Merkatua indartzeko giltzaren bila

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Orokorrean, nolakoa da munduan eta gurean liburu eta diskoen ekoizpena eta kontsumoa?
Anjel Valdes. Musikaren kasuan inoiz baino gehiago kontsumitzen da. Paradoxikoena da kontsumoa handitu den neurrian -edonon entzuten da musika gaur egun- benetan jaitsi dena merkatua dela, kontsumo horren proportzio handi bat doan egiten delako, ordaindu gabe. Krisialdia, musikaren kasuan, hortxe datza: lehiatzen ari gara ez beste prezio batekin, doako lehia batekin baizik.

Iñaki Gomez. Arazoa euskarria da, datuen arabera egia baita munduan diskoaren merkatua jaitsi dela, baina internet eta antzekoen kontsumoa igo egin da; ikaragarria da zenbat milioi artxibo jaitsi diren azken hiru urteetan.

A. Valdes. Bai, produktu fisikoetan jaitsi den zati bat on-line salmentan igo da.

Jorge Gimenez. Liburuari dagokionez, ekoizpena etengabea da eta euskararen kasuan izan ezik, haziz doa. Azken urteetan halako geldialdi edo atzera egite bat egon da gurean eta urteko 1.500 titulu argitaratze horretan egonkortzen ari garen arren, gorago ere egon gara. Espainiako datuak hartuz, horiek baitira eskura dauzkagun datu ia fidagarrienak, liburutan eta aletan bai fakturazioa eta bai ekoizpena hazi egin dira etengabe azkeneko 10 urteetan, baina euskararen kasuan, fakturazioa haziz doan arren, ez du ematen ekoizpenak hein berean gora egiten duenik. Kontsumoa berriz, 2004 eta 2005 urte bitartean jaitsi egin da. Liburuaren kontsumoa ez da ari -garai batean neronek ere aurreikusten nuen- atzerakada jasaten, baina hazi ere ez da egiten euskaldun jendearen proportzioa haziz doan neurrian. Krisi kontuak-eta aipatu izan ditudanean, jendeak gaizki ulertu dit, nik ez baititut krisi hots absolutuak aipatu; alegia, ez dut esan gure merkatuan erorialdi bat edo krak bat eman denik, baizik eta gure gizartean euskalduntze eta alfabetatze maila erritmo sozial batean doan bitartean, ez doala hein berean euskal liburuaren kontsumoa.

I. Gomez. Merkatua hazten ari den neurri horretan aurreikusi beharko genukeela kontsumoaren hazkundea eta hori ez dela ematen, alegia.

Jon Irazabal. Eta bada ekoizpenarekin lotuta dagoen beste arazo bat: nobedadeen irteera, badirudielako nobedadeak abenduan bakarrik ateratzen direla eta hori guztia merkatuak ezin du absorbitu.

J. Gimenez. Gero eta gutxiago da horrela.

J. Irazabal. Gure herrian, liburu dendak oso txikiak dira. Iritsiko da abendua eta igual 1.000 nobedade egongo dira mahai gainean. Ezin dituzte bere gain hartu 1.000 nobedade. Zentzu horretan, Durangok igual efektu txar bat egiten du: iman batek bezala bereganatzen du liburuen kaleratzea eta neurri handi batean urte guztian zehar argitaratzeari kalte egin diezaioke. Argitaletxe handiak urte guztian zehar kaleratzen saiatzen dira, baina argitaletxe txiki pila bat, gero eta gehiago sortzen ari direnak, denak daude Durangorako. Eta ez dira konturatzen han 1.500 titulu artean liburu asko galdu egiten direla. Merkatu txiki batean gabiltza, duela 25 urte arte euskarazko eta gaztelaniazko liburutan pentsatzen ibili den merkatu batean. Orain dela 30 urte sortutako lehenengo ikastolen fruituei esker, orain da euskal irakurle finko batzuk ditugun garaia. Hala ere, hizkuntza gehiago dakizkite eta agian anormaltasun horretan sartu gara: euskara jakinagatik, euskaraz irakurtzeko joerarik ez duen jendea da.

A. Valdes. Musikaren arloan, produktu bat egiten denean, enpresa txiki edo handia izan, baita bidea autogestioa denean ere, beti irabazi bat duzu buruan. Eta etekin ekonomiko zuzenik ez duzunean, salmentarik ez dagoelako, aparteko irabazi bat topatu behar duzu, zure burua gogobetetzeko: prestigioa, esaterako. Edo askotan, promozio txiki batekin talde bat bizirik mantentzen laguntzeko ateratzen da produktua, nahiz eta berezko salmenta gutxi izan. Modu horretan, urtebete iraun dezake taldeak bizirik, beste disko bat atera arte.

Hizkuntzari lotutako kontsumoan zentratuz, nolakoa da euskarazko produktuena?
J. Gimenez. Euskal produktua, bere ezpaleko produktuekin lehiatzeaz gain, beste batzuekin ere lehiatzen da, euskaraz irakurtzen duenak gutxienez beste hizkuntza batean ere irakurtzen badakielako. Guk gure erosleari eskatzen dioguna da Planeta argitaletxeak bere erosleari eskatzen dionaren gainean %20-25 gehiago. Berez beste hizkuntzetan ere kultur kontsumitzailea den bezeroari zuzentzen gatzaizkio. Horregatik, nik uste dut azken urteetan adostasun zabal bat hedatzen ari dela gure sektorean zentzu honetan: liburuaren kasuan, eta soil-soilik liburuaren kasuan, guretzat helburu izan behar du Euskal Herriko irakurle euskaldunaren apetak euskaraz ahalik eta gehien eta ahalik eta era normalduenean asetzen joatea. Hori da gakoa.

A. Valdes. Musikaren kasua ere bera da.

J. Gimenez. Katalunian aspaldidanik egiten ari diren bidea da eta guk saio batzuk egin ditugu, baina oraindik gurean albiste da Paul Auster aldi berean espainolez eta euskaraz ateratzea. Kasu hori, adibidez, oso ondo joan zen eta horrek esan nahi du badagoela modua bide hori jorratzeko. Bi hizkuntzatan batera argitaratuz gero, gaztelerazkoa lehenago izanda euskaraz erosiko ez lukeenak erosi egingo du igoal. Irabazteko guztiak dauzkagu; esperientzia ugariren ondorioa da.

A. Valdes. Hor bada desberdintasun bat musikarekin: itzulpengintza. Musikak ezin ditu onartu bi bertsio, bat euskaraz eta beste bat beste hizkuntza batean; horrelako ereduak egin izan direnean porrot hutsa suertatu dira. Nortasuna, karisma behar du musikak eta bestela publikoa nahasten duzu. Musika beti babesten da bere lengoaia abstraktu horretan, unibertsala den hizkuntza horretan eta hor nahi genuke guk aurrera egin, pentsatzen dugulako hizkuntzak produktuari desberdintasun bat ekartzen diola, gure merkatuan bertan.

I. Gomez. Azkenean, jendeak kontsumitzen du gehien promozionatzen dena, promozioaren indarra da merkatuan gako garrantzitsuena, sektore guztietan. Munduko produkturik onena baduzu ere, hor desberdintasuna sortzen duena promozio gaitasuna da eta hitak saltzen dira, arlo guztietan. Nire ustez, jendeari gero eta gutxiago axola zaio hizkuntza.

J. Irazabal. Baina hizkuntza promozioaren beste faktore bat da. Ikusi zenbat egunkari dauden beste hizkuntzetan eta zenbat euskaraz; zenbat telebista gazteleraz eta zenbat euskaraz. Beraz, euskarazko produktu baten berri ematen den bitartean, gaztelerazko askoz produktu gehiagoren berri ematen da eta jendeak telebistak eta egunkariek esaten dutena erosten du.

