Net Hurbil: Ziyarat az Zeitoun: palestinarrekin olibak biltzen

  • Azeituna urtea omen da aurtengoa Palestinan. Urrian eta azaroan bildu dute hango nekazariek uzta, palestinarren lan eta diru aukera bakarretakoa. Bertakoekin batera olibak arbolatik erauzi, lurretik jaso eta Israelgo militarren bortizkeriak partikatzera hurbildu dira urruneko boluntarioak.

2021eko uztailaren 19an
Palestinan oliben uzta biltzen laguntzera hainbat talde hurbiltzen da mundu osotik urtero. Aspalditik da famatua Palestinako olioa, eta bertako nekazariek azeitunak biltzeko garaian jokatzen dute urteko oparotasuna. Kanpotik egun batzuetarako etorritakoek beharrean laguntzen diete baserritarrei, gerra eremuan bilketan jarduteko babesa eskainiz, eta bide batez lurralde haietako egoera hurbiletik ezagutzeko baliatzen dute.

Elkartasunezko nazioarteko operazio horrek Ziyarat az Zeitoun du izena (Olibondoak ikuskatuz). One World Net guneak eskaini berria du operazio horren barruan Palestinatik ibili den talde horietako bateko kideek idatzitako kronika laburren oihartzuna. American Friends Service Comittee du izena taldeak.

Honela definitzen du bere burua komiteak interneteko webgunean: «AFSCk munduan barrena zerbitzu, garapen, justizia sozial eta bake programak burutzen ditu. Kuakeroek 1917an sortu zuten AFSC kontzientzia objetoreei aukera emateko gerrako biktima zibilei laguntzeko, eta gaur bereganatzen ditu arraza, erlijio eta kultura askotako jendeen babesa eta partaidetza».

Kuakeroak ez dira ezagunak Euskal Herrian, baina 300.000 inguru izan daitezke mundu osoan. Adiskideen Elkarte Erlijiozkoa (kuakeroak) Britainia Handian XVII. mendean sortu zen, kristautasuna era erradikal eta askeagoan bizi nahi zuten batzuen artean. Labur esanda, ez dute ez dotrina bakar bat eta ez hierarkiarik onartzen, bakezaleak dira eta hasieratik definitu ziren esklabutasunaren kontra. Ez apaiz eta ez sakramenturik ez duten kristau asanbleazale hauek anarko-kristau aktibistak direla esan daiteke, gehiegi laburtuta.

Funtzionatzeko era hori islatu da kuakero hauek Palestinara aurten egin duten bidaien kronika egiterakoan ere: kide bakoitzak kontatu du esperientzia bera bere ikuspegitik. Idatzi labur horiek irakurtzen dituenak eskertuko die aniztasuna eta freskotasuna boluntario horiei.

Azaroaren lehen egunetan ibili dira militante bakezale hauek Israel eta Palestinan. Dozena bat ziren Zurichen abioia hartu eta Tel Aviv ondoko Ben Gurion aireportura iritsi zirenak, jende adinekoa gehienak, tartean jubilatuak. Denen paper-kontuak ordu laurden eskasean fini ziren, baina tartean zeramaten amerikar mahometar bakarrak ordu eta erdi behar izan zuen. Boluntariok ongi zekiten nora zihoazen, eta lasaitzen zituen pentsatzeak atzeko bulego batean utzi zuten Miryam Rashid herritar estatubatuarra legez tratatuko zutela. Baina hau azkenean libre utzi zutenean, azkar ohartu ziren bere burkideak emakumea arras urduri zetorrela. Urduritasun hori ez zitzaion erabat baretuko bidaia osoan.

Zisjordaniarako bidean, Etxeen Erauztearen Kontrako Komite Israeldarrekoekin mintzatu ziren eta ondoren ingurumenaren aldeko Palestinako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Sareko ordezkariekin ere bai. Horiek guztiek esplikatu zieten laster beren begiekin aurkituko zuten munstroa: Harresia. Lehenez gain Palestinako jendeen bizimodua izorratzen duen harresi erraldoia, eta alde guztietan zirkulazioa oztopatzen duten kontrol militarrak.


Oliba mikatza izanda...

Judy Lee boluntarioak kontatu du nola iritsi diren azaroaren 8an beren sorora. «Zisjordanian dauden kolonia israeldarretara doan autopistatik, herri palestinarretara daraman ‘errepidera’ pasa gara: bide estu eta zikina, autobusa mantso ibilarazten duten zulo sakonak dauzkana. Laster bide hau blokatzen zuen soldadu israeldarrek bide erdian ipinitako buldozer izugarri batek. Busetik jaitsita, gure zakuak hartu eta oinez joan gara Daher-en Etxaldea deitzen den baserri batera».

Hemen Daher, Daoud eta Amal Nassar anaiak bizi dira beren familiekin. Familia honek lur hauek landu ditu belaunaldi askotan zehar, baina gaur beren baserri txikia alde guztietatik kolonia juduz inguratuta dago.

2001ean , gauez, buldozer israeldarrak iritsi eta Nassartarrek beren asabengandik jasotako soroetan barrena bide berria ebaki zuten. 135 olibondo erauzi zizkieten orduan. Baina geroago 250 arbola gehiago atera zizkieten errotik. Beranduago, solidaritate talde batek lagunduko zien 300 olibondo gazte landatzen.

Palestinar eta kristauak diren Nassartarrek auzitegian egin behar dute borroka beren soroen jabe izateko. Lurrak kenduko ez bazizkieten, abokatua hartu behar izan zuten Jerusalemen, 10.000 dolar ordainduta. Auzitegi kontuak konpontzera hiriburura joateko baimenik ez zioten ematen okupatzaileek, eta Suitzako kontsulak bidalitako diplomatiko baten kotxean lortu zuen iristea. Alferrik gainera: egindako ikerketa nahikoa ez zela eta 70.000 dolar gehiago kostako den ikerketa berria burutu beharko da. Horretarako, turkiarren inperioko agiriek lur hauetaz zer dioten begiratu beharko da... Istanbulen!

«Desafioak desafio -idatzi du Judy Leek- Daher, Daoud eta Amalek erabakita daukate beren familiaren lurretan geratzea». Boluntarioak miretsirik dio: «Erabaki dute beren etsipena helburu eraikitzaile baten bila kanalizatzea, eta orain baserria eskaintzen dute bake espaziotzat, gurea bezalako ordezkaritzak etxean hartuz, errefuxiatu eremuetako eta Bethlehemgo haurrei udalekua baimenduz». Irakurle eszeptikoagoak berriz pentsa lezake laborari horiek beren lanak lasai egiten biziko liratekeela ondoen, erantzukizun handiegiak bizkarretaratzen zaizkiela. Baina bizi egin behar.

Zeren eta bitartean israeldarrek etxetik olibondo-sororako bidea moztu baitie, eta ura bezala argindarrak ukatzen. Oztopoak oztopo, boluntarioek lagundu diete Nassartarrei olibondoak biltzen egun batzuetan. Egunotan, gainera, Nassartarrek bestetan baino errazago pasatu dituzte kontrol militarrak. Eta kuakero hauek beren sorterrira itzulitakoan, Palestinako olioa lehen baino indar gehiagoz promozionatuko dutela egin dute zin.

Olibondoak dauzka landatuta Palestinak nekazaritzan darabiltzan lurren %45ak. Urteotan -Israelgo estatuaren eraso berriekin eta harresiak lehenez gain areagotu duen hondamendi ekonomikoarekin- herritarren bi heren txirotasunean bizi da, egunean 2,7 dolar baino gutxiagorekin. Horregatik da hain inportantea nekazaritzako diru-sarreren %22a osatzen duten oliben bilketa.

Bederatzi milioi olibondo daude Palestina okupatuan. Horien fruituak arbolatik erauzi eta bildu hilabeteko tarte laburrean egin behar dira, eta lan horretan palestinarren erdiak baino gehiagok hartzen du parte, urri-azaroan. Lan hori burutzerakoan topo egingo dute 500 oztopo fisikorekin, eta %57an eraikia dagoen harresiarekin. Bederatzi milioi arboletatik milioi baten igaliak ezingo dituzte batu. Urteotan soldadu eta kolono juduek errotik ateratako ehunka mila arbolek ez dute azeitunarik emanen, noski.

Nazio Batuen Erakundeak aurreko datu horiez gain beste hau eskaini du: aurten 35.000 tona olio ekoiztuko dela Palestinan, 2006 oliba-urtea delakoan. Baldin eta juduen armadak batzen lagatzen badie.
---------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2006ko abenduaren 03a
Azoka
Azkenak
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude