Net Hurbil: Susto txiki bat estatistikak sinesten dituztenei


2021eko uztailaren 20an
Walter John Williamsek 25 urte daramatza ekonomialari lanetan, enpresa handien aholkulari lanetan, eta buletin berezi bat banatzen die hilero bezeroei: Shadow Government Statistics. Euskaraz «Gobernuaren estatistikak gertutik zainduz» itzuli dezakegu. Labur esanda, Williamsen ideia da Amerikako Estatu Batuetako Gobernuak eskaintzen dituen zifra eta kopuru nagusiak (Barne Produktu Gordina, Kontsumoko Prezioen Indizea, Langabezia Tasa, eta abar) oker daudela, horiekin ezin dutela enpresek ondo planifikatu eta bere aholkulari lanean sartzen dela instituzioek eskainitako kopuruak zuzentzea, benetakoak azalduz.

Duela gutxi, Espainian energiaren krisiaz ari den webgune bateko eztabaida batean, partaide batek aipatu zuen AEBetako Wedenco kontsultoriaren aldizkarian John Williamsi egindako elkarrizketa mamitsua. Izan ere, sekula argitzen ez den kontua da nolaz dioten aditu askok amerikarrak krisian murgilduta daudela eta aldiz estatistikek ez duten krisia hain nabarmen ageri. Williamsek erantzuna dauka horretarako: krisian ez, areago, atzeraldian -hitz hau samurregi geratzen da gaztelerazko recesión beldurgarriaren aldamenean- murgilduta daude AEBak, eta herritarrak hori bere gordinean ez du ikusten gobernuak eskaintzen dituen estatistikak oker daudelako. Labur esanda, gobernuaren ikerketa ekonomikoek egia diote... ikerketa serioetako orrien azpialdeko oharretan; aldiz, publikoak entzuten dituen kopuruetan, gezurra.

Williamsen iritzian, AEBetako herritarrek zerbaiten susmoa badaukate uste dutenean langabezia handia dela, bizimodua asko garestitu dela edo lehengo soldatarekin orain gutxiago eros dezaketela. Euskaldun askok sentsazio bera dauka euroarekin: prezioak ofizialki aitortzen dena baino askoz gehiago igo direla sentitzen du. Baina ezin dute frogatu. Williamsek aldiz herritarrek arrazoi dutela dio.

1929ko atzeraldi izugarri hartara bitartean estatistika ekonomikorik ia ez zegoen, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik joan ziren mamitzen gaur komunikabideetan etengabe entzuten diren indizeak. «Baina politikariak -dio Williamsek- azkar ohartu ziren; informazio ekonomikoan zenbait berri txar kenduz hemendik, beste pasarte horretan gauzak pittin bat hobeto jarriz, horrela hurrengo hauteskundeak errazago irabaz zitzaketela».

Adibide bat, Bill Clintonek langabeziaren neurketarekin egin zuena. «Langile etsituak» irudia sortu zuen (discouraged workers), atal horretan sartuz urtebete baino gehiagoz lan bila ibili ez zena. Ttak!, eta bost milioi langabe desagertu ziren. Gaur ofizialki %8-9 dira lanik gabeak AEBetan; Shadow buletinaren arabera, aldiz, %12. Manipulatzea ez zuen Clintonek asmatu, noski, lehenagotik baitzetorren, eta ez da berekin bukatu. Gaur sekula baino gehiago egiten omen da.


Gizarte-segurantza %70 ebasten?

Bi manipulazio mota bereizi ditu Williamsek. Batetik dago berak «manipulazio sistemikoa» deitu duena; ia beti metodologiek hazkunde tasak pittin bat goraka aldarazten dituzte, eta inflazio tasak aldiz beheraka. Baina manipulaziorik eraginkorrena agintariek nahitara burutzen dutena da. Herritarra azkenean hortara jarri egin da, eta Bush lehendakariak esan badu ekonomia ondo doala, «tipo hau errealitatetik kanpo bizi duk» pentsatzen du oinezkoak. Egia latzagoa da ordea: zenbakiak aldarazi egin ditu.

Urteotan ingeniaritza osoa eraiki da estatistiken inguruan. Adibidez, behin eta berriro aldatu dira Kontsumoko Prezioen Indizea kalkulatzeko aukeratutako produktuak. Alegia, une batean kalkuluetan haragi xerraren prezioa kontatzen bazen eta gero hura kenduta analisietan haragi merkeagoaren prezioa erabiltzen baduzu, kalkuluek ezin dute ondo neurtu pertsona beraren bizi mailak denborarekin izan duen hobetzea edo okerragotzea. Adibide hori eta estatistikak manipulatzeko urteotan agintariek egin dituzten beste hainbat «ukitu» deskribatu ditu Williamsek.

Luzaz egin diren manipulazioen ondoren, errealitatetik urrunen dagoen indizeetako bat Kontsumoko Prezioen Indizea da. Garbi mintzo da honetaz Williams: «Gaur erabiliko bagenu KPIa Jimmy Carter lehendakari zenean zerabilten modu berean, gizarte-segurantzaren gastuek %70 handiagoak izan beharko lukete». Jubilatuei ziri galanta sartu dietela alegia. Soldaten eroste ahalmena etengabe jaitsi omen da 1975etik; horrek esplikatzen du zergatik gaur familia guztietan bi kide edo gehiago ari diren lanean hilabete bukaerara iritsi ahal izateko.

Are nabarmenagoa gertatzen omen da defizitaren zifrekin. 2005ean AEBetako administrazioak onartu zuen 319.000 milioi dolarreko defizita izan zuela, baina Orokorrean Onartutako Kontabilitate Arauen (GAAP ingeleseko siglatan) arabera, hamar halako izan zen: 3,5 bilioi. Ororen buru, irail honetan AEBek pilatuta daukate -ofizialki onartuta- 51 bilioi dolar; urteko Barne Produktu Gordin osoa baino askoz gehiago. Milioi eta bilioien hotsek marearazi dezakete irakurlea, baina Williamsek berak eman du pista bat herrenek ere harrapatzeko modukoa: «Herritar guztien soldatetatik estatuak hartzen dituen zergak %100 gehitu eta guztia zaku batean ipiniko bazenu, hala ere defizita edukiko zenuke». Horiez gain enpresa guztien zergak bikoiztuta, doi-doi superabit txiki bat.

Defizit hori estatuak estaltzen du kanpoko inbertsiogileei zorra saltzen dielako, Txinari gehiena. Ekonomialari honen ustez, zorpetzea bere mugetaraino iritsi da. Ez da oraindik lehertu, dirua utzi dutenek bezala, itzuli behar dutenek badakitelako denak izango direla galtzaile soka tenkatu hori eteten bada. «Galdera da ea nor aterako den galtzaile eta nor izango den atetik korrika irteten lehena. (...) Behin bati saltzeko presa sartutakoan, ihesa masiboa izango da». Washingtonek ez ditu utziko banku nagusiak erortzen, baina dolar gehiago inprimatuz erreakzionatuko du, eta ondorioz hau izango da AEBen panorama: atzeraldi ekonomikoa eta hiperrinflazioa. Interes tasak asko igoko dira eta dolarra %10-%20 artean eroriko da.

Shadow buletinaren egilearentzako AEBak 2000. urtetik daude murgilduta recession edo atzeraldian. Burtsetan konpainia teknologikoen balioak oinperaino jaitsi zirenetik. 2003an ekonomiak goraldi txiki bat egin omen zuen, baina Williamsek hainbat adierazle ikusten ditu erakusten dutenak atzeraldia benetakoa dela. Urreak azkenaldian hasi duen goranzko martxa zaku berean sartzen du. Urrearekin apustua egitera ere arriskatu da Williams: «Erokeria eman dezake, baina urrearen estandarraren antzeko zerbaitera itzuli beharko genuke».

Zer egin horren aurrean? Hona ikerlari kontserbadorearen aholkua: «Pertsonek eta instituzioek ohartu behar dute zer gertatzen den eta lan egin beren buruak babesteko. Nola edo hala lortzen baduzu zure baliabideak eta dirua babestea datozkigun garai garratzetan, jakin ezazu inoiz ikusi ez diren inbertsio aukerarik handienak edukiko dituzula».

Nonbait irakurri dugu gastu sozialetarako dirutzak murriztu ditzaten kanpainaren barruan John Williams kontserbadoreen alde ari dela; baina euskaldunoi ez digu inporta: gu 2007an %4 baino haboro haziko omen gara.

----------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak

Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude