Joseba Tapia. «Mezuz hornitzen saiatu naiz diskoa»


2021eko uztailaren 19an
Liburu dendan izan naiz. Zure azkenaren galdera egin dut. Ez alferrik! Ordenagailuan begiratu eta, morroiak: «Agur, Intxorta?», jaso dut erantzuna. Etsigarria.
Ez dakit ondo zabaldu duten. Ez gara Zabaltzenekin ari eta.

Hor dago bekatua!
Bai, seguruena, hor dago gure bekatua!

Bi egun ere ez ziren aurkezpena egin duzuenetik. Liburu dendakoak Intxorta aipatzea ez da parte onekoa.
Bost edo sei urte dira Intxorta atera genuenetik. Atera kontuak! Dena dela, nik baditut Juergasmoan hartatik pasa ez direnak.

Kar, kar, kar... Okerrago da hori.
Bai, baina horretan lan egiten duenak hori baino gehiago ez jakitea ere... Nonbait, zabalkundea ez dute ziurtatu lehenengo-lehenengo momentutik.

Webean zokor miaketan jardun, www.josebatapia.com-en, eta hainbat informazio Real politik honi buruz. Elkarrizketa interesgarri bat, Lander Garrok egina, eta, besteak beste, emanaldi zerrenda. Agenda bete duzu.
Ez dago erabat osaturik. Kantak jartzekotan gara. Blog tipo bat da web-a, aukera ederra ematen du, eta errazago da baliatzea. Oraintxe abiarazi dugu, eta pozik nago.

Musikaria lehenengo, kantagile gero. Zure bakarkako lanek kutsu hori dute. Indar handia du letrak Real politik honetan ere.
Laugarren bakarkakoa dut. Apoa, Quebec, Intxorta lan tematikoak izan ziren. Oraingoa, aldiz, ez, letra solteak dira, eta beroriei segika osatu dut diskoa ere. Koldo Izagirrerekin nabilenetik serio irakurtzen hasi naiz poesia. Baita zaletzen ere. Autoreak ezagutzen eta gustukoak hautatzen. Askok eragin didate musikatzeko gogoa. Diskoan bildu ditudan hamalau horiek baino askoz gehiagok! Beraz badaukazue lana ni elkarrizketatzen puska batean.

Zer dakarkio musikariari letraren mende ibiltzeak?
Zailtasuna, hasteko. Poesia ez da beti erregularra, karratua, egitura batekoa. Indarra, noiz batean, noiz bestean jartzen du... Klixeetatik, ohizko bideetatik aterarazi egiten zaitu. Lan gehiago eskatzen du horrek baina, asmatuz gero, emaitza ere interesgarriagoa da.

Koldo Izagirre, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga...
Zer kantatu ederrik badago bazterretan!

Bai horixe! Eta, ezagun eta ezagutuak diren horien ondoan, Bilintxen lan bat ezezagunagoa, edo Charles Uhalderen Eisenhower eta ni...
Disko bariatua da. Langileen penak kontatzen ditu Bilintxek, adibidez. Hobe soldadu sartzea, dio. Euskal amerikar artzainak, Uhaldek, politikari buruzko ikuspegia ematen digu, umore handiz; kabaret bateko nostalgia giroa ageri da Bertold Brechten kantan, Bilboko Iretargi izenekoan... Ez dira oso letra ezagunak, baina bai berehala hartzen direnak, gustagarriak oso.

Bertold Brechten hori ondo maitea du Joseba Zulaikak. Baliatu ere du antropologia artikuluren batean.
Bilbao Song du izenburua. Ez diot euskaraz beste bertsiorik ezagutzen. Kaliforniako kabaret baten izena dugu Bilbao. Kanpoko artista askok du Euskal Herrira etorri eta Bilbao Song hori kantatzeko ohitura. Guk, Bilboko Iretargi bataiatu dugu. Letretan bariazioa, eta erritmoetan ere bai. Kabaret musikarekin ausartu naiz. Influentzia ezberdin asko ageri dira disko honetan; anglosaxoiak dira batzuetan, bertso mundua beste batzuetan, trikitixa erritmoak... Bariatua. Egokia, nire iritziz. Horrela jarraitu nahiko nuke lanean. Handik eta hemendik hartuz. Prevert-en hitzak eta Joseph Kosmaren musika duen kanta, esate baterako, musika kultua da. Ausartu naiz horretan ere. Aurrera egiten saiatu naiz.

Kantu zahar bat, berria: Biba Berango.
Gabriel Arestiren Biba Berango kanta berreskuratu dut. Mikel Laboak kantatu zuen sasoi batean, baina guretzat, trikitilariontzat egindako letra zen hura. Hala ere, garai hartan ez ginen konturatu, oso mundu itxian bizi ginelako. Berreskuratu nahi nuen. Eta eskerrak Mikel Laboari, bestela Neska zaharrak kantatzen segituko genuen. Aresti dela eta ez dela, Mikel Laboaren bidetik baino Natxo de Feliperenetik ezagutu dut, hark du merezimendua. Oskorriren aurreneko diskoak askotan entzun nituen. Orduan ez nuen Aresti gaur bezainbat ezagutzen, baina asko erakartzen ninduen. Aresti bertsolari zen, eta trikitilari. Arestiri jaso nion nik nondik jo behar nuen. Etikaz harexek hitz egiten du, eztabaidak ditu bertsolariekin, eta oso garbi adierazten du zer den gure egitekoa. Niretzat oso inportantea izan da Aresti... Jakina, eta norentzat ez? esango duzu zuk!

Azkena, Trikitixaren IV. Jardunaldietan egin genuen topo, Donostian. Koldo Izagirre zen hizlari egun hartan. Hark esan batzuk berritu nahiko nizkizuke, aukeratu dituzun letra eta egileen harian. Idazleak zioenez, Elgetak eta haren ikasleek doitu eta duindu egin zuten esku soinua «baina transmititu zuten mezua, damurik, ez zen egon forman lortu zuten edertasunaren mailan». Eta, gero, ohar bat Elgetaren miresleei egina: «... zuei dagokizue, Elgetaren zordun egiten zaretenoi, hark doitu zizuen trikitixa mezu duinez eta ederrez hornitzea».
Huts handia egin dugu, eta ez trikitixa munduan bakarrik. Guri dagokigunez, trikitilarioi, instrumentuari oso begira bizi izan gara. Teknikara, soinura. Halako batean, berriz, disko mundua etorri zitzaigun eta hark musikari lehentasuna emanez letra jarri beharra ekarri zuen. Uste dut horregatik jokatu dugula zabar, letrari dagokionez, alegia. Instrumentua zen garrantzizkoena, ez letra. Uste dut gaitz hori oso zabalduta dagoela. Alegia, musikatik abiatzen dira gehienak. Adibidez, «talde lanean egin dugu musika», diote askok eta askok. Musika egin lehenengo, eta hari letra erantsi, gero. Koldo Izagirreren kritikak galerarik ez duela iruditzen zait. Ni, mezuz hornitzen saiatu naiz lan hau. Bakarkako lan honek bide hori jarraitu nahi du. Nik kantuari emanda bizi nahi dut eta, gainera, trikitixarekin.

Beste batzuek gitarrarekin bezala, zuk esku soinuarekin.
Bai. Baina hor ere badira gorabeherak. Jendeak, trikitixa jotzen ikusi eta ez dio kasurik egiten mezuari. Hor da klixea. Gitarrarekin ari bazara, bestelakoa da jarrera.

Gitarrarekin ari bazara, ez dago dudarik: kantautore zara, «definizioz».
Bai, nonbait. Punk musikari ere aitortzen zaio protesta aukera hori. Trikitixari, aldiz, ematen du ezetz. Folklorismo merkearen bidean eutsi nahi diote. Hori ez zait batere gustatzen. Horregatik, bakarkako lana beste bide batean abiatu dut, baina beti trikitixarekin.

Zakurraren biolina sortu duzu, diskoa argitaratzeko zigilua.
Autoprodukzioa egin nahi genuenez, zigilua behar genuen.

Zergatik autoprodukzioa?
Egiteko aukera nuelako, etxean. Hori egin ahal izateko materialak ere gertu neuzkan. Gainera, froga egin nahi nuen. Diskoa egiteak atal asko dauzka. Guk, oro har, musika arlora zuzentzen dugu gure lana eta, izatekotan, produktuaren azala egitera. Askoz gehiagorik ez. Eta egin nahi nuen, bertatik ikusi nahi nuen. Eta interesgarria izan da, interesgarria baina, aldi berean, konplikatua. Uste baino konplikatuagoa. Orain hobeto ulertzen dut diskoetxeak egin behar izaten duen lana disko bat kaleratzeko. Bestetik, ordea, beraiek ere kantak egitera animatuko nituzke, guk zenbat lan egin behar izaten dugun kontura daitezen. Horrela, beharbada, hobeto konponduko ginateke bata bestearekin.

Zakurraren biolina.
Izen polita, ironikoa, umoretsua iruditzen zait... Disko osoa horrelakoxea dela uste dut.

Izen horrek ez al du besterik ere esan nahi? Alegia, jarduiok ttottoari edo antzeko purrustaren bat?
Normala da hori ere. Artistekin lan egitea ez da erraza. Nork bere ikuspuntua du diskoaren produkzioari dagokionez, eta talka egitea normala da hortaz. Eta normala da protesta jotzea ere.

Bada protesta ere, beraz?
Ironia dago. Trikitia hainbesteraino izan zen iraindua eta menostua!, trikitilariok eta trikitizaleok zakurrak bagina bezala tratatu izan gintuzten... Trikitixa ez da inoiz biolina izango, baina soinu apal horri musika zakurrok baino hobeto eragingo dion Nicolo Paganinirik ez dago. Ez dut segitu nahi biolinaren kontra, Arkaitz Miner haserretu egingo zait eta.

Zer esan behar diguzu promozioari buruz? Zakurraren biolina hari ere?
Balio du harentzat ere! Bitartekari asko dago. Kultura munduan, sustapen arloan sartu dira azken aldian. Oker ez banago, ikastaroak ere ematen dituzte. Nola atera dirua kulturatik. Horixe gaia. Artistak nola tratatu behar diren ere aztertzen omen da ikastaro horietan... Zakurraren biolinak aukera handiak ematen ditu.

Umorea eta ironia.
Letra guztietan nahi izan dut hori. Esateko modu egokia da, inondik ere. Ironia eta umorea. Ez al da elegantea? Ez da protesta besterik gabe, ez da iraina... Indar handiagoa dute umoreak zein ironiak. Gainera, gerta liteke lehenengo aldian esanahiaz ez jabetzea, baina bigarrenean iritsiko da. Aukera hori ere badu ironiak. «A!, hori ere esan nahi al zian, ba?».

Orduan eta barrurago sartuko da mezua.
Zer ederki, ezta? Nik uste hori ere gure egitekoa dela. Gure lanari lotuta dago. Ez dugu izarren edertasunaz bakarrik arduratu behar.

Etika eta estetika.
Ez dira oraingo kontuak. Gabriel Arestiri irakurri nion, eta gustatuta gelditu nintzen. Nik ere uste dut ezinbesteko dela biak batera jotzea.

Real Politik honek duen beste izen handi bat: Juanba Berasategi.
Juanbak ikaragarri jarri du disko honetan. Barruraino sartu da. Bere gain hartu du diskoaren estetika, barneko koadernoa, promozio kartela... Bere gain hartu ditu atal horiek denak, eta erdiz erdi asmatu duela iruditzen zait. Letren interpretazio plastikoa egin du, nik musikala egin dudan bezalaxe. Azal on bat egitea oso lan zaila da, baina Juanbak egin du. Talentu ikaragarria du tipo honek. Diskoaren azala ez da lehenengo froga. Singlea kaleratu genuenean abiatu genuen gure lanaren diseinua, eta hasieratik asmatu du, baina erdiz erdi. Gustu ematen du horrelako jendearekin lan egiteak. Are gehiago, horrelako jendearekin lan eginda konturatzen zara zein den inportantea jende onarekin lan egitea.

Renoko Euskal Programaren sortzaile William Douglassek kontatu zidanez, proiektua abiatu eta urtebetera hondoa jota zegoen, alde egiteko prest. Segitzekotan, Jon Bilbao kontratatzea jarri zion baldintza unibertsitateko errektoreari. Honen erantzuna, Jon Bilbaok ematen zuen neurriaren arabera juzgatuko zuela Douglass bera: «Bat zenbakiek bat zenbakiak nahi dituzte ondoan. Bi zenbakiek, aldiz, hiru zenbakiak», esan zion, pertsonak zituela gogoan. Zuk ere ez duzu onenekin lan egiteko dardararik izan.
Onenetik, horixe baietz. Letrak, laguntzaileak...

Musikariak...
Onenetik horretan ere! bereziki bi lagunek lagundu didate. Zazpi bat urte daramatzat beraiekin. Arkaitz Miner, biolina eta mandolinarekin, eta Jexux Aranburu, teklatu eta soinu handian. Izugarrizkoak direla iruditzen zait. Gazteak, oso ondo jotzen dutenak, baina entzuteko prest daudenak. Erregistro zabala dute. Ez dut hautaketa makala egin bi horiekin! Gainerakoan, bestelako laguntzak ere izan ditut, dela Mertxe Oliden, dela Natxo de Felipe -ohore handia izan da hura izatea-, dela Leturia -adiskide gara, hogeita hiru urte daramatzagu elkarrekin-, eta Maialen Lujanbio, Estitxu Eizagirre eta Ainhoa Aranburu, berriz, koruak egiten jarri ditut; kantari onak dira, kantatu ezinik ez zuten, baina pixkanaka joango gara.

