Aitarik gabeko etxean, bost haurrekin, nola moldatzen zen ama?
Nik egia esango dizut, amari, errespetua baino, beldurra gehiago izan diot. Ama gogorra izan genuen, eta nik beldurra nion. Aita bi urte nituela barran ito zen, eta ezagutu banuen ere ez naiz gogoratzen. Etxean lau lagun ginen, eta beste arreba bat dugu aita hilez gero jaioa, ama haurdun gelditu baitzen.
Diruak zenbat balio zuen ikasiko zenuten orduan...
Gure etxeko egoeratik tamaina hartu liteke poltsiko aldetik nahiko neurtuak izan garela. Eta nik beti izan dudan filosofia da, mutil batek edo neska batek, lanak eta diruak zenbat balio duen jakin behar duela aurrena. Irabazten baino lehenago gastatzen ikasten baldin badu, kontuz harekin. Zuk zure lanari estimazioa ematen ikasi behar duzu.
Gerrak ere gaztetxo harrapatu zintuen, soldadu joateko bezain heldu ez, baina inuzente izateko bezain ume ere ez. Nola ikusten zuten gerra hamahiru urteko baten begiek?
Ordurako zentzu pixka bat bai, eta gogoratzen naizena da, prentsan baino lehenago, harategian entzun nuela gerraren berri. Haragi bila joan nintzen batean zaharragokoak komentatzen ari ziren nola altxa ziren Marokon. Eta hemen ere berehalaxe sortu zen mugimendua. Gudariak geroxeago sortu ziren, baina milizianoak ikusten genituen metrailetarekin. Gerra uztailean hasi bazen Oriora irailean sartu ziren. Eta begien aurretik inoiz kenduko ez zaidana zubien leherketa da. Herri sarrerako zubia itzultzen zena zen, eta lehertu zutenean 45 graduan gelditu zen. Egun horietan Orio dena kristalezko alfonbra egina egon zen. Ez zen leiho bat bera ere osorik geldituko. Gurean tabike bat ere bota zuen. Eta gogoratzen naiz lehengusu batekin eta osabarekin itsas aldera paseatzera joan, eta nola ikusi genuen Espainia gerra barkua Donostia bonbardatzen. Kuartela bonbardatu zuen.
Gogorra izanagatik, bere alde ikusgarria, ederra ez esatearren, izango zuen gerrak mutiko batentzat.
Jakina, hamahiru urterekin pelikula bat izango balitz bezala ikusten nuen. Pentsa, erreketeak aurrera zetozela, kanioi bat jarri zuten Aldapetako mendian, eta hortik tiratzen zuen Mendizorrotzera. Gu, mutil kozkorrak, haren danbada entzuten geunden, Aldapetan bertan, atzean; «han, bota dik!» Han geundela nagusiagoko batek esan zigun, «alde egin ezazue hortik, alde azkar!» Izan ere, Mendizorroztik konturatu baldin baziren nondik tiratzen zitzaien, eta erantzuten hasi baziren, haien balak gure gainera etorriko ziren. Eskarmenturik ez, guk.
Eta surfa zer zen bazenekiten orduan?
Gure jolasa pilota zen, egun guztian frontoian ibiltzen ginen. Surfa? Ezta entzun ere. Baina ni igerian nahiko iaioa izan naiz. Lehiaketan ibiltzeko moduan ez, baina iaioa. Ur hotzik ez dut sekula sentitu, bainu-jantzia jantzi eta zast putzura. Beraz, tailerra utzita gelditu nintzenean bizikletan joaten nintzen hondartzaraino, eta han ikusi nuen aurrenekoz surfa, olatuekin jolasean jendea. Hain egin zitzaidan kirol ederra, segidan sortu zitzaidala egarria. Baina lehen esan dudan bezala taula erosteko dirurik ez zen. Eta tailerra utzia bainengoen, hortik bururatu zitzaidan, «eta hi hasiko bahintzake horiek egiten?». Hala hasi nintzen, bizibidea bideratzeko asmotan.
Baina nork eros zezakeen orduan 8.000 pezetako taula bat?
Inork ez! Horregatik, nire asmoa ahal zela taulak merke ateratzea zen. Herriko mutilen eskura jarri nahi nuen surfa, edozein poltsikorentzat irits zedila. Eta aurreneko taula egiteko taula frantses bat erosi nuen Donostian. Hartatik moldea atera, eta hura bezalako taulak egin nituen. Gero nik taula erosi nion denda harixe berari eskaini nion, 2.500 pezetan. Hark 5.000n jarri zuen, nire muturraren aurrean, salgai. Eta gainera, baldintza batekin, hura saltzen zenean kobratzekotan. «Burla egingo diozue besteren bati» pentsatu eta neure kasa hasi nintzen. Zuzenki saltzeko ideia hartu nuen, baina ehun taula batera zintzilik edukitzera iritsi nintzen, ez zen amaren semerik hura erosiko zuenik!
Zenbat saldu zenituen?
Banaka-banaka-banaka, denak saldu nituen azkenean, ehun bat taula. Baina bizi egin behar zen, eta astean taula bat salduarekin ez zegoen bizibidea ateratzerik. Nik uste nuen, «hauek txurroak bezala aterako dituk», baina bai zera! Pentsatzen egon nintzen plastikozko estalkiak egitea ere, itxura bat emateko, baina bide erditan gelditu nintzen.
Eta nor ziren orduan Orioko hondartzan surfean ibiltzen zirenak?
Kanpotarrak, frantsesak asko. Orduan surflari ona izango zenak alproja pixka bat behar zuen, eta gehienak hala ziren, estudiatzen huts egindakoak, aberaskumeak. Ikusia nago ni oraintsu, herriko bi seme, kapritxoa izan, autoa hartu eta Mundakara joaten. Orduan autoa nork zuen? Eta txanponak ere nork hemendik Mundakara joateko? Erosotasunak ekarri du hori.
Orain bezala olatu klase bakoitzerako ohol klase bat izaten zen?
Olatu klaseak eta horrelako gauzak orain sortutakoak dira. Kirola bera joan da ikusgarritasuna irabazten. Baina nik nabaritzen dut alde handia izango dela, pilotan bezala ezkerra edo eskuina izan, olatua ere ezkerra edo eskuina izan.
Zuk taulak egin bai, baina hartu duzu inoiz olaturik?
Zutik jartzeko adina ez, etzanda eta zerbait ibiltzen nintzen. Beraz, gerora galdetzen zidatenean taula haien gainean nola ibili behar zen nik ahal bezala aholku ematen nien. «Begira, gu gazte ginenean hemen surfik eta horrelako erremintarik ez zen, baina tankera ematen diot fisika aldetik begiratu eta nola izan behar duen. Etzanda joan olatuaren bila, eta olatua ikusten baldin badut, 'hau itxurazkoa duk', jira eman. Olatuari ipurdia jaikitzen zaionean tente jartzen saiatu. Ikusten badut olatuak ihes egin didala, hurrengoan pixka-pixka bat aurrerago jarri hankak, pisua aurreratzeagatik, taularen gaineko grabitate zentroa aurreratzeagatik. Eta behin zutik jarriz gero, gorputzari neurria hartu behar». Horra nire esplikazioa zein izaten zen. Lehengo urtean surf zinemaldirako zerbait egin nahian etorri zirenean, esplikatu nion bati zer aholku ematen nizkien, eta harritu egin zen, «zuk esplikazio horiek ematen al zenizkien gurasoei? Nik hobeto ez nien emango».
Surfa kritikatu ere egiten da, halako janzkera, kultura, estilo amerikar kutsuko bat ekarri duelako Euskal Herrira... Ez da olatua hartzea bakarrik, kultura oso bat da surfa.
Hori gauza guztietan daukazu, baita beste janzkerekin ere, edo zapatekin... Surfarekin berdin. Baina hori pezetak tartean dauzkanen bati ateratzen zaion burubidea da. Eta amerikar kutsua horrek bakarrik ez, denak du. Amerikarrek kaka egiten badute gu ere kaka egitera.
Oriotarra izanda, eta hain artetsua esku lanetan, traineruak egiten hastea ez zitzaizun burutik pasa?
Traineruak egiten ez naiz sekula ibili baina egiten zebiltzanei laguntzen bai. Orion dena da estropada, dena estropada, estropada... Baina estropadan oker handiak dabiltza. Koinatu bat badut, hura ere arraunean ibilia, eta hark esaten du «olatuari noiz tira behar zaion jakin egin behar dik». Nik ezetz, «olatuari tiratzeko, aurrena ontzi hark egon behar dik preparatua olatua hartzeko». Alegia, surfak, txalupak edo makila batek, grabitate zentroa atzera begira baldin badauka, hark ez du olaturik hartuko. Hori hala da. Beti izan naiz ni arrazoien bila joan naizena, «hau hala da» entzun ezkero, nik «zergatik?», eta hasi nintzen gai honetan ere pentsatzen. Fisikaren ikuspuntutik aztertzen baldin badugu arrauna palanka bat da. Eta palankak izaten ditu erresistentzia, potentzia eta indar denen oinarri puntua. Arraunak non du indar denen oinarri puntua? Askok esango dizute, «toletan». Ez ba. Palan du, nik ontzia eraman behar baitut arrauna dagoen lekura. Toletan erresistentzia du! Eta alde horretatik etorri da oker handiena; traineruak lehen estuak izaten ziren. Gu biok trostan jarri eta toletatik honakoa derrigorrez motza behar, bestela biok ez ginen kabitzen eta! Hau motza denez, zuk egiten duzun indar guztia txalupa eramateko da. Baina urteak joan ahala traineruak zabaldu egin dituzte. Eta palanka esaten diotena, potentzia besoa, lehengo aldean luzea da orain! Hori da okerra. Autoari ere aurrera bultza behar bazaio atzetik bultza beharko zaio ba! Ez behintzat saihetsetik! Beraiek ez dira konturatzen baina orain pala pasa egiten zaie. Hamarretik hiru edo lauri pala mugitu egiten zaie. Elhuyar zientzia aldizkarian publikatuta daukat nik hau. Garai haietan ez zegoen hemen amaren semerik 33 pala baino gehiago joko zituenik minutuan. Bai ba, hau motza zen eta. Baina berak konturatu gabe, orain, potentzia besoa luzatu, eta pala pasa egiten zaie! Ilobarekin egoten nintzen, eta hark esaten zidan, «osaba, oker zaude, oraingo teoria da arrauna azkar pasatzea». «Arrazoi duzu -erantzuten nion-, azkar bai, baina pala pasatzen ez den bitartean». Frogatua dago gainera, esan mutilei «beno, gaur marka joko diagu». Aurrena arraunketa lasai bat hartu eta raaaauuuf raaaauuuuf joan. Gero, «jo gogor, dena emanda etorri!». Kronometroa gelditu, eta aztertu. Mutila nekatzen den proportzioan kronometroak ez du askoz ere gutxiago markatzen. Eta aulki mugikorrak izorratu du hori dena, aulki mugikorreko teoria baita azkar pasatzea. Baina era horretara indarrak ez dauka denborarik traineruari itsasteko. Arazoa da ni hori esatera joango banintz moilara, «hau burutik joana dago» esango lidaketela. Bai, dudarik gabe gainera. Baina arraun mundua desartikulatua dago erabat. Ni seguru nago hona arraunaren tekniko bat etorriko balitz nik esaten dudana esango lukeela.
Baina orduko markak hobetzen ari dira orain.
Errekor horiek lotsagarriak daude ordea! Beste guztietan, harria jasotzen, ehun metrotan, jabalina jaurtitzen... Lehengo errekorrak hauts eginda geldituta daude. Eta hemen hor dabiltza segundo batez hautsi omen dutela eta...
Orain Kontxan hemeretzitik behera ere jaitsi dira.
Baina nire kontuei segituta horiek hemezortzian egin behar lituzkete! Garai haietan, hamahiru arraunlarietatik denak enpatxatuta joaten ziren, txuleta janda. Begira, Oriok 1970ean egin zuen oraindik eguzkiaren azpian inork egin ez duen marka. Getariatik Donostiara jarri zuten estropada bat. Denei abantaila eman zien eta bera azkena atera zen. Oriok estropada irabazi egin zuen hala ere.
Baina ez zara zu surf oholen aitzindaria eta arraun aditua bakarrik. Musikarako grina nondik datorkizu?
Musika konposatzeko grina hori beti izan dut nik. Ahotsa ona behin ere ez dut izan, baina belarria nahiko txukuna bai. Eta Aiako organista hil zenean, neu hasi nintzen. Hamalau urte egina nago han organoa jotzen.
Hiru mila partituratik gora dituzu konposatuak. Nondik ateratzen da hainbeste?
Musika konposatu behar duenak atrebitua izan behar du, sortzeari beldurrik ez izan. Eta niri gustatzen zait ateratzen den eran lan egitea. Baina ateratzen den horri ahal bada tonuak aldatu eta horrelako narraskeria batzuk eginez. Hori bai, beti belarrira atsegina izan dadila. Nik egunero konposatzen dut musika. Eta eskerrak honi, erretiro denbora bete dit eta. Jubilatu nintzen egunean esan nion ilobari, «hi Luis Mari, niretzat erretiroa ez duk jaiki, prestatu, plazara joan eta bi eskuak patrikan sartuta egotea. Nik atera egin behar diat zerbaiten bila, egiteko gai naizen hura egin». «Eta ordenagailutan sartzen bazara?» bota zidan, informatikoa baita bera. «Oso ondo». Eta hemen nabil egunero, ordenagailuko programa baten bidez musika konposatzen.
Elizako kantuak sortzen dituzu. Baina han ere ez dira denak kolore bakarrekoak izango. Zer bilatzen duzu musika sortzean?
Nik korrika egiteko pista prestatzen dut, konpasa jarri, zein tonutan ibili behar duen erabaki, eta hasi. Hitzak irakurtzean, «joño, esanahi honi hemen txirripistin bat sartuko niokek», eta hitzen esanahia musikari emanaz ibiltzen naiz. Hitzari jartzen diot musika.
Eta oraingo kaleko euskarak zer musika du?
Buffffff! Sehaskatik ikasi genuenoi belarriko mina ematen digu. Euskaldunok oso sotilak izan gara beti, ezjakinak ere pixka bat bai, eta euskararen boom hau sortu zenean, ikastolak ere sortu zirenean, ondo. Baina ikastoletan euskaraz sehaskatik ez dakien asko dabil. Eta han entzuten bada, «hire arrebari ikusi al diok?» umeak halaxe ikasten du. Eta nola ikastolan ikasi duen haurrak, etxera etorri, eta amak uste hark egiten duela ondo, eta ama ere hala hitz egiten hasi! Lehengoan ikusi nuen Orioko emakume bat, frontoiko aldapan behera zetorren bi semerekin, eta mutil kozkorretan gertatzen dena, handiak txikia jo egiten. Orduan txikiak amari, «ama, jo egiten dit». «Jo egiten al dizu?» amak, eta zaharragokoari etortzeko, baina seme zaharrenak, «ez, jo egingo didazu eta!». Eta amak erantzun, «ez, puskatu egingo diat!». Eta zenbat horrelako! Ene!
Eta komunikabideetan?
Badut liburuxka bat astero-astero irratian entzundako eta prentsan irakurritako kirtenkeriak sartzen ditudana. Begira, hona aste honetako uzta: «ez dituena oraindik erabaki» esan zuten, oraindik erabaki ez dituena, ez al da hobeto? «Ez duena egiten», egiten ez duena, ez al da hobeto? «Arriskuak oso direla larriak», arriskuak oso larriak direla, ezta? Horrelakoetan dago kristoren akatsa. Eta hortik dator oker handiena, joskeratik. Euskaraz oraindik sortu gabea den hitz bat baldin badago, ingelesetik eta erdaratik hartu eta lasai ekarri. Hark ez du hainbesterainoko okerrik. Okerra beste horretan dago, hizkuntzaren barruko funtsean. Nik euskeranto esaten diot.
Euskarak belarriko mina ematen du. Euskal Herriak ematen du minik?
Latza da hau esan behar izatea, baina nik etorkizuna oso latza bilatzen dut. Ni beti izan naiz Euskadi askatuta ikusi nahi izan duena, Francoren denboran gaizki ikusia eta gero ere bai. Uste dut nahikoa esplikatzen ari naizela, ni Herri Batasunakoa izan naiz beti, Euskadi askatzeko ideia hori izan dut, baina orain ikusten ari naiz politiko askok nahiago dutela Euskadi askatua baino Euskadi aberats bat Espainia barruan. Tristea da gero! Gazte denborako kontuak gogoan dauzkat, eta orduko zaharrei beti entzuten nien, «politika? Politika dena dirua da.» Eta orain ari naiz konbentzitzen baietz. Hamarretik bederatzi eseraulkiaren bila hilaren azkenean.