Net Hurbil: Litxarkeria gehiegi jateak gaiztotu egin dezake jendea


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Britainia Handian segurtasuna garrantziarik handieneko gaia da agenda politikoetan, mundu osoan den bezala. Azken hiru urteotan Toghether Campaign (Elkarrekin Kanpaina) dauka martxan Londresko gobernuak, kriminalitatea jaisteko asmotan. Hainbat atal ditu kanpaina horrek, eta horietako bat jokabide antisozialen kontrako arauak osatzen du (Anti-Social Behaviours Order, ASBO). Horren kariaz artikulu deigarria idatzi du The Ecologist hilabetekari famatuan Pat Thomasek: ASBO versus Nutrition, ASBO arautegia ala elikadura.

Munduko ekologisten eta beste jende aurrerazaleen erreferentzietakoa den hilabetekari horretan, osasun gaietarako editorea da Pat Thomas. Aipatu artikuluan kontrajarri ditu alde batetik, azken urteotan egin diren prebentzio neurrien emaitza urriak edo ez oso nabarmenak, eta bestetik, zenbait ikerlek elikaduraren eta gizakien jokabidearen artean kausitutako loturak. Thomasek uste du kriminalitatea saihesteko asmoz kanpainetan xahutu diruak hobeto gastatuko liratekeela jendeen eta batik bat gazteen elikadura hobetzen. Ideia erakargarria da, eta Thomasek datu aberatsez hornitu du.

2002an Oxfordeko unibertsitateko Bernard Gesch fisiologoak plazaratu zuen agiri interesgarri bat, elikadura eta kriminalitatearen arteko loturak zehazten zituena. Ikerketarako, espetxe britainiarretan 231 preso gazte hautatu eta bi taldetan banatu zituen. Talde batekoen janariei elikadurazko gehigarriak erantsi zizkieten, eta bestekoei aldiz plazeboak. Ondorengo hilabeteetan batzuek eta besteek presondegian izan zuten jokabidea kontrolatu zuten. Esan behar da lehen taldekoei gehigarriak -bitaminak eta beste- kopuru txikietan eman zitzaizkiela, janari ikerketetan erabilitako mega-dosiak baino askoz urriagoak.

Eta hala ere harrigarriak ziren emaitzak. Suplementoz hornitutako janariak hartu zituztenek besteen aldean %26 istilu edo arazo gutxiago sortu zuten presondegietan. Bortizkeriaren kasuan, lehen taldekoetan %37 gutxitu zen. Badakigu -hori ez dute esan, noski, ikerlariek- presondegi barruko jokabide «on» eta «txarrak» bereiztea gauza eztabaidagarria dela. Baina hala ere, Gesch eta beste ikerlariek demostratutakoa horrek ez du lainotzen: gaizki jatearen eta jokabide agresiboaren artean lotura badela, lotura handia gainera.

Gesch baino lehenago ere ondorio berdinak ateratako ikerketak izan ziren. 1978an Journal of Orthomolecular Psychiatry aldizkariak publikatu zituen 102 kondenaturen elikadura hobetuz lortutako emaitza interesgarriak. Kalifornian, berriz, famatu egin zen ildo berean Stephen Schoenthaler mediku eta irakasleak kondenatu gazteekin egindako froga. Pat Thomasek idatzi duenez, «Schoenthalerren aspaldiko lan hura interes handikoa izan zen, froga egiteko kendu egin baitzituen junk foodak (zabor-janak) eta batik bat azukre askoko direlako snackak. 1983an 3.000 preso gaztetxorekin egindako ikerketan snack motako janarien ordez azukre gutxiko aukera osasuntsuagoak ipini zizkien. Dieta hori erabilitako hurrengo urtean bortizkeriazko istiluak ia erdira jaitsi ziren». Emaitzak ikusita, Schoenthalerrek lortu zuen Los Angelesko justizia departamentuak gaztetxo kondenatuentzako programetan janari plan bat martxan jartzea.


Kaloria gehiegiz gutxiegi elikatu

Bernard Gesch antzeko emaitzetara iritsi zen 1990ean: Gales ondoko South Cumbrian 1.000 gaztetxo kondenaturekin egindako frogan, erakutsi zuen azukre gutxiko dietarekin %44 gutxitu zirela haien jokabide antisozialak. Programa horretan aztertu ziren gaztetxo gaiztagin horien mineral eta bitamina urritasunak, ea organismoan metal toxikorik bazuten, odoleko azukrearen kontrola eta abar, eta jarraipen pertsonalizatua egin zitzaien.

Epaileek kondenatutako gaztetxo haiek askotan antzeko arazo biokimikoak zeuzkaten, eta zehazki glukosarekiko intolerantzia eta zink urriegi. Glukosarenak behar du esplikazioa. Adituek diotenez, neurri handian jaten badira azukreak, litxarkeriak eta estimulatzaileak -kafea, tea edo kolak- baina baita karbohidrato askoko janariak ere -pop-corn, patata frijitu, pastizeria, bollo jendea eta abar- proteinarik gabe, orduan gorputzak glukosarekiko tolerantzia ez-normala garatzen du eta erreakzioz hipoglizemiak sortu. Odoleko azukrean gorabehera handiak dituzten diabetikoek badute horren berri. Geschek demostratu du kondenatutako gaztetxo askok glukosarekiko desarreglo nabarmenak dituztela.

«Gaizki jaten duela jakitea -idatzi zuen Geschek- pertsona batek bortizkeriaz jokatuko duela aurreikusteko datu hobea da pertsona horren aurrekariak ezagutzea baino». Berrikiago, 2004an, American Journal of Psychiatry buletinak publikatu zuen beste ikerketa batean erakusten zen elikaduran urritasunak zituzten haurrek (batez ere zink, burdin, B bitamina eta proteina gutxiegi) zortzi urterekin, batez bestekoarekin alderatuta, %44an jokabide erasokorragoa zeukatela eta %51 gehiagokoa 17 urterekin.

Geschek eta bere aipamena egiten duen Thomasek karbohidrato, grasa eta gehigarri sintetiko larregi eta elikagai gutxiegiko jateko modu modernoari «high calorie malnutrition» deitzen diote, kaloria askoko desnutrizioa. Hau fenomeno berria da gizakiaren historian. «Azken 200 urteotan sekula ikusi ez diren bezalako aldaketak egin ditugu gizakiaren dietan. Eta harrigarriena da aldaketa horiek egin ditugula gizakiaren burmuinean eduki ditzaketen ondorioak batere ebaluatu gabe. Hona zertan ari garen: giza burmuinarekin kontrolik gabeko esperimentu globala egiten».

Erabateko nahasketa horren beste seinale gehiago balegoke aditu horien arabera gaur egun: depresio, eskizofrenia eta beste hainbat gaixotasun mentalek daukaten zabalkunde gero eta handiagoa, Alzheimerrarena, eta abar luze bat hein batean janari arazoekin lotuta omen daude. Izan ere, gure buruak soin osoaren energiaren %20 gastatzen du; bihotza %40an burmuinarentzat ari da lanean. Aldi berean, gure organorik sofistikatuena da, kimikoki aberatsak diren elikagaiak behar ditu. Besteren artean, hor dago dopamina eta serotonina bezalako neurotransmisore kimikoak sortu beharra.

Medikuek, eta batik bat, psikiatrek ondo dakite burmuinaren orekan -eta gizakiaren jokabidean, ondorioz- zer nolako garrantzia daukaten mineralek eta beste mikro-elikagaiek. Botikak errezetatzen dituztenean molekula kimikoak ari dira agintzen. Baina horien eragina janarietatik iritsitako gai kimikoenarekin gurutzatzen da, eta honek esplika ditzake zenbait botikak eduki ditzaketen eragin paradogikoak. Alegia, antidepresiboa hartu eta gaixoari antsia are handiagoa eragitea, adibidez.

Dietez ordu eta egun luzez eztabaida liteke. Baina horrelako ikerketa batek balio lezake gure gazteen elikadura berriro eta gehiago aztertzeko. Azken finean, tabakoa debekatuta dago institutuetan, baina gaztetxoei gosaltzeko palmera, donut, bollicao eta gainerako zerrikeriak eskaintzen zaizkie. n

www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude