Zuen etxea nolakoa zen?
Gure etxea beti zabalik zegoen. Auzoan baziren haurrak, gaztetxoak, behar ekonomikoek bultzaturik Espainia hegoaldetik etorri behar izan zuten familietako semeak, eta gure etxean sartu-atera ibiltzen ziren. Gosaria edo zerbait izaten zuten. Eta orain ikusten dut haur horiek heldu bihurtu direla, eta bizitzan arrakasta izan dutela. Hernaniko Portu auzoa eredugarria da horretan, hain egoera sozial eta kultural ezberdinak armonia osoan nahasten dira, eta orain dela hirurogei urte marjinatua izan zitekeen jendea orain ia auzoko zentro bihurtu da. Oso pauso humano politak dira, eta beti gogoratuko dut pauso horien hasieran ni han egon nintzela.
Gaur egun ez da hori ohikoena, etorkinen etorrerari gero eta gehiago «arazo» deitzen zaio... Zuk abiatzen ikusten dituzu, handik, Afrikatik. Zein ilusiorekin ateratzen dira?
Tira, nik ez dut ezagutzen Ekialdeko jendea, baina entzuten dut arazoak sortzen dituela, lapurreta istorioak-eta. Nik garbi dut hona datorrenak lan egin nahi duela. Baina jakina, lanerako baimenik ematen ez dien gizarte batekin egiten badute topo nolabait bizi beharko dute. Afrikako gazteria ezagutzen dut pixka bat, eta hona datorrena ez da handik ihesi datorren jendea. Aukeratutako jendea da, askotan familiako azkarrenak, eta sendiari laguntzeko ilusioak ekartzen ditu. Eta asko tristatzen nau hemen haiek banaka eta hain aurpegi serioarekin ikusteak kalean. Han ez da erraza mutiko beltz bat aurpegi serioarekin ikustea. Askoz ere alaiagoak dira, kanporakoiagoak, gizarteko zati azken batean. Eta nik uste hemen ere aukera bat ematen baldin bazaie, ikusten badute gizarteak onartzen dituela, jende horrek gizarte honi zer eskaini handia duela, elkartasun balore aldetik, alaitasunetik, asko jantziko lukete gure kalea. Etxean bezala sentituko balira guretzat festa bat litzateke haiek hemen gurekin izatea.
Zuek haurrak zinetenean noraino iristen zen zuen mundua?
Pentsa, inoiz edo behin bizikleta bat lortzen baldin bagenuen, paseotxoren bat egiten genuen, baina hori estra bat zen. Guretzat orduan bizikletako paseo bat egitea gaurko gazte batentzat oporretan Londresera joatea bezala izango zen. Gure bidaia Adarra mendira joatea zen, edo Onddira, edo Erniora. Eta handik etxera itzultzea. Baina gaurko gazteak nola bizi diren, eta gu nola bizi izan ginen aztertuz, nik nahiago dut gure gaztaroa. Guk ez genekien aspertzeak zer esan nahi zuen.
Eta elizako bidea noiz ikasi zenuen?
Etxean elizkoiak ziren, eta eliza inguruan ibiltzen ginen, izeba bat ere moja genuen, baina ez dakit horrek hainbeste eragin zidan. Nik txikitatik garbi nuen misioetara joan nahi nuela. Orduan baziren bizpahiru urterako misioetara joaten ziren gazteak. Nik ere ideia hori nuen. Eta hemezortzi urterekin, gainera, izan nitzakeen zalantza laino guztiak argitu zizkidan zerbait gertatu zitzaidan. Egun batean Jainkoaren esperientzia pertsonal bat izan nuen. Ez dakit minutu erdikoa izan zen edo minutu batekoa, baina geroztik ez dut behar izan hori errepikatzerik. «Hortxe dago» esatea bezala izan zen. Eta esperientzia horrek oraindik orain balio dit.
Zergatik sartu zinen Aita Zurien taldean?
Nik hasieratik oso garbi nuen Afrikara joan nahi nuela, ez dakit zergatik, baina Afrika nuen buruan. Eta banekien Afrikarako bidea Aita Zuriek hartzen dutela, Afrikako Misiolariak izena duen taldeak. Horregatixe sartu nintzen horiekin. Eta ez naiz damutzen. Berriz bidegurutze hori izango banu begi aurrean, berriz bide bera hartuko nuke. Jendeak esan dezake «bai hemen lan asko dago, hemen ere behar handia dago», baina nik ikusten dudana da hemen badela gaitasun humano eta ekonomiko aski, sobera ere, bertako arazoak konpontzeko, eta han, berriz, dena falta da.
Agurtzeko unea nola oroitzen duzu?
Amarekin gogoratzen naiz. Anai-arreba guziek beldurra genuen nola geldituko ote zen, kanpoan ikasten nuenean, etxera itzultzen eta etxetik joaten nintzen bakoitzean gaixotu egiten baitzen. Eta beraz, urtebete hainbeste baldin bazen beretzat, ez genekien bost urteko agurrak zenbat eragingo zion. Baina denak harrituta utzi gintuen. Inoiz ez bezala, egun hartan aireportura lagundu zidan. Eta agurtu ginenean, argi eta garbi esan zidan: «Agur, Anjel, nire lana hemen bukatu da. Senarra joan da, alaba Amerikara ezkondu da, eta orain hemen dago seme-alabekin, biloba horiek ere ezagutu ditut, eta zu orain Afrikara zoaz. Nire misioa hemen bukatu da, eta ez gara berriz ikusiko, hemendik zerura joango naiz». Oso garbi zeukan berak, eta seguru esan zidan, «hemendik zeruraino». Eta hain zuzen ere, Afrikara iritsi eta handik hiru astera edo jaso nuen etxeko lehenengo karta. Ama hil zela kontatzen zuen.
Beste aldean, lur hartu zenuenean, zer aurkitu zenuen?
Atea irekita. Oso jende abegitsua, harrera berokoa, goxoa; atea zabaldu ziguten. Hori gogoan, irudikatzen dut zenbat sufritu behar duten hona kaiukoetan etortzen direnek. Eraitsita geldituko dira, iritsi eta poliziekin eta zakurrekin egiten dute topo, horma batekin. Guri atea zabaldu ziguten.
Beti eta nonahi hala egin izan zaie europarrei...
Bai, hori hala da. Ez dago historiari begiratu besterik. Ipar Amerika europarrez betea dago, Hego Amerika berdin, Australiako partera ingelesak joaten ziren... Guk kontinente guziak izan ditugu zabalik, eta mundu osora paperik gabe sartu gara. Baina haiek etorri nahi izan dutenean horma bat jarri diegu. Eta etorri nahi ez zutenean, behartu egin genituen, hil, etor zitezen, esklabo. Esklabotzarengatik Afrikak zuen potentzial humano onena, edo indartsuena behintzat, Amerikara eta Europara ekarri zen. Ez zutenean etorri nahi, hil egin genituen, eta orain, etorri nahi dutenean, hil egiten ditugu. Aldiz, Afrikako kapitalak ate guztiak zabalik ditu, Hego Amerikakoak berdin, milioiak eta milioiak ate zabalik hartzen dira. Eta horiek dira hemengo ekonomia zutik mantentzen dutenak.
Frantzian deskolonizazioa oso modu onean eta lagunkoian egiten ari dela saltzen da...
Gezurra dena. Ez Frantzia, ez Ingalaterra... Lehengaiaren prezioak Bostonen eta Londresen jartzen dira, eta guztiak Europaren aldekoak dira, petrolioarena salbu. Pentsa, 1999an, Tanzaniako hirurogei kilo kaferen truke 67 euro ordaintzen zituen nazioarteko komertzioak, gaur egun 15 euro ordaintzen dira. Europako herri guztiak armak saltzen ari dira Afrikan. Eta Europak laguntza kontzeptuetan euro bat ematen duen oro hirugarren mundua zazpi euro ari da itzultzen kredituetan eta interesetan. Beraz, ez Frantzia, ez inor, ez da laguntzen ari. Sistema ekonomiko kriminal hau Europaren alde jarria dago. Eta pentsa zenbat den kriminal, egunero ehun mila pertsona hiltzen dira gosez, eta haietatik hogeita hamar mila haurrak dira. Egunero hogeita hamar dorre biki eraitsiko balira bezala da. Eta sistema honek duen okerrena da, jada, ez dutela politikoek kontrolatzen kapitala, kapitala bera da politikoak kontrolatzen dituena.
