Paule Sodupe: «Demokraziak ez du esan nahi justizia nahitaez»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kezka pixka bat bazenuen, elkarrizketa hau dela eta ez dela.
Bai. Ni ez naiz inor. Preso batzuen ama. Eurak ari dira gorriak pasatzen, ez ni. Ni askoz hobeto bizi naiz. Ez naiz erreferente bat ere. Gainera, oraingo giro honetan... dena da «bakea», bakea hau eta bakea hura, eta nik nola egingo dut bizimodu normala, nire ondoko jendearen egoera normala ez denean! Herri honen gatazka konpontzen ez bada ni ez naiz sartuko folklore horretan. Hortik aparte nago ni. Alaba lehenengo aldiz etxetik irten zenean, elkar besarkatu eta joan egin zen. Eta nik ulertu nuen sakonean. Zintzo jokatu du, eta miresten dut, miresten ditut nire seme-alabak. Gatazka konpontzen dela? Oso ondo, baina nik indarra eduki behar dut aurrera jarraitzeko. Nik ez ditut eta seme-alabak behin ere bakarrik utziko.

Hiru seme-alaba dituzu preso.
Hiru seme-alaba, eta alaba baten mutil-laguna. Lexuri dut zaharrena, eta Fleuryn dago. Bosgarren urtea egingo du preso, eta epaitu zain dago oraindik. Irantzuk ia zortzi urte daramatza barruan. Su-eten garaian harrapatu zuten Parisen. Bestea, Orkatz da; hogei urterekin sartu zuten, irten zen, eta berriz sartu zuten. Lau urte daramatza. Irantzuren mutil-laguna ere preso dago. Gogorra da atxilotu dituztela jakiten duzunean. Gogorra da hor zehar dabiltzanean ere, sekula ez dakizu zer etor litekeen eta irratiari itsatsita bizi zara.

Zer esan nahi duzu, irratiz jakiten duzula atxilotu dituztela?
Bai. Irratiz. Lehenengo negar egiten duzu, baina gero mugitzen hasten zara, abokatuari deika eta abar. Bestalde, gaur egun entzuten direnak entzunda, hedabideak zer mezu zabaltzen ari diren, bada, lekuz kanpo zaudela iruditzen zaizu, gaiztotzat jartzen zaituztela. Asko hitz egiten ari da, elkarrizketa dela eta ez dela, eta ondo dago berriketa. Baina egoera azaltzea da bat eta konpontzea beste bat.

ETAk su-etena eman zuen. Prozesua abiatu zuten. Zer iruditzen zaizu?
Ez dakit. Prozesua... badabilela esaten dute, baina ez dakit. Prozesua dela eta ez dela, nik ez dut irtenbiderik ikusten autodeterminaziorik gabe. Eta autodeterminazioaren aukera guztien barruan, independentziaren aukera ere egon beharko luke. Horixe eskatuko nieke bai PNVri eta bai Batasunari: «Zer boto emateko eskatuko zeniokete zuen jarraitzaileei?». Zer konpromiso hartzeko prest dauden gurako nuke jakin. Nire ikuspegia zein den esango dizut. Espainia handia da, Euskal Herria txikia. ETAk biolentzia erabili du, beste biderik eduki ez duelako. Ez du izan botazio bat antolatzeko modurik. Guk gure eskubideak ditugu, eta eskubideak ez dira inoren esku uzten. Geureak dira. Armak ematea eskatzen dute eta gero zer...

Ximun Haranek udaberrian ARGIAn bertan esana: «Euskal Herriaren lehenengo egitekoa, su-etena abiaturik, presoak dira. Presoen auzia konpontzen ez bada ez da bakerik izanen. ETAk ezin du ohorea galdu. Hori konpondu ezik ez du merezi bake prozesua hastea ere».
Eta Espainiako gobernua zer ari da bitartean? Legeak aldatuz presoekin jokatzen. Batean, batzuk atera, bestean, laurogeita hamasei urte gehiago. Oraintxe ere, zer izan da, bada, Europan? «Terrorista» titulua eman diete! Geure herrian gaude, zapalduta. Ez digute guk izan nahi duguna izaten uzten. Utzi diezaiotela herriari erabakitzen! Independentzia!

