere agintaldian 40 hilketa politiko izan dira, eta azken hilabeteetan zer esanik ez. Dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin ditu bere errepresio bortitzak».

Gatazka hasi zenean APPOko kideen artean adostasun eta elkartasun handia antzematen zen. Hilabete batzuk geroago, ordea, lehen desadostasunak hasi dira, eta Mexikoko Polizia Federala hirian sartu zenetik areagotu egin dira. Irakasle batzuek greban jarraitzen dute, baina beste batzuk klasera itzuli dira. Dena den, Florentino López ziur ageri da, beraien borrokak arrakasta izango du: «Ruiz boteretik kenduko dugu. Oaxaca hobe bat eraiki behar dugu: herri demokrazia, irabazien banaketa, kulturarekiko kezka, naturarekiko errespetua... Balore horiek errespetatzen dituen herria nahi dugu».

Oaxacako auziak hautsak harrotu ditu Mexikon, eta APPOko eledunaren ustez errepublikaren funtzionamendua aldatzeko abiapuntua izan daiteke. «Mexikoko errepublika krisian dago. Bi presidente ditugu: Calderón ofiziala eta López Obrador legitimoa. Hori ez da ondo funtzionatzen duen demokrazia batean gertatzen. Sistemak aldaketa behar du, eta aldaketa horren motorra Oaxaca da. Nik uste gure borrokari esker Oaxacan aldaketak lortzen baldin badira, gauza asko aldatuko direla Mexikon. Gure garaipenak aurrekari bat sortuko du, eta Mexikon aldaketa nahi duten guztientzat itxaropena zabalduko da».

Borroka horretan hildako bat baino gehiago izan da. Florentino Lópezekin hitz egin eta gero manifestazio erraldoi baten lekuko izan gara. Jendetzaren erdian hileta auto bat doa eta autoaren barruan, Panfilo Hernandezen hilotza. Bart gauean hil zuten paramilitarrek. Bere etxera sartzen ari zela pistolaz tiro egin zioten. Jendea oso haserre dago hilketagatik, eta tentsioa nabari da Oaxacan. Tentsio giroa eta jendearen haserrea. Hori da Oaxacatik eraman dugun azken argazkia. Gauean, Chiapasera eraman gaituen autobusa hartu eta Oaxaca atzean utzi dugu. Zocalo enparantzan utzi ditugu APPOko kideak, beraien helburuak lortzeko asmoz eta Ulises Ruizek jartzen dizkien oztopo guztiak gainditzeko prest. Ez dute lan erraza izango.


Chiapas. Autonomia eraikitzen


Oaxacaren hegoaldean, Guatemalarekin mugan, Mexikoko eskualde ezagunenetakoa dago: Chiapas. 11 orduko autobus bidaia egin dugu bertara iristeko. Oaxacan irteera eta San Cristobal de las Casas-en helmuga. Bi hirien arteko errepidea bihurgunez josita dago eta autobusak poliki-poliki gainditu ditu kilometroak. Errepideak berak erakutsi digu Oaxaca eta Chiapas Mexikoko bi estaturik pobreenak direla.

San Cristobal de las Casasen ohituta daude turisten etorrerarekin. Gaur egun, turismoa da bertako biztanleen diru iturri nagusietako bat. Turista batzuk inguruko basoetan mayek eraiki zituzten tenpluak (Palenque, Bonampak) ikustera etortzen dira. Beste batzuk Chiapasko indigenen bizimodua ezagutzera -Mexikoko indigena gehientsuenak Chiapasen bizi dira, eta gazteleraz gain, 9 hizkuntza hitz egiten dira bertan-. Halaber, turismo politikoa egitera Chiapasera gerturatzen denik ere ez da falta; Armada Zapatistaren sorlekua da Chiapas. Orain dela 12 urte EZLN Mexikoko Gobernuaren aurka altxatu zen. Salinas de Gortariz presidentearen gobernuari indigenen eskubideak errespetatzeko eskatu zioten; borroka armaturako prest zeuden.

Hamabi urte geroago, egoerak ez du onera egin. Gerra deklarazioak bere horretan jarraitzen du eta Mexikoko Gobernuaren jarrera ez da aldatu. Hala ere, denbora tarte honetan indigenak ez dira geldirik egon. Chiapasko autonomia eraikitzen ari dira. Gobernuaren baimenarekin edo baimenik gabe, beraien buruaren jabe izan nahi dute. Eta neurri batean lortu dutela esan daiteke. Beraiek arduratzen dira herritarren osasun sistemaz, hezkuntzaz, komunikazioaz edota emakumeen partaidetzaz. Dena den, oso bizimodu zaila dute oraindik. Chiapasko egoera ez dago normalizatua. Batetik, indigenen batasuna ez da erabatekoa -orain dela aste gutxi 14 hildako izan dira indigenen arteko istiluetan-. Bestetik, Mexikoko Gobernuak bidalitako militarren presentzia oso handia da eskualdean.

San Cristobal de las Casasen nonahi ikus daitezke militarrak. Fusila eskuan dutela ibiltzen dira hirian barrena eta, antza, bertako biztanleak ohituta daude, inor ez baita aztoratzen ikusten dituenean. Gauean, berriz, hiriko giroa erabat aldatzen da. Militarrak desagertu egiten dira eta turistak egiten dira hiriaren jabe. Martxoaren 31ko enparantzan kontzertuak antolatzen dituzte ia egunero eta goizeko ordu txikiak arte luzatzen da parranda.

Oso bestelako giroa topatu dugu San Juan Chemula herri txikian. Bertako indigenak tzotzilak dira, eta izen bereko hizkuntza hitz egiten dute. Igandetan azoka eguna da San Juan Chemulan, eta inguruko baso eta mendietan bizi diren tzotzilak herrira jaisten dira beraien produktuak saltzera. Jendetza elkartzen da azokan eta ia denetarik aurki daiteke: animaliak, elikagaiak eta eskulanak.

San Juan Chemulako etxeak ikustea besterik ez dago herriaren pobreziaz jabetzeko. Eskolarik ez zaie falta, ordea. Heziketa elebiduna jasotzen dute bertan: gazteleraz eta tzotzilez. Neurri batean beraien hizkuntza eskubideak errespetatzen direla esan daiteke, beraz. Salbuespen bat besterik ez da. Chiapasko herri indigena gehientsuenetan ez dago eskola elebidunik. Izan ere, bigarren mailako herritarrak izateari uzteko lan handia egin behar dute oraindik ere Chiapasko indigenek. Azken finean, Mexikon oro har asko dira konpontzeke dauden arazoak. Bi gobernuren pean, herri zatitua da egun, baina bere etorkizunaren alde borrokatzeko indartsu ageri dena.

Juan Manuel Negrete, analista politikoa: «Mexiko Gerra Zibilean dagoela esan daiteke»
Juan Manuel Negrete Guadalajarako (Mexiko) Unibertsitate Publikoko Filosofia irakaslea da eta Mexikoko politikagintza gertutik jarraitzen du. Analista politiko ezaguna da bere herrialdean, eta Konbentzio Nazional Demokratikoko kide. Azaroaren 20an, Andres Manuel López Obradorrek bere gobernua aurkeztu zuen ekitaldian parte hartu zuen.

Zer nolako iritzia duzu Mexikok bizi duen egoera politikoari buruz?
Uztailaren 2ko hauteskundeak iruzur lotsagabea izan ziren, eta horren ondorioak sufritzen ari gara. Herriak ezin du horrelako iruzurrik onartu. Guk «txingurriaren iruzurra» deitu diogu. Alegia, hautesleku bakoitzeko hiruzpalau bozka aldatu edo trukatu zituzten. Kontua da Mexikon dauden milaka hauteslekuak kontuan hartuz gero milaka bozka aldatu zituztela, eta horrek, noski, azken emaitza baldintzatu zuen. Bozkak nola aldatu daitezkeen galdetzen digute askotan kazetariek. Oso erraza da. Hauteslekuak zaintzen dituzten funtzionario gehientsuenak PRI eta PAN alderdietako militanteak dira, eta beraien lana ez du inork kontrolatzen.

Beraz, zure iritziz Felipe Calderónen gobernuak ba al du zilegitasunik?
Gure herrialdean ditugun arazoak ez dira iruzur honekin hasi. Aurreko mendearen erdialdetik, Mexiko zuzendu duten agintariek ez dute zuzen jokatu. Hilketak, errepresio bortitzak, giza eskubideen urraketak, neoliberalismoaren bultzada... Mexikoko errepublika aspaldi dago usteldua, eta ustelkeria horri aurre egiteko sortu dugu Konbentzio Nazional Demokratikoa. Ezkerreko agente eta mugimendu politikoak bildu gara Konbentzioan, eta alderdi politiko ofizial baten babesa dugu: Iraultza Demokratikoaren Alderdia (PRD). Konbentzioko kideek ez dugu Felipe Calderón Mexikoko presidente bezala onartzen, eta sortu berria den López Obradorren gobernu legitimoa babesten dugu.

Zer nolako gobernua izango da López Obradorrena? Nola gauzatu ahal izango ditu bere ekimenak?
Mexikok bi presidente izango ditu, eta egoera zail hori kudeatzen jakin beharko dugu. Dena den, ez da Mexikon horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. XIX. mendean, esate baterako, Miguel Miramon kontserbadorea eta Benito Juarez liberala presidente izan ziren aldi berean hiru urtez (1858-1861). López Obrador mugimendu iraultzaile bat zuzenduko duen presidente erreboltaria izango da. Errepublikan barrena ibiliko da jendearen babesa eskatuz, eta dagokion kargua eskuratu arte ez da geldituko.

Gizartean zer nolako babesa jaso du Konbentzio Nazional Demokratikoak?
Milioika mexikar daude gure atzean. 14 miloi bozka baino gehiago jaso zituen PRDk, eta Konbentzio Nazional Demokratikoa babesten dutenak askoz gehiago dira. Halaber, gizartea bitan zatitua dagoela onartu behar da. López Obradorren aldekoak batetik, eta Calderónen aldekoak bestetik. Batzuen eta besteen arteko istiluak gero eta gehiago dira. Mexiko Gerra Zibilean dagoela esan daiteke. Gerra Zibil baketsua da, baina gerra azken batean.

Nola ikusten dituzu hurrengo hilabeteak? Zein da Konbentzio Nazional Demokratikoaren gidaritzapean sortu den ekimenaren etorkizuna?
30 urtetik gora daramatzat Mexikoko politika bertatik bertara jarraitzen. Esan daiteke, beraz, perspektiba pixka bat badudala. Alegia, jarraian esango dudan hau ez dut esateagatik esango. Nik uste dut prozesu honetan indarkeria handitzen ari dela. Orain dozena bat urte Chiapasko indigenen iraultza izan zen, une hauetan Oaxacako irakasleak ari dira... Mexikon indarkeria giroa handitzen ari da, eta zaila da indarkeria giro hau gelditzea. Mexikarrak ez dira europarrak bezala, oso pertsona oldarkorrak dira, eta ez dute gogoetarako tarte handiegirik hartzen. Beraz, ez asmatzea espero dut, baina hurrengo hilabeteetarako indarkeria aurreikusten dut.

Noe Pineda, FRAYBA giza eskubideen aldeko elkarteko kidea: «Agintarien helburua gatazka luzatzea eta erresistentzia ahultzea da»

Fray Bartolome de las Casas giza eskubideen aldeko elkarteak (FRAYBA) 17 urte daramatza Chiapasko indigenen alde lanean. San Cristobal de las Casasen dute egoitza, eta indigenen eskubide urraketak salatzeaz arduratzen dira. Noe Pineda elkarte honetako komunikazio arduradunak azaldu digu zer nolako lana egiten duten.

Nolakoa da Frayba elkartearen egoitzan egun normal bat?
22 lagunek egiten dugu lan elkartean, eta ez dugu atseden hartzeko denborarik. Bi arlotan oinarritzen dugu gure lana. Batetik, informazio kanpainak egiten ditugu indigenek beraien eskubideak zeintzuk diren jakin dezaten. Bestetik, giza eskubideen urraketak egiten direnean kaltetuen defentsa juridikoa prestatzen dugu. Zoritxarrez, egunero indigena asko etortzen da gure egoitzara beraien egoera salatzera.

Zeintzuk dira Chiapasen giza eskubideen urraketa ohikoenak?
Gehientsuenek gatazka politikoarekin zerikusia dute. Atxiloketa arbitrarioak, torturak, paramilitarren lur okupazio ilegalak, hizkuntza eskubideen urraketak... Ekintza hauen aurrean indigenek ez dakite beraien burua nola defendatu, eta guregana jotzen dute. Salaketa hauek kudeatzen saiatzen gara eta epaitegietara jotzen dugu. Batzuetan arrazoia ematen digute eta beste batzuetan ez, baina beti lortzen dugu gure helburuetako bat. Alegia, indigenen eskubide urraketak justiziaren agendan presente egotea.

Zer nolako harremana duzue EZLNarekin?
Mexikoko gobernuak askotan leporatu digu EZLNaren jarraitzaile sutsuak izatea, baina hori ez da egia. Kontua da arlo askotan EZLNarekin batera lan egiten dugula: herri indigenen osasun eta hezkuntza sistemaren kudeaketan, hizkuntza eskubideen defentsan, nekazal lurren banaketa egokia bermatzeko garaian... Elkarlan horrek ez du esan nahi zapatistez bakarrik arduratzen garenik. Gure elkartean ez diogu inori atea ixten, eskubide urraketak salatu nahi dituzten guztiak onartzen ditugu.

Nola ikusten duzu Chiapasko gatazkaren etorkizuna?
Uste dut agintari eta politikariek ez dutela arazoa elkarrizketaren bitartez konpondu nahi. Beraien helburua gatazka luzatzea eta erresistentzia mugimenduak ahultzea da. Ez dute EZLN eragile politikotzat onartzen. Mugimendu zapatista alde batera utzita konpondu nahi dute arazoa eta hori oso zaila da. Halaber, indigenen giza eskubideak hobetzeko ez dute inolako ekimenik sortu. Beraz, gatazkaren etorkizunari begira ez naiz oso baikorra, baina guk indigenen eskubideen alde lanean jarraituko dugu.


Azkenak
Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta “estatusaren eztabaida” abiatzeko

Manifestazioa egin du EH Bilduk Bilboko kaleetan, larunbatez, Nazioa gara lelopean.


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian, Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala nagusitu da Uruguain bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


Eguneraketa berriak daude