Etiopian IHESa oso zabaldua dago. Enpresa farmazeutikoek ere ez dute bihotzik?
Pentsatzen duzunean enpresa farmazeutikoek bizitzaren alde jokatu beharko luketela... Horiek ere diruaren alde bakarrik jokatzen dute, gogor behar bada gogor, eta gordin behar bada gordin. «Norbaitek hil behar baldin badu, hil dadila, guk dirua nahi dugu». Hori argi eta garbi ikusi da Indiako antiretrobiralekin. Patentea daukan enpresak antiretrobiralak produzitzen segitzea debekatu die indiarrei, edo dirua ordain dezatela. Eta kasu honetan itsusiena eta kriminalena da enpresa farmazeutikoek hori eskatzen baldin badute, gobernuek zergatik ez duten diru alde hori ordaintzen herritarrengana erremedioak irits daitezen. Hori ez litzateke armetan xahutzen duten dirutzaren milaren batera ere iritsiko. Baina ez dirudi horren alde daudenik. Eta indiarrek ez baldin badituzte antiretrobiral hauek produzitzen Etiopian jendea hilko da oraindik ere, haurrek umezurtz hazi beharko dute, baina horrek ez dio inori lorik kenduko.
Eta jendea hain sarri eta ugari hiltzen denean, apaiz batek, zein esplikazio ematen die herritarrei?
Apaizak garbi hitz egin behar du. Haur bat hiltzen denean, astebetean dolu handia egoten da, baina gero jendea «tira, berri on bat da, Jainkoak eraman du» esan eta lasaitzen da. Lur ematean bertan, maiz esaten diet, «ikus dezagun. Haur hori Jainkoak eraman du benetan?» «Bai» beraiek. «Begira -nik-, haur hori jaio zen ezkero gaixorik egon da, malaria zeukan, eta ez dute eraman ospitalera. Horrez gain gaizki elikatua zegoen. Agian gurasoek garagardoa edateko dirua zuten, baina haurra zaintzeko ez. Azkenean, haur hori hil egin da. Zer gertatu da, Jainkoak eraman du edo guk hil dugu?» «Ah», gelditzen dira orduan. «Bai, -segitzen dut- zeren eta bere auzoko haurra, hobeto elikatua dagoena, hobeto zaindua, hori ez da hil, eta haur honen gaixotasun bera zuen. Beraz, zergatik nahi izan du Jainkoak haur hau eraman eta ez bestea? Ez al gara gu izan haur honen bizitza baldintzatu dugunak, hainbesteraino non guk akabatu dugun?». Eta orduan barruak buelta ematen die. Horixe da nik nahi dudana. Eta horixe da egiten duguna, erlijioa bizitzara eramatea, kalera, eta ez tenplura askok uste duten bezala. Fedea kalean bizi ez bada, edo etxean, elizan ez dugu eukaristia ospatzerik, absurdua litzateke, ia sakrilegio bat.
Eta azalpen hori eman ezkero, nola gainditzen du hango kristau batek heriotza hurbilak eta sarriak sor diezaiokeen karga astuna?
Han heriotzarekin arazorik ez dago. Heriotza arazo, hemen bihurtu dugu. Haientzat heriotza pauso bat baino ez da, besterik gabe. Eta ez zerura joan eta sufritzeari uzteko pauso bat, ez, ez. Erlijioa ez da «hemen sufrituko dugu, baina lasai, gero zeruan gozatuko dugu». Ez, erlijioa bizitzen laguntzeko bide bat da. Eta haientzat bizitza esku artean daukatena da, alde horretatik guk baino askoz ere gehiago gozatzen dute. Heriotza onartua daukate, bai pertsonalki eta bai kulturalki. IHESdunak kezkatzen dituena ez da beraien heriotza, baizik eta beren semeak zeinekin geldituko diren, hiltzea ez da arazo. Eta hogeita hamar, berrogei urteko jendeaz ari natzaizu hizketan, ez hemen bezala laurogeikoaz. Heriotza ez da lehen munduko munstroa baino. Hemen, laurogeita hamar urte dituen pertsonari ere, hiltzen ari denari, badirudi ezin diozula egia esan, esan behar diozu «zein ongi zauden, zein polit, bihar zinera joango gara». Mesedez, hori absurdua da, zu hiltzeko jaioa zara. Hemen, heriotzari diogun beldurragatik, hil baino lehenagotik ere hilda gaude.
