36ko Gerra (Azaroko kronika): Euskal Unibertsitatea aspaldiko aldarria


2021eko uztailaren 27an
1918. urteko irailean egindako biltzarraren bidez, Eusko Ikaskuntza jaio zen. Oñatin bildutakoek bi xede izan zituzten aurrez aurre: lehena, euskal ikasketen egoera ahalik eta hobekien ezagutzea. Bigarrena, aurrekoaren etorkizunarekin oso lotuta, Euskal Unibertsitatea sortzea eta garatzea. Hor bildutako euskaltzaleek, ikasleek eta irakasleek larria jo zuten Euskal Herriak unibertsitate alorrean zuen gabezia. Izan ere, biltzar horren Oñatiko egoitza itxi ostean, euskal lurraldeetan ez zegoen goi mailako hezkuntzaz arituko zen erakunde publikorik. Gipuzkoak eta Bizkaiak industrializazio indartsuaren ondorioz bizi zuten hazkunde ekonomikoa kontuan hartuta, hutsune hori askoz nabarmenagoa zen. Hala, hurrengo urteetan Eusko Ikaskuntzak egindako biltzar nagusietan, zuzenean edo zeharka, goi mailako ikasketez arduratuko zen unibertsitate bat sortzearen gaia jorratu zuten. Gernikakoan, 1922ko irailean, gai horri heltzeaz gain, Alfontso XIII.a erregearen aurrean manifestatu ziren Euskal Unibertsitatea eskatzeko, Jesus Leizaola buru zutela. Baina erantzuna ohikoa bezain zakarra izan zuten agintarien aldetik: manifestazioa kolpeka desegiteaz gain, Leizaola eta Euzkadi egunkariko zuzendari zen Pantaleon Ruiz de Olano atxilotu eta txapelokerrez inguratuta, Bilbo aldera eraman zituzten. Hala ere, eskakizun horrekin bat eginez, hurrengo hilabeteetan, Espainia osoan zehar barreiaturik zeuden euskal ikasle askok, baita hemengo diputazioek ere, Gobernuari eskatu zioten goi mailako euskal ikastetxe hori martxan jartzeko. Primo de Riveraren aginpidean, kontrako erantzuna jaso zuten, inguruan «nahikoa unibertsitate» zeudelako. Gauzak ez ziren hobekiago bideratu II. Errepublikako bosturtekoan. Euskal ikasleek unibertsitatearen aldeko kanpainak eta ikerketak burutu zituzten, baina aurrerapen barik, auziak berdin jarraitu zuen. Itxaropenak eta etsipenak korapilatuta, Autonomia Estatutuak aurrera ez zuenez egin, hartatik sortuko zen goi mailako irakaskuntzak ere -unibertsitatean gorpuztuko zena- ez zuen aurrera egin. Azkenean, gerra hastear zegoenean, bata zein bestea gauzatzeke zeuden oraindik.


Gerra urte, amets urte

Ameskeriatzat joko zuten askok eta askok gerra garaian unibertsitatearen inguruko eztabaidari ekitea. Armak mintzo direnean, ez dagoelako leku handirik ez kulturarentzat ezta hezkuntzarentzat ere. Horrela zirudien hemengo gerran ere. Euskal Gobernuan bertan, hamaika kontseilaritzen artean ez zegoen Hezkuntzaz arduratuko zen sailbururik. Hala eta guztiz ere, Justizia eta Kultur arlotik etorri zen lehen ezusteko atsegina. Gernikan 14 urte lehenago euskal unibertsitatea eskatzeagatik jipoituriko Leizaolak berak sinatutako dekretuaren bitartez hain zuzen ere. Horri esker, Euskal Gobernua osatu ostean, urriaren 9an batzorde bat eratu zuten Eusko Irakastola Nagusia prestatzeko. Besteak beste, honakoak izan ziren unibertsitatearen funtsak prestatu zituztenak: Luis Bilbao, Juan Arrospide, Angel Apraiz eta Julia Fernandez Zabaleta. Beraiek eta beste sailkide batzuek -Cesareo Diaz Enparanzak, Julian Guimonek, Juan Viarrek...- azkar asko burutu zituzten egin beharreko lanak. Horien ondorioz, 1936ko azaroaren 18an, Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan batzorde horrek erabakitakoari jarraituz, Euskal Unibertsitatea sortutzat jo zuen Jose Antonio Agirreren Gobernuak. Unibertsitatearen lehen fruitua, Bilbon, abenduaren 1ean abiatu zen: Medikuntza Fakultatea. Hurrengo egunetan, ikasleendako izen ematea irekitzeaz gain, hainbat batzordekide arduratu zen irakasleria osatzeaz. Hasierako ekitaldia burutu zutenean, Basurtoko egoitzan 100 ikasle inguru zeuden zerrendetan. Horietatik asko beste unibertsitatetan arituak ziren, baina laurden bat ikasle berriak. Sei mailatan banatuta, Medikuntzako ikasketa guztiak eskaintzen zituzten. Lehenengo mailako taldea zen handiena (25 ikasle), baina antzeko ikasle kopurua zuten hirugarren mailakoak (23 ikasle) eta laugarrenekoak (21). Emakumeen parte-hartzea, berriz, garai hartakoarekin alderatuta pixka bat altuagoa zen. Zazpi emakume -Concepcion Bosque, Elisabete Bilbao, M. Dolores Ceniga...- bederen aritu ziren fakultate berriko ikasgeletan. Ikasgelak, laborategiak eta gainontzeko gelak Basurtoko ospitalearen atal desberdinetan kokatu zituzten.

Bestalde, 22 irakasle onartu zituzten, beste hainbeste ikasgaiez arduratzeko. Ikasketa planak Espainiako Estatuko beste unibertsitateen eragin zuzena jaso zuen, azken berrikuntza mediku pedagogikoak barneratuz. Esate baterako, Bartzelonan ezarri berriak ziren Psikiatriari buruzko ikasgaiak iritsi ziren, Justo Garateren bultzadari esker. Irakasleen profila hauxe zen: Valladoliden, Madrilen, Bartzelonan, baita atzerriko hainbat unibertsitatetan ere ikasi ostean, Euskal Herriko ospitaletan sendagile ziharduen jendea. Gehienak sendagile aritu ziren Basurtoko ospitalean bertan. Dena den, bazen gutxiengo bat, gerraren ondorioz kanpotik etorritakoa. Batzuk aise nabarmendu ziren fakultate berriak aurrera egin zezan. Aipaturiko Garatek, ikasle garaietan, euskal unibertsitatearen bultzatzaile izateaz gain, ikasketa planak burutzeko tenorean oso ekarpen nabarmenak burutu zituen. Jose Zinkunegiren euskal sena, berriz, garrantzitsua izan zen medikuntza eta euskara uztartzeko orduan. Elebitasunari eusteko eta euskal hiztegi joskera medikuntzan indartzeko asmoz, laugarren mailan jarri zuten Euskara mediku ikasgaiaren irakasle izan zen berau. Eztabaidetan oihartzun handia izan zuen gai honek.

Unibertsitate berri eta denboran labur horrek bere baitan Erizaintza Eskola ere izan zuen. Hortxe ikasi zuten 1936-1937 ikasturtean 276 emakumek erizain izateko. Aitzitik, ez zuen aukerarik izan aurreikusita zeuden fakultate bereko jakintza arloak -hala nola Farmazia eta Odontologia- martxan jartzeko, ezta dekretu sortzaileak aipatzen zituen eta unibertsitatea bere osotasunera eramango zuten gainontzeko fakultateak ere. Sei hilabeteko jarduna izan zuen unibertsitateak eta ezin izan zuen gehiago eman. Ikasturtea amaitzear zegoela, frankistak bilbora heldu ziren eta horrek behin-betiko itxiera ekarri zuen.

Hurrengo urteetan, ikasleak erbestean eta Espainiako unibertsitateetan barreiatu ziren eta irakasle izandakoak, aldiz, irakaskuntzatik kanpo gelditu ziren erabat. Jakina, Estatuko beste lurraldeetan gertatu zen legez, hustutze zientifiko eta intelektual handia eman zen eta soil-soilik erbestera jo zuten batzuek izan zuten unibertsitate edo goi mailako ardura zientifikoetan aritzeko aukera. Euskal Herrian bertan galdu zena, milaka kilometrora beste herrialde eta unibertsitateek irabazi zuten. Izan ere, Luis Bilbaok, Santiago Ibarguenek, Ramon Rodríguez de la Matak eta Justo Garatek, esate baterako, Basurtoko ikasgeletan irakatsitakoa jarraitu zuten zabaltzen, Venezuelan, Mexikon edo Argentinan. Urte asko geroago, Francoren osteko trantsizioan, Euskal Herriko Unibertsitateak aldarrikaturiko Eman eta zabal ezazu leloa, Euskal Irakastola Nagusikoek ederki burutu zuten erbestean, baita 1936-1937 ikasturte berezi horretan ere.

Eskola ibiltaria

«Guk ez daukagu zuk hainbeste eskola, baina horrenbeste konprenditzen dugu», Isasmendik Leizaolari

Eskola ibiltaritzat har dezakegu Iñaki Isasmendik gazte denboran ezagututakoa. Lantegietan zailtzeko beta izan zuen azkoitiarrak, ondoren gerra, kartzela, sasia, bizitza...

Liburua kronika bat da, Isasmendiren ibileren kronika. Urola aldean eta Eibarren lanean aritu zen Iñaki, gerra Itxarkundia batailoian egin zuen, Dueson preso eduki zuten faxistek eta hortik Puerto de Santa Mariara eraman. Espetxean hiru urte eman ostean, berriro Euskal Herrira.

Sasira pasa eta handik gutxira Paris ondoko Cernay la Villeko jauregian aurkituko dugu, amerikanoekin, euskaldunen entrenamendu kanpamenduan.

Amerikanoenak ez zuen asko iraun, eta 1945erako Euskal Herrira itzuli zen, Baigorriko mendietan zaintza lanera. Azkenik, Hendaiako Thalassa etxetik Eusko Gaztediaren desegitea ezagutu zuen.

Bazen, bada nor Iñaki Isasmendi. Ibilian ibiliz eskolatua, Ardixe goitizena baliatu eta Joseba Zinkunegi osalariaren ordezkoa izan zen Askatasuna aldizkariaren erredakzioan. Joseba Zinkunegik Balmes filosofoaren lanak euskaratu zituen, Kirikiño de Batxiren bidaidea izan zen eta testu nagusian agertzen den legez, Basurtoko Irakastolan irakasle dugu.

Isasmendirenaz aparte, egon badaude bestelako kronikak garai honetarako. Sebastian Salaberriak idatzi Neronek tirako nizkin (Auspoa 1964) liburuan ere, gerrateko ibilerak dira kontagai. Kasu honetan, Francoren tropekin egindakoak.

Ez zegoen sobera zauli ibiltzeko Joxe Fermin Irigaray Larreko garai hartan, horren lekuko, Gerla urte, gezur urte. Iruñea 1936-40, isiltasunean mintzo (Pamiela 1993). Eguneroko hau klasiko bilakatu da gerra garaiko kroniken artean.

Kronikak izan dira gure eskola, gure unibertsitatea garai horiek konprenitzeko, eta kroniken emaria ez da agortzen aipatu lanekin. Bestalde, kronika eta lekukotasunetik duten literatur lanak beste baterako utziko ditugu; horien artean, Martin Ugalderen Hiltzaileak liburuko Gizerailtza ipuina.

Estepanek 1932an errana: «Euzko-irakastola nausija biar dogu, eta gaur oba bijar baino». Ulertu al zioten? Konprenitu al diogu? Entelegatzen duena?

Julio Perez-Irezabal, Euzko Irakastola Nagusiko ikasle ohia: «»Espezialista hoberenak hartu zituzten, kontuan izan gabe zer joerakoak ziren»
Bilbon 1936ko abenduan hasi zen unibertsitatearen berri nola izan zenuen?
Basurtokoa abiatu zenerako, hasita nituen ikasketak Valladolideko Unibertsitatean. Baina 1936ko udan Bilbora etorri nintzen oporrak pasatzera eta gerra hasi zelako ez nintzen itzuli Valladolidera. Gero, ikasturtea eta unibertsitatea irekitzear zegoenean, nire aitak (medikua zen eta irakaslea izango zen unibertsitatean bertan) animatu eta izena eman nuen. Ikasturte hartan, bi eta hirugarren mailako ikasgaiak jaso nituen.