Uste duzu presoak txanpon-truke erabiliko dituztela?
Bai. Are gehiago, horretan ari dira espainolak, aspaldi. Nire alabaren mutila A Laman dago, inkomunikatuta. Preso sozial batekin beste inorekin ez da patiora irteten. Inkomunikatuta dago, zergatik eta epaimahaia onartu ez zuelako, gure herriaren borrokari dagokionik epaitzeko nor ez direlako. Horretan ari dira. Presoak ere horrela sailkatuta dauzkate: lehen gradua, bigarrena, hirugarrena... Eta zenbat daude espetxean egon beharko ez zutenak? Adibidez, Orkatz Getxoko komisarian eduki zuten, handik Madrilera, eta espetxera bi hilabete. Fidantza ordainduta irten zen. Hamabostero, epailearen aurrean azaldu behar zuen. Bizimodu normala egin zuen gainerakoan. Gu Parisa joan ginen batean, Lexuri epaitzera eraman zutelako, zipaioak etxean sartu ziren goizeko seietan. Zipaioak ziren, baina berezietakoak. Buruan kaskoa eta, bertan, argia. Etxea bota beharrean sartu ziren. Han, Orkatz, anaia bat, eta beste seme baten neska-laguna. Zoroen pare sartu ziren, orroka, garrasika, atea bota beharrean... Itzela izan zen. Lurrean eduki zituzten, burua hankapean... Handik ordu eta erdira, epaitegiko ordezkaria etorri zen. Arkautira eraman zituzten Orkatz eta beste bost. Sarekada egin zuten. Bost egun eduki zituzten Arkautin torturatzen, Madrilera eraman baino lehen. Madrilen, epailearen aurrean, torturatu egin zutela salatu zuen Orkatzek, ez zekiela zer sinatu zuen ere, sinatutako guztia torturapean sinatu zuela. Guri, bost minutuan ikusten utzi ziguten, ziegan. Ama bakoitza gela batean. Orkatz ikusi nuen, eta ikusi orduko konturatu nintzen begirada galdua zeukala. Eta haren hitzak: «Oso gogorra izan da! Torturatu egin naute! Hanka puntetan eduki naute paretaren aurrean zutik, atzamar mamiak paretaren kontra neuzkala. Eta jausten nintzenean, ostikoka erasotzen zidaten, leku guztietan jo naute, belaunetan zer edo zer egin didate, min itzela daukat...». Bost egun lorik egin barik, eskuak ere puztuta zeuzkan. Eta zera esan zidan: «Eta galderak erantzutea baino, interes handiago zuten jartzen zizkidaten paperak sinatzeko. Sinatzeko eta sinatzeko. Etxeko guztien kontra jardun dute. Zu, atxilotuta zeundela esan didate. Grabatuta zeukaten zure ahotsa, telefonotik hartuta. Aitari halako eta halako egingo diotela. Aratz ere hemen dagoela, atxilotuta!». Nik, zera esan nion: «Baina, Orkatz, zuk hori dena sinetsi diezu?». «Bai, ama, bai. Direnak eta ez direnak egin dizkidate. Pistola ere jarri didate lokian, eta katuari sakatu diote. Hutsik zegoen. Oso gogorra izan da». Horixe, oso gogorra. Handik irten eta egun batzuetara, idatzi egin nuen hark kontatutakoa.