Zuk zeuk nola bizi duzu zure heriotza?
Ni seguru nago nire bizitzako egunik zoriontsuena hilko naizen eguna izango dela.
Zenbat eta gehiago eman orduan eta beteago sentitzen da norbera?
Inongo dudarik gabe. Zuretzat gordetzen duzunak mugatu egiten zaitu, lehortu, eta azkenean ito. Emate horretan, aldiz, asko jasotzen duzu. Hasteko, beste pertsona jasotzeko prest dagoen unetik, ematen ari zaizu, harrera egitea emateko modu bat da. Begirada, aurpegiko keinuak, elkar truke bat da hori, nolabait gaztetu egiten zaituena, eta indarra ematen dizuna. Beraz, zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago duzu zuk ere. Ez eman duzunagatik, baizik eta ematen duzunean sortzen ari zarelako.
Zuek Etiopian sortu eta landu duzuen proiektua azal ezazu.
Gu hara laborantza eta komertzio eskola bat zabaltzera joan ginen, jendeak gotzainari egindako eskaera bati erantzunez. Iritsi ginenean lurrean zuhaitz bat baino ez zegoen, orain hogeita hamar mila dauzkagu. 1993 urte bukaeran hasi ginen eskola eraikitzen, eta 1995ean eman genituen lehen eskolak. Orain metala, elektrizitatea, larru lanketa, eta beste zenbait espezialitate ditugu, eta eskolak prestigio handi samarra du, baita maila nazionalean ere. Baina ez da eskola bakarrik, eskolatik abiatuta proiektu asko eta ezberdinak garatu ditugu. Adibidez, herriko materia organikoa birziklatzen ari gara. Gobernuaren ospitaleetan ere laguntzen dugu; tuberkulosia dutenentzat berrogeita zortzi ohe dituen pabilioi bat eraiki dugu, esaterako. Bestetik, hiru mila umezurtz zaintzen ditugu, eta hirurehun bat IHESduni laguntzen diegu. 0 eta 5 urte bitarteko zazpiehun haurri ematen diegu jaten egunero Jangela Solidarioari esker. Uren proiektu bat lantzen ari gara euskal gobernuarekin, eta beste proiektu bat bideratuko dugu laster Lleidako lagun batzuekin. Beraz, adar asko dira, baina denaren enborra laborantza eskola da, hortik abiatu zen Etiopiako gure proiektua.
GKE askok laguntzen dizue. GKEei askotan leporatzen zaie sistema kriminal honen eskuak garbitzeko bide bat ez ote diren...
Hori bi ahoko labana da. Azken batean GKEena hirugarren mundura doan diru bat da, funtsean, handik atera zena hasieran. Ez zuela atera behar? Bertan funtzionatu behar zuela? Horretan ados, baina ni kezkatzen nauena da zergatik ez dugun GKEekin dugun bezain irizpide garbia hemengo beste multinazionaletan erosten ari garenean. Multinazional hauek ere hirugarren mundua esplotatzen ari dira, beraz gasolina botatzera goazen bakoitzean, edo Adidasez janzten garenean, Nikez, berdin jokatu beharko genuke. Edo zergatik ez dugu hain irizpide garbia mugikorrekin? Mugikorrek koltana behar dute, eta koltana Kongotik ateratzen dute. Huskeria bat ordaintzen da horren truke. Zergatik ez ditugu GKEak bezain itxi kritikatzen?
Eliza ere bada munduko instituziorik aberatsenetako bat...Bai, eta pena da. Nik uste dut elizak dotrina sozial ona duela, baina dotrina hutsean gelditzen da, bulegoko edo liburutegiko dotrina izango balitz bezala. Ez da bizitzan sustraitua dagoen dotrina bat, kaleko dotrina bat, eta beraz eliza ez da gosea duenarenganaino iristen. Jesusek behin bakarrik hitz egin zuen pobreziaz kontzeptu abstraktu bezala, beste berrogeita hamar aldietan kaleko pobreaz jardun zuen. Elizak aldiz, biblioteketan, seminario katolikoetan, kilometroka liburu ditu pobrezia espiritualari buruz, baina zentimetro gutxi batzuk pobreari berari buruz, eta Jesusi pobrea bera interesatzen zitzaion.
Abortuaren kontra egiten segitu behar du elizak?
Niretzat pena da eliza bizitza eskubidea defendatzen egotea. Defendatu lezake, eta antisorgailuen aurka ere egon liteke, baina niri gogorra egiten zaidana da, elizak esaten badie gurasoei ez dutela preserbatiborik erabili behar, gero zergatik ez den haurraz arduratzen. Eta ez haurraz bakarrik, zer gertatzen da haurdun dagoen amarekin? Milioika ama haurdun daude ez dutenak aski elikadura beren buruarentzat ere, zer gertatuko da beraz haurra jaiotzen denean? Jaiotzen direnetik kalean bizi dira haur asko, eta elizak, bizitza eskubidea defendatzen duenean, sozialki kalea zikintzen duten haur horiek iraindu egiten ditu. Niri oso ardura falta larria iruditzen zait hori. Bizitza eskubidea defendatzen baldin baduzu kontsekuente izan behar duzu bere azken ondorioetaraino. Eta seigarren manamendua ere, ez oheratzea beste emakume edo gizon batekin, orain badirudi, hori libre dela baldin eta preserbatiborik gabe egiten baduzu. Bekatua ez dago beraz, egiten duzun horretan, baizik eta nola egiten duzun. Uste dut baloreen nahaspila bat dela.
Gaztetako lehen Jainkoaren esperientzia hartatik hona, Jainkoaren irudia asko aldatu zaizu?
Aldatu zait. Orain ikusten dudanez, Jainkoa airea bezala da, arnasten den zerbait. Nik ia-ia esango nuke Etiopian ateoek ere sinesten dutela Jainkoarengan, alegia bizitza bera dela Jainkoz betea dagoena, eta Jainkoa bizitza bera dela. Beraz badago beste dimentsio hori, alegia, Jainkoa ez dagoela elizan bakarrik, Jainkoa ez dagoela zeruan bakarrik, edo ez dagoela zure barruan, Jainkoa lurrean dago, eta kalean, haizea bezain bizikor. Zentzu horretan, orain askoz ere sinpleagoa da Jainkoarekiko dudan esperientzia, askoz ere humanoagoa. Ez ditut hainbeste eliza behar, nekez deskubri baitzenezake Jainkoa elizan. Jainkoaren esperientzia irribarre bat bezain espontaneoa da.
Baina irribarre artetik oso gauza gogorrak ikusi eta entzungo zenituen. Negar egitera iristen zara?
Bai. Batzuetan bai, oraindik egiten dut negar. Askotan ez, batzuetan. Izan ere, ikusiaren ikusiz, ohitu ez, baina begia gogortu egiten zaizu.
Noiz? Zer ikusita ateratzen zaizu negarra?
Umezurtzak ikustean, edo neskatoak, prostituitu beharrean izaten direnak ikasi ahal izateko. Lehen mailako hezkuntza herrixketan ematen dugu, baina bigarren maila egitera Wukrora etorri behar dute. Eta agian hogei kilometro daude beren etxeetatik Wukrora, eta ez dute nola etorririk. Beraz, neska horietako askok, estudiatu ahal izateko prostituitu egin behar izaten du, eta iruditzen zait niri, neurri batean duintasuna ematen dien prostituzio bat dela. Estudiatu ahal izateko hortik pasa behar dute, baina parentesi bat bezala da. Lehenik umiliatu behar dute gero beraien bizitza aldatu ahal izan dezaten.
Eta haiek zer esaten dute zu negarrez ikusita?
Ez zara beraien aurrean hasten negarrez, baina haiek ohartzen dira minak hartzen zaituela. Eta harrigarriena da, haiek ez dituela hartzen saminak. Eta minean, haiek laguntzen dizute, «aterako gara aurrera, lasai», animatzen zaituzte.