Uhin elektromagnetikoak naturaren gertakari dira. Uhin elektromagnetikoa da, esaterako, oraintxe lerro hauek irakurtzea ahalbidetzen dizun argi ikuskorra. Espektro elektromagnetikoari begiratuta, ordea (ikus irudia 6. orrialdean), erraz konturatuko gara argi ikuskorra haren zati txiki bat baino ez dela. Uhin edo erradiazio elektromagnetiko mota asko dago, eta sano ezaugarri desberdinak dauzkate.
Uhin elektromagnetikoak ionizatzaileak edo ez-ionizatzaileak izan daitezke. Lehenbizikoek -gamma izpiek, X izpiek eta argi ultramore urrunak, hain justu- oso energia handia dute, eta gauza dira karga elektrikorik gabeko atomoak kargatutako atomo, hau da, ioi, bihurtzeko. Materia bizietan, erradiazio ionizatzaileak «zelulak hil ditzake, edo haien ugalketa-sistema eraldatu», Oscar Martinez de la Fuente EHUko Ingeniaritza Nuklear irakasleak dioenez. Aldaketa horien ondorioetako bat minbizia izan daiteke. Erradiazio ionizatzaileak ondo ezagunak dira eta nazioarteko legedia, honenbestez, oso zorrotza da haiei dagokienez.
Aldiz, eta Martinez de la Fuenteren hitzetan, «ez dakigu hainbeste uhin ez-ionizatzaileek giza-osasunari egin diezaioketen kalteez». Azken urteotan, telefonia mugikorraren zabalkundeak mahai gainean jarri du eztabaida. Telefonoaren eta antenaren arteko lotura mikrouhin bidez egiten da, eta orain dela hamarkada asko ezagutzen dugu haien eraginetako bat: materia berotzen dute. Baina iritziak ez datoz bat erradiazio mota honen bestelako ondorioez.
Juan Manuel Roman Ecologistas en Acción elkarteko kideak dioenez, azken urteotan makina bat ikerketek agertu dute telefono mugikorren mikrouhinek era guztietako kalteak egiten dizkiotela gure osasunari: aldaketak elektrokardiograman eta entzefalograman, kalteak guruin endokrinoetan, liseri-aparatuko gaitzak, kalteak inmunologia-sisteman... Josu Jauregi GEAko (Geobiologia Aztertzaile Elkartea) kidearen esanetan, uhinok burmuinari eragiten diote, eta informazio genetikoa ere aldatu ahal dute. «Horren ondoriorik arinenak -dio Jauregik- lo egin ezina, ondoeza, arreta eza... dira. Larrienak, tumoreak».
Hala dioen ehunka azterketa dago, eta aurkakoa aldarrikatzen duen beste mordo bat ere bai. Juan Manuel Romanek berak adierazi digunez, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) esan du telefonia mugikorrak ez daukala inongo eragin kaltegarririk giza-osasunean: «Industriaren presioa jasaten dute horiek ere, diruak agintzen du eta».
XXI. mendeko kontua
Ekologistek salatu egiten dute azken urteotan barra-barra ipini direla telefonia-antenak, zaharrak kendu gabe gainera. Hain zuzen, Romanek dio orain dela lau urte-edo hasi zela gai hau pil-pilean jartzen Espainiako Estatuan, «denok eskuko telefonoa edukitzen hasi ginenean gutxi gorabehera».
2001ean, hain zuzen, gai honi buruzko txostena prestatu zuen Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak; eztabaida pizten hasia zen ordurako, nonbait. Ministerioko adituek hitz gutxitan azaldu zituzten euren lanaren ondorioak: «Gaur egungo igorpen-potentzia, gomendioen arabera kalkulatutako distantziak, zein zientziaren ezagupideak kontuan hartuta, telefonia-antenak eta eskuko telefonoak ez dira kaltegarriak osasun publikorako». Besteak beste, txostenak aipatu egiten du ez dela, orain arte, uhinen eraginaren eta inolako gaixotasunen arteko harreman biologikorik aurkitu.
Telefonia mugikor konpainiek ere kezkak uxatu nahi dituzte: «Guk uhin elektromagnetikoei buruzko legedia betetzen dugu zehatz-mehatz», dio Euskalteleko bozeramale batek. «Are gehiago: gehienezko igorpenen %10ean ibiltzen gara». Euskaltelen ustez -bide batez gogoratu dezagun beraiek ez daukatela antenarik ipintzeko baimenik, beste batenak ustiatzeko baino ez-, gizartea alferrik ari da asaldatzen gai honen inguruan.
Mikrouhinak bakarrik ez
Espainiar Ministerioaren txostenak, alabaina, ez zuen telefonia mugikorra -hots, mikrouhinak- bakarrik aztertu. Kezka, itxura denez, espektro elektromagnetikoko eremu zabalago bati dagokio, eta horregatik orain dela bost urteko lan hartan 0 hertzio (Hz) eta 300 gigahertzio (GHz) arteko maiztasuna daukaten eremu elektromagnetiko guztiak aztertu zituzten -arriskua sortzen dutenik ukatuz beti-. Hau da, oso maiztasun txikiko irrati-uhinetatik hasi eta argi infragorrira arte. Juan Manuel Romanek azaldu digunez, Ecologistas en Acción taldea arreta bereziz ari da jarraitzen transformadore, goi-tentsioko linea eta azpiestazio elektrikoak: «Batzuen inguruan jende askotxo hil da minbiziz, eta badaude zenbait ixteko sententziak».
Romanek dioenez, ikerketa batzuek agerian utzi dute badagoela harremanik halako instalazioen eta umeen leuzemiaren artean, ondorioetako bat besterik ez aipatzearren. Eta adibide modura Madrilgo transformazio-zentral biren inguruko afera gogoratu du Ecologistas en Acciónekoak: «Bertako ingurugiro fiskalak biak hala biak ixtea eskatu du. Baten inguruan 45 lagun hil dira minbiziak edo bihotzeko gaitzen batek jota; bestearen inguruan, 13».
Josu Jauregik, berriz, etxean dauzkagun tresna elektrikoen (hozkailua, arropa-garbigailua, ordenagailua...) arriskuez ohartarazten gaitu. «Kaltegarria da halakoen ondoan lo egitea, telebistatik hurbilegi jartzea... Eta berdin dio beste gela batean egotea, eragina bera da. Orain, esaterako, jende askok dauka iratzargailu elektronikoa. Burutik oso hurbil edukitzen dira, egunero zortzi orduz, eta horrek izugarrizko kaltea egiten du». Jauregik dioenez GEAko kideek topatu izan dituzte, etxez etxe egindako ikerketetan, uhin elektromagnetiko horien eta minbiziaren arteko loturak.
Askok diote, berriz, ez dela behin ere frogatu uhin horien eta minbiziaren arteko harremanik, biologiaren ikuspuntutik bederen. «Lemoizko zentralaren aurkako borroka puri-purian zegoenean ere -argudiatzen du Jauregik-, erradiazio nuklearra ez zela kutsakorra esaten zuten zientzialari askok. Ea Txernobilen gertatutakoaz geroztik nor ausartzen den halakorik esatera». Antzeko zeozer gertatzen da orain uhinekin, GEAkoaren aburuz: «Interes handiak daude tartean eta saiatzen dira noski uhinek eraginik ez dutela esaten». Susmo hutsa nahikoa arrazoi litzateke ordea neurriak hartzeko, Jauregiren esanetan. «Ikertzaile batzuek harremana ukatu arren, beste batzuek harremana egon badagoela diote eta!».
«Funtsik gabeko kezka»
Jose Manuel Barandiaranek elektromagnetismoa irakasten du EHUn. Beraren ustez, uhinengatiko kezkak ez dauka funtsik. «Arriskutsuagoa da eguzkitan eta babesik gabe lo egitea, telebista ondoan baino. Eta telefono mugikorraren arriskurik handiena gidatzen den bitartean erabiltzea da». Mikrouhinei dagokienez, Barandiaranek dio beroketa dela oraingoz ezagutzen den eragin bakarra; «eta hainbeste urtean ikertu eta gero ez bada besterik aurkitu, oso litekeena da ez egotea». Mikrouhinak, beraz, oso potentzia handitan baizik ez dira arriskutsuak, zientzialariaren esanetan. «Konparazio baterako, mikrouhin-labean sartuko bazenu burua, erre egingo zinateke noski; baina legeak ezarritako mugak oso urrun daude hortik, erradiazio maila hutsaren hurrengoa da».
Etxetresna elektrikoek igorritako uhinek, berriz, maiztasun txikiegia daukate kalteren bat egin ahal izateko, Barandiaranen ustez. «Tresna horiek 50 Hz-tan lan egiten dute; maiztasun txikiegia eta beraz uhin-luzera handiegia, kilometro askokoa». Hori horrela, etxeko tresnen erradiazioak, erradiazio legez, ez dauka eraginik. «Izatekotan, eremu estatiko baten eragin bera eduki dezake. Alegia, ukitu, ikara elektrikoa jaso eta bertan seko gelditzea».
Milaka substantzia kimikok inguratuta
Tresna elektrikoek igorritako uhinen inguruan iritzi desberdinak daude; aldiz, askoz adostasun handiagoa dago tresna horietako batzuk -eta eguneroko bizitzan arruntak diren beste zenbait produktu- egiteko erabiltzen diren substantzia kimikoen arriskuaz.
Nicolas Olea Erradiologia Katedraduna da Granadako Unibertsitatean (Espainia). Disruptore endokrinoei buruz hamaika azterketa egin ditu, eta zientzialari gutxik edukiko du hark besteko eskarmentua alor horretan. «Disruptore endokrinoak hormona naturalen antzera diharduten substantzia kimikoak dira», azaldu digu. «Hori, berez, ez da ez ona ez txarra, hormona baten jarduna zerbait arrunta da eta. Baina arriskutsua izan daiteke kasu batzutan». Emakumezko sexu-hormona bat bezala aritzen den disruptoreak ez dio kalterik egingo umeak eduki ditzakeen emakume gazte bati, baina dezentekoa egin diezaioke hazten ari den mutil bati.
Europako Batasunak 680 disruptore endokrinoren izenak dauzka bilduta zerrenda batean. Gehienak, guztiak ez esatearren, eguneroko bizimoduan erabiltzen ditugu. «Detergente biodegradagarrietan, plastikoetan, margoetan, zartagietan... aurkitu ahal dira». Hala ere, elikagaien bidez ailegatzen dira gure gorputzetara. «Produktu hauetako asko aspalditik ekoizten dira; azkenean ingurumenera heltzen dira, eta handik gure plateretara».
Gizakiak, ustez, 140.000 konposatu kimiko desberdin sortu ditu azken mende eta erdian. Horietatik, 30.000 inguru erregistratuta daude. Olearen esanetan, «130 edo 140ri buruzko informazio toxikologiko osoa -edo balekoa sikiera- besterik ez daukagu». Milatik bat, gutxi gorabehera. «Ezezagutza handia dago, eta okerrena zera da: konposatu kimikoon eragin toxikoa konposatu bakoitzean aztertu dela, bakarka. Ez ordea batzuk besteekin nahasita sortzen dena. Eta konbinazio kopurua eskerga da». Katedradunak gogoratu duenez, Espainiako Ingurumen ministroak odol-analisia egin zuen, eta 43 substantzia atzeman zizkioten. «Ministroak, irizpide onez, zera galdetu zien zientzialariei: 43 substantzia, kontzentrazio txikitan, kontzentrazio handitan dagoen substantzia bakarra bezain kaltegarriak al dira?».
REACH erregistroa
Anabasa kimiko hau arautu nahian, Europako Batasunak REACH izeneko substantzia-erregistroa jarri zuen indarrean iaz. Besteak beste, araudi berriak substantzia bakoitzaren eragina aztertzera behartzen ditu enpresak; produktu bat merkaturatu ahal izateko, arriskutsua ez dela frogatu behar du saltzaileak. «Baina REACHen ez zieten heldu nahasketei», ohartarazten gaitu Nicolas Oleak, «produktu bakoitza banan bana aztertu dute, ez besterik». Olearen ustez, zientzia gai izango litzateke gaur egun halako azterketa bati ekiteko. Azken urteotan saio dezente egin da, eta emaitza harrigarriak lortu dira zenbait substantzia nahastuz; «produktu bakoitzaren ezaugarriak jakitea ez baita nahikoa nahastearen jokabidea aurreikusteko. Batzutan, berez arriskutsua ez den substantzia arriskutsu bihurtzen da beste batekin elkartzean».
Baina zientzia prest egonagatik, zaila izango da Olearen aburuz araudiek bide hori hartzea. Aurrekontu txikiak, nonbait. «Hala, REACHek norberaren produktuaren gaineko erantzukizuna hartzera behartzen ditu enpresak, baina ez beste substantzia batzuekin elkartzean gerta litekeenaren gainekoa».