Ihesi: Goi paleolitoko aztarnen bila


2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Astigarraga eta Oiartzun lotzen dituen GI-2132 errepide bazterrean Perurena jatetxea dago. Txomin Perurena txirrindulari famatuaren jaiolekua da baserri hau, eta bertan hartu behar dugu Listorreta-Barrengoloia atsedenlekura eramango gaituen errepidea. Orain gutxi konpondu du errepidea Errenteriako Udalak -Listorretako atsedenlekua Errenteriako udalerriari dagokio-. Asfalto eta seinale berriak jarri dituzte, eta Listorretan bertan aparkaleku handi bat atondu dute. Listorretara iritsi aurretik, beste goi-mailako jatetxe bat aurkituko dugu bidean. Mugaritz du izena eta Luis Mari Aduriz sukaldariak zuzentzen du. Izen handiko jatetxea da, eta mundu guztiko jendea etortzen da bertara. Ez gara errealitatea puzten ari. Iaz, aldizkari japoniar batek munduko jatetxe onenen zerrenda egin zuen, eta Mugaritz 10 lehenengoen artean sailkatu zuen. Aizpitarteko haitzuloen inguruko txangoa bazkari on batekin amaitu nahi duenak, aukera paregabeak ditu inguruan.

Mokofinak nahasten hasi aurretik, ordea, jarrai dezagun gure ibilbidearekin. Mugaritz ondotik pasatzen den errepidetik aurrera egin behar dugu, eta autoa Listorreta-Barrengoloiako aparkalekuan utzi. Asfaltozko errepidea bertan amaitzen da eta ez dago galbiderik. Aparkalekuaren ondoan informazio bulego bat dago. Aiako Harria Parke Naturalaren inguruko informazioa jaso dezakegu bertan.


5,2 kilometroko ibilbidea

Informazio bulegotik abiatuta bi aukera ditugu. Bata, Susperregi jatetxera doan autoentzako bidea hartzea. Bestea, informazio bulegoaren parean dagoen mendi bidexka hartzea (PR-GI 86). Naturaz gozatu nahi duenarentzat bigarren aukera hau da egokiena. Egia da aldapa pikoa igo behar dela, baina inguruko zuhaitzak ikusteak merezi du (haritzak eta urkiak). Aldapa piko honetatik gora Susperregi jatetxera iritsiko gara. Hasierako hau da ibilbidearen zatirik gogorrena, eta arnas estuka dagoenarentzat oso aproposa da jatetxe ondoko iturria. Ura edan eta gero, Malbazarrera doan bidea hartuko dugu.

Puntu honetatik aurrera autoentzako ibilbidea moztuta dago, eta Aiako Harria Parke Naturalak eskaintzen digun paisaia are ederragoa da. Bidearen eskuinaldean, esaterako, Igoin mendia ikus daiteke. Azkenaldian, zoritxarrez, erraustegiaren kokapena dela medio famatu egin dira Igoin mendia eta Igoin Azpiko lurrak, eta bisitari asko etorri da inguru hau ezagutzera. Nolanahi ere, Aizpitarteko kobazuloen inguruko ibilbide honek bere horretan mantentzen du xarma.


Baso mistoa

Aldapa gora beste 500 metro ibili eta gero, Idoia izeneko bidegurutzera iritsiko gara. Bidegurutze horretan Landabarsoko errekara doan bidea hartu behar dugu. Paisaia erabat aldatuko da. Aldapa behera egingo ditugu hurrengo kilometroak, eta Aizpitarteko haitzuloen inguruan dagoen basoan bete-betean barneratuko gara. Baso mistoa da Aizpitartekoa, eta bertan haritzak, pagoak, urkiak edo errekazulo babesetan bizi diren landareak ikus daitezke. Baso zabal eta lasaia izaki, fauna aberatsa du oso. Zuhaitz artean, okil txikiaren eta garrapoaren mugimendu bizkorrak ikus ditzakegu; adarrarte ezkutuenetan, basakatua, basurdea eta orkatza; eta zeruan, arrano txikia eta zapelatz liztorjalea. Harkaitz artean habiak egiten dituzten txoriak ere ez dira falta, besteak beste, saiarreak, saizuriak, belatz handiak eta erroiak.

Aizpitarteko basoarean azpiko aldean Landarbaso erreka dago, eta haitzuloetara eramango gaituen bideak erreka ondotik jarraitzen du. Errekako uraren gardentasunak eta ur jauzi txikiek are atseginagoa egiten dute ibilbidea. Landarbaso ibaiaren ondotik aurrera goazela belardi dotore batekin topo egingo dugu. Astigarrez inguratutako belardia da, eta merezi du bertan atseden hartzea. Izan ere, Landarbaso ibaia zeharkatzen duen zubira iritsi ondoren, 100 metroko aldapa piko bat igo behar da Aizpitarteko haitzuloetara iristeko.


Aizpitarteko haitzuloak

Sekulako paisaia ikus daiteke haitzuloen kanpoko aldetik. Igoin mendia parez-pare dago, eta Aizpitarteko basoa azpiko aldean. Haitzuloak itsasoaren mailatik 330 metrora daude, eta Landarbaso errekaren inguruko harana begiztatzeko leku paregabea dira. Ikuskizuna, ordea, are ederragoa da barrura begira jarriz gero. Arkeologoek orain dela 30.000 urteko giza aztarnak aurkitu dituzte bertan, Goi paleolitokoak hain zuzen ere. Besteak beste, aizkorak eta lantzak aurkitu dituzte, eta hainbat animaliaren hezurrak ere bai: hiena, haitzuloetako hartza, tigrea eta elur-oreina. Hainbat urtez itxita egon ondoren, gaur egun haitzuloetako sarrera irekita dago, eta oso interesgarria da barrura sartzea. Pentsatuko duzuen bezala, iluntasuna nagusi da bertan, eta horregatik beharrezkoa da linterna bat eramatea.

Aizpitarteko haitzuloek duten xarmaz gozatu ondoren, berriro ere Landarbaso errekara eramango gaituen bidera itzuli behar dugu. 100 metroko aldapa pikoa jaitsi, zubia pasa eta eskuinaldera abiatuko gara aldapa behera. Jaitsiera arriskutsu xamarra da, harri asko daude eta lokatza ere bai. Horregatik, ibilbidearen azken metro hauek lasai eta tentu handiz egitea komeni da. Jaitsiera amaitzean, baserri bide batera iritsiko gara. Bide honetan ohikoa da traktorean doan inguruko baserritarren batekin edo ardiak batetik bestera daramatzan artzainen batekin topatzea. Baserri bidean gora Landarbaso-Barrengoloiako atsedenlekura iritsiko gara, eta bertatik-bertara ikusiko dugu gure ibilbidearen abiapuntua: Aiako Harria Parke Naturaleko Informazio Bulegoa.

Informazio bulegoa
Aiako Harria Parke Naturalean barrena ibili nahi duenari informazioa eta bisita gidatuak ere eskaintzen dizkio informazio bulegoak. Monitore baten laguntzaz ibilaldia egiteak 2 euro balio du. Informazio gehiago nahi duenak www.gidaide.com edo 696.146.733 telefonoan eskura dezake.

5 herriren Harria
Endarako harizitiak, Oianlekuko pagadiak, Bianditz eta Akolako monumento megalitikoak, Arditurriko erromatarren meatzeak… Aiako Harria Parke Naturala bisitatu nahi duenak badu zer ikusia. Gipuzkoako ekialdeko muturrean dago eta 6.913 hektarea ditu. Bost udalerritako lurrak hartzen ditu: Hernani, Donostia, Errenteria, Oiartzun eta Irun. Hegoaldean, Nafarroarekin egiten du muga, eta ekialdean, Lapurdirekin. Parke Naturaleko punturik garaiena Aiako Harria da (834 m) eta apalena Bidasoa ibaiaren azpialdea (6 m). Orain dela 10 urte eman zitzaion Parke Naturalaren izendapena Aiako Harriari. Izendapen honen helburuak honako hauek dira: bertako ekosistemak babestea, gizarte eta ekonomia jarduerak sustatzea, jarduera tradizionalaren hobetzea eta berreskuratzea, naturaren ezagutza zabaltzea, eta oinarrizko prozesu ekologikoen azterketa bultzatzea.

Parke Naturalera eramango gaituzten sarbideei dagokionez, bertara iristen diren hainbat errepide daude. Besteak beste, Ingelesaren gaztelutik Irundik Oiartzunera doan errepidea, Oiartzun eta Lesaka lotzen dituen Aritxulegiko bidea, Oiartzundik Artikutzarainoko errepidea edo Errenteriatik Listorretako atsedenlekura doana.

«Errauskailurik ez»
Landarbasoko bailara oso ezaguna egin da azken urte honetan. Ekainean, Donostiako Udalak erraustegia bertan eraikiko zuela jakinarazi zuen, eta albiste horrek hautsa harrotu zuen bizilagunen artean. Landarbaso Bizirik elkartea osatu zuten, eta geroztik errauskailuaren aurkako makina bat protesta ekitaldi antolatu dituzte. Protesta giro hori bertatik-bertara arnastu daiteke Aizpitarteko haitzuloen inguruko ibilbidean. Listorreta-Barrengoloiako atsedenlekura gerturatzen garen heinean, errauskailuaren aurkako hainbat pankarta ikusiko ditugu errepide bazterrean, eta baita Aizpitarteko haitzuloen inguruan ere. Landarbaso eta Aiako Harria Parke Naturalari kalte handia egingo lioke errauskailua eraikitzeak, eta bizilagunen helburua bisitariak kalte hortaz jabetzea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Paleolitoa
Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Izturitze eta Otsozelaiako lezeak: Gazteluko muinoko historiaurreko altxorra
Urteak igaro ahala gero eta gehiago badakigu, aberasten gara eta gure jakintza hori zuzentzen dugu. Ezer ez da geldirik egoten, dena aldatu eta higitu egiten da, mugimendu horrek liluratzen gaituen bitartean. Hori da Gazteluko muinoaren barnean gordetzen den altxorrak eskaintzen... [+]

DUELA 20.000 URTEKO PICASSOAK
Paleolitoko gizakiak egindako artelanak begiratzeak beti sortzen du halako zirrara, harridura eta beldur antzeko zerbait nahasita. Gaurko gizakia txundituta gelditzen da haitzuloak diren leku misteriotsu eta irreal horietan bertan, gure arbasoek errito sakratuak eta zeremonia... [+]

Jesus Altuna: «Iragana hainbeste hondatu gabe ere eraiki dezakegu etorkizuna»
Zientzialari ilezuri, jakintsu eta atseginaren klitxea betetzen du Jesus Altunak. Hamarretik gora daki, baina harrokeriarik gabe ari da. Patxadan eta gozo mintzo da, arrazoiaren indarrez, eta autoritatez. Plazer da berarekin hitz egitea, zentzuz eta senez jarduteko dohaina... [+]

Liztor habiak, labar artea datatzeko

1891n nekazari batek Gwion estiloko hainbat labar pintura aurkitu zituen Kimberlyn (Australia).


Paleolitoko grabatuak Tarragonan

Font Major kobazuloa (Tarragona, Katalunia) 1853an aurkitu zuten eta urte asko dira bertan arkeologoak lanean ari direla.


Jostorratzak baino lehen

Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.


Ekain, bilatua eta aurkitua

Deba (Gipuzkoa), 1969ko ekainaren 1a. Zestoako mugan, Izarraitzen magalean, kobazulo baten sarrera aurkitu zuten Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik.


88.000 urteko hatz zati baten garrantzia

El Nefud basamortuan (Saudi Arabia) , Al Wusta izeneko aztarnategian, Homo Sapiens espeziearen hatz fosilizatu bat aurkitu dute eta, uranio serieen bidez, Max Planck Giza Historiaren Zientzia Institutuak 88.000 urtetan datatu du.


Historiaurreko grabatu “paregabeak” aurkitu dituzte Lekeitioko Armintza koban

Bizkaiko Aldundiaren esanetan duela 14.000 urteko grabatu multzoak "kalitate tekniko argia" du eta berezia da irudiak "oso argi" ikusten direlako.


Alkerdi koben ondoan dagoen meatzeko lanak behin betiko geratzeko eskatu du Aranzadik

Zientzia elkartearen ustez haitzuloan historiaurreko aztarna gehiago aurkitzeko “aukera handiak” daude eta eremu osoa babestu behar da.


2016-09-01 | Erran .eus
Paleolito garaiko grabatu berriak aurkitu dituzte Urdazubiko Alkerdi lezeetan

Orain artean ezezagunak ziren eta Nafarroan aurkitutako zaharrenak lirateke. Hori dela eta, Aranzadik leize ondoko harrobiko jarduerarekin ez jarraitzea gomendatu du.


2016-08-29 | Erran .eus
Arriskuan daude Urdazubiko leizeetako historiaurreko grabatuak, harrobi bateko obren erruz

SOS Alkerdi, Urdazubiko ondarea babesteko plataformak Berroberria, Alkerdi eta Zelaieta inguruko leize babestuetan gertatzen ari dena ezagutarazi du. Gune horretan dago gaur arte ezagutzen den Nafarroako labar arte paleolitikoaren kokaera bakarra. Haien gainean harrobi bat dago;... [+]


Berriatuako Udala “harrituta”, Atxurra kobako aurkikuntzaren berri prentsaren bidez izan duelako

Asteartean aurkeztu zuen Bizkaiko Aldundiak paleolitiko 70 pintura eta grabaturen aurkikuntza. Berriatuako Udalak ez du inolako informazio edo berririk izan orain arte.


2014-05-29 | Ibon Larrazabal
Longyouko haitzuloak

1992an Shiyan Beicun herritik hurbil, Txinako Zheijang probintzian, herritar batek Longyouko haitzuloak aurkitu zituen. Urez beterik zeuden eta horregatik naturak sorturiko leize nahiz haitzuloak zirela uste izan zen hasieran, baina urez hustu ondoren gizakiak eraikitakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude