Ihesi: Urreako Haitza, Alegiatik Amezketara Aralarren zelatapean


2021eko uztailaren 19an
Oria ibaiak bustitzen duen Alegian hasiko dugu txangoa (100 m); zangoak berotzeko denborarik gabe, Altzo herrirako igoerari ekingo diogu berehala, Altzo Muino izanik jomuga, Altzo Azpi auzotik doan errepidearen adarra aukeratuz. Horrela, bide honetan gora kilometro eskasa osatu ostean, Altzoko Erraldoiaren jaiotetxe izandako Ipintza Handi baserrira doan bidegurutzera helduko gara. Baserrira eramango gaituen bidexka hautatu eta bertara inguratzen goazen heinean, Migel Joakin Eleizegiren harrizko erliebe handia irudikatuko dugu parez pare. Erliebearen oinera heltzean ohartuko gara, ordea, bere benetako handitasunaz. Begien aurrean dugun erliebea Eleizegi zenaren islada zehatza bada, ez da harritzekoa, bere garaian Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo Altzoko seme honek jendearengan sorrarazi zuen miresmena.

Altzo Muino, Altzo herriko gune nagusia, begien bistan dugu dagoeneko. Ipintzatik Lizarreta baserrira doan bidexka hartu eta zelaian gora egingo dugu, Mendizabal baserriaren albotik igaroz pilotalekua eta Santa Barbara ermita dauden muinora heltzeko. Baserri eta etxe dotorez osaturiko Altzo Muinon gaude, Otsabio mendiaren oinean, eguneko igoera nagusiari aurre egiteko prest. Herria zeharkatu eta honen amaieran Altzoko eremu garaieneko baserri sakabanatuen bila atsedenik gabe abiatzen den pista jarraituko dugu pare bat kilometrotan, harik eta bidegurutze erabakior batean margo-ikur zuri-horiak jarraitzeari utzi eta «Otsabio» dioen gezi bati jaramon eginaz mendiko bidexka lokaztu batean barneratu arte. Ibilbidearen gogortasun eta edertasuna neurri berean hazten doazela somatuko dugu Otsabioko maldak gaindituz goazen heinean. Ernio, Uzturre edo Murumendi bezalako gertuko mendiak izango ditugu ikusgai gibelean, aitzinean Otsabio bera izango baitugu ikuspegia eragotziko diguna. Bada, Otsabio mendiaren gailurrera heldu baino lehen, zenbait bidegurutze «nahasgarri» ere; haatik, bide nagusia nahiko nabarmena da uneoro, eta gure mendigoizale senari jarraiki, gorantz egingo dugu zalantzak uxatuz, Otsabioko gurutzera heldu arte (802 m). Zuhaixkek mugatuko dute Otsabio gailurretik dugun ikuspegia, baina Txindoki, Balerdi eta Amezketako Malloa izenez ezaguturiko Aralar mendimultzoko eremuaren ikuspegi ez hain ezagun eta zoragarriaz gozatu ahal izango dugu, landarediak aske utziriko zirrikituetan begiratuz.


Lapamendi, puntu garaiena

Jarraian datorkigunaren aurrerapen txiki bat izan dira Otsabioko igoerako azken metro harritsuak; eguneko puntu garaiena (Laparmendi, 812 m) igo eta Añiko basora heldu bitartean, harritsu xamarra bilakatuko da tupustean bidea, biderik dagoen lekuetan, bederen. Bide nabarmenik gabe aurrera egitea tokatzen denean, altuera ez galtzea hartuko dugu irizpide baleko eta bakar. Eremua hezea balego, kontu handiz eman beharko genuke pauso bakoitza, orkatila bihurritzeko arriskua baitu harri punta zorrotz hauen gainean erdi saltoka ibiltzeak. Gailurreria kontu handiz jarraitzea da, beraz, Laparmendiko gurutzera heldu eta berau jaitsi bitartean ezinbestean egin beharko duguna. Laparmendiko gailur soilak, Otsabiok ez bezala, ikuspegi ederra eskainiko digu: Aralar, Aizkorri, Gorbea, Anboto, Izazpi, Murumendi edo Ernio dira begien aurrean izango ditugun mendi esanguratsuenetako batzuk. Jomuga dugun Balerdi mendiaren magala geroz eta gertuago somatzeak poztuta, ikuspegi paregabeaz gozatuz, mokadutxo batekin xahuturiko indarrak berrituko ditugu. Eremu harritsuaren azkeneko zatia amaitzeko gogoz, Zarateko leporako jaitsierari ekingo diogu.


Zarateko lepora

Bidea eroso izango zaigu, uneoro gailurreriatik aldendu gabe, Laparmendi atzean uzten goazen heinean. Ehiza postuz josiriko baso eder eta bakartietan -ehiza garaian salbu, noski- zehar ibiltzeak, hausnarketarako tartea eskainiko digu, ordekan edo maldan behera goazela. Illarrazutik datozen -gure ezkerrera daukagun Araxes ibaiak zeharkatzen duen haranetik, Kaxiano soinujole handiaren Lizartza herritik gertu- eta une jakin batean gure ibilbidearekin bat egingo duten Gipuzkoako Bira (GR-121) ibilbideko margo-ikur zuri-gorriak jarraituz osatuko dugu Zarateko leporainoko jaitsieraren zati handi bat. Zarateko lepoko (475 m) bidegurutzera heltzerako, 13 km inguruko ibilbidea osatuko dugu.

Aukera ezberdinak eskainiko dizkigu Zarateko lepoko igarobide estrategikoak; Nafarroako Azkarate herrirako jaitsiera azkarra abiatzen da ezkerrera (2 km), eta Gipuzkoako Bedaio herrira jaisteko aukera izango dugu eskuineko bidea hautatuz gero (3 km). Gure bideak, berriz, aurrera egingo du, Balerdi handiaren anaia txikia den Urreako Haitza mendi koxkorra ezkerretik saihestuz Urdilleko lepora eramango gaituelarik.


Urreako Haitza saihestuz Urdillera

Urdilleko leporako igoerak estu hartuko gaitu aspaldiko partez. Urdilleko leporainoko hau, ordea, eguneko azkeneko igoeretako bat dela pentsatu behar dugu, Balerdi handiaren behatoki paregabea den belar goxozko lepo eder honetara izerdia isuriz inguratzen goazen neurrian. Merezitako atsedena hartuko dugu Urdilleko lepoan, Balerdiren benetako magalean (715 m). Jauzi batean, Urreako Haitza (785 m) mendixka igo genezake, 70 metroko igoeratxo laburrean. Zinez merezi du azken ahalegintxoak, zeharkatu berri dugun Otsabio-Laparmendi mendi multzoaren ikuspegi panoramikoa eskainiko baitigu, Balerdiren itzalean egoteak are apalago bilakatzen duen gailur apal baina jator honek. Kontuan hartu behar da, baita ere, joan-etorri labur hau osatzeko ez dugula denbora gehiegi beharko.

Sasoi betean dauden mendizaleek, Balerdi igoaz luzatu dezakete eguneko ibilaldia, Urdilletik Astunaldeko leporainoko igoera gogorrari aurre egin, Balerdiko gailurrera heldu, Buruntzuzineko txaboletara jaitsi eta hemendik Amezketa herrira inguratuz.


Amezketara jaitsiera

Gure kasuan, Balerdi eskuinetik inguratzen duten GR-20 (Aralarko Bira, Azkaratetik datorren bidea) eta GR-121eko margo-ikur zuri-gorriei jarraituko diegu Larrondoko zelaietan Amezketarako bidea hartzeko ordua heldu arte.

Margo-ikur zuri-gorriei jarraiki osatuko dugu ibilaldiaren azken zatia; Balerdi mendia inguratzeari ekingo diogu bide lau bezain ederretik, Amezketa herria geroz eta gertuago ikusteko aukera izango dugularik.

Alegitik abiatu garenetik 18 kilometro ibili ondoren, bidegurutze garrantzitsu eta egoki adierazitako batera helduko gara, Larrondoko larreetatik gertu, zeinetan GR-121 (Gipuzkoako Bira) eta GR-20 (Aralarko Bira) banatzen diren. Lehenak, Aralarreko goi larreetarako bidea hartzen du, Buruntzuzineko txaboletara, eta bigarrenak, beherantz egingo du, 3 kilometro eskaseko jaitsiera azkarrean Amezketara heltzeko. Azken hau aukeratuko dugu gure ibilbidea osatzeko.

