«Pauso hau eman aurretik gau asko eman nituen lorik egin gabe, etxeko hipotekan sartu berria nintzen, gainera. Baina 26 urterekin gaztea naiz oraindik, eta sekulako ilusioa dut. Zergatik ez nire buruaren nagusia izan? Zergatik ez saiatu? Ez dut uste ausarta izan naizenik, beti dagoelako enpresa bateko zortzi orduetara itzultzeko aukera». Hala deskribatu du Eneko Navarro irundarrak (Gipuzkoa) duela sei hilabete berak bakarrik abiatu zuen ekimena. Orain, pozik dago hartutako erabakiarekin: siderometalurgia arloan krisia dagoela eta ez dela proiektu berrietarako unea askotan errepikatu dioten arren, sortu duen Bigumetrik enpresa ondo dabil. Enpresa bateko Metrologia departamentuan lan egin ostean, azpikontratatu ohi den zerbitzu hori -lantegietako piezak neurtzea- eta kalitate zerbitzua bere kabuz ematea erabaki zuen. Navarrok zerbitzua gainontzeko enpresek baino merkeago eskaintzen du eta hori egin ahal izateko neurtzeko makineria Zeiss enpresa alemaniarrak uzten dio, «alokairu» baten truke. Gainera, Euskal Herrian hiru dimentsioko besoarekin neurketak egiten dituen bakarra da Bigumetrik eta enpresa alemaniarraren beso hori Espainian eta Portugalen komertzializatzeaz ere arduratzen da. Ateak irekitzeko Zeissen babesa ezinbestekoa izan dela aitortu du Navarrok. Hori bai, marketina eta bezeroen arteko ahoz ahoko komunikazioa ere funtsezkoak izan zaizkio.
Iruñeko Itziar Luri ados dago: bezeroak lortzeko garaian, marketina eta ahoz ahokoa nahitaezkoak dira. Horrez gain, lan mota lehenagotik ezaguna izatea eta merkatuan zerbait berria eskaintzea garrantzitsua dela dio. Lurik 26 urte ditu eta duela hiru miscelanea komunikazio enpresa sortu zuen Rakel Gilekin batera. Nafarroan eta bereziki Iruñean enpresentzat egiten den komunikazio lana publizitate kanpainetara oso mugatua dagoela konturatu ziren eta beste komunikazio mota bat eskaintzeari ekin zioten: prentsa bulegoetan espezializatua. Hartara, nahi duen enpresari prentsa bulego baten funtzioak eskaintzeaz gain, publizitatea, ekitaldien antolakuntza eta komunikazio aukera anitz eskaintzen dizkiote. Diru laguntza gutxirekin abiatu ziren -Iruñeko Udalak emandako 600 euro eta Nafarroako Gobernuak gaztea izateagatik emandako beste 1.000 euro- eta lehenbiziko sei hilabeteak oso gogorrak izan zirela gogoan du Lurik. Baina lehenengo bezeroa lortu zuten (Turrones Primitivo) eta pixkanaka handituz joan da negozioa. «Gauzak ondo irteten direnean zure egitasmo propioa izatea oso pozgarria da eta norbaitek zutaz hitz egiten entzun duela jakitean, harrotu egiten zara». Norbere lana aintzat hartua izatea beti baita atsegina. Eneko Navarrok abantaila gehiago aipatu ditu: «Hilabeteotan asko ikasi dut, zentzu guztietan, baita pertsona bezala ere, master bat egitearen modukoa da, lanaren ikuspegi zabalagoa garatzen duzu. Gainera, enpresa pila bat ezagutzen dituzu, harremanak eta ekarpenak areagotuz». Okerrena berriz, lanaren segurtasun falta: «Astero atera behar dut bezero bila, lan bila -dio Navarrok-. Hurrengo asterako lana lortu dut, baina hurrengorako? Eta hurrengorako?». Lan ordu asko direla ere diosku Lurik eta presioa handia dela, erantzukizun guztia norberarena delako. Proiektua aurrera ateratzeko orduan, dirua lortzea ere zailtasun garrantzitsua izan ohi dela aitortu dute.
Eroso bizi gara
Hain zuzen, aipatutako segurtasun falta da enpresak sortzen dituzten euskal herritarren portzentajea urteko %5-6 ingurukoa baino ez izatearen arrazoi nagusietakoa. Hori uste du pertsona ekintzaileei buruzko Global Entrepreneurship Monitor nazioarteko azterketaren baitan EAEri dagokion ikerketa zuzendu duen Iñaki Peña Deustuko Unibertsitateko irakasleak (ikus bukaerako koadroa). Bere hitzetan, herrialde pobre askotan, jendeak bere burua behartua ikusten du enpresak sortzera; beharra da beraien motibazioa. Hemengo ekonomiagatik, aldiz, ez ditugu balore edo behar horiek, jendea ondo bizi da, eroso, eta ez du arriskurik hartu nahi, are gutxiago dirua arriskatu behar badu eta astean ordu pila sartu behar baditu. Hala ere, badira gure herrialdeak baino ekonomia maila aurreratuagoa izan arren, enpresak sortzeko gaitasun handiagoa dutenak; AEB eta Kanada bezalako herrialde anglosaxoiak kasu. «Horietan, enpresak sortzeko kultura hedatuagoa dago, hezkuntzan zein gizartean; arriskuak hartzea eta porrot egitea ere onartuago dago; merkatu finantzarioak aurreratuagoak dira...», azaldu du Peñak.
Kultura ekintzailea indartzeko Euskal Herrian hobetu behar diren faktore horiek guztiak koadroan zehaztu ditugu, baita alde onak ere: garrantzitsuena, hemen sortutako enpresa gehienek duten biziraupena altua dela. Iruñeko Aise zentro psikopedagogikoa horren adibide da. Ines Marcillak duela hamabost bat urte zabaldu zuen, dislexia edo ikasteko beste era bateko arazoak dituzten gazteei zuzenduta. Klase partikularrak eta laguntza psikologikoa uztartuz, beste behin ere balio erantsia eskaintzea izan da gakoa. Denbora luzea daramatenen arrakasta motibazio ezin hobea da hasiberrientzat. Ainhoa Lizarraldek eta Larraitz Tejeriak, hain juxtu, optika bat ireki nahi dute martxorako Villabonan (Gipuzkoa) eta ezagutzen dituzten optiketatik bat ere ez itxi izanak animatu ditu. Oraindik ez dute izenik pentsatu eta lokala prestatzeko obrak nahi baino geldoago doaz, baina ilusiorik ez zaie falta, hori baita halako planetan sartzen diren denek soberan dutena. Bidean ez erortzeko, proiektuarenganako grina beharrezkoa da, une txarrak beti daudelako eta halakoetan, ingurukoengan babesa bilatzea, baikorra izatea eta norberaren proiektuaren aldeko apustu garbia egitea funtsezkoa da. Pello Barandiaran aholkulariak motibazioaren garrantzia azpimarratu du: «Egitasmo hauek lan asko eskatzen dute eta gogoa izan behar da, ezinbestean. Proiektu batean, nahiz eta merkatuak, produktuak, prezioak eta oro har kanpoko faktoreek garrantzia izan, balio eta jarrera pertsonala dira giltza». Barandiaranek gomendio hori ematen die bere eskuetatik pasatzen direnei. Hain zuzen, gehienek beraien proiektuaren bideragarritasun plana egiteko eta enpresa bat sortzearen prozesu burokratiko deseroso eta luzean laguntzeko aholkularitza agentzietara jo ohi dute lehenengo, behin-betiko urratsa eman aurretik.
Gehienek bai, baina ez denek. Aitzol Goikoetxea betidanik ibili da diseinuaren munduan eta halako batean lagunentzako kamisetak margotzen hasi zen. Duela pare bat urte, serigrafia ikastaro bat egin zuen Donostiako Artelekun, Ainhoa Lujanbio laguna animatu zuen eta Gabonetarako beraiek diseinaturiko aiko maiko markako arropa denda irekiko dute Hernanin (Gipuzkoa), «bideragarritasun planik gabe, aurrera egin dugulako asko pentsatu gabe». Hala ere, jendeak beraien lana gustuko duela ikusi ahal izan dute behin baino gehiagotan eta Euskal Herriko kamiseten azokan ere arrakasta izan zuten. Jendeak arropa hura non erosi zezakeen galdetzen ziela ohartuta, denda zabaltzea pentsatu zuten. Euskal abestiak, olerki zatiak... hartu eta hitzak eta horiei lotutako irudiak uztartzen dituzte kamisetetan. Oraingoz asmatu dutela dio Goikoetxeak: «Jendeari gustatzeko produktu desberdina egin behar da eta guk zerbait berria atera dugu. Kamiseta koadroa balitz bezala hartzen dugu».
Elkarrizketatutako askok horixe nabarmendu digute: zerbait berria eskaintzea dutela helburu, balio erantsia duen produktua, desberdintzeko eta merkatuan lekua egiteko modu bakarra baita. Amaste, adibidez, Ricardo Antón bilbotarrak eta Txelu Balboa gasteiztarrak zuzenduriko agentzia benetan bitxia da. 2001ean sortu zutenetik, komunikazio estrategia ez konbentzionalak, sormen estrategia berritzaileak, bitartekaritza kulturala, kultura urbanoa eta astinaldi soziokulturala jorratzen dute, besteak beste. Maider Lopez artistak Intza mendian auto-ilarak irudikatuz egindako Ataskoa lan ezaguna, esaterako, beraiek antolatu zuten. Berezia da, halaber, komunikazioa eta marketina uztartzen dituen Harman enpresa. Senpereko (Lapurdi) Joana Mendiburu eta Pasai Antxoko (Gipuzkoa) Joseba Kamio daude proiektuaren atzean eta marketin eta komunikazio estrategiak garatzeko garaian, antropologiari eta etnografiari lotutako baliabideak erabiltzea dute xede. «Egindakoa era egokian komunikatzeko, pertsonen larru azalaren azpian sartu beharra dago, haien beharrizan eta pertzepzioak zein diren jakiteko», dio Kamiok.
Enpresa-inkubadoreak
Kontuak kontu, argi dago berritzailea eta desberdina izatea abantaila dela aurrera irteteko eta erakunde publikoetatik halako proiektuak sustatzen dituzte, enpresa-inkubadoreak direlakoen bidez. Gipuzkoako Bic Berrilan zentroak -Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatearen mende-, esaterako, laguntza eskaintzen dio eduki teknologikoa edo berritzailea duen negozioa martxan jarri nahi duenari. Sormen handia duen jendea identifikatzen da, planteatzen duen proiektua baloratzen da eta baietza ematen bazaio, laguntza ekonomikoa, aholkularitza, zentroan dauden ikerketarako azpiegiturak eta enpresekin harremanetarako aukera jasoko ditu, potentzialtasun hori guztia merkatura bideratzea baita zentroaren egitekoa. Bertako ekintzaileak unibertsitatetik edota zentro teknologikoren batetik etor daitezke; lan bat utzi duen jendea ere badago. Denetik aurki daiteke, baina gazteak gehienbat, eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak ia kopuru berdinean. Batez ere, arriskatzea erabaki duen jendea da, «eta horretarako dena emateko prest daude, ordu pila sartuz, edozein enpresatan lasai asko lanean egon zitekeen jendea izan arren», azaldu du Marisa Arriola Bic Berrilaneko gerenteak. Telekomunikazio alorreko egitasmo ugari dituzte eta bioteknologiako bi jarri berri dira martxan. Sektore metal mekanikoko proiektuetatik jatorri humanistikoa dutenetara arte, denak dira onargarri. Iaz garatutako ekimenen artean, bi adibide nabarmendu ditu Arriolak: ezintasun fisikoak dituzten pertsonak ordenagailu bidez komunikatu eta lan egin ahal izateko begietako irisaz baliatzen den Iriscom egitasmoa, eta diabetesa edo arazo kardiobaskularrak bezalako gaixotasunak dituztenek larrialdi bati aurre egiteko laguntza teknologiko eta motorizatua eskaintzen duen proiektua.
