Heriotzari buruz erabiltzen diren esaldi topikoak paperera ekartzen hasiz gero, erreportaje honek dituen adina orrialde bete genitzake, eta zertxobait gehiago beharbada. Heriotzaz hitz egiten dugu, baina hitz hutsalak dira gehienetan, adituen ustez. Gainera, egoerak hartara behartzen gaituenean baino ez ditugu jaurtitzen aurrefabrikatuko esaldiok; bestela, nahiago dugu gaia uxatu, erabat gai unibertsala izanagatik ere. «Heriotzaz hitz egiteak hura erakartzen duela ere uste du askok eta!», diosku Alfonso Garcia SEITeko (Espainiako eta Nazioarteko Tanatologia Elkarteko) presidenteak. Kanariarra da, eta tanatologia.org web gunea kudeatzen du. «Tanatologia XX. mende hasieran jaio zen jakintza adarra da, eta izenak dioenez heriotza aztertzen du, ikuspuntu askotatik gainera: antropologikoa, soziologikoa, psikologikoa...». Ia mende bat igaro da asmatu zenetik, baina hitzak ez du zabalkunde handiegirik lortu arlo zehatz batzuetatik kanpo. Heriotzarenganako dugun jarrera uzkurraren seinale, seguruenik.
«Mendebaldeko gizarte hedonista honetan ez dugu heriotzaren aurrean behar bezala jokatzen», dio Patxi Izagirre psikologoak, «mina eta sufrimendua ez daude normalizatuta, eta ukatu eta saihestu egiten ditugu. Horretan datza heriotzaren inguruan eraiki dugun tabua. Duela hamarkada batzuk askoz normaltasun handiagoz bizi genuen hori: aitona ikusten genuen baserrian hiltzen, eta ez ginen harritzen». Orain ez omen da hala. Besteak beste, heriotza lekuz aldatu dugu: etxetik erietxera. Eta dagoeneko hiltzea ez zaigu normala iruditzen. «85 urteko bat hiltzen da eta arraroa da guretzat», dio Izagirrek; «geure hilkortasuna mozorrotzen ari gara».
Heriotzak hesi horiek eta handiagoak ere gainditzen ditu azkenik, nahi eta nahi ez denok jasaten dugun gertakaria izanik. Orduan, gure hurbileko norbait hiltzean, errealitatearekiko talka izaten da askotan, eta orduan izaten dute lana Izagirrek eta enparauek. Rakel Mateo psikopedagogoaren esanetan, «heriotza onartezina da guretzat. 'Nola liteke nire ama hil izana?' galdetzen dugu, ama alaba baino lehenago hiltzea guztiz naturala izan arren. 'Zergatik' galdera askotan etortzen zaie ahora norbait galdu dutenei».
Dolua gaitz bihurtu dugu
Dolua prozesu naturala da, baina ingurune bakoitzean indarrean dagoen kulturaren araberako ezaugarriak ditu. Mendebaldeko gizartean, dolua gaitz emozionaltzat jotzen dugu Alfonso Garciaren iritziz. «Eta ez da hala berez, geuk asmatu dugu hori. Jakina, terapia beharra sortzen da hor».
Patxi Izagirrek halako terapiak eskaintzen ditu. «Jaso dugun heziketaren ondorioz, lehenbailehen saihestu nahi izaten dugu negarra, eta hildakoaz oroitzea. Horrek arrisku bat dakar: zauria behar bezala ez ixtea». Terapian, gakoetako bat mina adierazteko bideak eskaintzea da. Ondo egin ezean, dolua gaitz patologiko bihurtu daiteke denboraz, depresioa, antsietatea eta abar eraginez. «Dolu prozesuaren helburua, azken batean, ez da hildakoaz ahaztea, sufritu gabe gogoratu ahal izatea baino». Horretarako sei hilabete eta bi urte bitarteko epea behar izaten da, prozesu natural batean. «Batzuk, ordea, senidea hil eta bi urtera etortzen zaizkit -azaldu du Izagirrek- dolu prozesua burutzeke dutela. Pilulak hartzen dituzte, baina beraiek hildakoaz behin eta berriro hitz egiteko gogoa daukate. Kontua da aldamenekoak aspertzeko beldurra ere badutela». Izan ere, eta Alfonso Garciak azpimarratzen duenez, gure gaurko kulturan oinazea ez azaleratzea eskatzen zaio doluan dagoenari.
Norberaren heriotza
Hurkoarenganako doluan, elementu garrantzitsua da norberaren heriotzaren proiekzioa. Horregatik dio Izagirrek dolua heriotzaren ostean edo heriotza baino lehenago eman daitekeela, gaitz terminal bat daukatenengan hain zuzen. Batean zein bestean, dolu prozesuak bost fase izan ohi ditu: inpaktua, ukapena, mina eta haserrea, negoziazioa eta onarpena. Azken biak dira garrantzitsuenak beharbada, batez ere norberak landu behar dituelako: ez dira berezko erreakzioak. Batetik, negoziazioak zerikusi handia izango du bizitzan zehar izandako prestakuntzarekin, eta gaur egun prestakuntza eskasa izaten da hori. Onarpena berriz, ez dute denek lortzen, gaitz terminal batek jotakoen artean batik bat. Izan ere, medikuntzaren aurrerapenak hilezkor bihurtu gaituen sentsazioa ere badugu batzuetan, gure mintzakide zenbaitek oharrarazten dutenez. Askok ezin dute gaixotasun hilgarria dutenik onartu, gazte samarrak direnek batez ere. Zahartu ahala, itxuraz, gero eta «harreman» lasaiagoa izaten da heriotzarekin, baina hori ere ez da arau orokorra.
Alderdi etikoak
Eduardo Clavé sendagilea gaixo terminal askorekin harremanean egoten da eguneroko lanean, Donostiako erietxean. Clavé erietxeko Etika Batzordeko kidea da, eta Ardura Aringarrietarako Euskal Elkartekoa ere bai. «Etika batzordeak orain dela hamabost urte-edo hasi ziren sortzen gure inguruko ospitaletan, eta batzuk oraindik sorrera aldian daude. Gurean, sei edo zazpi kasu aztertzen ditugu urtero, beti ere erietxeko profesionalen batek eskatuta. Eta aholkularitza baino ez dugu egiten». Aztertu beharreko kasuetan, askok bizitzaren amaierarekin dute zerikusia.
«Gatazka suertatzen da, esaterako -azaldu du Clavék-, ez badago oso garbi gaixoa bizitzaren amaieran dagoen ala ez. Hala izaten da gaixotasun kronikoa duten batzuen kasuan. Nola jakin oraingo larriagotzea azkenekoa izango den ala ez? Zalantza horren aurrean medikuak ez du garbi izaten tratamendua mugatu behar duen edo tratamendu erasokorra erabiltzen segitu behar duen». Izan ere, gaixotasun terminaletan, joera izaten da hasieran gehienbat tratamendu terapeutikoak -askotan, oso erasokorrak- erabiltzea eta denborarekin, horiek murriztuz joatea, euren ordez zaintza aringarriak areagotuz.
Sedazio sakona eta eutanasia
Zaintza aringarrien artean badago eztabaidaren bat edo beste sorrarazi duen bat: sedazio sakona. «Min fisiko edota psikiko jasanezina daukaten gaixo terminalekin erabiltzen da, bizitzaren azkenetan beti ere. Funtsean, loa eragitea da, botika batzuen bitartez. Tratamendu hau erabiltzeko ezinbestekoa da ohiko tratamenduek eraginik ez izatea gaixo horrengan. Gainera, gaixoak jakin egin behar du beste biderik ez dagoela bere sufrimendua kentzeko». Batzuek ez dute sedazio sakona gustuko, eutanasia geldoa baizik ez dela uste baitute. Clavék guztiz baztertzen du uste hori, erabat gauza desberdinak direla argudiatuz. Besteak beste, legeak onartu egiten du sedazio sakona.
Eutanasia, aldiz, legez kontrakoa da herrialde gehienetan. Koldo Etxabe Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteko kidea da. Lotsarik gabe dio ospitaletan eutanasia egiten dela, aitortzen ez bada ere. Etxaberen elkartea mundu mailan ari da lanean, eutanasia -heriotza ona esan nahi du- legezkoa izan dadin. Heriotza duina ziurtatzeko modu bakarra baita hori, Etxaberen ustez, zenbait kasutan. Eztabaida pil-pilean dago, eta Ramon Sampedro galiziarraren istorioa agertzen duen Mar adentro filmak gatz gehiago bota dio gainera. Eutanasia hitzak arbuioa eragiten du jende askorengan, baina Sampedroren jarrera irmoak atxikimendu ugari lortu du aldi berean. Dena den, bai botere publikoak bai erlijioa eutanasiaren aurka daude, «nork bere bizitzarekin zer egin askatasunez erabakitzearen aurka dauden heinean».
Eduardo Clavérekin segitu dugu bizitzaren azkentzeak dakartzan gatazka etikoez berbetan: «Beste arazoetako bat erabakiaren subjektuari dagokio, gaixoak ezin duenean bere borondatea adierazi». Azken urteotan, legediak Hego Euskal Herriko hiritar guztion esku ipini du halako egoerak saihesteko tresna: Aurretiazko Borondateen Agiria. Horren bidez, edonork adieraz dezake zer nolako zaintzak nahi dituen gaixotasunak bere borondatea adieraztea galarazten dionean. EAEn, behinik behin, 2.000 lagunek baino ez dute agiria egin hiru urtean. «Batetik, heriotza tabua delako -adierazi du Etxabek- eta bestetik, jendeak ez dakielako oso ondo nola egin, nora jo...». Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren web guneetan argibide ugari aurkituko ditu pixka bat bilatzen duenak, esan dezagun bidenabar.
Eduardo Clavék uste du ulertzekoa dela oraingoz jende gutxik egin izana bizi-testamentua ere deritzona. «Prozesu hau hasi berria da eta ez da guztiz zabaldu oraindik. Baina denborarekin gero eta arrakasta handiagoa izango du». Momentuz ez da hala, eta gatazka egoten da behin baino gehiagotan ospitaletan. Normalean, gaixoak ezin duenean bere nahia adierazi, berekin bizi denari dagokio erantzukizuna. «Arazo handienak gaixoak inongo seniderik ez duenean sortzen dira, edo senide bakarra urtetan ikusi ez duen iloba bat denean, kasu baterako. Senide horrek gugan uzten du ardura guztia. Eta orduan interes orokorraren irizpidea erabiltzen da. Alegia, zein da une horretan eta arazo horrekiko gizartean zabalduen dagoen iritzia? Horren arabera erabakitzen dugu zer egin, gaixoak horixe nahiko lukeen jakiterik ez badugu ere». Irizpide orokorra, beti ere, sufrimendua gutxitzea da, eta hori da ia beti senideek eskatzen dutena, modu horretan bizitza laburtuta ere. Baina Clavék nahiago du «hilzoria laburtzea» esatea, bizitza gehiago ez luzatzea baino.
Nola edo hala biziari eutsi
Batzuetan, hala ere, senideek eskatu egiten dute sendagileak medikuntzaren bitarteko guztiak erabil ditzan, gaixoaren bizitza ahalik eta gehien luzatze aldera. «Gaur egun gai gara benetan ikaragarria den hilzori bat izugarri luzatzeko -dio Clavék-, eta hori da 'tematze terapeutiko' esaten zaiona: medikuak, bizitza salbatzearren, tratamenduari eustea nola edo hala, egoera negargarri bat alferrik iraunaraziz». Koldo Etxabek uste du gure kultura judu-kristauak eragiten digula jarrera hori. «Nahiz eta askok dagoeneko erlijioan ez sinetsi, edo errituetara ez joan, oraindik txikitatik erakusten zaigu geure bizitza ez dagoela gure esku, Jainkoa dela bizitza eman eta kentzen diguna». Azken finean, ezezaguna zaigun errealitate bati aurre egiteko modu desberdinak ditugu gizakiok.