Azken hitza
Euskaldunak jende gisa
atsegin gara Madrilen,
baina ez euskaldun gisa;
ta hala haserretu ginen
euskal arazoaz larriki
mintzatu bainintzaien.
Harrez gero agurra
ukatu zidaten
lehenengo eskuinekoek,
ezkerrekoek ondoren.
Ez dut izan gozoa
pasadizo hau Madrilen.
(Madrilgo lagunak poema-atala)
«Bitoriano Gandiagaren Madrilgo lagunak poema ere kantatu dut. 1977koa da letra. Kanta horrek bazuen arriskua. Musika jartzen ari nintzela agindu zuen su-etena ETAk. Derrepentean, zera pentsatu genuen, beharbada politikoki ez zela komenigarria izango. Baina ez dakit. Ez dakit ez ote dugun esperantza handiegi jarri atzerapausorik gabeko prozesu horretan. Dena dela, urtetako eta kasik mendetako sentimendua islatzen du poema honek, harritu nau inork musikatu ez izana hainbeste urtean».

Nortasun agiria

Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964). Esku soinuaz baliatzen den kantagilea. Trikitilari petoa. Plaza gizona. Mundu bat du hirutan. Bata, Leturiarekin elkarlanean duela hogeitaka urtetik hona banatzen duena: Tapia eta Leturia, Juergasmoan, Hain zuzen, Dultzemenoa, Ero, Tapia eta Leturia Band... Beste bat, Hiru Trukurekin egin duena, benetako ikasbide gertatu zaiona, hiru disko bikainen bidez. Tartean dateke Bizkaiko kopla zaharren gaineko lana eta, honen harian, musikari honen hirugarren mundua, bakarkako bidea: Apoaren edertasuna, Quebec, Agur Intxorta maite, Real Politik. Hiru munduek zulatzen dute Joseba Tapiaren artista bihotza. Unibertso oso bat.

Osaba Eleuterio
«1988an hil zen. Musikari handia zen. Baserri mundukoa, baina modernoa ere bai, bere erara, nahi bada. Haiek ez zuten folk terminoa ezagutu, edo musika tradizionala. Haiek soinu jotzaileak ziren, erromeria eta dantzarako jotzen zuten. Gerra ostean mundua erabat aldatu zen, baina baserri mundua atzerakoiago bihurtu zen. Rock hitza aipatzeak beldurra sortzen zuela gogoratzen naiz. Kanpoko eragina nekezago sartzen zen. Baina ziur nago gure osabak ulertuko zuela gaurko mundua, bide hau zergatik hartu dugun. Eta... nahiago nuke hemen balego!».

Pandxeroak
«Ematen du panderoa ez zela festa ofizialetarakoa. Herri txikietako kontua zen. Emakumeek antolatzen zuten festa, eta emakumeek kantatzen zituzten koplak, panderoa joz. Trikitixa sartu zenean, iraultza! Trikitilariek inportantzia hartu zuten eta panderoak, berriz, hortxe segitu zuen, bigarren mailan, artean gure maisuen garaian. Sakabik eta kontatzen zuten pandero jole gabe joaten zirela festara. Panderoa eraman bai, baina jende artean panderoa jotzen zekien norbait egonez gero, hark jotzen zuela. Nik uste egoera aldatzen ari dela, hemen eta munduan. Panderoak kontsiderazio ona du. Leturiak Vancouverren izan zuen estimazioa, adibidez; ez pandero jotzailea delako, bakarrik, baina horregatik ere bai. Panderoak, kanpoan hemen baino aintza handiagoa duela esango nuke, baina hemen ere indarra hartzen ari dela, izena irabazten».

Trikitilari zaharrak
«Beharbada berandu hasi gara trikitilari zaharren biografiak lantzen Trikitilari Elkartean. Horixe gertatu da kopla zaharrekin ere. Hitzaldi bat egiten izan genuen Jabier Kaltzakorta, eta horixe adierazi zigun, ze berandu hasi garen kopla biltzen. Eta, jakina, gauza asko galdu ditugu bidean. Hasi beharra zegoen, ordea, nahiz eta trikitilari askoren berri biltzea zaila zaigun, orain dela urte asko hil zirelako; batzuk behintzat. Idatzi ditugun biografien artean, Epelde da bizirik irauten duen bakarra. Laurogeita hamar urtetik gora da gizona. Gainerakoak, hil ziren».


Azkenak
2025-02-05 | Iñaki Murua
Bide luzea pauso ttikitan!

Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]


Gutxiengoa

Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Demokraziaren muga geopolitikoak

Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean

Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.


2025-02-05
Esker mila

Palacio de Arozteguia promotorearen enkarguz, legez kanpo ekin zioten 2021ean Baztango Lekarozko lurretan ehunka haritz ebakitzeari. Herritarrek gelditzea lortu zuten, gorputza makinen aurrean jarrita eta lur horietan egunak eta gauak emanda. Ilegalki jardun zuen enpresak ez du... [+]


Teknologia
Kanpokoa mehatxu

Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek... [+]


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


Judimendi: A ereduko ikastetxe estigmatizatua D ereduko auzo-eskola bilakatzen

Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]


Eguneraketa berriak daude