Euskal Unibertsitateak fakultate bakarra izan zuen eta hasi berria. Valladolidekoarekin parekatuta zer iruditu zitzaizun?
Maila Valladolidekoa bezain ona zen eta hori, hasiberri batentzat, meritu handia zen. Eskola ematen zigutenak espezialista hoberenak ziren eta oso ongi prestatuta zeuden. Nik ez nuen desberdintasunik nabaritu Valladolidekiko. Basurtoko Ospitaleko medikuak ziren. Oroitzen naiz Gimon zegoela, Rey Baltar, nire aita (Francisco Perez-Irezabal), Cesareo Diaz Emparanza... Azken honetaz, bereziki, oso oroitzapen ona dut.

Dena den, gerran izanda bitxi samarra izanen zen ikasketak aurrera eramatea, ezta?
Hasieran, gerra ez genuen nabaritu. Guk ikasi besterik ez genuen egiten. Baina gero bai. Etorri ziren bonbardaketak... Gero eta jende gutxiago zegoen Bilbon eta guk geuk hartu behar izan genuen hainbat ardura. Ni esate baterako, eta ikaslea nintzen orduan, Bilboko zubiak leherrarazi zituzten egunean, Rey Baltar ginekologoarekin operazio gelan aritu nintzen, laguntzaile, lehen laguntzailea... Pentsa!

Ikasturte motza eta unibertsitate garai laburra, zer ondorio jaso zenituzten?
Bilbon egindako medikuntza ikasketek ez zuten balio, noski. Frankistek ezin zuten onartu horrelakorik. Baina ikasitakoarekin, gerra amaitutakoan joan ginen azterketak egitera, ikasle libre gisa eta nahiko erraz gainditu genituen. Gero jarraitu nuen eta 1943an hasi nintzen mediku lanean, jubilatu arte. Irakasleek okerrago izan zuten.

Zer gertatu zitzaien?
Hor egundoko «garbiketa» burutu zuten. Gutxienez irakasleriaren erdia ezkertiarra izanik, ihes egin behar izan zuten edo atxilotuak izan ziren. Hemen gelditu zirenak, Gimon, Viar, nire aita... modu txarrean atxilotu eta preso eraman zituzten Puerto de Santamariara. Gero beraien kontra jarritako salaketak ezin izan zituzten aurrera eraman eta zigorra gutxitu zieten. Baina hasierakoa 30 urteko kartzelakoa izan zen. Nire aita trukaketa bati esker atera zen eta Frantziara joan zen. Gero etorri zenean, ezin izan zuen medikuntzan aritu. Klinika ere konfiskatu zioten eta bera ez zen inongo alderdikoa. Ezkertiarra bai, baina militantziarik gabekoa. Hala ere, lanbidea betirako izorratu zioten.

Unibertsitate horren bultzatzaile izan ziren Leizaolak, Apraizek eta Bilbaok zioten beste fakultate batzuek laster osatuko zutela.
Nik uste dut etorkizunik bazuela, borondate izugarria zegoelako eta batez ere jende oso prestatua zegoelako. Eta lehen esan dudanarekin lotuta, unibertsitatea hasi zenean, eskuindarrek ez zuten inolako oztoporik izan irakasle izateko. Hor hartu zituzten espezialista hoberenak, ospitalean nagusi zirenak, kontuan izan gabe zer iritzi eta joerakoak ziren. Beren arloan oso onak izatea baino ez zieten eskatu. Nik uste dut jokabide horrekin edozein unibertsitatek aurrera egin dezakeela, gureak oso gutxi iraun zuen arren.


Azkenak
Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


2025-04-15 | Irutxuloko Hitza
Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren Donostiako GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Gerra piztu zenetik bi urte
Sudanen paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Eguneraketa berriak daude