J. Gimenez. Bai, merkatua komunikazioaren eta promozioaren menpe dago. Uste dut hor dagoela gaia. Badaukagu adibide bat oso betikoa eta oso interesgarria: Europa iparraldean beren literatura munduratzeko egiten ari diren ahalegina. Promozioaren gakoa gaur egun ez da zeuk zeure jendearentzako egiten duzun ahalegintxo hori, gehiago da. Horregatik, azkeneko bolada honetan asko aipatzen ari den Etxepare Institutuaren papera azpimarratzekoa da. Alegia, gaur egun promozioa globala da edo ez da. Jarri dezagun hori neurrian: ezin dugu pentsatu euskarazko liburu bati mundu mailako promozioa egin behar zaionik, baina ezin zaio hiri baten mailako promozioa egin. Ez da, ahal dela, euskal komunitatearen promozioa egin behar, etxean oihartzuna izatea nahi badugu. Gure antenak gero eta gehiago daude mundu mailan eta mundu mailan zirkulatzen duen komunikazioa jasotzen dugu. Ez bazara maila horretara iristen, etxerako egiten duzuna aldameneko antenak ere ez du jasotzen. Hori da azken 10-15 urte hauetan aldatu dena: komunikazioaren zentzua, lehen oso era kartesiarrean egiten zena -zein da gure bezeroa, horri hitz egin diezaiogun-, gaur egun ez da posible. Bezero horri hitz egiteko, munduari hitz egin behar diozu.

A. Valdes. Hala da. Satelite efektua da.

J. Gimenez. Aldamenekoa lehenago enteratuko da Nueva Yorkeko norbaitekin ari bazara, bere ondokoarekin ari bazara baino, garbi dago.

J. Irazabal. Eskualde mailako, Euskal Herri mailako edo Euskal Herritik kanporako promozioa egin, komunikabideen esku dago neurri handi batean produktu baten kontsumoa eta arrakasta.

A. Valdes. Komunikabideen eta baita produktu horren gestoreen talentuaren eskuetan ere.

Eta gehiegi produzitzen al da dugun kontsumo gaitasunerako? Alegia, argitaratzen den guztiak merezi du merkaturatzea ala murriztu egin beharko litzateke ekoizpena?
A. Valdes. Hori ebaluatzea zaila da, kalitatea subjektiboa da. Bestalde, honen guztiaren arrazoia bilatzeko garaian garrantzitsua da baita ere enpresen azpiegiturari begiratzea. Azkenean, merkatua salmenta eta fakturazio aldetik jaisten denean eta azpiegiturak mantentzen direnean, nola lortu pasa den urteko fakturazioa berdintzea? Horretarako produktu gehiago egin behar duzu. Produktu bakoitzak etekin gero eta gutxiago ematen du eta fakturazio totala berdintzeko produktu txiki gehiago, margen txiki gehiago behar da.

J. Gimenez. Liburuen kasuan berdin-berdin, eta ez gurean bakarrik, Mendebalde osoan gertatzen ari da fenomeno hau. Tiradak oso azkar ari dira jaisten, besteak beste produkzio kosteak gero eta gehiago berdintzen ari direlako -tirada handi edo txiki bat egitearen artean aldea dago oraindik, baina ez garai batekoa-. Atomizazio bat dago eta kulturalki aberasgarria da, lehiaren beste kontzeptu bat sartzen du, bakoitzak bere baratzetxoa bilatzen du, eta batez beste, denek lortzen dugu bizitzea. Hobeto edo okerrago, baina denek. Dena den, liburuaren kasuan bada honekin lotutako beste gai mingarri bat saihestu ezin duguna, guztiz ezinbestekoa den diru laguntza sistema publikoaren ondorio kaltegarria: gaur egun bada argitaratzailerik diru laguntza badagoelako argitaratzen duenik. Gure sektoreak eta zehazki Euskal Editoreen Elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin duen kontua da eta badakigu Jaurlaritzako Kultura Sailaren kezka ere badela, baina ez diogu taxuzko irtenbiderik aurkitzen arazoari. Ikusten dugu zarata asko ari dela sartzen liburuen merkatuan, merkatua zikindu baino egiten ez duen produktu asko dagoela, baina orain arte ez gara gai izan -eta saiatu gara- formula bilatzeko. Esan beharra dago serio eta era profesionalean ari den euskal editorearentzat laguntza publikoa oraindik ere, tamalez, ezinbestekoa dela eta horri mugak jartzeko orduan denak jartzen gara urduri, biziraupena ere kolokan jarri daitekeelako zenbait kasutan.

I. Gomez. Baina zenbatekoa da arazo hori? Hau da, Euskal Herrian urtean gutxi gorabehera 1.500 liburu argitaratzen badira, horietako zenbatez ari gara?

J. Gimenez. Ez dakit, baina diru asko maneiatzen da hor. Iazko subentzioak hartzea baino ez dago. Egia esango dizut, gauza batzuk ikusita, nik bakarrik ez, askok sufritu dugula uste dut.

J. Irazabal. Ikusi beharko litzateke liburu batzuen benetako tirada zein den eta liburu horiek non amaitzen duten, zenbat hileko bizitza duten. Hor ikusiko delako agian negozioa ez dela liburua, inguruko laguntzak baizik. Baina zaila da esatea nork erabaki dezakeen honek merezi du eta honek ez.

I. Gomez. Gaia oso delikatua da. Sektore guztietan mundu osoan errepikatzen den gaia da. Badakigu badagoela jendea merkatuan dagoena dirua eta negozioa zentzu txarrenean egiteko. Eta? Zein da erabakiko duena zu bai eta zu ez?

A. Valdes. Sektore handi batean, industria kultura anglosaxoi edo frankofonoan, esaterako, argi dago sektore profesionala non kokatzen den eta zein den amateurra. Hemen denak nahasita bizi dira: handiak txikiekin eta alderantziz.

I. Gomez. Ez nago horrekin ados. Merkatuak agintzen du eta hori da ikuspegia, gordina eta krudela izanagatik.

A. Valdes. Baina subentzio politika horrek lagundu egiten dio profesional eta amateurren arteko nahaste horri.

I. Gomez. Subentzio politikak nonbait baldin badaude, Frantzian daude. Ez iezadazu adibide bezala Frantzia jarri, han subentzio asko baitaude. Subentzioek ez dute arazo hori sortzen.

A. Valdes. Baina subentzioen irizpideek edo merkatuaren konposizioak beharbada bai: azken finean gu merkatu txiki bat gara eta mundu amateurra eta profesionala oso hurbil daude.

Baina demagun diru laguntzak jasotzen dituen argitaratzaile horrek esaten duela berak ez duela bizia hortik ateratzen, ez duela etekinik jasotzen, baina bere lanari esker bestela jasoko ez litzatekeen produkzio literario bat merkaturatzen dela.
J. Gimenez. Esatea libre da, baina sinestea... Durangotik buelta txiki bat ematea nahikoa da, liburuaren kasuan behinik behin, zertaz ari garen konturatzeko. Stand batera joaten zara eta liburu bat hartzen duzu, 64 orrialdekoa, umeentzako, 8-9 eurotan. Aldameneko standean, orrialde eta kolore berdineko liburua 24 eurotan... Hori edozeinek ikusi dezake eta arreta pixka bat jarrita denek jakin dezakegu zeintzuk ari diren horretan. Gertatzen dena da ezin zaiola gure bezeroari militantzia hori eskatu, zigortzaile bilakatzea eskatu.

I. Gomez. Ez, baina Administrazioari bai. Eusko Jaurlaritza zertarako dago? Kultura Saila zertarako dago? Eseri gaitezen eta ikus dezagun nola diseinatu diru laguntzak eta zein baldintza jarri, arazo hori gerta ez dadin. Baina zuk zeuk esan duzu, ez da erraza. Tripetara jo beharko genuke: kosteak zeintzuk diren aztertuz, etekinak, margenak... eta normalean eman ezin ditzaketen datuak eskatuz. Etekinei topea jartzen hasi behar dugu diru laguntzak emateko? Bai, noski, baina oso terreno delikatua da.

J. Gimenez. Azkenean lortu den gauza bakarra da nolabaiteko lehentasun sistema bat ezartzea, bereiztea argitaletxe komertziala eta komertziala ez dena. Gutako batzuek ez baitute egitura komertzialik eta ez dute zertan enpresa irizpiderik izan behar. Horrek are zailagoa egiten du gauza.

Eta kontsumitzaileei dagokienez? Gero eta jende gehiagok daki euskaraz. Bilakaerarik nabaritu al da kontsumitzaileengan? Ba al dute euskal ekoizpenak erostera joateko ohiturarik?
J. Gimenez. Hor arazo ikaragarria daukagu: datu txarrak dauzkagu hori esan ahal izateko, norberak bere praktikatik esan beharko luke. Euskarazko liburugintzan falta dugu gure bezeroa behar bezala tipifikatuko duen azterketa bat. Ez dakigu euskaldunak, euskarazko liburuak kontsumitzeko gai denak, zein joera duen. Laginak ez du hizkuntzaren irizpiderik hartzen. Gehienez esan dezakegu gehiago fakturatzen edo saltzen direla haur eta gazte liburuak, baina hori ere egilearen araberakoa da.

A. Valdes. Barne produktuaren edo produktu domestikoaren kontsumoa jaisten ari dela argi dago. Horrek esan nahi du euskaldun kopurua handitzen eta barreiatzen ari den moduan, merkatua ez dela handitzen ari, txikitzen ari da, eta gero eta gehiago behar dituzu laguntzak iraun ahal izateko. Lehia ikaragarria da, lehen esan bezala ez dagoelako euskaldun mundu bat non zu euskal produktuekin alderatzen zaren, produktu unibertsalekin ari zara une oro lehiatzen. Salvat, Planeta, Alfaguara, Bisbal eta Madonnarekin, guzti horiekin neurri berean, denda berean. Besteek sekulako publizitate eta barreiaketa ahalmena duten bitartean, guk oraindik ez dakigu nola egin hori. Beharbada marketin kontua da, baina inbertsio pribatuaren aldetik bakarrik begiratuta, ezin dugu mundu horretara iritsi, are gehiago salmentaren giltza telebistaren aldera doanean. Musikaren kasuan adibidez, irratietan lehiatzen gara Bob Dylanekin eta ez dago halako desberdintasun nabarmenik, baina telebistan bai, bideoklipean eta irudian bai. Bob Dylanek bere bideoklipean 200 milioi euro gastatu dituen bitartean, zuk 1.000 euro inbertitu dituzu irudi kaskarragoetan. Konparaketa iraingarria da eta azken finean publikoak mantentzen gaitu, publikoak erosten gaitu eta publikoak aukeratzen du ikusten duenaren arabera. Berak pentsatuko du, «hauek dira inportanteak eta beste hauek ez».

J. Irazabal. Liburuekin desberdintasuna dago. Euskal musika kontsumitzera ohitua dagoenak hala egingo du, baina seme-alabak Harry Potter-en liburua eskatzen badu, gurasoak zuzenean erdarazko bertsioan pentsatzen du eta baita dendarien %90ak ere; nahiz eta euskarazko bertsioa egon, lehenengo erdarazkoa aterako du. Jada ez da euskarazko bertsioa hobesten, alderantziz baizik. Gure garaitik datorren kontua da hori, oraindik gainditua ez dagoena. Euskaraz kontsumitzea bigarren mailako gauzatzat hartzen da. Musikan bertsio bakarra dagoenez edo talde konkretu bat buruan duzunez, ez da halakorik gertatzen.