Porrotaren mamua
Aurten ere aterako da proiektu interesgarririk Bic Berrilan zentroan, 50 egitasmo inguru dituztelako martxan, ohikoa baino gehiago. Dena den, horietako batzuk bertan behera geratuko dira merkaturatu aurretik, «gutxienez %30», onartu du Arriolak. Beste batzuek, Pello Barandiaran aholkulariak kontatu digunez, enpresa martxan jarri bai baina ez dute iraungo: beregandik pasatzen direnetatik %60-70 mantendu ohi dira. «Dena den -zehaztu nahi izan du-, askok uzten dute ez bideragarria ez delako, beste arrazoi batzuengatik baizik. Ostalaritzan, adibidez, ordu asko sartu behar direlako, edota komertzioan, ez duelako hasiera batean uste zuen adina diru lortzen...». Bere izenik argitaratzerik nahi ez duen 27 urteko neska donostiarra aldizkari bat ateratzen saiatu zen duela pare bat urte, baina ideia ez zen gauzatu, bideragarritasun plana egiten hilabeteak eman ostean etekin ekonomiko garbirik emango ez zuela konturatu baitzen. Bere ustez, lehenbailehen ikusi behar izan zuten ez zela bideragarria: «Aholkulariak errealista izan behar du, bera baita profesionala, eta proiektuaren benetako aukerak garbi utzi behar zizkidan hasieratik. Izan ere, nahiz eta produktu on bat egsin, merkatu azterketa egiterakoan konturatu nintzen hori finantzatzeko aukerarik ez nuela izango». Babes gutxi jaso zuela dio donostiarrak eta erakunde publikoen diru laguntzak nahikoa ez direla kritikatu du. Hala ere, esperientziak merezi izan zuela dio, proiektua bideratzeko ahaleginetan sortu zitzaizkion arazoei aurre egiten ikasi zuelako eta saiatu ez balitz, arantza betirako barruan geratuko litzaiokeelako.
Ahalegina, beraz, ez da inoiz baztertu behar eta erreportaje honekin horretara norbait animatu bada, hauentzat aholkuak eskatu dizkiegu siderometalurgia, komunikazioa, publizitatea, marketina, kamiseten diseinua, optika eta hezkuntza bezalako arlo hain desberdinetan topatu ditugun ekintzaileei. Ez duela funtzionatuko esan diezaguketen arren, saiatzeko gomendatzen dute, eta ideia pazientzia handiarekin garatzen joateko, pixkanaka, gauzak ondo finkatuz. «Nik ikasleei egia esaten diet -aitortu digu Ignacio Largo EHUko Enpresekin Harremanetarako zuzendariak-; merkatua izugarri gogorra dela, borroka latza. Gogoz zaude? Bada aurrera. Beraien ahalmenean sinestea garrantzitsua da». Itziar Luriren esanetan, gogoa izatea ezinbestekoa da, «baina ez enpresa baten nagusi izateko, etekin ekonomikoa ateratzeko eta halakoetarako, proiektua bera aurrera ateratzeko gai zaren ikusteko baizik». Betiko lana ez da muga izan behar, Eneko Navarroren aburuz. «Nire ustez, mundu guztiak du bere baitan lana utzi eta egitasmo propioa egi bihurtzeko ametsa. Ekintzaile izatea ahots horri jarraitzea da; norbere buruari galdetzea: eta zergatik ez?».