Sendagaiak eskura dauzkaten askok modu makurrean erabiltzen dituzte, Bartzelonako farmazialariek salatu dutenez. Hango Farmazialari Elkargoak iaz sortu zuen Observatori de Medicaments d'Abús (OMA) delakoa, hots, Sendagaien Erabilera Okerraren Behatokia. Rafael Borrás zuzendariak jakinarazi digunez, berak dakiela era horretako erakunde bakarra da Europan.
«Behatokia sortu genuen medikuntzako profesionalen ahotik jakin genuelako zenbait sendagai erabiltzen ari zirela, ez helburu terapeutikoekin, ludikoekin baizik». Hau da, estupefaziente modura. «Batzuk legez kanpoko drogaren ordez hartzen dira, dosi jakinetan bizigarri edo haluzinogenoak baitira; beste batzuk legez kanpoko droga horien eragina indartzeko erabiltzen dira; eta inoiz, eragin hori leuntzeko ere bai», azaldu du Borrásek.
OMAk dio 27 sendagai erabiltzen direla era horretan, edo eurek behintzat hala igarri dutela egindako ikerketetan. Ezagunenen artean, kodeina -opioaren eratorri bat, mina eta eztularen aurka oso erabilia-, edo bentzodiazepina multzoko lasaigarriak aipa ditzakegu. Sendagai horietako gehienak, baina, ez dira hain erraz eskuratzen. Farmazialariek nekez ematen dituzte errezeta barik. Hala ere, araudiak baditu horretan ere hutsune nabarmenak. Kodeina, esaterako, errezetarik gabe eman daiteke 10 miligramotik behera daukaten sendagaien kasuan. Antzeko zerbait jazotzen da hanturaren kontrakoekin. Nahikoa da dosia handitzea nahi den efektua lortzeko.
Bestela ere, sendagaiok eskuratzeko bide ugari asmatu dituzte horien bila dabiltzanek. Borrásen arabera beti ere, asko errezeta faltsuz baliatzen da horretarako. «Zenbat kontsultategi pribatutan ez ote dira errezetak paper zuri batean egiten, medikuaren izena eta elkargokide zenbakia idatziz besterik gabe? Munduko gauzarik errazena da horrelako bat faltsutzea». Internet ere dezente jorratutako eremua da, izugarrizko erraztasunak ematen omen ditu-eta. Edo, besterik gabe, ustezko gaixoak inolaz ere ez dituen sintomak aldarrika ditzake sendagilearen aurrean, nahi duen errezeta lortze aldera.
Faltsututako errezetarekin doazkienean, farmazialariak maiz ohartzen dira iruzurraz. Legearen arabera, halakoetan botika ukatu behar diote ustezko gaixoari, baina hori ez ezik, errezeta ere kendu behar diote. Borrásek dioenez, samurragoa da esatea egitea baino, zenbait girotan batez ere. «Nire farmazian, berbarako, aspirina adina metadona saltzen da beharbada. Esaiozu sekulako abstinentzia sindromea dakarrenari bere errezeta faltsua dela eta gainera kendu egin behar diozula!».
Euskal Herriko osasungintzako profesionalei galdetu diegu gai honetaz. Diotenez, arazoa ez da inolaz ere larria hemen, aspaldi hartutako neurriei esker batik bat. OMAren lana guztiz ageri-agerian kritikatu gabe ere, hainbatek esan digu ez dagoela ez behatoki ez halakoren beharrik. Nahikoa omen zenbait neurri eraginkor hartzea. Hego Euskal Herrian, mediku eta farmazialari elkargoek urteak daramatzate kanpainak egiten elkarlanean, herritarrok modu egokian erabil ditzagun sendagaiak.
Juan del Arcok, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko zuzendari teknikoak, honela dio: «Bizkaian 1997an hasi ginen neurriak hartzen, eta ondorengo urteetan gauza bera egin zen Hegoaldeko beste herrialdeetan. Tamalez, urteetako ohiturak ez dira hain azkar aldatzen, eta hemen ohitura izan da luzaroan farmaziara joan eta sendagaia eskatzea, osagileak hala agindu ala ez». Farmazialarien Elkargoko ordezkaria, bistan denez, hain zabalduta dagoen automedikazioaz ere ari da, eta ez soilik sendagaiak estupefaziente bezala erabiltzeaz.
Del Arcok dioenez, Ipar Euskal Herrian aspaldi gainditu zituzten horrelako egoerak, legediak zein farmazialariak oso zorrotzak baitira. «Mediku bati ere ez diote sendagairik salduko errezetarik ezean». Hegoaldean, berriz, apurka igartzen ari dira hartutako neurrien fruituak. Angel Alayok, Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidenteordeetako batek, hala dio: «EAEn behintzat gezurrezko gero eta errezeta gutxiago erabiltzen da. Askoz hobeto gaude beste leku batzuetan baino». Horrek ez du esan nahi sendagaiak modu irregularrean eskuratzeko ahaleginak atzematen ez direnik, baina hartutako neurriek zeharo murriztu dute ohitura hori.
Besteak beste, EAEko osagile eta farmazialariek kontsultategi pribatu guztietako errezetak behin-betiko bateratzea erabaki zuten orain gutxi, eta litekeena da datorren urtarrilerako -Bizkaian behintzat- denek bat egitea eredu berriarekin. Honenbestez, errezeta guzti-guztiek agertu beharko dute gaur egun osasungintza publikoek agertzen duten informazio bera, nekez faltsutu daitekeen paper batean.
Sendagaia eta droga, gauza bi ala bakarra?
Amaitzeko, ez genuke aipatzeke utzi nahi sendagai-droga bikoiztasunari buruzko beste ikuspegi bat. Izan ere, bada bereizketa hori gezur handitzat daukanik. Horren froga izan daiteke, esaterako, hainbat hizkuntzatan hitz bera erabiltzea gauza bietarako. Antonio Escohotado espainiar ikertzaileak,
Historia general de las drogas (Drogaren historia orokorra) lan mardulean, honela dio: «Grezierazko
phármakon hitzak konponbide eta toxiko esan nahi du. Ez bata ala bestea, biak baizik». Beraz, sendatzearen eta hiltzearen arteko muga ez dago substantzian, dosian baizik.
Escohotadok gaineratzen duenez, greziarren ikuspegia nagusi izan zen munduan «erlijio monoteista inperiozaleak» gailendu ziren arte. «Substantzia guztiak ziren neutroak, sendatzeko zein hiltzeko gai, eta zibilizazio handiek ez zuten behin ere pentsatu beren herritarrak «babestu» behar zituztenik substantzia horien aurrean». Escohotadok dio gaur egun jasaten dugun gurutzada farmakologikoak phármakon hitzaren balio bikoitz horren ukazioan daukala oinarria. Horren arabera, Platonen garaiko greziar batek barre egingo lioke Bartzelonako OMAk plazaratutakoari. Edo ez luke ulertuko, besterik gabe.
2.000 milioi pertsona sendagairik gabe
Kontuak kontu, botikak droga moduan erabiltzea lehen munduko gauzak dira. Bitartean, herrialde txiroetan ez da hain erraza sendagaiak eskuratzea. Urtero ekoizten diren botiken %80 planetako biztanleon %14ak kontsumitzen du, Medicus Mundiko Natalia Hercek dioskunez. «Sendagaiak guztion esku eta modu berean egon beharko lirateke, osasunerako beharrezkoak diren heinean. Baina egia gordina da kontsumo produktu hutsa direla, eta beraz merkatuko legeen arabera banatzen direla, alegia, jendearen ahalmen ekonomikoaren arabera». Farmazia industriaren irabazien %80 AEBetatik, EBtik eta Japoniatik dator. Eta 2.000 milioi pertsonak ezin dute oinarrizko sendagairik eskuratu.
Oinarrizko sendagai diogunean, nazioarte mailan onartutako zerrenda batetaz ari gara. 250 botikak osatzen dute gutxi gorabehera, eta gaixotasunen %90 baino gehiago tratatzeko balio dute. Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) 1977an egin zuen lehenbiziko aldiz oinarrizko sendagaien zerrenda, bertan kide diren herrialdeek erreferentziatzat erabil zezaten. Harrezkero, OMEk bi urtero berritu eta argitaratu du zerrenda hori eta, Medicus Mundiren txosten batek dioenez, 152 herrialdek daukate berea. «Haatik, munduko biztanleen heren batek ez dauka botika horiek eskuratzerik, senda daitekeen gaixotasun bat harrapatuz gero».
Mugarik Gabeko Medikuak taldea 1999tik dabil oinarrizko sendagaien inguruko kanpaina egiten, «bidegabekeria konpontzeko helburuz», Javier Sancho elkarteko bozeramalearen hitzetan. «Arazoaren gakoetako bat jabego intelektuala da -dio Sanchok-; Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) arautzen duen patente legedia, zehatzago». Legedi horrek ito egiten ditu garatze bidean dauden herrialdeak, GKE askok diotenez. Sendagai berri bakoitzaren patenteak hogei urteko iraupena du, eta epe horretan, sendagaia merkaturatu duen konpainiak askatasuna dauka nahi duen prezioa ezartzeko. Irabaziak lege izanik, sendagaiak bidali ere ez dituzte egiten gaixoek haiek ordaintzeko diru nahikorik ez duten herrialdeetara. Hala sortu dira «ahaztutako gaixotasun» bezalako kontzeptuak -ikus grafikoa-.
Patente eskubideak agortutakoan, edonork ekoitzi dezake sendagai bat. Halako sendagaiei generiko esaten zaie, eta patentepean daudenak -eta beraz izen komertzial bat daukatenak- baino %50-80 merkeagoak izan ohi dira. Lehenengo Munduan, erakunde publikoek horiek lehenesteko eskatzen diete sendagileei, baina kontua ez da hain erraza. Hego Euskal Herrian batez ere, urtetako ohiturari ihes egitea zail suertatzen ari da, Medikuen Elkargoko iturriek onartzen dutenez: «Markak pisu handia dauka oraindik». Farmazia industriak, gainera, presioa egiten du haiengan, bisitatzaileen nahiz doako batzarren bitartez.
Bestalde, Espainiako Estatuan beste herrialde garatuetan baino askoz beranduago hasi dira generikoak ekoizten, orain urte gutxi arte haiei oztopoak ipintzen zizkien legedi berezi samarra egon baita indarrean. Kontuak kontu, sendagai generikoekin, lehen mailako arretan tratatzen diren gaixotasunen %90 senda daitezke.
Hirugarren Munduan ere bada ika-mikarik generikoak direla eta ez direla. Indiakoa da adibiderik aipagarriena: nazioarteko legediari kasurik egin gabe jardun du urteetan, generikoak barra-barra ekoitziz eta herrialde txiroenetan salduz. Horrek, besteak beste, hiesaren kontrako tratamendua ipini du gaixo askoren esku; bestela inolaz ere ordaindu ezingo luketen tratamendua. Hiesa hilgarri izatetik kroniko izatera pasa dela esaten da. Ez da guztiz egia, Afrikan milaka lagun hiltzen baititu oraindik ere pandemiak. Ezin ordaindu urte batean tratamenduak kostatzen duen 5.000-6.000 euroko dirutza!
Azkenik, baina, Munduko Merkataritza Erakundeak nazioarteko patente legediaren soinuz dantzatzera behartu du India. Javier Sanchok dioenez, «teorian, azken urteotan sinatutako zenbait akordiok aukerak zabaldu dituzte, oraindik patentepean dauden sendagai batzuk generiko modura ekoizteko, behar handia dagoela frogatuz gero. Praktikan, horretarako bete beharreko baldintzak hain dira zailak, oraindik ezin izan dela halakorik gauzatu».
Honetaz guztiaz industriak badauka zer esanik, noski. Espainiako Estatuan Farmaindustria erakundeak batzen ditu ia enpresa gehienak. Bertako sail teknikoko zuzendariak, Emili Estevek, beraien kontra hitz egitea zein erraza den azpimarratu nahi du: «Farmazia industria gaitz guztien erruduntzat agertzeak egunkari asko saltzeko balio du, baina kontua da guk GKEek baino askoz gehiago egin dugula Hirugarren Munduaren alde».
Herrialde pobreenetan sendagairik ez egoteaz kexu dira batzuk, baina arazoa ez da hori Esteveren iritziz. «Guk bidali izan ditugu botikaz betetako ontziak herrialde horietako portuetara, eta gero Europako merkatu beltzean agertu dira botika horiek». Esteverentzat, garatze bidean dauden herrialdeen ustelkerian eta osasungintzaren funtzionamendu negargarrian bilatu behar da farmazia industriari egozten zaizkion arazoen benetako arrazoia, «dagoeneko GKEetako arduradun askok onartzen dutenez, bide batez esateko».
Patenteei dagokienez, Estevek gogorarazi du hogei urteko epealdia ez dela benetakoa: «Hasieran gaitz bat senda dezaketen dozenaka molekula dauzkazu, eta horiek dira patentatzen direnak. Gero, molekula horiek benetan baliagarriak diren ala ez jakiteko, saiakuntza kliniko asko egin behar da. Molekula izar deritzanetako bat lortzeko, 5.000 lagun behar dira hainbat urtez lanean, eta 800 milioi euroko gastua». Merkaturatu orduko, patentea agortu arte hamabi, hamar edo zortzi urte igaro daitezke, ikertzen emandako denboraren arabera. Azkenik, Estevek zerbait esan nahi du industriak medikuei «egiten omen dien» presioaz: Farmaindustriak bere baitako enpresa guztiak behartu zituen, orain dela urte batzuk, produktuen promozioan kode etiko baten arabera jokatzera. Hala ere, kode etiko horrek «itokin» askotxo izan dituela salatu duenik ez da falta izan.
Sendagaiak sarean
"Sendagaiak modu okerrean erabili nahi dituztenek bide desberdinak dauzkate haiek lortzeko", dio Rafael Borrásek. Teknologia berriek hemen ere badute zeresana, eta hala, internet da bide horietan garrantzitsuenetakoa, Observatori de Medicaments d'Abúsen (OMA) arabera. "Sarearen bitartez erraz eskuratzen dira botikak. Web gune asko alegiazkoak dira, azal hutsa. Ez dago profesionalik horietan, eta ez dago arduradunak aurkitzerik".
Internet bidezko sendagai salmenta legezkoa da herrialde batzuetan, AEBetan adibidez, baina ez Espainiako Estatuan eta beste askotan. "Gehienez ere, sendagaia internetez iragartzen duten farmaziak daude, baina erosteko bertara joan behar da". AEBetan, Administrazioak katalogazio bat ezarri du baimendutako web guneetarako. Zigilu bat, esan genezake: VIPSS. "Guk aztertu ditugun 150 web orrietatik, hiruk besterik ez zeukaten izendapen hori", azaldu digu Borrásek. Ikerketan zehar, OMAk hainbat eskari egin zien sarean ageri diren ustezko farmaziei eta gehienek egoera negargarrian bidali zizkieten sendagaiak.