A. Valdes. Bertako produktua denean, etxekoa, bi hizkuntzatan egitea onuragarria da, batzuek euskaraz erosiko dutelako eta besteek erdaraz. Produktua kanpotik datorrenean, Harry Potter kasu, beti multinazionalak irabazten du. Publizitate inbertsio aldetik, beste hizkuntza batean dagoen liburuaren euskarazko bertsioaren eskubideak lortzen dituzu, euskarazko bertsioa promozionatzen ari zara eta konturatu gabe, agian, orijinalari indarra ematen diozu. Musikan antzekoa gertatzen zaigu: EKO (Euskal Kanturik Onena) bezalako disko bat kaleratzen da, bertsioz osatua. Zuk inbertitu duzu urtetan katalogo batean, zure diskoetan eta bat batean EKO bezalako produktua ateratzen da eta zuk egindako ahaleginaren fruituak eramaten ditu.

I. Gomez. Baina zuk ere harena aprobetxatzen duzu, haren indarra bueltan etor daiteke. Harry Potter bezalako fenomeno mediatiko batean, adibidez, euskaraz badaukazu, apustua egin duzu txanpa hori guztia harrapatzeko.

A. Valdes. Baina guk beti daukagu mehatxu bat eta ez daukagu beste erremediorik mehatxu horiek aukera bilakatzea baino.

I. Gomez. Kasu konkretu horretan, nik ikusten dudan arazoa da euskarazko bertsioa beharbada zineetan ere estreinatu izan balitz lagungarria izango zela liburua euskaraz saltzeko. Euskal produktu gehiago baleude fenomeno mediatiko horren baitan, lagungarria izango litzateke.

Azokaren formatua berritu beharra

Zein da Durangoko Azokaren kontsumitzailearen profila?
J. Irazabal. Bezero mota denetarik dago. Azokara urtero erromesaldian doan bezeroa dago. Zoritxarrez, mundu-oste hori urtean zehar ez da liburu denda batera hurbildu ere egiten, jende horrek ez dauka Azokan erakusten duen liburuarekiko afana. Liburua eskuetan hartu, erabili, eta bere kontzientzia nolabait zuritzen du. Beste liburu kontsumitzaile mota bat ere bada: aspaldi ikusi gabeko lagunekin biltzen dena kontuak elkarri kontatzeko. Gure herrian paper-fabrika asko dago baina liburu denda gutxi. Durangon, berbarako, bi denda besterik ez dira.

A. Valdes. Durangon gertatzen dena ez da munduan gertatzen denetik oso urrun. Burutzen den garaiak hazten lagundu du Azoka, Eguberriak segidan etortzeak. Azoka Eguberrien atea da. Jendeak ez du bilatzen -denetarik dagoen arren, noski- berarentzako produktu bat eskuarki. Aita, ama, seme edo alabari zer oparituko dion bilatzen du lehenago, oparien «arazoa» nola konpondu, alegia. Gure kulturan «betebeharreko» moduko zama da hau, lan itzela ematen diguna. Durangoko Azokak ondo laguntzen du hori konpontzen.

Gerediaga elkarteak garaian eta garaiarekin asmatu zuela alegia...
J. Irazabal. Baina denentzako asmatu, eh!

J. Gimenez. Baina asmatu zuen urtean 300 liburu kaleratzen ziren garaian. Egun zalantzak dauzkat.

J. Irazabal. Argitaletxeentzat ere ondo datorrela esan nahi dut. Argitaletxeek urte amaiera ondo aprobetxatzen dute, instituzioen diru laguntzak garai horretan datoz eta urteko balantze ekonomikoa orduantxe egiten da, urtea ekonomikoki agurtzeko eta berriari ekiteko garaia da. Liburu gehiago direla gaur? Jakina. Durangok ez dio 1.500 libururi harrera guztiz egokia egiten.

Azoka boom izan zen behiala, baina azken ekitaldietan ez ditu hain emaitza onak jaso. Zergatik?
J. Gimenez. Normalizazioaren bidean sartu delako. Orain zazpi urte inguru ezagutu genituen urteak salbuespenezko urteak izan ziren, ezohikoak. Jende kopuruaren aldetik ez-normalak. Martxa normalean, eta Parisko Azokarekin alderatzen badugu, eskalak eskala, han ez da ikusten hemen izaten dugun aglomeraziorik, eta jendeak saldu egiten du arazorik gabe, eroso. Erosleek eta saltzaileek gustura bukatzen dute bisitaldia. Durangoko Azokak berriz, ezerosotasun handi samarrak sortu ditu, baita ezerosotasunaren kultura sortu ere. Bada aglomerazio horietara gustura joaten den jendea, baina badago horregatik joaten ez dena ere.

I. Gomez. Eta azken hamar urte hauetan aste horretan kanpora joaten den jende asko dago, ohiturak aldatu dira eta bizimodua ere bai.

J. Gimenez. Azoka normaltzen ari da, neurri hau duela hamar urtekoa baino benetakoagoa da.

I. Gomez. Zuek jakingo duzue hobeto, baina formatu horren eredua beste guneetara zabaldu da, gero eta megadenda gehiago dago, baita tokian tokiko azokak ere. Azokari lehia egiten dioten arlo bereko beste eskaintzak sortu dira.

J. Irazabal. Ados. Baina zenbat euskal produktu dago merkatal gune handietan?

A. Valdes. Gauza asko falta da, bai.

J. Irazabal. Ez dago alderatzerik ere. Areago, askotan euskarazko liburu baten egile oso ezagunaz galdetzen diozu saltzaileari eta ez du ezagutzen.

Azokaren formatua egokia da?
J. Gimenez. Formatua aldatzera jo beharko genuke pixkanaka. Erosoago egon eta ibili aldera, joaten den jendeari beste aukera bat eskaini behar zaio, liburuak eskuratzeko beste modu bat. Oraindik ere mostradore edo stand amaigabe handi horietan ari gara. Azokaren antolamendua eta helburuak finkatu ondoren, Azokaren formatua hobetzeko pausoak ematen hasi behar dugu. Pixkanaka, standen fondoa eta zirkulazio modua aldatu behar dira.

I. Gomez. Egoteko eta ibiltzeko beste modu bat aurkitu behar dela, alegia.

J. Irazabal. Egia da, azokaren %70a stand handietan dago. Beste sistema bat txabola modukoak ipintzea litzateke, baina horrela muntatuz gero ez litzateke denentzako lekurik.

J. Gimenez. Baina igoal denek ez dute egon behar.

J. Irazabal. Eta nola erabakitzen da nor egon eta nor ez?

J. Gimenez. Pilota edo kamiseta saltzaileek ez lukete egon behar. Badakit adibide bakanak direla, baina hor daude.

J. Irazabal. Kasu hori eztabaidatu zen, baina pilotak elementu pedagogikoak zirela esan ziguten.

J. Gimenez. Ez naiz xehetasunetan sartuko, kasu bereziak ekarri ditut. Baina konponbide bat bilatu behar zaio, bestela Azokaren dinamikak puntu oso txar batera eramango gaitu. Azokaren antzeko formatuan, egun beretsu horietan, han-hemenka zabaltzen hasi dira beste azokak, Hondarribian, esaterako. Eta hedatuz joanen da, oso ekimen gozoa baita udalentzat. Herrian zerbitzu hori zabaltzen ari da, eta jende askori Durangoraino joan beharraren «ardura» kentzen diozu.

I. Gomez. Azoken atomizazioa azaldu da berriz ere. Azoken kontzeptua, ekoizpenean eta salmentetan, zabaltzen ari da. Etorkizunari begira, Jorgek esan bezala, formatua landu behar da, eta gakoa niretzat elkarrekin lantzea da, Gerediaga Ekartea, Euskal Editoreen Elkartea, argitaletxeak edo Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak tarteko direla.

Horrez gain zer falta da?
J. Irazabal. Gauza asko ziur aski, baina jende asko ez da jabetu Durangok balio duenaz. Kanpotik datozen bisitariek haluzinatu egiten dute. Aldiz, gure politikariak, oro har, ez daude behar den mailan. Aurten Esloveniako ordezkaritza hartuko dugu, hango politikarien maila bestelakoa da.

Best-sellerren kontua dago, bestalde. Liburu salduenen berri emate hori ez da denen gustukoa.

J. Irazabal. Azken urteetan ez ematea erabaki dugu.

A. valdes. Gainera, ematen den informazioa ez da horren zehatza eta fidagarria.

Edonola ere, argitaletxeentzat gozoki bat da Durango.
J. Irazabal. Durangoko salmenten irabaziek %50eko margena izaten dute.

J. Gimenez. Derrepente Azoka dohainik eskaintzen ari zarete eta ez naiz konturatu (irriak), baina han egoteko ordaindu egiten dute argitaletxeek.

A. Valdes. Azoka «gozokia» da, adibidez, 500 ale egun gutxitan saltzen duzulako.

J. Gimenez. Abantaila da jiratu gabeko dirua eskuratzen duzulako, dirua eskutik eskura pasatzen da.

A. Valdes. Eta enpresa batzuentzat hori oinarria da, %10 edo %20 gehiago irabaztea.

J. Gimenez. Esan izan da, urteko 13. hilabetea dela, baina hilabete ona.

I. Gomez. Gabonetako paga.

Standa best-sellerren arabera ordaintzen al dute argitaletxeek?
J. Gimenez. Margenak ondo daude eta beharrezkoak dira bertan sortzen diren gastu asko ordaintzeko: bidaiak, bazkariak, gonbidapenak eta abar. Datu baikor bat: hasieran idazleak Durangora eramatea kimera zen, latza, zaila, orain berez doaz. Jendea konturatu da denek jokatzen dugula zerbait edo parte bat dugula. Inplikazioa behar dela sektore guztien aldetik.

I. Gomez. Hori ere merkatua egokitzea da. Egilea ez badago mugidan, ez dago aurrera egiterik.

A. Valdes. Industria eta egileak konturatu dira horretaz. Egun kultura ulertu edo bizitzeko, industriatik pasa behar duzu. Bi hitz horiek urtetan nahastu dira olioa eta ura balira bezala: txarto. Kultura, artea eta industria gaizki moldatzen dira elkarrekin, baina elkarrekin bizitzera kondenatuta daude. Merkataritza eta kultur industria ondo garatzea funtsezkoa da, kulturak merezi du eta Durango hori lortzeko bidean dago.

Iraultza egin gabe, erreformak eginez...
J. Irazabal. Garai batean ez zen euskal libururik, euskal kulturarik. Azokaren hasieran liburu eta disko batzuk mahai batzuen gainean batzea eta erakustea iraultza izan zen.

J. Gimenez. Gauza horiek ateratzen direnean, batez ere adina nabaritzen zaigu (irriak).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka
Hartzea ematea delako, azokara joateko deia egin du Durangoko Azokak

Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.


Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


Durangoko Azoka. Hirugarren eguna
Zer izango da gutaz?


Durangoko Azoka. Lehen eguna
Ez gara hainbeste aldatu


Durangoko Azokan jendarteaz, politikaz eta beste
Ekologia krisia, osasun mentala, klase zapalkuntza eta bestelako kezka dituzte hizpide, besteak beste, Durangoko Azokaren 58. edizioan aurkeztuko diren nobedadeek.

2023-12-05 | ARGIA
Amillubi proiektua
Aurkezpena ikusteko eta bonolaguntza eta errifa oso bereziak eskuratzeko aukera Durangoko Azokan

Amillubi proiektua martxan jartzen ari da laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkartea, 27 eragileren laguntzarekin. Urola ibaiaren meandroan kokatuta dauden 90.000 metro koadro lur eta baserria modu kolektiboan erostea da helburua, laborari agroekologikoei baldintza onetan... [+]


Eguneraketa berriak daude