Luze baino lehen, bidexka baso-pista batekin elkartuko da eta eroso osatuko ditugu azken kilometroak. Amezketako herrigunera iritsi aurretik, San Martin ermitatik igaroko gara, eta azken metroak osatu ondoren, San Bartolome elizarekin topo egiteak Amezketara heldu garela adieraziko digu (200 m).

Ibilaldia leku berean hasi eta bukatu ez dugunez, nolabait Alegiara heltzeko modua egin beharko dugu; Tolosatik Alegia, Amezketa, Abaltzisketa eta Larraitzera doan autobusa hartu beste aukerarik ez dugu izango kotxera itzultzeko. Edo, gomendagarriagoa dena: etxetik Alegiara eta Alegiatik etxerakoa garraio publikoz egitea. Irudimena lagun, zeharkaldi ederrak osatu daitezke euskal geografian barrena autoa etxetik mugitu gabe...

Altzoko Erraldoia (1818-1861)
Euskal Herrian eta kanpoan aski ezagun egin zen Migel Joakin Eleizegi Ateaga, Altzoko Ipintza Handi baserrian jaio zen 1818an. Haurtzaro arrunta izan ostean, zehaztu gabeko eritasun larri bat jasan omen zuen heldutan Eleizegik, eta honen ostean hasi omen zen bere gorputzaren aparteko hazkundea. Auzokideak bere ez-ohiko tamaina ikustera ohituak egonagatik, Tolosara eta inguruko herrietara jaisten zenean sekulako ikusmina sorrarazten zuen Altzoko Erraldoiak.

Ikusmin honi etekin ekonomikoa atera nahian, elkarte moduko bat osatu zuten Eleizegiren irudiaren inguruan, Altzoko Erraldoia herriz herri eramanaz. Ikusmina areagotzeko, zenbait trikimailu erabiltzen omen zituzten ikuskizunaren sustatzaileek, Eleizegi garai hartako Espainiako Armadako jantziak soinean zituela agerraraztea, esaterako. Espainian, Portugalen, Frantzian eta Ingalaterran ere ibili omen zen gure erraldoia.

Unean-uneko bere neurriak zehazte aldera, hainbat neurketa egin omen zizkioten bere bizitzaren joanean. Diotenez, 2 metro eta 42 zentimetroko altuera eta 200 kilo pasatxoko pisua izatera heldu zen. Derrigorrez neurrira eginiko jantzi eta oinetakoak behar izateaz gain, ez omen zen makala Altzoko Erraldoiak egunero elikatzeko behar zuen janari kopurua, hiru pertsona arruntek adina jaten baitzuen. Berrogeita hiru urte bete ostean hil zen, 1861. urtean, Ipintzan bertan.


ASTEKARIA
2006ko azaroaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzultzeko lanetan ari dira Euskal Herrian

Gipuzkoako eta Nafarroako eremu gehienetara itzuli da argindarra, baita Araban ere, eta mantso doa Bizkaian. Sei edo hamar ordu inguru beharko direla esan du Espainiako energia hornitzaileak.

Sare elektrikoa erabat erori da Iberiar Penintsula osoan 12:30 eta 13:30 artean, baita... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


2025-04-28 | Gedar
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete

PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.


Kontserbadoreei aldea iraulita, liberalak faborito dira Kanadako parlamenturako hauteskundeetan

Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo... [+]


2025-04-28 | Sustatu
Abizenaren grafia euskaratzeko modua

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abizenen grafia euskaratzeko kanpaina abiatu du. Adin txikiko seme-alabak dituzten gurasoei egiten zaie deia bereziki, gurasoek deitura euskatuz gero, automatikoki 18 urtez beherako seme-alaba horiei ere euskaratuko baitzaie.


Pintaketa homofoboak egin dituzte Ordiziako alkatearen kontra bere etxetik gertu

Sare sozialetan argitaratutako argazkiaren bidez ezagutarazi du erasoa Ordiziko alkate Adur Ezenarrok. Bere sexu izaerarekiko "harrotasuna eta ohorea" berretsi du, eta azken aldiko "oldarraldia" salatu du.


Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Eguneraketa berriak daude