Izquierda Unida (IU) 1986an sortu zen Espainiako Estatuan, NEB (Nafarroan) eta EB (EAE) erakundeak barne: «EBk eta NEBk kolaborazio organo bat dugu ordudanik, beste federazioen artean baino lotura estuagoa dugu, alegia. Edonola ere, errealitate sozio-politiko ezberdinak kontuan hartuta, eta hauteskunde ezberdinetan lehiatzeko eta bi parlamentuetan aritzeko, hau da erakundetze logiko eta egokiena. IUrekiko subiranoak gara halaber, EB den modu bertsuan» diosku NEBko koordinatzaile Ion Errok.
Ezkerretik begiraturik gutxienez, bitxia da EB EAEko Gobernuan izatea. NEBkoek nola ikusten duzue hori?
Euskal politika zailak blokeak sorrarazi ditu. EB bloke horiek elkarbizitza anitzean integratzen laguntzen saiatzen da. EAEn oso zaila da politika egitea, EBk jokatzen duen rola are zailagoa delarik. Euskal edo espainiar nazionalista ez den hirugarren espazioan aritzea ez da samurra, baina EB bakea nahiz kohesio soziala lantzen ari da. Eusko Jaurlaritzan planteamendu federalistaren araberako politika egiten du EBk, etorkizunean garatu ahal izango duen politika ikuskizun dago ordea.
EAEko hauteskundeetan EB eta Aralar koalizioan joatea aztertzen ari dira. Zer deritzozu?
Gaur ez da horretaz hitz egitea tokatzen, Jordi Pujolek hala zioen.
Nafarroako Foru Parlamenturako hauteskundeak burutzeko zazpi hilabete falta da halaber, nola aurreikusten dituzu berauek?
Nafarroan aldaketa politikoa izan dadin lanean ari gara, eta guk, aldaketa izanen bada ezkerrekoa izan behar duela diogu. Eskuineko gobernu honen erregimena agortu da, gizarte sektore herrikoien arbuioa begi-bistakoa da, bere politikak ez du gehiagorako ematen. Aldaketa anitza izan behar dela eta aldaketa gauzatzeko NEB ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Hots, gobernu berriak ezkerreko politikari lehentasuna eman beharko dio: justizia soziala, elkartasuna, garapen iraunkorra eta ingurumenean ardura bereziak hartu beharko ditu.
Horiek horrela, zergatik ez zoazte Nafarroa Bai (Na-Bai) koalizioan?
Hasteko, ez Na-Baik ez guk ez dugulako akordioa lortzeko beharrik ikusi. Na-Baik ez digu koalizioan joateko nahia azaldu, ezta guk hari ere. NEB eta Na-Bai-renak bi espazio ezberdin dira. Edonola ere, eskuinaren alternatiba gauzatu nahi badugu hiru espazio hauek artikulatu beharko ditugu: PSNren zentro aurrerazalea, Na-Bairen euskal nazionalismoa, eta NEBk ordezkatzen duen ezkerra.
Alternatiba gauzatzeko bidea lantzen hasi beharko duzue orduan.
NEBk Aralar, Batzarre eta PSNri akordio bateratu bat artikulatzeko proposamena helarazi zien duela urte bat. Ez zen hauteskundetarako proposamena, akordio programatikoak, lerro estrategiko nagusiak eta hiritarren parte-hartzeko moduko proposamena baizik. Aztertu eta adostu beharreko hogei puntu ziren proposamenean. Aralar eta Batzarrek Na-Bai osatzea lehenetsi zuten, PSNk berriz, bere barne zatiketa nabaria tarteko, ez zion erantzun baikorrik eman gure proposamenari.
PSNk harrezkero Foru Parlamenturako hautagai nagusia izendatu du: Fernando Puras.
PSNri «Zumosoleko lehengusua» etorri zaio, Madrilgo lehengusua, alegia. Barne arazo bat konpontzera etorri da eta hauteskundeetara begira lerroak ixtera. PSNn bi ildo nabarmen daude ordea, bi abiadurako PSN daude. Ildo batek -Juan Jose Lizarberenak- aldaketarako ezkerreko alternatiba eta akordioa bilatzen ditu, eta azken kongresua irabazi zuen ildoak -Carlos Chiviterenak- Fernando Puras erakarri du bere aldera. Purasek diskurtso irekia egiten du, inguru guztiak harrapatu nahi ditu, politikari harrapariaren rola betetzen du Purasek, beretzat aukera guztiak posible dira, baina ziurgabetasuna baino ez du transmititzen. Purasek aldaketa nahi duela dio eta aldi berean UPNrekin akordioa posible dela dio. Auzitan jarri beharreko hautagaia da beraz, alderdi sozialista honen eskutik aldaketa etorriko den zalantzagarria da oso.
Zer egin orduan?
Gu ezkerreko diskurtsoa lantzen eta indartzen ari gara, era berean, hautesleria sozialistari dei bat egin diogu PSN ezkerreko alternatiba gauzatzera behartu dezan. NEBk argi eta garbi utzi du UPN oposiziora eraman behar dela, NEBk ez du UPNrekin paktatuko eta PSNk berriz baietz dio. Bere hautesleriak jarrera hau kontuan hartu beharko luke.
Demagun UPNkoa ez den gobernua osatzen dela. Zein ezaugarri izango lituzke?
Bake eta normalizazio prozesua ondo bideratu eta bukatuz gero, Nafarroako identitate plural, sozial eta linguistikoa -ezkerreko alternatibaren bidez- gauzatzeko unea irits liteke, egoera berri hori oso baikorra litzateke. Nafarroan bigarren trantsizioa egiteko dago, orain arte arazo identitarioak mugitu du politika eta aurrerantzean elkarbizitzarako ituna akordatu beharko dugu guztion artean, elkarrekin bizitzera behartuta gaude: espainol nahiz euskaldun sentitzen diren nafarrak, nafar sentitzen diren nafarrak... hots, eman daitezkeen nortasun amalgama guztiak. Marko sozio-politiko berri horretan elkar errespetatzea eta eroso egotea lortu behar dugu. Horixe da gobernu alternatiboak ekar dezakeena, gure kasuan ezkerreko politikak lehentasuna izanen duelarik.
Identitate horien artean non kokatzen du bere burua Ion Errok?
Ni munduko pertsona eta ezkerrekoa sentitzen naiz.
Aukera nagusiak aipatu ditugu, Batasuna legez kanpo dago ordea.
Nafarroako indar politiko guztiek Parlamentuan leku hartzeko aukera izan dezaten nahi dugu eta horretarako ari gara lanean. Ezker abertzaleak hauteskundeetan egoteko aukera izango du modu batez edo bestez, eta ezker abertzalea Nafarroako politikaren normalizazio prozesuan sartuko da. Eusko Legebiltzarrean PPk, PSE-EEk edota EHAK taldeek, komeni zaienean, gehiengo demokratikoaren bitartez, hirukoaren ekimenak errefusatzen dituzte eta inor ez da eskandalizatzen. Nafarroako Parlamentuan ere halaxe izatea nahi dugu.
UPN eta CDNko Gobernuak ez du egoera hori erraz gauzatzen utziko alta.
Nafarroan laborriaren Gobernua dugu, UPNk boterea galtzeari izua dio. Hauteskundeen inkesten arabera hiritarren gehiengoak konfiantza kendu dio eskuineko gobernu honi. Egoera honen aurrean, esaterako, UPNk menpe dituen administrazio guztiak bere zerbitzura jarri ditu, UPNren diru publikoarekin ari gara ordaintzen dagoeneko berak bere kasa abiatu duen haustekunde kanpaina, azken hamabost urteotan egin ez duena zazpi hilabetetan egin nahi du. Hori politika friboloa egitea da, ardura eta zorroztasun eskasa. Eskuinak ez dio gizartearen beharrei erantzuten, beraz, gizartea mugiarazteko unea iritsi da.
Miguel Sanzek berriki, Foru Erkidegoaren eztabaidan jarrera ezezaguna azaldu zuen bake eta prozesuari begira.
Zorionekoak gu eta herritar guztiok, eskuinak bake prozesuarekiko duen jarrera aldatzen badu. Miguel Sanzen planteamendua taktikoa izan zen besterik baino. Aurreko egunean Madrilgo Konferentzian izan zen eta hauxe esan zuen: «Ez da bake prozesurik izanen, garaile eta garaiturik gabe». Hurrengo egunean, UPNk eta CDNk instituzioetatik kanpoko bake-foroak eratzeari uko egion zioten. Estrasburgon UPNk bat egin zuen Le Penen FNrekin. Nafar gobernuaren hitzak edo Sanzek Parlamentuan erabilitako hitzak kontraesankorrak dira erabat.
Azkenik, zein da bake eta normalizazioaren barruan, alderdien mahaiari buruzko NEBren jarrera?
NEBk kontsulta txanda egin du alderdi guztiekin, UPNtik Batasunera bitarte. Bakea lortzeko ekimen guztiak beharrezkoak direla eta bake prozesuari sostengu politikoa emateko Nafarroan eszenatoki politiko berezko bat taxutu behar dela diogu. Gure proposamena Nafarroan elkarrizketarako mahai bakarra eratzea da, nafar gizartearen ordezkaria izanen dena eta irtenbide demokratikoa ekarriko duena. Zilegi dira Euskal Herria nazioa eta herri bakarra dela diotenen proposamenak, baina guk Nafarroak berezko ahotsa duela uste dugu. Nafarroaren etorkizunak nafarren erabakiaren esku izan behar du, nafarrok demokratikoki erabakiko dituzte egokiak diren aldaketak, ez zaie inondik ezer inposatu behar.