Gaztelako Alfontso X.a Jakituna izan zen Segura eta Ordiziari bezala, Tolosari hiribildu izaera eskaini ziona, Nafarroarekiko muga zaintzeko hiriguneak sendotu eta gotortzeko helburuarekin. Baina ezin pentsa dezakegu 1256ko irailaren 13a arte inguruok gizon-emakumeon jarduerarik ezagutu ez zutenik. Oria ibaiaren erdibidean zegoen Laskoain-go ibarreko arrasto zaharrenak 9.000 urte atzera garamatzate, San Esteban baseliza zegoen lekuan egindako indusketen aburuz, eta ordutik inguruok milaka pertsonentzat igarobide eta bidegurutze ezinbestekoa izan dira. Hainbat faktorek bultzatu zuten aipatu ibarrean lehen giza komunitateak egonkortzea. Ibar emankorra zen Oria ibaiak bustitzen zuen Laskoaingoa, eta geografikoki erabakiorrak izan zitezkeen beste hainbat elementu ere bazituen. Esaterako ibaiak eragindako Ernio eta Uzturre mendien arteko derrigorrezko pasabide estua; edo ibai berak estugune horretan sorturiko urez inguraturiko uharte itxura.
Goi Erdi Aroa arte inguruotan baserri, baseliza eta dorretxeek betetzen zuten paisaia naturala, baina pixkanaka, derrigorrezko igarobideak izatera deituak zeuden guneetan merkatal jardueran eta artisautzan eskarmentua zuten gizon-emakume okzitaniar eta frankoak ezarri ziren lehenengo hiriguneei sorrera emanez.
Azken ikerketen arabera, eta Elena Barrena historialariaren tesiari eutsiz, badirudi Frantziako Tolosako etorkinak zirela Uzturre eta Ernio arteko Laskoain ibarrean, Andia Dorretxearen babespean bildu eta etorkizuneko Tolosari itxura ematen hasi ziren biztanleak. Baina zergatik hemen? Gipuzkoa Pirinioak ekiditeko pasabide zentzuzkoena zen; Oria ibaia lurralde horietako luzeena da, kosta eta Arabako mugak lotuz eta Laskoain ibarra erdibidean utziz; Iruñerako eta Gasteizerako bideak bertan elkartzen ziren; gainera Done Jakue bidearen adar esanguratsuetako bat bertatik igarotzen zen, Gipuzkoako barnealdeko bidea hain zuzen ere. Horrek Kaltzadako Santo Domingon Orreagatik zetorren bide nagusiarekin egiten zuen bat.
Eta zergatik Tolosa? Etorri zirenak bertakoak izan zitezkeelako eta zergatik ez, bai Frantziako Tolosa, nola aukeraturiko gune hau ibai batek sorturiko uhartearen gainean eratzen zirenez, euren jatorrizko hiriaren oroitzapenak eragiten zizkietelako.
Alfontso X.aren hiribildua
Nola igaro zen toulosetarren Tolosa hirigune izatetik hiribildu izatera? Gogoz edo gogoz kontra, 1200. urtean Gipuzkoarrek Nafarroako erregearekiko zuten leialtasuna Gaztelakoari izatera pasa ziren. Urte hartatik Gipuzkoako ekialdea bi erreinuen arteko muga izatera igaro zen eta Tolosako hirigunea mugan gelditu zen bete betean, Nafarroako lurretatik bost kilometro luzeetara. 56 urte beranduago, Alfontso X. Jakitunak muga hau indartzeko beharra somatu zuen eta defentsa lerro honetan zeuden hainbat herri hiribildu gisa sortu edo birsortu zituen. Horietako bat izan zen Tolosa, zeinari beste hainbat eskubide emateaz gain harresiak altxatzearena ere eman zion.
Gaur egungo Tolosa
Baina ez da historia soilik Oriaren hiriburuak duena. Herri bizia da, makina bat jarduera eta ekitaldik osatzen dute bere urteroko egutegia: Abesbatzen eta Txotxongiloen Nazioarteko lehiaketa, TolosandBlues jaialdia, Bonberenea autogestio gunearen programazio alternatibo iraunkorra, ingurugiro jardunaldiak...
Itxuraz eraberritua dago, eta noizbait industria astunaren zamak grisez pintatu bazuen ere, bere hirigintza gaur egun loratsu agertzen da koloreak eta formak zainduz. Bere Alde Zaharra bisitatzea nahikoa da horretaz jabetzeko.
Tolosako Alde Zaharrean aurkituko dugun Andre Maria eliza XVI. mendean eraiki zuten, nahiz eta gaur egun garai ezberdinetako eranskinak izan. Andre Maria eliza gotikoa da estiloz, baina dorrea barrokoa du, 1761ean erantsia hain zuzen ere. Alboko kapera batean Done Eztebe ermita zaharreko ate erromaniko gotikoa dago, ermita hartatik harriz harri aterea. Eliza horretatik gertu daude Santa Klara komentua, bere XVII. mendeko eliza eta Atodo jauregia, Pizkundekoa. Merezi du XVI. mendeko jauregiaren ezkutua eta balkoi ederrak begiratzea. San Frantzisko eliza berriz, XVI. mendean eraiki zuten.
Herriko Kale Nagusia zeharkatu eta Gaztelako atea igaro ostean, Trianguloa plaza ezagunaren erdian, Txillidaren Atauts eskultura esanguratsua ikusiko dugu. Oso gertu dago Probintziako artxibategia, Gipuzkoan hormigoia erabiliz egindako lehen eraikinetako bat hain zuzen ere.
Trianguloa plazaren ondoan, Oria ibaiaren alboan, Tolosaren ikur den Zerkausia arkupea dago. Zerkausiak aldaketa ikaragarriak jasan ditu azken urteetan, baina herriaren 750. urteurrenerako, berritze lan handiak izan ditu. Zuriz margotu dute eta zuritasun horrek Zerkausia kaleko etxe koloretsuekin kontraste handia egiten du. Bertako kaleak ere badu aldaketa nabarmenik, zorua baldosa gorriz bete baitute.
Trianguloa plaza zeharkatu eta San Frantzisko ibilbidetik jarraitzean, Leidor aretoarekin egingo dugu topo. Tolosaren urteurrena dela eta, Leidor aretoa berritzen denbora asko igaro dute. Aretoaren akustika, erosotasuna eta eszenatokia hobetzea izan da lanaren helburua. Arrazoi hori dela eta, aretoaren goiko aldeari maskor forma eman diote. Bertan egiten da Tolosako Abesbatza Sari Nagusia.
Gaur egun Tolosara heltzen diren erromesek, San Frantzisko pasealekutik aurrera, Oria ibaiaren hertzetik jarraituko dute. Araba etorbidea zeharkatu eta Bentaundi auzora helduko dira. Aurrera eginda, Aldabatxiki auzoko norabidea hartuko dute auzo-bide estu batetik. Aldaba Tolosakoa izan arren Alegiatik oso gertu dago. Auzo horretan oso ezaguna da San Migel arkanjeluaren eliza. Oraingo eraikina, aurrekoa zegoen lekuan dagoena, 1962an eraiki zuten eta Perez de San Roman da bere egilea. Harriz eta hormigoiz egindako forma laukizuzeneko eraikin txiki bat da. Absidea berriz, laua du. Aralar osorik ikusi daitekeen beirate handi batekin osatua dago San Migel Arkanjeluaren eliza. Alegiatik Beasain, Segura eta San Adriango kobazulora heltzen dira erromesak.
Garaiak asko aldatu dira lehen erromesak Done Jakue bidea egiten hasi zirenetik. Lehen bekatuak barkatzeko edo penitentzia egiteko zeharkatzen zen bide hura, erabat aldatu da. Baita bidea egiteko arrazoiak ere. Hala ere, hainbat herri eta paisaia zeharkatzen dituen Done Jakue bideak, asko gozaraziko ditu erromesak Tolosara heltzean.