Idatzita daukazu.
Bidean, bueltan gentozela, dei bat, Garatik, ea gauza zelan joan zen. Guk geure bertsioa eman genuen, zer ikusi genuen eta zer esan ziguten gure semeek. Eta, biharamunean, Garak albistea ekarri zuen, eta guk kontatutakoa. Bada, egun horretan bertan, Balza telebistan azaldu zen, gazteok «correctamente tratados» izan zirela esanez. Gobernu-bozeramailea garai hartan Josu Jon Imaz zen, gezurretan ari ginela esanez, ETAk zipaioren bat hiltzen badu justifikazioa izan dezan ari ginela kontuok esaten. Niri barru-barruraino sartu zitzaizkidan haren hitzak. «Eta, horiek? Nahi dutena esan ahal dute, Euskadi osoan beren mezua zabaldu eta mundu denak sinetsi!». Orkatz, aurreko atxiloketan ez zen torturatua izan eta horrela esan zuen. Orkatzek esandakoa gogora ekarri eta, orduan bai, idatzi egin nuen hark kontatutakoa. Orkatzi egin ziotena deskribatu nuen. Hartu idatzi hura eta ate joka hasi nintzen. Hogeita hamabost elkarrizketa egin nituen Orkatzi egindako torturak azaltzeko! Deustuko Unibertsitatea, gotzaina, PNV, Egibar -Radio Euskadin harrapatu nuen, Bilbon, baina ez eban nire idatzia hartu-, Txema Montero, Abokatuen Elkargoa, Mariano Ferrer, Azkarraga eta beste batzuk... Hantxe joaten nintzen, ni. Batzuk ezagunak nituen, eta beste batzuk ezezagunak. PNVn, Imazekin eta Arzalluzekin saiatu nintzen. Ez ninduten hartu. Josune Ariztondorekin berba egin neban. Sopelako ikastolako garaitik ezagutzen nuen. Hura ikastolako ama izana, eta ni ere bai. Ondo ezagutzen gaitu. «Josune, zipaioek gure semearekin zer egin daben azaltzera nator ni». Eta beti esaten dut, ez dut mesprezioz esaten zipaio, egiten duten lana hori delako baino: espainolen aginduak betetzen dituzte hemen, haien funtzioak egiten dituzte Euskal Herrian. Josunek baietz, bereziak izan zirela gure etxean sartu zirenak. ETAko komandoen kontra prestatuta zeudenak. Hogeita hamabost elkarrizketa haiek egin nituen, eta beti gauza bat eta bera esaten nuen. «Ez nator ezer eskatzen. Idatzi hau ekarri dizut. Horrela, ezingo duzue esan ez zenekitela zer gertatu den! Orkatz hamabostetik hamabostera azaltzen zen epailearen aurrean. Hura atxilotzeko motiborik baldin badago, atxilotu eta eroan epailearengana. Baina torturatu?. Eta Orkatzi egindako torturak kontatzen nizkien. Gero, gauza gehiago jakin nuen, Orkatzek berak esanda. «Beste gauza batzuk ere badaude, ama, sekula esango ez ditudanak!». Belarrietako kotoi-txotxak ere badira, bada? Sudur azpian pasatu zioten. Gero, gurdia eta neska bat ikusten omen zituen horma zurian. Haluzinazioak. Beste batek zomorroak ikusi omen zituen. Beste batek, atea. «Hemen daukazu ate horren giltza», entzun omen zuen. Haluzinazioak izan zituzten. Eta hori dena, zipaioek, Arkautin.

Esaten ari zarena esan eta uste duzu gure egoera konpontzea posible dela?
Bai. Herri honi aukera ematen badiote... Hara, nik ez dut nire burua biktimatzat jotzen. Ni ez naiz biktima. Horrek ez du esan gura saminik ez dudanik. Nire ustez, biktima beste gauza bat da. Biktima da ezer ikustekorik izan gabe, biolentzia tokatu zaiona. Arerio bat dugu, gu zapaltzen ari dena, horretarako dagoena. Ez digute bakean uzten. Horrela ikusten dut nik. Baina samina?, jakina baietz! Nik uste dut mundu guztiak sufritzen duela. Nire kasuan, bihotzean daramat min hori, nire seme-alabak hor daudelako eta, batez ere, ezin dudalako ezer egin. Orain, eurekin egon besterik ezin dut egin. Eurekin egon, eta gozatu. Baina nik badakit ama askori betiko joan zaizkiola seme-alabak.

Txabi Etxebarrieta hil zutenean zabaldu zen kantu hura gogoratzen? «Eta nola gu gure eguneroko patxada merkean, oso lasai bizi geran...». Non dira gure konpromisoak?
Euskal Herria ez dago mundutik kanpo. Mundu beti berri horretan gaude. Nik esango nuke gaur egungo munduan itxurakeria dela nagusi. Eta ongizatea. Eta ongizatea oso erraza da geureganatzen, oso da gustagarria. Eta horrela da. Hor sartuta gaude. Baina Herri honetan gauza bat dugu, nortasuna. Ia zazpiehun preso, hildakoak eta ihesiak dauzkagu. Eta zelan bizi dira? Baina zenbat jende bizi da astero-astero, bisita horiek antolatzen? Nor joan, zelan, zenbat diru behar den, zelan topatuko dugun... «Han utziko dugu gero»... Politikariak, aldiz, hor dabiltza, txoferra hartuta, batetik bestera, gaur halakorekin, bihar beste halakorekin, hitzaldi bat hemen eta beste bat han... Eta gureen egoera? Berdin. PNVko politikari batek esan zidan eurek ere Euskadin alde lan egiten dutela. Ezberdintasun txiki bat badago eserleku eta soldata on bat izan, edo ziega batean egon eta ikasketei, lanari eta senide arteko bizitzari uko egitearen artean.

Nortasun agiria
Paule Sodupe Arakistain (Mutriku, 1941). Erdiko kalekoa da. Mutrikun, Paulita zen jaio zenean, aitak izena halaxe emanda. Ama baserritarra, aita kalekoa. Senarra duenak ezagutu zuenetik da «Paule». Donibane-Lohizunen ezkondu zen Gallastegi «Gudari» familikoaren seme batekin, eta giro horretan abertzaletu zen, jaso zuen kontzientzia. Zazpi seme-alabak hazten egin zuen lan lehenengo eta bulego lanean da gaur egun. Independentzi zalea. Lexuri, Irantzu eta Orkatzen ama. Preso dira Espainiako eta Frantziako espetxeetan.

Lexuri
«Hamaika urte egin zituen New Yorken, dantzari, Marta Grahamekin. Dantza garaikidea. New Yorketik etorri zen, esanez hango aldia egin zuela, han ikasi beharrekoa ikasita. «Banoa Euskal Herrira, han zer edo zer sortzera». Eta begiratu orain, Fleuryn dago! Irantzu, berriz, Avilan eta Orkatz, Castellon. Musika sartzen ere ez diote uzten eta. CDrik ezin sartu. Zer du, bada, musikak? Azkeneko liburua sartzeko, berriz, bi hilabete behar izan genuen. Orkatz kirolaria da, errugbilaria, eta ez dauka aukerarik kirolik egiteko. Fleuryn, adibidez, gauza gehiago daukate. Oraintxe, dantza-eskolak dauzkate. Lexuri dantzari profesionala izanda, bera eta beste batzuk elkarlanean ari dira, umeak dantzaren eta ipuinen bidez nola hezi ikertzeko».

Bisitak
«Gutxienez hilean behin ikusten ditut. Beti. Baina tartean baten bat ipintzen bazaizu, lagunen bat edo, beste egunen batean joan ezin duena… Bestela, ni beti prest nago joateko. Animoak zeinek zeini ematen dizkion? Guk ez dugu animo ematen jarduten. Gu elkarrekin egon eta kontuak kontatzen dizkiogu elkarri. Denaz hitz egiten dugu. Oso harreman ona daukagu, neba-arreba denek dute. Nik uste gure izatea dela. Familia handia eta. Gu, zeharo bat eginda gaude, edozertarako».

Irantzu, Orkatz
«Irantzu Avilan dago. Egia da gure jendea oso diziplinatua dela, goiari eusteko, ikasketak egiteko… Ikasteko eskubiderik ere ez dute. Orkatz, berriz, unibertsitatean ari zen, soziologia ikasten. Orain, hori ere ezin egin, ez diote uzten. Bestalde, hiru urte egon da, zain, dietetika modulu bat egiteko. Hiru urtean, oraintxe egin diote lehenengo azterketa nahiz eta eskubide hori Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen, Lanbide Heziketa da eta. Hezkuntza Saila. Badira esku trebetasun handiagoa dutenak, zer edo zer ikasi lezaketenak... baina ez diete ezertarako aukerarik ematen».

Azken hitza

Etarren ama urrikariek
bakea dute merezi
bihotz-ikara izugarrian
dardaraz baitira bizi.
Etarren amek
asko sufritzen dute.
Andre hauen bihotzean
kabitzen da
munduko min guztia (...)
ETArren amek
asko sufritzen dute,
semeak hiltzen dizkietenean
eta batez ere
semeek hiltzen dutenean.

Joxepa Mendizabal Zaldibian. Gabriel Aresti (1974)
«Hiltzea, azken-azkena da. Hor amaitzen da dena... Batzuetan, beste bat hil behar duzu, zu zeu biziko bazara. Arestik beste poema bat ere badauka: Aitaren etxea defendatuko dut. Ez dut ulertzen zergatik ez den jendea jesartzen eta ez duen hitz egiten, arazoa bideratzeko, ez elkar engainatzeko. Salomonena gogoratzen dut. Erdibitu? Ez, hori ez da soluzioa. Umea erdibitzeak ez du balio. Horregatik, lekuz kanpo daude hainbeste azalpen. Demokrazia? Bai, jakina, gehiengoaren erabakia onartzea, iritzi-emaile denak onartuta daudenean! Baina demokraziak ez du esan nahi justizia nahitaez. Justiziarik ez badago, demokrazia ez da lehenengo jarri behar dena. Niretzat «izatea» da inportantea, garena».


Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude